Nor zara zu, zer egin duzu Olentzerorekin?


2006ko abenduaren 10an
Hogeigarren mende hasierako Orentzago zarpail, mozkorti eta zakarra desagertu da Zarautzen. Haren tokia 70-80ko hamarkadetan hedatu zen Olentzero zintzo, garbi eta eskuzabalak hartu du. Xabier Alberdi eta Xabier Etxaberi esker ezagutu dugu Olentzero eta Erregeek Zarautzen izan duten bilakaera. Aurten 50 urte ospatzen da Iruñean Olentzero plazaratu zutela. Patxi Labordak kontatu dit pertsonaia eta ohiturak Lesakan jaso zirela, 1956an Iruñean aurkeztu eta handik Euskal Herri osora zabaldu dela. Gazte eta helduen ohitura zena, umeei begira egiten hasi zen gero. Zenbaitek Olentzero euskalduntzat eta Erregeak espainoltzat etiketatu, eta aurrez aurre jarri nahi izan ditu, baina Xabier Etxabek bikain laburbildu zigun lehia faltsu horren emaitza: umeak irabazle, opari sesio doblea baitute orain.

Hurrena Olentzerori bikotea bilatzea izan da. Berdintasunak -elebitasunak bezala- bikoiztea esan nahi omen du. Olentzero gizonezkoa denez, emakumezko pertsonaia bat jarri diogu ondoan. Mari Domingi du izena, eta Olentzerorekin batera ekartzen ditu opariak. Nor ote zen Mari Domingi hau ez dago oso garbi, baina Olentzeroren aitzakian kantatzen genuen abestietako batean agertzen zen. Xabier Etxabek kontatu dit Manuel Lekuonak Oiartzunen jasotako kopletan Olentzerok emazte bat zuela aipatzen dela: «Olentzero guria, portuna tristia, arropak saldu dizka bere emaztiak». Baina kontuz! Lagun batek ohartarazi dit Mari Domingi ez dela Olentzeroren emaztea. Gizarte eredu berriek agintzen duten moduan, Mari Domingi Olentzeroren laguna da.

Baina oraindik badugu lan apur bat Olentzero hau domatzen. Telebistak pipa kendu dio. Erretzeko debekuen aroan ez da batere itxurosoa umeen aurrean «pipa hortzian duela» ibiltzea. Bestalde, ikertzaile zarauztarrek susmoa hartu diote Olentzeroren begi gorriei. Harrapatu duen arrainaren espezia legatza legatzus izan daitekeela iradoki dute, alegia, kanaberarekin baino «meriendatzeko» daramatzan «botila arduekin» errazago harrapatzen dena. Beraz, Olentzero, erne botila-festekin! Eta hemendik aurrera dietan, ez kapoi ez arrautzarik, gorpuzkera liraindu eta «urde tripa handi» fama hori ezabatu behar dugu.

Interes politiko eta ekonomikoen babesean, eta zuzentasun politikoaren izenean, tradizioak nola sortzen, moldatzen, egokitzen eta erabiltzen diren erakusten digu Olentzeroren ibilbide labur baina oparoak. Papa Noel eta Santa Claus opari-banatzaileen inbasioari aurre egiteko euskal pertsonaia bat hautatu, zabaldu eta arrakastaz nazionalizatu dugu. Bale, badugu euskal gabonetako sinboloa. Arlote samarra tokatu zaigu ordea, eta Operación Triunfo edo Star Academyrako bezala atondu behar izan dugu. Olentzero telebistak bahitu eta ekonomikoki ustiatu nahi duen panpina da. Basajauna zibilizatu, mozkortia errehabilitatu, ikazkin zakarra mezulari goxo bihurtu, eta merkaturatzeko moduko peluxe otzana daukagu.

Azken urteotan kultura -edo merkatu- amerikarrak erakutsi digu Santa Claus gabonetako pertsonaia maitagarri bat baino gehiago janzkera bat, moda bat, abenduko joera estilistiko bat dela. Merkatal zentroetako zaintzaileek, kaleko eskaleek, guraso penitenteek, lapurrek eta hoteletako azafatek gorritzen dute eguberri anglosaxoia. Bistan da zenbaitek merkatu horren euskal opila jateko baliatu nahi duela Olentzero. Honezkero Olentzero marka erregistratua izango da eta laster kopletan «oles-oles SGAErentzat gatoz eske» kantatuko dugu.

Laster ikusiko dut autopistako ordainlekuan eta orduan galdetuko diot: nor zara zu eta zer egin duzu Olentzerorekin?


ASTEKARIA
2006ko abenduaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude