Amaia GartziaEdurne Gartzia2006-12-10 |
Eskaladan hasiberriak batzuk eta eskarmentu handikoak besteak, Erlaitz eta Irun mendizale elkarteko kide ugari elkartu gara goizean. Arroka gure esku eta hankaz igotzea dugu denek helburu eta erronka. Hamahiru lagunez osatutako taldea bildu gara, aterkia eskuan eta material guztia motxilan nahiz besapean dugula: sokak, mosketoiak, espresak, katu oinak, arnesak... Ezustekoak eta arriskua saihesteko, beharrezkoa da ondo prestatuta joatea eta ez zaigu ezertxo ere falta, animoa ere soberan dugu.
Eguraldia da gure kezka nagusia; hegoaldean iparraldean baino euri gutxiago egiten duela eta Nafarroa alderantz joatea erabaki dugu. Artederreta herrirantz abiatu gara, Nafarroa hegoaldean, Iruñetik 30 bat kilometrora. Bidea erraza eta motza da: lehenengo Iruñea aldera jo dugu AP-15 Leitzarango autobidetik. Ordainlekutik igaro ostean, Gares eta harrobi aldera bideratzen gaituen 71. irteera hartu dugu. Arrizabalaga herrira sartu eta ezkerrera harrobi handi bat ikusi dugu. Inguru eder horretan egitekoak gara gure saioa. Herriaren kanpoaldean dagoen errotondari bira eman, ezkerrerantz hartu eta harrobian sartu gara. Bertan, pista txiki batetik -ezkerrean zentral elektrikoa ikus daiteke- Artederretako mendietara hurbildu gara azkenik.
Gradu guztietako aukerak
Bikoteak egin eta «bideak» irekitzeko prestaketetan hasi gara. Duela gutxi ikasi dugun bezala, bi pertsona beharrezkoak dira edozein igoeratan. Batak, behetik, segurtatu egiten du igotzen dagoena, grigri izeneko tresnarekin -beste hainbat modu ere badira-, erorita ere sokak eutsi dezan. Igotzen ari dena bidea irekitzen doala esan ohi da: espresez baliaturik, arroketan lehenagotik dagoeneko ipinita dauden txapetan barrena soka sartuz doa, goraino, batze puntura edo txapak bukatzen diren punturaino, hain zuzen. Bertan soka azkenekoz sartu eta jaitsi egingo da. Bigarren lagunak igoera bi modutan egin dezake: zuzenean eskegita dagoen sokaz lagunduta, edo soka kendu eta bidea berriz irekiz.
Behera begiratu gabe
Txapak amaitzen diren puntura iritsi gara azkenean, hau ilusioa! Urduritasunak utzitako arrastoa, poza, ezin sinetsia, paisaiaren lilura... Sentimendu guztiek bat egin dute une horretan eta sentsazio hori da finean eskaladara bultzatu gaituena. Goian gaudela, eskuinean badator bide zailagoari ekin dion laguna, 6. gradu bati bukaera emanez. Aurpegira begiratu eta sentimendu bera partekatu dugu. Irribarrea ahotan beheraka abiatu gara, bideko espresak bilduz eta egindako lana aztertuz. Lehenengo igoera izateko dena primeran atera zaigu eta 5. mailako bat igotzea erabaki dugu. Hau emozioa!
Kontzentrazioa ezinbesteko
Konturatu ere egin gabe pasa zaigu eguna. Izugarria izan da. Artederreta eskaladaz gozatzeko makina bat bidez josia dago; 5. nahiz 6. mailakoak, errazak, zailak, motzak, 30 metroko altuera dutenak... Bide asko egin arren, ezin izan ditugu guztiak probatu, eta nekearen nekez, beste baterako utzi behar izan ditugu hainbat igoera. Hori bai, itzultzen garenean, kontuan hartu beharko ditugu haize handiko egunak, halakoetan eskalatzea oso zaila baita Artederretan. Harrobi txiki bat denez, haizeak indar handiz jotzen du harri artean, batez ere Sugandila eta Zilindro guneetan. Halaber, kontuan hartzekoa da babesturiko hegazti harrapariak egon ohi direla eta hauen abiatze garaiak jakitea komeni dela, beraien ibilbidean oztoporik ez sortzeko.
Natura, lagun eta tontor artean, egun zoragarria eskaini digu Artederreta inguruak. Hurrengo eguneko minek ere ez digute irribarrea ahotik kenduko. Irunera bueltatu eta galdera bakarra dugu gure baitan: hurrengo irteera noiz?
Hondarribiko kiroldegiko ikastaro batean ikasi dugu eskaladan. Ez genekien oso ondo zer eskainiko ziguten, gustatuko ote zitzaigun eta kirolari jarraipenik emango al genion. Hirusta dendak antolatutako ikastaroan zazpi pertsonak hartu genuen parte eta zazpiak gogo eta motibazio askorekin hasi ginenez, berehala elkarren arteko erronka sortu genuen. Ikastarorako ez da materialik eraman behar, bertan eskaini ohi dizkizutelako arnes, soka eta espresak. Zapatila finak eramateko beste aholkurik ez ziguten eman. Edozeinek egin dezakeen kirola da, ausardia pixka batekin eta mendiko gaitzik ez izanez gero. Pisu gutxi edukitzea edo arina izatea ere lagungarri da.
Ikastaroa bukatuta, entrenamendua jarraitzeko aukera dago, rokodromo desberdinak bisitatuz, esaterako. Eskalatzen izan garen kiroldegi guztietan sokak rokodromoan eskegita egoten dira eta hortaz, eraman behar den gutxieneko materiala ondorengoa da: grigri bat -edo funtzio berdina betetzen duen beste euskarriren bat-, mosketoia, arnesak eta katu oinak. Dena den, kiroldegi batzuetan materiala alokatzeko aukera eskaintzen dute. Desberdintasunak ugariak dira rokodromo batetik bestera, batzuetan builder delakoari ematen diote garrantzia -altuera asko hartu gabe eta soka barik paretan zehar mugitzea-; besteetan aldiz, igoerei -20 metrotik gorako tontorrera, arnesa eta soka erabiliz-. Aritzeko ezagutu dugun rokodromorik hornituena Iruñeko Rokopolisa da, itzela eta gomendagarria benetan.