Astekaria

 Ttakun(h)Errenka 

Ametsak amets

Angel Erro

Angel Erro


2067. alea
2006-12-17
alde 0    kontra 0

Alberto Barandiaranek azaroaren 29an Berrian artikulu definitiboa zekarren Iruña-Veleiaz, non aldarrikatzen baitzuen, arkeologoek piezak datatu ondoren, filologoen ordua dela. Baina filologoek ez dute CO-14rik eta beraien epaia mantso eta berandu iritsiko da; berandu, gaur egun dugun berri goserako. Izan ere, hirugarren edo bosgarren mendeko euskal hitzak egon zitezkeelako notizia zabaldu zen egunean bertan denok hasi ginen ametsetan. Eta zenbait hizkuntzalariren zalantzei eta zientzia metodoak eskatutako zuhurtziari konspirazio usaina, interes gurutzatuena, hartu diete batzuek. Zer egin dezakegu herri xehekook haiek lan egiten duten bitartean? Amets edo eleberriak -hain erraza da bata zein bestea: euskaldun erromatartu kultu bat, mahasti oparoen jabea, Ovidioren Heroiden pasarteren bat edo beste buruz dakiena, eta baita termetan beren burua nabarmendu nahian dabiltzan mutiko errazei buruzko epigrama errazagoren bat ere euskaraz, afaltzera gonbidatu ohi dituen lagunei beti errezitatzen diena, eta haiek pozik; morroiak kristau edo Osirisen gurtzaile -oraindik zehazteke-; gaur egungo botere faktikoen arteko borroka, iragan hori sinestarazteko edo isilarazteko-.

Errealitateak ezinen du fikzioa gainditu. Gezurra da Oscar Wildek inoiz kontrakoa aldarrikatu zuenik. Errealitatea -beste izen batez, Egia- momentu makaletan dago sinesgarritasunari dagokionez. Nork nahi du egia ezagutu? Jacques Legrand-ek dio ezen «à la mesure que la cognoissance vient, le soucy croist, et l'omme se mérancolie plus et plus, selon ce qu'il a de sa condicion plus vraie et parfaite cognoissance» (Inazio Mujikak edo frantses zaharraren hastapenak dakizkien zeinahik erreparatuko zion aipu honen faltsutasunari, forman zein edukian; baina besteok, ni barne, zer, zoriontsuak bagara gure gezurrean?).

Uztailean, Munarritzeko jaietan, lagun baten etxean afaldu genuen. Ez dakit zertan ari ginelarik -Heroidak errezitatzen?-, Iñakik esan zigun aurreko gauean amets egin zuela Maribel Verdú-rekin oheratu zela -Itxarok ez badu ezagutzen: aktoresa espainiarra da, batzuetan, baina gidoiaren aginduaz betiere, jantzita agertzen dena filmetan-. Javik galdetu zion zer moduzkoa zen Verdú ohean, eta Iñakik, gogora esfortzuz ekarriz bezala, «oooso ona» erantzun. Guztiok barre egin genuen. Norbaitek -neska batek- esan zuen berak larrua nahiago zuela ametsean baino errealitatean. Nork ez? Baina behin larru pasada gertatuta, hark burmuinean utzitako aztarna eta amestutako esperientzia batek utzitakoa berdin-berdinak dira. Hori esan nuen nik, eta Raquelek aurpegiratu zidan gizonak beste arraza batekoak ginela, nola zitezkeela berdinak gertatua eta ez gertatua. OK! esan zuen Javik, gertatzeko unean, apenas ezer irauten ez duen presente historikoan, hobe da gertatzea ez gertatzea baino -markagailuan 1-0-, baina gero, presente hori iragan dagoeneko eternal bihurtu denean, hobe da gertatu ez izana, gertatu izana baino (1-¥). Javik telekomunikazioa ikasi du eta zergatia teorema batez azaldu zuen. Nik Chestertonen aipu hau faltsutu behar izan nuen Raquel konbentzitzera saiatzeko: «oroitzapen batean maiz pentsatuz gero, nahiz eta bere funtsezko elementuak egiazkoak izan zalantzarik gabe, bihurtuz doa geroz eta gehiago gauzaren gure oroimena, oroitutako gauza baino». «Zuek Matrix gehiegi ikusi duzue», Aitziberren epaia. Eta, baiki, film horretan Morfeo pertsonaiak dioen legez, «zer da bizitza? Ilusioa, itzala, fikzioa, eta ondasun handiena ez da deus, ezen bizitza amets bat da, eta ametsak amets».

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2066
 
azala2065

2067 zenbakia.
2006ko abenduaren 17a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia