Onintza Irureta
Tuterako Euskaltzaleen jaialdia
Abenduaren 23an Euskara Kalean izeneko festa antolatu dute musika oinarri hartuz. Bestalde, Tuteran Gabonetan Zorionak ekimena antolatu dute. Elkarri zorionak ematea proposatzen dute Tuterako Euskaltzaleak taldekoek Tuteran euskara bizi delako eta horrek elkar zoriontzea merezi duelako.
Gure Irratia erreta
Uztaritzeko egoitza berria irekitzeko diru bilketa kanpaina atzo goizean amaitu zutela zirudien. Urtebete da estudioa estreinatu zuela Gure Irratiak. Orain suak hartu du eta ia dena kiskali da. Berriz ere kanpaina hasi dute dirua biltzeko. Kontu korrontearen zenbakia: 3035 00 5987 0590 05 2623 (Euskadiko Kutxa).
Euskalerria Irratia berriz ere laguntzarik gabe
Nafarroako Gobernuak euskara sustatzeko diru-laguntzak banatu ditu eta Euskalerria Irratia sosik gabe geratu da azken lau urteetan bezala. Gobernuak betiko arrazoia eman du laguntzarik gabe uzteko, alegia, ez duela emisio lizentziarik. Gobernuak berak ukatu dion lizentzia, hain justu.
Onintza Irureta
Xabier Letona
Elkarrizketa eta negoziazio politikoaren krisia sozializatu da dagoeneko. Jaurlaritzaren azken inkesta lekuko; eta hori duela ia bi hilabete egindakoa dela, gaur egun egingo balitz herritarren iritzia ezkorragoa litzateke eta.
Ezkor izateko arrazoi asko daude: lehenik negoziazioan ari diren alde guztiek hala onartzen dute; bigarrenik, arazo nagusiekiko begirada sinple batek ere hala adierazten du, presoak, kale erasoak, atxiloketak, auziak, arma lapurreta... hainbeste gauza aipa daitezke!
Bizi garen gizarte mediatikoan, herritarrek hedabideek igortzen dutena barneratzen dute neurri handi batean. Eta nondik elikatzen dira hedabideak gaur egun? Neurri handi batean instituzio eta botere gune desberdinetatik, edota eragin gune ekonomiko eta politiko handienetatik. Esate baterako, oraintsu zuzendua izan den Jose Antonio Pastor moduko buruzagi sozialistekin hitz egitetik. Filtrazioa da nagusi egungo diskurtso mediatikoaren korronte nagusian eta hala bada, komunikabideak borroka tresna gisa erabiltzen direlako da.
Horrexegatik, Ibarretxe lehendakariak alderdiei bake prozesuaz komunikabideetan ez aritzea aipatzen dienean, ezinezkoez ari da. Eskatu ahal izango da tentuz aritzea, arduraz, hedabideak ahalik eta modu baikorrenean baliatzea... baina XXI. mende hasierako gizarte mediatikoan komunikabideetan ez aritzea ez da posible. Egunerokotasunaren alor niminoenean ere -eta erakunde eta enpresa mundutik bereziki- komunikabideetan mezua etengabe bideratzen denean, nola ez da ba egingo bake prozesu batekin? Datu bitxia zen Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak bere memoria politikoetan aipatzen zuena, ez dira hitz zehatzak baina mezua honakoa zen: Gu Jaurlaritzara iritsi (1980) ginenean hiruzpalau prentsa arduradun geneuzkan eta gaur egun nonahi ikusten dira.
«Laugarren boterea» esaten zitzaion garai batean komunikabideen munduari, botereen arteko kontrapisu funtzioagatik, baina gaur egun botere desberdinen beste hanka bat gehiago gisa eratzen jarraitzen du gero eta gehiago. Gero eta erabiliago. Nork eta zertarako filtratzen dizkio, bada, L. R. Aizpeoleari bere artikuluak edo John Carlini? Edo nork eta zertarako egin zion ETA eta Espainiako Gobernuaren harremanei buruzko uztaileko filtrazio ospetsua Gara-ri? Zergatik hasten da berriz elkarrizketagintzan Ibarretxe lehendakaria? Zergatik El Mundo-k... Eta unean uneko arrazoi zehatzak ezagutzen ez baditugu ere, jakin badakigu negoziazio frontea komunikabideetaraino zabaltzen delako dela. Eta esparru honetan ere hain dira handiak desorekak!
Badira ezkor izateko arrazoi ugari, batzuk oso larriak gainera: barrunbe handirik ez dago, baina, adibidez, Iñaki de Juanaren biziak arriskuan jarraitzen du.
Juan Mari Arregi
Espainiako biztanleriaren %20, euskaldunak barne, bizi da pobretasun-mailaren azpitik (hileko 530 euro garbi pertsonako). Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak plazaratutako ikerlanetik ondorioztatzen da hau. Bataz besteko diru-sarrerarik altuenak Madril eta Hego Euskal Herrian daude. Eusko Jaurlaritzako 195 goi-kargudunetako bakoitzak 2007an izango duen urteko soldata Euskal Herriko 50.00 etxebizitza txiroetakoa baino hemeretzi aldiz handiagoa izango da. Ibarretxeren goi-kargudunetako bakoitzak urtero 68.900 euro irabazten dituen bitartean, euskal etxebizitza pobre bakoitzak urtean 3.594 euro izango du oinarrizko errentara zuzendutako aurrekontuetatik. Nafarroako egoera oso antzekoa da. Hala ondorioztatzen du eskubide sozialen aldeko mugimenduak, Elkartzen-ek, egindako ikerlan batek. Bitartean, Gobernu batek zein besteak dio hazkuntza ekonomikoa urtero gainditzen dela; enpresek urtero gehiago irabazten dute, iraila arte %32 gehiago; eta zerga-iruzurra etengabe gora doa, Hegoaldean dagoeneko 9.000 milioi eurotakoa da. Argi dago, hazkuntza ekonomikoak ez die inolako mesederik egiten pobreei, betikoei baizik. Hortaz, aberastasunaren birbanatzean desoreka handia sorrarazten du. Eta teorian Herriaren zerbitzura dauden gobernariek, politikariek, ikusi nolako soldatak jasotzen dituzten gure diru publikoen kontura. Euren lege eta aurrekontuekin, politikariek beraiek menperatzen dituzte pobreak errenta hutsaletara. A ze azal gogorrak! A ze lotsa!
Gilen Mejuto Garcia itzultzaileak
erabili.com-en esanak: «Nire proposamena da Euskal Zonalde baten kreazioa sustatzea. (...) Euskal zonaldean bermatuko dira euskaldunen hizkuntza eskubide guztiak. Instituzioetako eta administrazioko atal guztiek lan egingo dute euskaraz. Inori ez zaio berriz inposatuko erderaz egitea. Areago, garantizatuko da gaztelania -edo frantsesa- ez erabiltzeko eta ez jakiteko eskubidea. Badakit esango digutela hau ez dela legez egingarria, antikonstituzionala-eta dela. Baina, hain zuzen, eskatzen duguna da legea molda dadila eskari horretara».
Maixan Merkapidek gipuzkoaeuskara.net web gunean Euskararen Erakunde Publikoaz esanak: «Edozein Hizkuntza Politika bideratzeko funtsezko baldintza aipatzen ez delarik, nolako irakurketa egin behar da? Lege babesik gabe antolatu daitezke neurri ausartak, eraginkorrak? Proiektuari lotuko diren aurrekontu ahalek baldintzatuko dute noski plan honen gauzatzea ere».