Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-12-10 -- 2066.zenb

Jakoba Errekondo

Piamontetik digu agur mizpirak. Aroz aro, mendez mende fruituen jargoian ipurdia berotu duen mizpira gajoa aspaldi ostikoz jo eta baztertua dugu hemen. Milaka urtetako historia Piamonten amaitzen da, eta etengabe berritu. Denean galtzen ari den artean han bere ikur egin dute eta fruitua bera bai baina haren aparrekoa ez dute saltzeko.

Mesopotamia eta Asia mespretxatuetako hainbat herrialde jakintsuetan mizpira goreneko fruitua omen zen orain dela 3.000 bat urte. Gero lapurren historiaren leran kateatua Grezia txunditu zuen eta gaztaina, gerezia, intxaurrarekin batera erromatarren globalizazioaren ikurretako bat izan zen, hotzaren herrietan. Teutoien lurrean eman zioten, gerora, izen zientifiko binarioa: Mespilus germanica. Lera hura geurean ere ibili zen eta baita arrasto ederra utzi ere... Garai batean, XX. mendean, etxero bazen mizpira. Mirakulua da egun topatzea. Beste kultura batzuetako mizpirak udare makatza edo maaltzaren bizkarrean lasai asko bizi diren artean geurean elorri zuriari -Crataegus monogyna- txertatua da ohikoa. Hozkailurik gabeko neguko eskasian mizpira eder, ustelduta jaten da, hau da, ustelduagatik ere jan daiteke...

Ustela da gozo mizpira. Beratu, zoritu, ondu, umatu, guritu, samurtu, umotu, beraztu, alegorritu, mardotu, helduko da mizpira baina, alazankoa, ustela da finena eta fina ustelena. Behinolakoa dugu fineziaren ahosabai hori euskaldunok. Betikoa esan ohi den behinolako hori. Ez alferrik usteldutako fruituen mandioa izan da, negua joan eta negua etorri, etxeko altxorretako bat.

Inperio hartan mizpira ohikotu aurretik ustel gozoaren eskola bazen: otsolizarra (Sorbus aucuparia), hostazuria (S. aria) eta maspilarena (S. torminalis). Ahaztutako frutarbolak, zeure ondorengoek ez bezala, baso-bazter jakin batzuetan topatuko dituzunak. Garai bateko elikaduraren adibide, eskolaren garrantzia hona: maspilaren izen koadrila: basa-gurbea, maspila, gurbea, azpila, matspila, mazpila...

Nahaspila: mizpira eta maspila lapurren lera hartako Mespilus al dira? Agur Piamontetik.

Jabier Agirre

Menopausia gertaera naturala da emakumearen bizitzan. Horraino denok ados egongo gara. Baina hortik aurrera, zer-nolako ikuspuntutik begiratzen den, naturala izan behar lukeen garai horrek hainbat molestia eta endredu ekarriko dizkio emakumeari, baldin eta ez badauzka gauzak behar bezain argi.

Esan beharra dago menopausia gero eta lehenago agertzen ari dela gizarte aurreratuetan, baina menopausiak ez duela zertan aro negatiboa izan behar emakumearentzat. Hilekoa mantentzen duten estrogenoek behera egiten dutenean, klimaterioa agertzen da, sintoma fisiko eta psikologiko ugarirekin: umore-aldaketak, izerditzea, insomnioa, itobeharrak eta parestesiak, gorputz-adarretan bereziki -besoak eta zangoak inurritu eta lokartu egiten dira-. Horiez gain, sintoma genito-urinarioak ere ager daitezke; esaterako baginako atrofia eta lehortasuna, eta arreta berezia eduki behar da gaixotasun kardiobaskularrekin eta osteoporosiarekin, gaitz horien kontrako neurri prebentiboak zorroztuz.

Hala ere, eta Menopausia ikertzeko Espainiako Elkartearen diruzaina den Maria Jesus Cancelo ginekologoak azpimarratzen duen bezala, "menopausiari lotuta sarrien agertzen diren gaixotasunak kardiobaskularrak diren arren, bularreko minbizia da emakumearen kezka nagusia".

Gaur egun 50 urte baino gehiago dituzten emakumeek bizimodu oso aktiboa daramate, eta kontuan hartu beharra dago menopausian bete-betean edo are gehiago, menopausia ostean dauden emakumeen %50etik gora direla beren bizi-kalitatea nabarmen galtzen dutenak, beren bizitzako aro horretan izan ohi dituzten aldaketengatik.

Horrexegatik, eta arrisku potentzialei aurre egiteko, soja-isoflabonak kontsumitzea gomendatzen da, batetik, baina batez ere bizi-ohitura osasungarriak edukitzea. Horrela, "ariketa fisikoa egin behar da, ez erre, alkohol eta kafe-kontsumoa neurrian mantendu eta elikadura osasuntsua", Bartzelonako Diatros klinikako zuzendari Rafael Sanchez-Borrego doktorearen hitzetan.

Joxerra Aizpurua


Lurrazala handitzen

AEBetako Maya Tolstoy eta Felix Waldhauser ikerlariek zuzendutako ekipoak Ozeano Barearen ekialdean, Mexikoren parean, hainbat tresna kokatu zituen itsas ondoan, 2.500 metro sakonera. 12 sismometro jarri zituzten eta horiek berreskuratzeko sistema automatiko bat erabili zuten, hau da, itsas azaletik seinale bat bidali eta sismometroa itsas hondotik askatu eta itsas azalera igotzen zen.

12tik lau baino ez ziren berreskuratu eta hasieran galdutakoak matxuraren ondorioz kaltetu zirela uste izan bazen ere, jasotako sismometroek erruduna lurraren barnetik ateratako magma izan zela adierazi zuten.

Datuak aztertu ondoren 2006ko urtarrilean astebetez magma atera eta atera aritu zela ikusi zen eta hau gertatu aurretik azken bi urteetan jarduera sismiko indartsuak izan zirela ere bai.

Beraz, bi baieztapen egin daitezke ikerketa horretatik. Batetik, lurrazalak zabaltzen segitzen duela eta bestetik itsasoan gertatzen diren erupzioak aurrikus daitezkeela mugimendu sismikoak aztertuz.


Gari aberatsagoa

Garia etxekotu ahala propietateak galtzen joan da. Horrela ogia eta pasta egiteko erabiltzen dugun gariak gari-espezie basatiak baino proteina, zink eta burdina gutxiago ditu. Joan den hilaren amaieran Science aldizkariak, AEBetako Californiako unibertsitateko Jorge Dubcovsky-k zuzendutako ekipoak egindako ikerketen berri eman zuen. Lan honetan, etxeko gariaren txirotasuna azaltzeaz gain TaNAM deituriko genea identifikatu zutela aipatu zuten.

Aipatu genea manipulatuz gariak metatu dezakeen proteina edo mineral kantitatea areagotu daitekeela ere ikusi dute, izan ere, gari-ale basatietan TaNAM geneak lanean diharduen bitartean etxeko gari-aleetan ez du ia lanik egiten. Genea martxan jartzen asmatu dute eta laborategietan bederen, gari-ale aberatsak lortu dituzte.

Aurkikuntza honek estatu txiroetan garrantzi handia izan dezake, bertako populazioak proteina eta mineraletan gabezia handia izaten baitu.

Gari-ale aberatsak lortu ahal izateko ez omen da inongo teknika genetikorik aplikatu behar, baizik eta landare-hibridazio sinple bat egitea nahikoa omen da; hau dela eta, sistema honek, aukera interesgarriak eskainiko dizkio populazio txiroari.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan