Gorka Bereziartua
Iluntzeko 21:00ak pasatxo dira, ostirala. Euskal Herrian, afaldu ondoren zinemara joan edo parrandan atera erabaki nahian dabiltza bi gazte, ordenagailu bidez. Mendebalderago, Argentinako exekutibo batzuk goizeko bileraren ondorioez eztabaidatzen ari dira, eta Ekialdeko herrialderen batean berriz, aspaldian elkar ikusi ez duten bi lagunen elkarrizketa goizeko ordu txikietaraino luzatu da. Guztira zazpi milioi pertsona baino gehiago daude Skypera konektatuta lerrook idatzi bitartean. P2P (Peer To Peer) sareetan oinarritzeak eta ahotsa Interneteko Protokoloen bidez garraiatzeak bereizten du telefonia berri hau orain artekotik eta bi urte eta erdian 100 milioi erabiltzaile lortu ditu.
Musika elkartrukerako Kazaa aplikazioa sortu zuten pertsona berak daude Skypen atzean: Niklas Zennström eta Janus Friis. Suediarra lehena, daniarra bigarrena, 2003. urtean ekin zioten abenturari. Helburua, Internet bidezko telefonia enpresa bat abian jartzea. Ezingo dute esan apustua gaizki atera zaienik. 2005. urtean eBay Interneteko enkante etxeak 2.100 milioi euro ordaindu zituen Skype bereganatzeko. Eta ez ziren interesa zuten bakarrak: Microsoft, Yahoo eta Google ere erosteko gogoz ibili ziren.
Skypek erabiltzeko eskaintzen dituen erraztasunak izan du zeresana arrakasta horretan. Aplikazioa
www.skype.com gunetik deskargatu, instalatu eta ireki, besterik ez da egin behar beste ordenagailu batean dagoen edonorekin doan hitz egiteko. Programa lehen aldiz abiaraztean erabiltzaile izena eman behar dugu. Hori izango da hortik aurrera gure «telefono zenbakia». Ordenagailu batetik bestera deitzeko erabiltzen da erabiltzaile izena. Programak gure ezagunen agenda osatzeko aukera ematen digu eta konektatzen garen bakoitzean agendan dauzkagun pertsonak ere konektatuta ote dauden ikus dezakegu. Deiak egitea berriz, munduko gauzarik errazena da: nori deitu nahi diogun aukeratu eta ordenagailuaren saguarekin pantailan azaltzen den botoi berdeari eman, besterik ez.
Nori deitu ordea? Nola jakin inguruan programa honen erabiltzailerik ba ote dagoen? Deitu nahi duzun pertsonaren erabiltzaile izena ezagutzen ez baduzu, aplikazioak bilatzaile bat dauka, kontaktua errazteko. Izena, herrialdea, sexua edo hizkuntza bezalako parametroak erabiltzen ditu, eta behingoagatik azken horretan Basque aukera ere azaltzen da.
SkypeIn, SkypeOut, SMSak, txat-a...
Baina ordenagailu batetik bestera hizketan aritzeko aukeraz gain (SkypeIn aukera), aplikazio honek ohiko telefonoetara dei merkeagoak egiteko parada ere ematen du. SkypeOut izena du dei mota horrek eta prezioak asko aldatzen dira herrialde batetik bestera. Kasurik onenean, telefono arrunt batera minutuko 0,017 eurogatik deitzea ahalbidetzen du. Garestienera berriz, deia minutuko euro erdiagatik atera daiteke.
Halaber, joan den urteko otsailetik, SMS mezuak bidaltzeko aukera eskaintzen du programak. Hasieran doan egin bazitekeen ere, gaur egun ordaindu egin behar da. Denborak aurrera egin ahala antzeko berrikuntza gehiago egin dizkiote Skyperi. Orain posible da ehun pertsona baino gehiagoko taldeetan moderatutako elkarrizketak egitea, berehalako mezu sistema erabiltzea -MSN Messenger edo Yahoo Messenger programen antzera-, bideo-deiak egitea -bideokamera instalatuta duten ordenagailuetan- edo erantzungailu automatiko batean bezala ahotsezko mezuak uztea, besteak beste.
Alde ilunak
Erabiltzaile kopurua du Skypek alde, bera izan baita VoIP (Voice Over Internet Protocol) edo ahots bidezko programen artean orain arte jende gehien erakarri duena. Alabaina, software jabeduna erabiltzen du aplikazioak eta horrek baditu bere arriskuak. Batetik, Skypekin programa bera duten ordenagailuetara bakarrik deitu dezake erabiltzaileak. Konparazio batera, ohiko telefonian horrelako zerbait eginez gero, enpresa bereko bezeroen arteko deiak egiteko aukera bakarrik eskainiko liguke gure etxeko telefonoak. Beraz, agerikoa da bezero gehien dituen enpresak merkatu osoa bereganatzeko izango lukeen erraztasuna. Gainera, programaren kodea itxia izateak zailago egiten du segurtasun alorreko arazoak atzematea. Ikerlari independenteek ezin izan dute programaren fidagarritasuna erabat egiaztatu eta horrek kezka sortu du zenbait erabiltzaileren artean. Frantziako Gobernuak adibidez, 2005eko urrian debekatu egin zuen, badaezpada, bere ikerketa zentroetan Skype erabiltzea, espioitzaren beldur.
Azkenik, programa deskargatzerakoan ia inork irakurtzen ez duen lizentzian esaten denez, Skypera konektatuta gauden bitartean, deirik egiten ez badugu ere gure konexioa erabili dezakete beste erabiltzaileen trafikoa bideratzeko.
Josu Chueca
1936-37ko gerra garaian, Euskadin ez zen prozesu iraultzailerik eman. Katalunian edo Aragoiko lurretan ez bezala, liskar handirik gabeko giroan aritu ziren Eusko Jaurlaritzaren gidaritza onartu zuten guztiak eta gainontzekoek ez zuten nahikoa indarrik. Horregatik, eta bitxia bada ere, garai hartako aldaketa sakonenak beste esparru batzuetan -hezkuntzan edo komunikabideetan, esaterako- aurki ditzakegu, iraultzaile izan gabe, goitik beherako eraldaketak gorpuztu zituztenak. Horietako bat, euskara hutseko lehenengo egunkaria:
Eguna. 1937arekin batera jaio zen.
guztia irakurri
Aizpea Amas
Gure arazoei konponbidea bilatzeko modu tradizional bat horiek norbaiti kontatzea da. Kontatzen ditugunean, gure barrua askatzen dugu eta arazoa beste modu batez ikusten dugu. Gure kezkak kanporatzen ez baditugu, gure egoera emozionala kolokan jar dezakegu. Arazo hori kontatzeko inor ez badaukagu -edo eduki arren, kontatu nahi ez badiogu-, Itxaropen Telefonora jo dezakegu. Hego Euskal Herrian krisi egoeran aurkitzen den jendeari esperantza izpi bat ipintzen ahalegintzen dira duela hogei urte baino lehenagotik. Beren helburu nagusia arazo baten aurrean dagoen edonor bakarrik ez geratzea da. Eta horretarako, erabiltzen duten filosofia entzutea da, entzute-aktiboa. Hau da, telefonoaren beste aldean dauden profesionalek, entzuteaz gain arazoei buelta ematen lagunduko digute.
Krisi egoeratan zer?
Krisian gaude eta Itxaropen Telefonora deitzen dugu. Ez diogu gure arazoari irtenbiderik ikusten eta norbaiten laguntza behar dugu. Momentu horretan telefonoaren hariaren beste aldean dagoen pertsonak gure arazoa kontatzeko esango digu. Entzun eta ulertu. Horixe izango da Itxaropen Telefonoak emango duen lehenengo pausoa. Une honetan blokeatuta gaude, baina gure barruak askatuz goazen heinean, gure arazoa beste ikuspuntu batetik ikusten hasiko gara. Hurrengo urratsa orientatzen eta hausnartzen laguntzea izango da. Dena ondo joanez gero, gure egoeraren benetako garrantziaz jabetuko gara eta arazoari izena jarriko diogu. Hau guztia egin ondoren, azken pausoa soluzioak bilatzea da. Ez da Itxaropen Telefonoaren helburua izango zer egin behar dugun esatea. Gure problemen gainean geldi ez geratzen eta bidea oso beltza ikusi arren itxaropen argi bat bilatzen lagunduko digu, baina gure gain utziz soluzioak bilatzeko erantzukizuna. Hartara, helburu berriak jarriko ditugu eta eman beharreko pausoak zehaztuko ditugu. Ibilbide honi guztiari esker, gure kaosa ordenatu ahal izango dugu eta horrela, berriz ere gure bideari ekingo diogu.
Itxaropen Telefonora deitzen duten hainbat pertsonek lehenengoan topatzen dute irtenbidea, baina beste askorentzat ez da nahikoa izaten. Telefono dei bat, beste bat eta beste baten ondoren oraindik ez bagara gure buruhausteak gainditzeko gai, beste zerbitzu batzuk eskaintzen dizkigu Itxaropen Telefonoak. Alde batetik, elkarrizketa pertsonala daukagu. Premiazko kasuetan bakarrik eskaintzen da, baina bide hau askoz pertsonalagoa da eta gehiago laguntzen du. Bestetik, psikoterapia labur bat ere eska dezakegu. Egoitza guztietan aurki daiteke arreta zerbitzu hau. Psikoterapia laburra da, hiru edo lau saioetakoa eta bakarrik larrialdi egoeretan aplikatzen da.
Prozesu guztia amaitu eta oraindik ere nahikoa ez denean, beste laguntza mota bat behar dugu: psikologikoa, juridikoa... Laguntza mota hau ez digu Itxaropen Telefonoak emango, baina nora jo dezakegun aholkatuko digute. Esate baterako, menpekotasun arazo bat baldin badaukagu, gure probintzian arazo honi aurre egiteko dauden baliabideez informatuko gaituzte.
Kezkatzen gaituzten arazoak
Pertsonak adina arazo daude, baina garapen teknologiko sozialak eragina izan du gizartearen arazoetan. Duela hogei urteko problemekin alderatuta, gaur egun Itxaropen Telefonoan planteatzen diren deien artean, inkomunikazioa, atsekabea, familiako arazoak, menpekotasunak, bakardadea, antsietatea eta depresioa ugaldu dira, besteak beste. Deien zati handi bat izaera sozialeko arazoekin lotutakoak dira eta antsietatea, depresioa eta menpekotasuna ere asko errepikatzen dira.
Arazo hauek 30-60 urte bitarteko pertsonetan ematen dira ugarien. Izan ere, seme-alabak, lana, etxea... Buruhausteak ugaldu egiten dira adin tarte honetan, bai ekonomikoki eta baita familia giroan. Beraz, pertsona hauek izaten dira Itxaropen Telefonora gehien jotzen dutenak. «Aitzitik, hirugarren adinekoak dira zerbitzu honetara gutxien jotzen dutenak. Hiri eta herrietan hauei zuzendutako zerbitzuak ugariagoak direlako izan daiteke», dio Elena Pidal Gipuzkoako Itxaropen Telefonoaren koordinatzaileak.
Zerbitzua eta printzipioak
Itxaropen Telefonoa irabazi asmorik gabeko Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) da. Bertako langileak boluntarioak dira eta ez dute dirurik irabazten. Hala ere, langile hauek behar bezala kualifikatuta daude, prestakuntza teoriko eta praktikoa jaso baitute. Gure deiaren kostua soilik ordainduko dugu eta hori ere aldatzen ari da, pixkana guztiz doakoak diren lineak sartzen ari baitira.
Telefonoaren beste xedeetako bat gure intimitatea babestea da, beraz, guztiz anonimoa eta konfidentziala izango da. «Ez zaigu inporta deitzen dutenen ideologia politiko edo erlijiosoa, apolitikoak eta akonfesionalak gara. Pertsonak axola zaizkigu eta ez beren ideologia», azpimarratu digu Pidalek.
Nola saihestu krisiak?
Harremanak gure egoera psikologikoaren oinarri dira eta beraz, gure burua bezainbeste zaindu behar ditugu. Krisi egoera hauetara ez heltzeko, garrantzitsua da gainontzeko pertsonak errespetatzea, arretaz entzuteko borondatea azaltzea, gure lagun eta familiarekin egotea eta geure buruarekiko jarrera positiboa edukitzea. Hau da, gutxiago kezkatu behar dugu; «izan beharko genukeena» alde batera utzi eta «garena» zaindu behar dugu. Ohituta gaude besteek esatera zer egin behar dugun, baina gure nahiak zaintzen ere ahalegindu behar dugu. Eta garrantzitsuena: arazoei ez diegu bakarrik aurre egin behar, beste norbaiten laguntzarekin errazago konponduko dugu.