Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-12-17 -- 2067.zenb

Joxerra Aizpurua

1981eko udan, Elhuyarren parte hartzeko aukera eskaini zidatenean, ez nuen pentsatu ere egin hurrengo 14 urteko nominak hantxe kobratuko nituenik.

Lehenengo urteetan larunbat arratsaldeetan elkartzen ginen nominadunak eta boluntarioak; bilera haietan gure estrategiak zehazteaz gain lanen segimendua egiten genuen. Boluntarioa edo euskararen aldeko militante asko ezagutu nituen; guztia egiteko zegoen eta gu testugintzan, bideogintzan, softwaregintzan, alfabetatze teknikoan eta aldizkarigintzan aritu ginen hasieran, beti ere zientzia eta teknika euskaraz egitea helburu zelarik. Gerora itzulpen teknikoak, hitzaldiak, irratsaioak eta abar ere etorri ziren. Geure artean asko hitz egiten genuen hau ala bestearen komenientziaz eta gehienetan jotzen genuen gure kolaboratzaile «ideologiko»engana iritzia ezagutu nahian.

80ko hamarkada hura nire lan-bizitzako onena izan zen eta izango da ziurren. 90ko hamarkadan gauzak aldatu egin ziren; gero eta zailagoa zen boluntarioak eskuratzea, proiektu handi bezain konplexuak sortu ziren, euskararen industrian lehia hasi zen eta Elhuyar enpresa bezala egituratu behar izan zen. Fase horretan batzuk Elhuyarren trenean azken estaziora ailegatu ginela ulertu genuen eta beste esparru batzuetan aritzen gara gaur egun.

Orain aste pare bat Elhuyar Kultur Elkartea ere betirako kotxerasen sartuko zela esan zidaten eta hori ospatu behar genuela ere bai. Ez nuen dudarik izan, urte luzeetan bidaia-lagun izan nituenekin elkartu nahi nuen bai agurraren bileran, baita gure bihotzean gordeko dugun argazkian eta baita bazkarian ere. Seguru nago txisteak izango direla, baina bazkaria izanda, estrategiaz eta egoeraz ere hitz egingo dugula eta batzuekin minutu batzuetan agian haserretu egingo naizela, garai batean bezala.

Ez dakit nolakoa izango den Elhuyar berria, Elhuyar Fundazioa alegia, urruti samar bainago, nik ere orain boluntarioa izateko zailtasunak baititut. Jakin badakit hamabiko talde hura 90 pertsonako enpresa bilakatu dela eta pentsatzen dut lehen hamabiren artean izaten genituen eztabaidak orain lauzpabost pertsonen artean gertatuko direla eta gainerakoak lan zintzoa egingo dutela.

Egia esan inoiz faltan bota izan ditut ordutako bilera filosofikoak, orain dena di-da egin behar baita eta horregatik epe motzera baino ez baita begiratu behar.

Agur Elhuyar Kultur Elkartea eta ongi etorri Elhuyar Fundazioa.


Juan Kruz Lakasta

Behingoagatik, euskararekin loturiko albiste bikaina daukagu Nafarroan: Euskararen Foru Legearen araberako eremu ez euskalduneko ikastolak dagoeneko legezkoak dira. Legeztatzeko protokoloa ekainaren 30ean sinatu zuten Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Foru Gobernuak, baina erabakia ez da azaldu Nafarroako Aldizkari Ofizialean azaroaren 13ra arte. Hil bereko 27an, gobernuak ikastola legeztatu berrien finantzaziorako legea onartu du: datozen bost urteetan, 8,8 milioi euro jasoko dituzte.

Berria, berriz diot, bikaina da. Eremu ez euskalduneko irakaskuntza publikoan ezin da euskarazko D eredua eskaini. Hartara, ikastolak dira euskaraz ikasteko bide bakarra. Vianako Erentzun, Tuterako Argia, Lodosa eta Sartagudako Ibaialde, Irunberriko Arangoiti ikastolek bi hamarkada eman dituzte astolen Elkarteak eta Foru Gobernuak, baina erabakia ez da azaldu Nafarroako Aldizkari Ofizialean azaroaren 13ra arte. Hil bereko 27an, gobernuak ikastola legeztatu berrien finantzaziorako legea onartu du: datozen bost urteetan, 8,8 milioi euro jasoko dituzte.

Hirugarrenez diot: notizia bikaina da. Haatik, hedabide euskaldunetan, komunikabide euskaltzaleetan, ez du oihartzun handiegirik izan. Ikastolek beraiek ospakizun isilak egin dituzte. Azalpena erraza da: guztiek uste dute UPN-CDNko Gobernuak hauteskundeetara begira egin duen urratsa dela. Abiaburuan, erabat ados. Argi dago bozetara begira ari direla. Horren argi ez dakusadana da hori ezkutatu behar ote den, hori bera ere albiste itzela baita. Berri zoragarria da UPNk eta CDNk hauteskundeetara begirako keinu moduan euskararen alde egitea.

Ezin dugu ahantzi azken bi hauteskundeen atarian, erregionalistek hain justu kontrako bidea segitu dutela. Azken bi legegintzaldietan, Aurelio Artetaren zein Victor Manuel Arbeloaren iritzi artikulu pozoitsuen hariekin, hizkuntza politikaren inguruko diskurtso eta politika xenofoboa ehundu dute. Eta euskararen aurkako jarrera hori haien hauteskunde egitarauaren ikur nagusietakotzat ibili dute, horrek botoak ematen zituelakoan.

Orain, aldiz, bira kopernikarra egin dute, boterea galtzearen beldur. Hau da, orain uste dute euskararen aurka aritzeak ez duela botorik ematen. Aitzitik, botoak ken diezazkiokeela iritzi diote. Oinarri sendorik badute horretarako: Ikertalde enpresak Foru Gobernuarentzat Iruñerrian egindako inkesta soziolinguistikoaren arabera, herritarren %65ek uste dute Administrazioak euskara sustatzeko neurri gehiago hartu behar dituela. Euskararen Legearen araberako Iruñerriko eremu ez euskalduneko herrietan -Noainen, Elortzen, Arangurenen, Galarren eta Beriainen- herritarren %71ak eremu mistora pasatu nahi du, haien eskoletan D eredua eskain dadin, errotulazioak elebiz egin daitezen, zerbitzu publikoak euskaraz ere eskain daitezen.

Euskaldunak ikusiezin bihurtu nahi izan gaituzte. Euskara erdaldunentzat baztertzailea dela esan dute. Oposizioetan euskararen balioa hutsaren hurrengo bilakatu dute. Euskara bide ikurretatik desagerrarazi dute. Irakaskuntzan hamaika traba jarri dituzte, euskarazko ereduak irudi gatazkatsua eskain dezan. Eta, horren guztiaren ondotik, jabetu dira herritarrek, oraindik orain, euskararen pertzepzio positiboa dutela, euskara maite dutela. Nire uste apalean, albiste bikain, zoragarri, itzela da, zabaldu beharrekoa, ospatu beharrekoa.

Behingoagatik berri onak dauzkagun honetan, probetxa dezagun nafar euskaldunok, eta bereziki Nafarroan euskalgintzan dihardugunok, gure diskurtsoak eta estrategiak aztertzeko, zorrozteko. Lan handia eta ona egin da. Baina akatsik ere izan da. Baten bat, kalibre mardul samarrekoa. Utz ditzagun jarrera oldarkor eta maximalistak bazterrean. Ikas dezagun erdaldunengana enpatiaz hurbiltzen. Prestigia dezagun gure hizkuntza. Erakuts diezaiegun zer galtzen duten euskara ez jakinda. Eta ez dezagun sala gure senide, lagun, auzoko, lankide erdalduna diglosia-zapaltzailearen-eragile-nagusi-kabroi moduan.

Aurelia Arkotxa

Toni Morrisson idazlea. Erregina. Louvreko Auditoriumeko eszenan sartzen ikusi dudalarik «Libertatea ez da nehoiz hilen» tituluko hitzak zaizkit lehendabizikorik burura etorri. Emeki sartu da, emazte batek laguntzen zuela. Ile zuriak ehunka trentza fin-fin ñimiñoetan bilduak eta hile zama hori guztia gero lepoan beheiti soinbururaino erortzen zaion trentza lodian bildua. Arropa berde esmeralda lurreraino luzea. Ederra da. Eszenan ezarria duten mahaiaren gibelean esertzen da eta egiten zaizkion galderei erantzuten hasten. Mintzoa, beherekoa, eztia, azkarra, jazz kantatzeko ona litekeena. Joan den astean, Frantziako astekari batean zioen, bere herrian bere burua arrotz sendi izanagatik ez duela kanpora joan nahi bizitzera, Bushen «gobernu toxikoa»ri barnetik kontra egin behar zaiolako. Betidanik bazterrean egotea hautatu izan dutela artistek, erdia kritikatuz, erdia mugiarazten saiatuz. Emigrazio lurra den AEBetan beltzak, hispanoak, amerindiarrak bazter sendi direla.

Toni Morrissonen presentzia Parisen, 2006ko azaroko hilabete guztian Louvren, Etranger chez soi, (The foreigner's home), hautatu tematikaren inguruan, gertakari nagusia izan da. Sortzez, Chloe Anthony Wifford, Ohioko Lorainen 1931n sortua, 1993ko Nobel sariduna, abantxu berrogei urtetan hasi zen bere lehen eleberriaren, Bluest Eye, argitaratzen. Jainkoari begi bluen ukatea eskatzen dion nexka ttipi baten istorioa. Ondotik agertuko ditu Salomonen kantua (1977), Beloved (1987), Jazz (1992), Paradise (1998), Margaret Garner opera (2002), Love (2003), momentu honetan Mercy eleberriaren bukatzen ari delarik.

Louvreko Auditoriumean, joan den igandean zortzi arratsaldean aipatu dituen gauzetan, hitz batzuk zuzenean hartu ditudanak:

Post-black. «Artista beltza, beltz bezala, kultura beltzetik kanpo kokatzen da. Ez dugu fronterarik bat ere onartzen, ez mugarik. Arraza eta gero da, kolorea eta gero».

Emazte, emazte artista. «Amerikar feministak manifestaldietara ateratzen ziren, beren etxetan haur zaindari beltzak utziak zituztelarik». «Sexua baino urrunago kokatzen den zerbaitez interesatzen da Bernice. Indar bat badu bere baitan». «Emazte izatea ez da sekulan izan arazo bat enetzat. Errespontsable izateko hezi ninduten, egun batez lan egiteko. Bestela, handitzen ikusten ninduen ene birramatxi nitaz trufatuko zen. Ene inguruan ziren emazteek beren baitan izugarriko eskaera zuten».

Eskrituraren musika. «Anitz lantzen dut ene hizkuntza. Maite dut gauzen erratea jendeak zinez erraten dituen gisan. Maite dut hizkuntza ene esku ahurrean kokatzea, musika ene esku xiloan atxikitzea».

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan