Bertso berriak... Gizapiztiari jarriak

Imanol Lazkano

Imanol Lazkano


2006-12-10

I

Aitaren hormonetan

sorturik hazia

amaren sabelera

hurrengo jauzia.

Milaka bizigairen

hil ala bizia

borrokan erabaki

genduen auzia.

Guda amaigabe hau

da handik hasia.

II

Hil edo bizi hori

izan zen orduan

suerte apurren bat

izango genduan.

Irabazle atera

ginaden guduan

«heroe» gixa aurkeztu

gintuzten munduan

borrokan jarraitzeko

eroen moduan.

III

Guda izan bagendun

barruko herentzi

kanpoan ez da izan

mila diferentzi.

Bakezko aire asko

ez dugu irentsi.

Dena norgehiagoka

dena konpetentzi

txikia ito eta

handia miretsi.

IV

Afrikan anemia

guk kolesterola

horregatikan dator

halako ujola.

Pateretan hil arren

ez dio axola

agian entresaka

egingo da hola

ta guretzat erraztu

hemengo kontrola.

V

Gu lasai bizitzeko

beste zenbat estu

milaka argazkitan

daiteke baieztu

ikusten dugu baina

zergatik sinestu?

Ongi datorkiguna

hobe ez saihestu.

Euro edo dolarrak

bihotzikan ez du.

VI

Hainbat tanke ta bonba

eta hainbat misil

ta ikusten ez diren

zenbat guda isil.

Indarra makurrago

ez laike erabil.

«Gizapiztia» bere

urratsetan dabil

guda etengabean

sortu, bizi eta hil.


Argia.com 2012