Daniel Udalaitz
Adibide gisa, Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko presidente Antxon Lafont elkarrizketatu dugu.
guztia irakurri
Saioa Labaka
Etxean ikusten duena egin ohi du haurrak, oro har. Oinarrizko balioak, ohiturak, jokabideak, bizitzeko moduak eta hizkuntza jarrerak xurgatzen ditu umeak. Hizkuntza baten normalizazio prozesuan erabateko garrantzia du familia bidezko transmisioak. Izan ere, hizkuntza familia bidez jasotzea da hizkuntzak ikasteko modurik naturalena eta eraginkorrena. Guraso euskaldunek seme-alabei gehienetan euskaraz egiten dietela diote aditu gehienek, eta D ereduan matrikulatzen dituztela, normalean. Baina harreman sare hurbilean bikotekidearekin, lagunekin eta lankideekin gaztelaniaz hitz egiten dute guraso askok eta horrek guztiak hizkuntzaren transmisioa zapuztu egiten du. Gurasoen bikote hizkuntza gaztelania baldin bada, huraxe bihurtuko da etxeko hizkuntza.
Eta zuek zer? lema darabil Oarsoaldeko -Gipuzkoako Errenteria, Oiartzun, Lezo eta Pasaia- Euskara Batzordeak euskararen transmisioa eta erabilera indartzeko sentsibilizazio kanpainan. Hiru urte inguru daramatza batzordeak transmisioaren alorrean lan egiten, eta aurten, bereziki, eskualdeko guraso euskaldunak eta gazteak dira euren egitasmoaren jomuga. Haurrari, euskararen transmisio egokia jaso dezan, ezinbestekoa zaio etxean, eskolan eta eskolaz kanpoko jardueretan ere euskara erabiltzen dela sumatzea. Familia esparruan bereganatuko ditu umeak estreinakoz hizkuntza ohitura eta jarrerak, eta gurasoen lana da eredu egokia eskaintzea. Ez da zilegi gurasoek seme-alabei euskaraz hitz egitea eta, are gehiago, eurei euskaraz hitz egin dezaten eskatzea, noiznahi euren artean gaztelaniaz hitz egingo badute. Arazo larri honen inguruko hausnarketa eragitea da lehendabizi Oarsoldeko Euskara Batzordeak lortu nahi duena.
Gurasoek hizkuntza ohiturak alda ditzaten, eta euren jokabide desegokien ondorioez ohartarazteko, hainbat komunikazio eta sentsibilizazio ekintza antolatu ditu Oarsoaldeko Euskara Batzordeak. Eskualdeko ikastetxeetan Haur Hezkuntzako guraso guztiei familia bidezko transmisioaren inguruko mezu eta aholkuak biltzen dituen orriak banatu zaizkie. Horrekin batera gaiaren inguruan hainbat adituk egindako hausnarketak biltzen dituen DVDa ere eman zitzaien. Clown batzuk arduratu ziren ikasturte hasieran antolatzen diren guraso bileretan materiala banatzeaz. Transmisioaren garrantzia eta euskararen erabilera ahotan hartu zituzten pailazook gurasoen aurrean. Orotara, 73 saio egin zituzten pailazoek eskualdeko 13 ikastetxetan eta harrera ona izan zuen ekintzak.
Bestalde, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin Eta zuek zer? kanpainaren hiru irrati tarte izan ziren entzungai iraila eta urria bitartean. Irrati tartean ondorengo galderak eta ondorioa planteatzen ditu haur batek gurasoen jarrera ikusirik: «Euskara haurren hizkuntza al da? Euskara eskolan bakarrik erabiltzen den hizkuntza al da? Euskara hizkuntza serioa da eta ikasteko bakarrik balio du. Buaff!» Kanpaina honekin aurrera jarraituko du Oarsoaldeko Euskara Batzordeak, euren mezua behin eta berriz errepikatuz, mezua gizarteratzea lortu arte.
Kuadrillategi egitasmoa gazteentzat
Oarsoaldeako Euskara Batzordeak familia egitasmoaren barruan txertatu du gaztetxoentzako Kuadrillategi aisialdi eskaintza. Bikote gazteekin edota etorkizunean guraso izango direnekin hizkuntza jarrerak lantzen hastea garrantzitsua iruditzen zaie. 13-15 urte bitarteko gazteek euren artean euskaraz hitz egin dezaten lortzea da helburua, eta horretarako ostiral arratsaldeetan eta larunbat goizetan irteerak eta jokoak antolatzen dituzte, besteak beste. Begirale bat egoten da eurekin une oro. Lezon 40 gaztek, Pasaian 30ek eta Oiartzunen 130ek parte hartu dute egitasmoan.
Programa pilotua Buruntzaldean
Aurten ere euskararen transmisioa indartzeko programa abian jarri dute Buruntzaldeko (Gipuzkoa) 6 udalerrietan. Buruntzaldeko -Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil- udalak eta udalerri bakoitzeko ikastetxe bana ari dira zuzenean egitasmoan parte hartzen HABErekin, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin eta Soziolinguistika Klusterrarekin batera.
Guraso euskaldunak dira bereziki programa honen hartzaileak. Gurasoak izan ohi dira transmisioaren gakoa, eta programa honen xedea beraiengan kontzientzia hori sortu eta bultzatzea da. Haur txikiak dauden familietan sortzen diren hizkuntza jokabideen inguruko gogoeta eragitea, hain zuzen. Hausnarketa izan ohi da aldaketarako lehen urratsa eta, helduak haurren eredu izaki, Etxean zer ikusi, hura ikasi. Zeuk duzu giltza da proiektuaren leloa.
Andoaingo Landaberri, Astigarragako Arantzazuko Ama, Hernaniko Langile, Lasarte-Oriako Landaberri, Urnietako Egape eta Usurbilgo Udarregi ikastetxeak ari dira egitasmoan parte hartzen. Dena den, eskualdeko beste ikastetxeetan ere azaldu egingo da orain arteko esperientzia, eta datozen urteetan parte hartu nahi duten guztietara zabalduko da egitasmoa.
Haur Hezkuntzako gurasoei zuzenduriko hainbat ekintza egin izan dira ikastetxeetan. Egitasmoaren aurkezpenak eta gaiaren inguruko hitzaldiak antolatu dituzte bertan. Kantu eta jolasak eta ipuin kontaketa ikastaroak ere prestatu dituzte, gurasoek haurrekin zuzenean lan egin dezaten. Aipaturiko ekintza guztiotan, hizkuntza jokamolde eta ohituren inguruan hausnartzeko materiala banatu zaie gurasoei: Gurasoentzako Liburuxka eta Aholku Liburuxka. Gurasoentzako Liburuxka gogoeta sustatzeko tresna da, aita-ama izatearen nolakotasunaz eta euskararen erabilera handitzearen aukeraz mintzo dena. Aholku Liburuxkak, berriz, hizkuntza jokabideei buruzko hausnarketa patxadaz egiteko gonbita egiten du. Gurasoek eduki ditzaketen zalantzak argitzea eta seme-alabek ahalik eta euskara gehien egin dezaten irizpideak eskaintzea da helburua. Ekintza horiek guztiak ikastetxe bakoitzak bere erritmo eta dinamikara egokitu ditzake.
Mikel Asurmendi
Berezko filosofia darabilen pertsona iruditu zaigu KESeko burua. Homo sapiens, homo socialis bilakatzeko beharra aldarrikatzen du Antxon Lafontek: «Homo socialis neologismoa da, noski. Homo sapiens geratu izan bagina ordea, gure espeziea ez zen existituko, elkar akabatuta ginateke aspaldi. Negoziatzen ikasi behar dugu, kontsentsuan bizitzen, homo socialis izaten alegia».
KES hiru elkargok osatuta dago: Confebaskek, talde mistoak -unibertsitateek, kooperatibek eta aurrezki kutxek- eta sindikatuek izendatutakoak. Elkargo bakoitzak lau urterako izendatzen du presidentea. Antton Lafont hirugarrena da, sindikatuek hautatua. KES Eusko Jaurlaritzaren eskutik sortu zen, gai ekonomiko eta sozialei buruzko gomendioak emateko: «Legebiltzarrera doazen legeei buruzko kontseiluak emateko eratu zen. Besterik da, Kontseilua neronek nahi nukeen eztabaidagune efikaza izatea», diosku solaskideak.
KESeko presidente kargua onartu zenuen. Zergatik?
Gure herria laguntzeko. Bizitzan jaso eta bizi dudan esperientziak eman nahi dizkiot nire herriari. Baina Kontseiluan legea eta araua nola interpretatzen ari diren ikusita, zalantzak ditut nire egitekoen baliagarritasunari buruz.
KESaren funtzioarekin kritikoa zara.
Proposamena jaso, eta legea nahiz araua irakurri nituen. Gerora, KESeko kontseilari batzuek eta nik testuak modu ezberdinez irakurtzen ditugula konturatu naiz. Confebaskek izendatutako kontseilariek «etorri zenean bazekien zein ziren legea eta araua» diote. Kontseilari hauen irakurketa bitxia da, nire uste apalean irakurketa ez dator bat legearen eta arauaren espirituarekin.
Orduan?
Legea eta araua presidentea isilik egoteko eginak daude, eta ni ez nago loreontzi izateko prest.
«Lan arloko erakundeak» eta «krisia» hitza elkarren ondoan entzuten dira sarri. Zein da horren arrazoia?
Lan arloan, politika esparruan nahiz gizartean, kontsentsurako kultura falta delako, kontsentsurako joera eskas dago gure herrian zein Espainiako Estatuan. Diktadurek kontsentsurako hazia ezabatu zuten errotik: XIX. mendean kolonien galera, Zanjoneko Itunaren bakea eta 98ko belaunaldiaren ezkortasun aldia izan ziren. Inperioa galdu ostean Primo de Riveraren diktadura heldu zen eta 1936ko Gerra Zibilaren ondoren Francoren diktadura. Kontsentsu eza da krisiaren sorburua.
Zuk frantses kultura jaso duzu. Frantziako Estatuak ere kolonialismoaren ezaugarria darama berarekin.
Bai, baina kultura erabat ezberdina da. Ez dut gatazkarik ez denik esaten, egon badaude, eta ez daude konponduak, baina kontsentsurako kultura garatuagoa dute Frantzian, baita Europako beste herrialde batzuetan ere. Europa erdialdeko norbanakoa, batez beste, arazoak konpontzeaz arduratzen da eta ez boterea agertzeaz.
Kontsentsua lortzea da zure kezketako bat.
Arlo sozio-ekonomikoan kontsentsurako aukera badago, ez dut uste, adibidez, enpresetan kontsentsurako defizita denik. Enpresen artean, enpresari eta langile edo sindikatuen artean arazo bat dutenean gutxi-asko arazoak konpontzen dituzte, arazoa makro-erakunde enpresarialetara pasatzen denean agertzen da, hor dago kontsentsua lortzeko koska.
Hor dago zure beste kezka edo ardura.
Eguneroko enpresan lanean ari direnek egiten dutenari ardura diot nik, etorkizunaren kezka duena axola zait, hau da, enpresaria. Besterik da enpresan ez daudenak, baina honen inguruan ibili dabiltzanak. Enpresa oso gauza konkretua da, egunero egin eta berritzen dena.
Confebaskeko presidentea Miguel Lazpiurren esanetan ekonomiari buruzko zure diskurtsoa ezkorra da. Ekonomiaren egoera ona dela dio berak, haiek «errealitatean bizi direla» dio gainera.
Eta ni non bizi naiz? Ez al naiz errealitatean bizi? Horrelakoak entzuten ditudanean, ni ere bertan bizi naizela baino ezin dut esan. Enpresaren arloan urte asko daramat, areago, nire patrimonioa inbertitua daukat bertan, gainera errealitate dibertsoak ezagutu ditut, ez hemengoa bakarrik.
Zein da ekonomiaren zure diagnosia?
Confebaskek ekonomia ondo doala dio. Nik ere bai. Baina epe laburrean. Kontuz epe luzerako politika ekonomikoarekin!, gehitzen dut nik. Enpresariak marmita beroa mantendu behar du egunero, eta -aldi berean eta datozen urteei begira- berau berotzeko egurra prest izan behar du. Adierazle batzuk ez dira onak: I+G+Bn eta formazioan inbertitzea ezinbestekoa da, eta immigrazioaren gaia ez da ondo aztertu, adibidez.
Lazpiurrek Jaurlaritzak onartutako lehiakortasunaren legea goresten du.
Lehiakortasun legea gutxietsi gabe, lehiakortasuna ez da determinatzen lege dekretuz, lehiakortasuna eguneroko betekizuna da. Zer egin behar duzu lehiakorra izateko? Zer egin behar da abaguneak sortu eta lehiatzeko? Lehiakortasuna enpresa osatzen duen kolektiboak sortzen du, kapitalak eta lanak biak elkarrekin.
«Lana bizitzeko» edo «bizi lanerako» dilema hor dago betiere.
Dilema hori ez da zehaztu oraindik. Erlijio ezberdinen testuak irakurtzen ditugunean -kristautasuna, judaismoa, islamismoa- ez dugu inon irakurtzen enpresariaren betebeharra lana sortzea dela. Lana sortu behar da beharra denean, hori izan behar du enpresariaren behar sozialak, beharrik ez bada, ez da zertan lanik sortu behar.
Ekonomia eta politika. Zein da zeinen menpe?
Diskurtso marxistan sartzen gara. Garapena noren esku dagoen edo noren esku izan beharko lukeen... Ziur aski eta neurri handian, politika, uneon, politika ekonomikoaren menpe dago. Herrialde baten independentziaz ari garenean, norena dira industria eta botere ekonomikoa? Multinazionalena. Nork dauka moneta? Nazioarteko bankuek eta finantza-establezimenduek. Armada ere ez dago estatuaren esku, horretarako dago NATO.
KESeko azken txostenean Eusko Jaurlaritzak ez duela kulturan nahikoa inbertitzen adierazi duzu.
Gaitz hau, zoritxarrez, leku guztietan dago. Estatu guztietan, Kultur Saileko ministroek diru gutxi dutela diote, denek, hemengo kontseilariek ere bai. Herrialde batzuek berezko nortasuna daukate, gureak kasu. Guk galtzeko gehiago daukagu horregatik. Kulturarako gustua galtzea larria da, eta gehiago inbertitu behar da gehiago galdu ez dadin. Kultura sendoa dagoen erkidego batean, nahiko inbertitzen ez bada galera handia da, baina kultura ez da desagertzeko arriskuan, gurean bai ordea. Antzerkia edo zinean, adibidez, ez bada inbertitzen esparru horretako kultur ekimena ez da behar bezala garatuko eta desagertuko da. Ez da gauza bera kultura ondare gisa hartzea edo aisialdirako objektu bezala hartzea, biak laguntzea ondo dago, baina ondarea gorde behar den kasuan areago oraindik, horretan gure nortasuna arriskuan baitago, hainbat kultur espresio galtzeko bidean daude-eta.
Immigrazioaren gaia ere ekonomian eragiten ari da. Nola egin aurre arazoari, ordea?
Immigrazioaren gaia ez da soilik kultura eta ekonomiaren ikuspuntutik landu behar, gure elkarbizitzari begira ere landu behar dugu. Gure arazo kulturala konpondu gabe heldu zaigu immigrazioa, etorkin asko heldu zaigu, eta ondo da esatea gure kultura eta bizimodua ikasi behar dituztela, baina Estatuak guri kultura diktatzea gustatzen ez zaigun bezala, ezin diegu gurea ere haiei diktatu. Etorkina errespetatu behar dugu. Nola? Hori ondo aztertu eta landu behar da. Gaia ez da samurra, aspaldi gogoetatu behar zen, baina ez da lantzen hasi ere, edo ez ondo aztertzen behintzat.
Eta guk beren lana erabiltzen dugu.
Bai. Eta zenbat behar dugun kuantifikatu beharko litzateke, baina ez dakigu ez delako egiten, gure ekoizpen aparatua zein den ez dakigu. Nork daki deslokalizazioaren gaiarekin zein izango den ekoizpen aparatua? Inork ez daki. Estatuko hegoaldean frutak eta barazkiak ekoizten ari direnek badakite zenbat eskulan beharko duten etorkizunean, baina guk ez, industria ezberdina da.
Deslokalizazioaz ere gutxi dakigu.
Gutxi dakigu, baina deslokalizazio kasu gero eta gehiago egongo dela badakigu, ez dakiguna da nolakoa izango den. Deslokalizazioa probetxugarria izan daiteke kasu batzuetan, baina ez dugu datu nahiko berauek aztertzeko. Deslokalizazioaren ondorioak ezagutu beharko genituzke, hori da ere errealitatean bizitzea, horrek egungo eta geroko errealitatea erakutsiko liguke.