Jakoba Errekondo
Agerikoa dute zuhaitzek kukula edo adaburua. Are gehiago udazken-neguan, batzuei burua soiltzen zaienean... Adaburusoiltasun horretan adarren bahea ikusgarria da, zuhaitz batzuena besteena baino: platanoa (Platanus x hispanica), xarma (Carpinus betulus), ezkia (Tilia sp.), urkia (Betula sp.)... Adarjearen dotoreziaz inoiz jabetu ez bazara oraintxe duzu garaia.
Oraintxe duzu garaia eta mugi. Mugi, edozein txoropitok ikuskizuna izorratuko baitizu. Edozein alkate, zinegotzi, diputatu, ingeniari, lorazain edo teknikarik. Homo sapiens "Gilbor"-ak ezin bizitu dute aldamenekoa parean, gainean edo hankapean duten jakin gabe, eta, milaka urtetako herentzia, zuhaitzak ustiatzeko, aizkoraz epaitu eta lepatzeko daude. Jende honek ezin ikusi du kukula horien ederra. Moztu, zauritu, ebakiz josi eta enbor soil bat uztean da ederra zuhaitza. Eta, okerrena dena, denonak diren zuhaitz publikoekin hori eginda bakoitzarenak ere horrela tratatu behar direla uste du jendeak eta hor hasten da triskantza hedatzen... Ederra eredua!
Inongo zuhaitzik ez litzateke inausi behar. Ondo arrazoi berexia beharko luke zerrotea dantzatzeko. Gaur egun ordea edozein zio kaxkar nahikoa da zuhaitza, lepatu lepagabetu eta hiltzera kondenatzeko: "zuhaitza handiegia da eta beldurra diot", "zatarra, itsusia da", "itzala egiten dit"... Kondenatu bai, ze, urtero mugarrotzen denak, enborra huts-ustel, ez baitu naturalean hazitakoaren adinaren erdia ere harrapatuko. Eta bizi den artean gaixo bat izango da, eria. Eta horri bai beldurra izan behar diogu: noiznahi hautsiko zaio adarren bat. Zuhaitzak lehen ere ez zuen kukula forma berezi horretan alferrik garatu. Lepatu ondoren forma hori berreskuratu arte ez du gauza onik izango. Adar berriak ordea, egindako zaurien ustelduren gainean haziko dira heldulekurik gabe...
Denbora eta dirua alferrik galtzen duena, edertasunaren arerio eta zatarkeriaren zale, arriskuen aldeko eta narras gisa azaldu nahi ez baduzu ez inausi eta inausten ez utzi.
Jabier Agirre
Hipertentsioa diogunean zer esan nahi dugu? Arterietan barrena doan odolak, osasunarentzat komeni den baino abiadura handiagoa daramala. Urtero gertatzen diren heriotza asko hipertentsioaren eraginez gertatzen dira, zuzenean edo baita sistema kardiobaskularrean edo giltzurrunean eragiten dituen konplikazioengatik. Gaitza kronikoa da, bizitza osorako, eta horregatik garrantzi handikoa da ondorengo puntuak argi edukitzea.
- Hipertentsioari buruzko ezagutza egokiak ikaragarri lagunduko du tratamendua behar bezala betetzen. Horregatik, oso baliagarria izan daiteke hezkuntza sanitarioko orritxoak (bertan jarraitu beharreko teknikak adierazten dira) edota norberaren tentsioa apuntatzeko txartelen bat erabiltzea.
- Botikak noiz hartu behar diren gogoratzeko arazoak baldin badituzu, lotu ezazu pastillak hartzea eguneroko bizimoduko ekintza zehatzekin (hortzak garbitzearekin, iratzargailua itzaltzearekin, edota gosaldu aurreko unearekin).
- Norberak bere tentsioa neurtzeko aparatu bat etxean edukitzeak tratamendua hobeto betetzen eta pazienteari aurrera jarraitzen laguntzen diola frogatu da.
- Botikak ohetik jaiki eta segituan hartzea gomendatzen da, baraurik baldin bada ere, medikuak besterik esaten ez badu.
- Pazienteak pastillaren bat ahazten badu eta eguna bukatu baino lehenago konturatzen bada, pastilla hori hartzea komeni da eta baita biharamunean ere, betiko orduan.
- Ez utzi etxeko pastillak agortzen. Horrela, ez zaizu dosiren bat "ahaztuko".
- Kontrako efekturik edo molestiarik sumatuz gero, kontsulta ezazu medikuarekin. Baina inolaz ere ez duzu tratamendua zeure kasa aldatu behar. Lagun edo senideren batentzat mesedegarri izandakoa kaltegarri izan daiteke zuretzat. Ez automedikatu.
- Hilabetean pastillaren bat ahaztu zaizun jakiteko, kontatu itzazu dauzkazun pastillak eta zenbat egun joan diren hil horretan.
- Botikak bai, baina bizi-ohitura osasungarriak (elikadura batez ere) ere bai. Ez utzi dieta bazterrera, botikak hartzea bezain garrantzitsua da.
- Tratamenduak jarraitu egin behar du, tentsio-zifrak normaldu arren. Hipertentsioa gaixotasun kronikoa da, tratamendu iraunkorra eskatzen duena.
Joxerra Aizpurua
CO2 isurketak beherantz?
Kyotoko protokoloari kasu eginez Europako Komisioak (EK) hamar estaturi 2008-2012 bitarterako iragarritako CO2 isurketa kuotak birbegiratzea agindu die. Isurketa kuoten plan nazionala (IKPN) Europako Komisioak sortutako sistema da eta aurten hasita 2012 bitartean %8 txikitu nahi da CO2 isurketa. Industriak negozia ditzake bere kuotak estatu bakoitzaren kuoten barnean, nolabait esatearren, enpresa batek eros dezake kuota bat bere produkzioak izan dezakeen beharren arabera.
EKk kuotak 2005ekoetatik %7 jaistea agindu die arestian aipatu estatuei. Harrigarria badirudi ere, 2005ean isuri zena iragarritakoa baino txikiagoa izan zen eta jaitsiera hau ez zuten estatuek islatu, hurrengo urteetarako iragarritako kuotetan.
Esan bezala hamar dira beren kuotak bidali dituzten estatuak, hauexek: Alemania, Grezia, Irlanda, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Erresuma Batua, Eslovakia eta Suedia. Frantziak azkeneko unean erretiratu zuen bere proposamena, onarturik izango ez zela jakitean eta berandu dabiltzanei, hots, Austria, Danimarka, Espainia, Hungaria, Italia eta Txekiar Errepublika, zigor-prozedurak zabaldu zaizkie.
Montzoiak gero eta gogorragoak Indian
Indiako Puna-n dagoen Meteorologia Tropikalaren Institutuko ikerlari batek Bhupendra Goswami-ren zuzendaritzapean 1951 eta 2000. urteen artean montzoi garaietako euriteak aztertu dituzte.
Era orokorrean eurite arinak edo ez oso gogorrak beherantz egin dutela ikusten da, nahiz eta urteko euri-kopurua mantendu egin den; beraz, euri gogorrek edo euri-jasek egin dute gora. Egunean 100 eta 150 litro ur bota duten euriteek hamarkada bakoitzean %10 egin dute gora eta eguneko 150 litro ur utzi dituzten euriteek bikoiztu egin dira tarte horretan bertan.
50 urteko epea adierazgarria da oso ondorioak ateratzen hasteko, jakina baita zientziak denbora behar izaten duela baieztapenak egin ahal izateko. Hortaz, berotegi-efektuaren eragina ote da euri-erregimenaren aldaketa?
Ozeano indiarra berotzen ari da bete ozeanoen antzera, baina montzoietan eragiten duen faktore asko dagoenez, ziurren goizegi izango da behin-betiko baieztapenak egiteko.