Jon Torner
Ipuinetatik agertokietara
Iruñeko Gayarre antzokiak zazpi ipuin ezagunetan oinarritutako antzezlanak eskainiko ditu hilaren 26tik abenduaren 4ra bitartean. Familia osoari zuzendutako obra horietatik hiru euskaraz izango dira: Txanogorritxo eta marrubi zaporeko gaztainak (Glu-Glu konpainiarena. Urtarrilaren 2an), Doktor Do Re Mi eta Benedizebra (Kukubiltxo eta Oskorri. Urtarrilak 3) eta Kantervilleko mamua (Txalo. Urtarrilak 4). Gainerako lau antzezlanak hauek dira: El traje nuevo del emperador (Nafarroako Ganbera-Opera. Abenduak 26), Alicia (Replika Teatro. Abenduak 27), La vuelta al mundo en 80 días (Combinats. Abenduak 28) eta No eres una lagartija (Fantasía en Negro. Abenduak 29).
Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi gazteen sariketetako txapeldun
Iragan zubian bertsolari gazteentzako bi sariketetako finalak jokatu ziren. Abenduaren 8an, Errenterian (Gipuzkoa), XIX. Xenpelar saria erabaki zen. 200 pertsonen aurrean Uxue Alberdik jantzi zuen txapela. Finalean aritu ziren Arkaitz Oiartzabal, Unai Muñoa, Ander Lizarralde, Oihana Bartra eta Beñat Gaztelumendi. Abenduaren 9an lehen Hernandorena sariko finala jokatu zen, Aiherran (Nafarroa Beherea). Biharamona hobea izan zuen antza Beñat Gaztelumendik eta bera izan zen txapelduna. Finalean aritu ziren Maddalen Arzallus, Joxeangel Aranburu, Ander Lizarralde, Miren Amuriza eta Xumai Murua ere.
Egitarau zabala eskainiko du Gasteizko Crash Komikiak jaialdiak
Atiza elkarteak antolatuta, Crash Komikiak 06 (www.crashcomic.com) jaialdia egingo da Gasteizen hilaren 14tik 16ra bitartean. Jaialdia hiru gunetan banatuko da. Zuloa Gunean, azken 30 urteotan komikigintzak Araban izandako bilakaera azalduko duen 30x30. Gure komikiaren tamaina (1976-2006) erakusketa izango da ikusgai hilaren 14tik 2007ko otsailaren 14ra bitartean; Artium museoak Euskal Herrian argitaratutako hainbat lan bilduko duen Komikiteka jasoko du jaialdiak irauten duen hiru egunetan; eta Aldabe gizarte etxean komiki-lehiaketara aurkeztutako lanak erakutsiko dituzte. Bestalde, Atiza elkarteak komikiak irakurtzera bultzatzeko kanpaina jarriko du abian hilaren 14an.
Museoen Legea onartu dute.
Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Museoen Legea onartu zuen hilaren hasieran, hiruko gobernuko kideen, PSE-EEren eta Aralarren aldeko botoekin. PP abstenitu egin zen eta EHAK alderdiak ez zuen bozketan parte hartu. Legeak jasotzen duenez, museoek ez dute soilik artelanak erakusteko lekuak izan behar. Elkarlana eta ikerketak sustatzeko guneak ere izan behar dira. Legeak, besteak beste, museo eta bildumen erregistroa sortuko du eta hark jasotzen duenez, museoek astean behin doako sarrera ezarri beharko dute.
AlhondigaBilbao.com.
Kultura eta aisialdia ardatz izango dituen AlhondigaBilbao zentroa zaharberritzen ari dira. Hala ere, haren irudia (argazki txikiz osatuta 'Hó!' handia) eta web gunea (
www.alhondigabilbao.com) aurkeztu dituzte jada. Diziplina anitzeko gune bilakatu nahi duen zentroaren inguruko informazioa eskaintzeaz gain, eraikinaren eraberritze obrak nola doazen ezagutzeko aukera ematen du web guneak.
Hortzmuga Teatroak Eva vs Eva antzezlanaren euskarazko bertsioa taularatuko du abenduaren 22an Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean.
Victor Ullatek zuzentzen duen baletak Coppélia obra klasikoa eskainiko du abenduaren 22an Iruñeko Gayarre Antzokian. Bertsio honetan, Coppelius Doktorearen panpinen tailerra robotika eta adimen artifiziala garatzen dituen laborategi zibernetiko bihurtuko da. Emakume itxura izango duen androidea sortu nahi dute bertan.
Lorea Alfarok irabazi du Artista Gazteentzako Iruñea Saria, Hauek izan ziren nire lehenengo marrazkiak argazki sortari esker. Bigarren saria Raul Ursuak jaso du eta hirugarrena Txema Maravik. Aurten aurkeztutako 43 obretatik 34 eta iazko irabazleen artelanak Iruñeko Gotorlekuan izango dira ikusgai 2007ko urtarrilaren 14a arte.
Pablo Malo zinema zuzendari donostiarrak hilaren 29an estreinatuko du La sombra de nadie beldurrezko filma. Pirinioetan galduta dagoen neskentzako barnetegi batean gertatzen den istorioa kontatzen du filmak. Irudi gehienak Lekarozen grabatu dituzte, kaputxinoen barnetegia izandako eraikinean.
Jabi Zabala kazetariak
Sarean.com web gunean: «Durangoko urteko nobedade dizdiratsu eta ez hain arrakastatsuez gain, eskaria hutsaren hurrengo edo erabateko zerotik hurbil dauden ehunka erreferentzia ditu euskarak, batez ere eskaintzarik ez dagoelako, ondare hori digitalizaturik eta eskuragarri ez dagoelako inon, balizko bereziak erreferentziak ezagutzen ez dituelako eta ahanzturaren putzura kondenaturik daudelako (...) Animatuko gara euskal internautak erreferentzia gehiago digitalizatu eta sareratzen? Baten batek emango digu laster Ama Lur dokumentalaren eMuleko lotura?».
Ramon Zallo EHUko Komunikazio katedradunak
Deiari esanak, euskal kulturaren inguruan: «Etorkizunean garatu beharreko irakasgaia dantzaren gaia da. Beste bat Euskal Gizartearen Historiaren Museoaren gabezia da. Faltan sentitzen dudan beste elementua kanpora begirako proiekzio indartsua da. Etorkizunean Etxepare Institutuarekin gabezi hori betetzea espero dut. Zalantzarik gabe, uste dut hutsune handiak daudela».
Fito Rodriguez Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria elkarrizketatu du
Aldaketa Hamaseik: «Galegoak ari dira bideratzen belaunaldi berri bat literaturaren inguruan. Hau da, kazetaritzan espezializazioak dauden bezala, beste hainbeste egiten ari dira literaturan ere. Gustatuko litzaidake sistema hori hemen indarrean jartzea (...) Kazetaritza baldin bada ziztu bizian egindako idazkuntza, literatura, arnas luzeko idazkera da. Beste erritmo bat. Blogak bide bat dira baina idazkuntzak osatua izan behar du. Literaturak beste erritmo bat eskatzen du, agian, blogek ematen ez dutena».