Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-12-17 -- 2067.zenb

Erakunde soziolaboralak krisiak geldiarazita

Daniel Udalaitz

Adibide gisa, Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko presidente Antxon Lafont elkarrizketatu dugu.

Hainbat gertakarik erakutsi dute erakunde soziolaboralak krisian daudela. ELA Euskal Herriko sindikatu indartsuenak urrian jakinarazi zuen ez zuela Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) gehiago parte hartuko; eta hamar egun geroago, LAB eta ELA sindikatuek dimititu egin zuten Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Fundazioaren presidente karguan. Krisia orain dela hilabete batzuk hasi zen eta egun arte garatu da, besteak beste aipaturiko erakunde soziolaboraletan. Krisi hori Ekonomia eta Gizarte Kontseilura (EGK) eta Osalan-en Kontseilu Orokorrera ere iritsi da. Krisia gainditzeko alderdi guztiek konpromisoa hartu behar dute, Euskal Herriko eremu soziolaboraleko lege eta arauak errespetatzeko eta horrekin batera erakunde soziolaboral horien elkarrizketa bideratzeko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak dagokion erantzukizuna hartu beharko du patronalaren xantaiei men egin gabe, askotan sindikatuentzat ezinbestekoak diren gaiak eztabaidatik baztertu nahi dituelako patronalak; ezegonkortasunaren eta laneko istripuen aurka lan baldintzak hobetzea, eta enpresen irabazi handien haritik soldatak handitzea, esaterako.


Lehergaia: ELAko militanteen aurkako salaketak

Batetik, ELAk CEBEK Bizkaiko patronalarekin erakunde arteko harremanak hausteak eta bestetik, sindikatuak LHKtik alde egiteak erakundeen krisia azaleratu dute. Hain zuzen ere, CEBEK patronalak, ANEFHOP zementu enpresak eta fiskaltzak ELAko Eraikuntza eta Zurgintza Federazioko bost militanteren aurka egindako akusazio penalek leherrarazi zuten krisia. Akusazio horiek zerikusia dute 2002an sindikatuak Bizkaiko hormigoien eta harrobien sektorean deituriko greban ustez gertaturiko zenbait gertakarirekin. Gutxiengoan zegoen arren, patronalak hitzarmen bat sinatu zuen, ELAri, sektorean %70eko ordezkaritza zuen sindikatuari, bizkar emanez. Horrek ekarri zuen sindikatuak greba deitzea. Patronalek, (akusazio partikularra), arduradunak kartzelatzeko eta erantzukizun ekonomikoak hartzeko eskatu dute orain. Gainera, erantzukizun ekonomiko horiek bermatzeko, ondasunak bahitzeko eta sindikatuaren erantzukizun zibil subsidiarioa aitortzeko eskatu dute.

Horri erantzunez, ELAk hautsi egin zuen Confebask-ekin zituen erakunde harremanak eta LHKtik alde egin zuen, denbora mugagaberako, Confebask-en bitartez CEBEKek ere bertan parte hartzen zuelako. Sindikatuak argudiatu zuen ezin duela bere militanteak eta sindikatua kriminalizatzen dituen patronalarekin erakunde berean egon. ELAk adierazi du legeak eta arauak betetzen direnean baino ez dela LHKra itzuliko.


Hobetuz, likidazio egoeran

ELAk erabaki hori hartu eta hamar egunera, LAB sindikatuarekin batera dimititu egin zuen Hobetuz elkartearen presidente karguan. Bi sindikatu horiek adierazi zuten Confebask-ek galarazi egin ziola Fundazioaren egitura teknikoari etengabeko prestakuntzaren arloan Gasteizko Gobernuko arauen kudeaketan parte hartzea eta horrek likidazio egoeran jarri zuela Hobetuz. Sindikatuen arabera, Confebask-ek ez dio uzten Hobetuz-i homologaturiko lanbide heziketako zentroen bitartez katalogatu gabeko prestakuntza jarduerak egiten, eta egun horietan guztietan gailentzen da. Hobetuz jarduerarik gabe uztea praktikan erakundea ixtea da, sindikatuen ustez.

Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren eta Osalan erakundearen egoera ere ez da hobea. EGKren presidente Antxon Lafontek berak erakunde soziolaboralen krisiaren inguruan adierazi zuen «metastasiak» EGK ere hartuko duela. Erakunde horren jarduera azken bi urteetan asko murriztu da Confebask-ek ordezkaturiko enpresa taldea eta talde sindikala bereizi direlako. Horregatik, Lafontek adierazi zuen oso zaila dela EGK erakundeak aurrera egitea, bere jarduera geldiarazteko betoa «neurrigabe» ezarri diotelako.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan