Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-12-10 -- 2066.zenb

Beñat Gaztelumendi

Batzuetan musikariak gustuko poesiari musika jartzen dio. Beste batzuetan, ordea, letra enkargatu ohi dio letragileari, aldez aurretik doinua emanda edo eman gabe. Letragileek, orohar, nahiago izaten dute lehenengo aukera, Jon Maiak dioenez «aldez aurretik doinua emanda helduleku bat baitaukat; musikak zer inspiratzen didan eta melodiak zertara naraman jakiteak lagundu egiten baitit».

Baina, ezer idazten hasi aurretik, doinua jakitea bezain garrantzitsua izan ohi da zeri buruz idatzi asmatzea. Kontu horretan ere, batzuetan musikariak gauzak argi izan ohi ditu eta gaia ematen die, edo, behintzat letragileari azaldu ohi dio zeri buruz aritu nahi duen. Baina askotan, gaia baino garrantzitsuagoa izan ohi da melodiak berak iradokitzen duena. «Niretzat politena musika jaso eta, ez gaia, baina, gutxienez melodia horrek zer iradoki nahi duen jakitea izaten da» dio Joxerra Garziak. Era horretan idatzi zuen Ganbara taldearen Azken muxarraren testamentua ere: musikariek azaldu zioten melodia horrek zer iradokitzen zien (natura, ekologia...) eta horrekin abestia idazteari ekin zion.


Idatzi bai, baina zeri buruz?

Gerta liteke musikariak emaniko gaia agortu samarra egotea. Esate baterako, gai bezala euskara tokatzea. Zer idatzi daiteke euskarari buruz lehendik esan ez dena? Edo, nola esan daiteke beti esaten den zerbait beti esaten ez den moduan? Joxerra Garziari behin baino gehiagotan gertatu izan zaio hori. Behin, konparazio batera, Legazpin egindako Kilometroak festarako abestiaren letra enkargatu zioten. Aipaturiko arazoa saihesteko, Legazpi hartu zuen erreferentziatzat, Legazpin dago Mirandaola museoa... Eta horrela pentsatu zuen euskarak horixe ez zuela izan behar: museo batean dagoen zerbait.

Noski, hori bururatzerako buelta asko eman behar zaizkio buruari. Eta buru guztiek berdin funtzionatzen ez dutenez, letragile bakoitzak bere metodologia eduki ohi du lanerako. Garziak, normalean, hitz-jokoekin jokatu ohi du, jolas modura ikusten du letra bat idaztea. Jon Maiak, ordea, ez dio hainbeste begiratzen, lehenengo begiratuan behintzat, hitz-jokoak egiteko aukera horri. Beretzat garrantzitsuena hitzak eta musikak guztiz bat egitea da, entzuleak «hemen ezin zen beste ezer esan» pentsatzeraino. Hala, ez du aldez aurretiko eskema edo egitura jakinik pentsatzen; musikariak emandako melodia mila aldiz entzun ondoren ohartzen da lerro batek zerbait iradokitzen diola. Orduan, lerro horretan melodiak iradokitakoa idazten du, eta hortik aurrera edozein lekutatik jarraitzen du. Horrek dena den, arazo bat ekarri ohi dio: «Kantuak iradokitzen badit, melodiak barruan zerbait sortzen badit lana errazago egiten dut. Barruan motibaziorik sortzen ez badit, zer esan daitekeen argi ikusten ez badut gehiago kostatzen zait».

Dena den, beti kontuan izan behar da letra hori abesti baterako izango dela, jendeak ez duela irakurriko. Garziaren ustez, «abestietan egindako errepikapenei esker ahozko diskurtsoa ulerterrazagoa bihurtzen da, eta, gainera, kondentsazio poetiko guztia ez dugu batera sartu behar. Letragileak entzuleari lana erraztu behar dio ahal duen heinean». Gauza ez da hartzaileak guztia lehenengo entzunaldian ulertzea, diskoa erosten duenak behin eta berriro entzuten baitu abestia, eta entzunaldi bakoitzean gauza berriak aurkitzeak bere xarma badu Jon Maiaren ustez. Gainera, zumaiarraren iritziz, «kontuan hartu behar da musika. Musika bakoitzak baditu bere ezaugarriak: Pop kantu batean, beharbada, letra ere arinagoa behar da, eta rock kantu batean ere ezin zara literaturaren ur sakonetan sartu». Abesti batean ziur asko entzuleak identifikatuko ez dituen baliabideak sartu ohi dira. Maiak aipatzen duenez «entzuleak letra aditzen du, letraren istorioa, letraren esanahia ulertzen du, baina, agian, ez da ohartu zortzi 's' jarraian sartu dituzula hitz horietan eta horregatik dela goxoa entzun duen hori».


Neurri eta errima buruhauste

Abestiaren metrikak buruhausteak eragin ohi dizkie letragileei. Joxerra Garziaren iritziz «estrofa irregularrak oso ederrak dira, baina musikariarentzat zailagoak gerta daitezke». Jon Maiak, ordea, nahiago izan ohi du askatasun handiagoarekin jokatzea eta esaldiak musikak iradoki dion erritmoan ezartzea. Horregatik, ez zaio gustatzen beti bertsoaren arauetara makurtzea letra bat idazten ari denean. Bere ustez ez da beharrezkoa beti errimatzea, askotan «gozoegia» gerta baitaiteke arau guztiak errespetatuz idatziriko abesti bat. Kontuak kontu, errimak berak ere badu bere garrantzia abestietan. Garziaren ustez errima ez da «adornu hutsa»; mekanikoa ez bada behintzat, hau da, errimak ez badira errimatze soilagatik erabili, kondentsazio poetiko handia sartu daiteke bertan. Bere iritziz, «errimatzen duten bi hitzek iradokitzen dute gauza diferenteak bat izan daitezkeela, hau da, bi errealitateren azpiko lotura sujeritzen dute».


Noiz da letra bat ona?

Gauza asko eduki behar dira kontuan, beraz, abesti baten letra idazterako orduan. Eta, behin lan hauek bukatuta, egiaren ordua iristen da: «ona al da letra hau?» galdera erantzutea. Funtsean ezin da letra «ona» edo «txarra» den esan. Horretan musikak ere zeresan handia dauka, Garziaren aburuz. Hala, «musikak berak jantzi behar du letra; perfektu izan zitezkeen letra asko ez dira hala musikaren erruz. Eta alderantziz ere gerta daiteke». Jon Maiaren ustez ere musikak badu bere garrantzia, letra perfektua abestiaren silaba bakoitzean, tonu aldaketa bakoitzean juxtu behar diren hitzak sartzea baita beretzat.

Eta, behar denean behar dena esaten duenean, abestia ona dela esan ohi dugu; abeslaria ona dela. Jende gutxi oroitu ohi da, ordea, letragileaz. Batetik, beti itzalean geratu ohi delako, ezkutuko lana delako berea. Eta, bestetik, bere lanaren euskarria CDa delako eta bere lana hainbat CDtan sakabanatuta dagoelako. Beraz, letragintza ez da sarritan langintza bat bezala ikusten. Halaxe dio Maiak: «Zer idatzi du Jon Maiak Riomundoren aurretik? Ez dut ezer idatzi, ez dut ezer kaleratu, baina nire lanik handiena publikatuta dago: nire mundu ikuskera». Koadrilakoek abesten duten horixe, alegia.

Ainara Gurrutxaga

Konpainia aldaketa sakon baterako bidean dago, ezta?
Xabier Garai: Bai, trantsizio garaian gaude. Orain arte formatu batean funtzionatu dugu baina errealitateak erakutsi digu ezin dugula horrela jarraitu. Kanpora begira berdin jarraitzen dugu, baina barneko egitura da aldatu behar duguna. Kooperatiba baten moduan funtzionatu izan dugu orain arte eta hori aldatzera doa.

Ander Lipus: Konpainiaren bihotzak «tik!» besterik ez du egiten. «Tak!» ez du egiten. Ilusioa galdu dugu. Eta ezin bada jarraitu, bukatu egingo da. Eta hor guk erru handia izango dugu baina uste dut ez dela sentsibilitaterik egon gure lanarekiko. Eusko Jaurlaritzaren politika kulturalaren barruan ez da aintzat hartzen 20 aktore herri txiki batera joatea teatroa egitera, eta militantziaz egin ditugu horiek guztiak. Horrek erre egiten zaitu azkenean eta konturatzen zara erabiltzen dituzun hitz horiek klixe bihurtzen direla: ikerketa, esperimentazioa... eta ni potrotaraino nago, ez dut gehiago ikertu nahi, ezta alternatiboa izan ere... hori guztia kaka bat da. Herri honek ez du merezi, dirudienez, antzerki hori.

Zertan aldatu dira gauzak konpainia sortu zenutenetik?
A. Lipus: Konturatu gara oso gazte hasi ginela, ilusio askorekin baina baita hutsune handiekin ere. Hezurdura bat sortu genuen baina hezurdura horrek utopia gehiegi zeraman eta praktikotasun gutxiegi. Krisi hori lehenik barruan eman zen, konturatzen hasi ginen proiektuak aurrera eramatea gero eta zailagoa zela. Hasieran genuen indarra ezin genuen mantendu, zeren norberak ere bizi egin behar du. Iritsi da momentu bat non enpresaren gastuak kristorenak izatera iritsi diren, eta zuloa handituz joan den. Gainera, zure herrian bertan ez dizutenean teatroa egitera deitzen, eta tailerrak ere zuk antolatu behar dituzunean, kontraesan asko sortzen zaizkizu barruan. Bat-batean ikusten duzu zure barku hori kolokan dagoela, eta horrela ezin duzula biziraun.

Zein ziren hasierako ilusio eta utopia horiek?
A. Lipus: Amets handiegiak ziren agian. Antzerki Nazional Dramatiko Alternatibo bat sortzea Euskal Herrian. Guk bagenituen gure musikariak, idazleak, jantziak egiten zituena, argazkilaria, web orria, aktoreak, argiztapen arduraduna... Aurrera egiteko behar genuen guztia bagenuen. Baina konturatu gara hori mantentzea ezinezkoa dela. Gure ofizioa ez da enpresari izatea, gainera, eta hor beste errealitate batekin egin dugu topo.

Zein errealitate?
A. Lipus: Nik konpainiarentzat soldata duinak, minimoak, lortzeko hamar antzerki obra batera egin behar ditut. Gero, ordea, aktore bat joaten da Heinekenen iragarki bat grabatzera eta egun batean kobratzen ditu nik hamar emanalditan adina. Errealitate horrek erre egiten du. Ikusten duzu ofizioak ez daudela berdin neurtuta, berdin baloratuta. Eta gure ofizioa nahiko artisau lana izan da orain arte baina, noski, ez du konpentsatzen zeren ordu pila bat sartzen dituzu eta askotan ezertarako ez. Hor «stop» esan beharra dago, zeren arriskua dago merkatuaren makinaria horrek zu ere irents zaitzan.

Eusko Jaurlaritzaren kultur politikak errealitate hori samurtzen laguntzen al du?
X. Garai: Antzerkian Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak ekoizpenerako baino ez dira. Agian 20.000 euro emango dizkizu eta hori ondo dago, baina guk nahi duguna da emanaldiak egitea. Antzokia kudeatzen duena ez da pertsona bera, eta horren beharrak ezberdinak dira. Orduan Eusko Jaurlaritzan esaten dizute oso proiektu interesgarria iruditzen zaiela, muntatzen duzu kristoren obra esfortzu humano eta ekonomiko ikaragarriekin, eta gero udaletako teknikariak ez zaitu kontratatzen. Hor irizpide bat egon behar du. Nahiago dut dirulaguntzarik ez ematea baina emanaldiak egotea.

A. Lipus: Hor badago arrisku handi bat, zeren egungo kultur politikak bi edo hiru antzerki talde besterik ez ditu bultzatzen. Eta horrek konpetentzia dakar eta horren ondorioz antzerki taldeen arteko komunikazio falta. Gauza guztiek izan beharko lukete lekua, baina eskuindar politika madarikatu honek egiten duena da guztia birrindu. Jende honek beldurra dio aldaketari, beraiek ikusi nahi dutena ikusi behar du publikoak ere. Arrisku handia dago, kostunbrismoan jausteko. Badirudi euskal antzerkia Todos nacemos vascos hori dela! Klixe erraldoiak eraikitzen dira horrela, modaz guztiz pasatuta dauden klixeak, eta errealitatearekin inongo zerikusirik ez dutenak. Nik uste dut euskal publikoak espero dituela antzerki obra batzuk non kritika bat edo probokazio bat ematen den, forma berriak aurkitu nahi dituela.

Au revoir triunfadoreak zuen azken antzezlana «konpainiaren barne kontsumorako produktu» zela egin zizuen kritika Agus Perezek Berrian. Ikusle arruntenganako zubiak apurtu nahi izan bazenituzte bezala...
A. Lipus: Asko pentsatzen dut horretan, pila bat. Eta nire apustu estetikoa zalantzan edukitzen dut batzutan. Baina, hala ere, gure lana zabala da, ikuskizunaren munduan aurkeztutakoaz harago doana. Ritos ekin, esaterako, herriz herri ibiltzen gara eta jendeak barre asko egiten du eta dibertitzen da eta ulertzen du dena. Yuri Sam agian kultukoa da, rock talde batek harmoniko arraro batzuk sartzen dituenean bezala. Orain prestatzen ari garen obraren erronka horixe izango da, obra kostunbrista egitea, Chejov bat. Mundu guztiak ulertu dezan, pastoral bat. Hala ere, kontua ez da masa fenomeno bat bilakatzea. Agian irla txikietan funtzionatu behar dugu. Hor ikusi behar da sozialki jendea noraino dagoen parte hartzeko prest. Bertsogintza, adibidez, orain bizirik dago, esperimentatzen ari delako, jolasten ari delako, bidaiatzen. Bestela, putzu batean legoke, ez litzateke erreka izango.

X. Garai: Eta hezkuntzak ere garrantzia handia dauka. Jendea ez dago ohituta gauza ezberdinak ikustera, programatzen den antzerki guztia linea berean doalako. Jendeak aukera izango balu mota guztietako lanak ikusteko, beste jarrera bat izango luke gauza ezberdinen aurrean.

Formazio eta ikerketan, Artedramarekin esfortzu handia egin duzue azken hiru urteetan. Jarraipenik izango al du?
A. Lipus: Guztia pikutara bidali dugu. Ez dago ilusiorik. Dinamika bat ohitura bilakatzeko arriskuan dago. Lehen aldiz Artedrama egin genuenean helburua zen euskal konpainia ezberdinen modeloak erakustea, bakoitzaren tresnak azaldu eta debatitzea, Maskarada eta Tobera mustren forma zaharretatik, tradizioetatik, Gaitzerdiren edo Maite Agirreren antzerkiraino. Baina hori guztia nonbait biltzeko dirua eta lana behar da, ikerketa serio bat egin. Hogeita bost karpeta dauzkat apuntez beteta. Meyerhold euskaraz, Kathakali eta Noh antzerkiak euskaraz... baina nik horretarako ekipo profesional bat behar dut, zeren ni ofizioz aktorea naiz; ez naiz ez idazle, ez teoriko, ez antropologo, ez filosofo, ez eta poeta ere! Aktore puta bat naiz, eta hori besterik ez dakit egiten.

Euskal antzerkigintzan lan zabalago baten beharra ikusten duzue, hortaz?
A. Lipus: Nik uste ofiziokook gehiago elkartu beharko genukeela, nahiz eta artistak batzutan gureari soilik begiratzen diogun. Politikoek ikusi behar dute kultura ez dela dirua ateratzeko, kultura bultzatzea herria espiritualki aberastea dela. Eta hori ez badago, hipokrita hutsak dira. Jarrai dezatela diru guztia armetan gastatzen! Faltsuak!

Nire ustez beharrezkoa da kultur diziplina guztiak komunikatzea, mundu indibidualista horretan jausi gabe. Euskal Herria oso txikia da eta posible dugu. Beharrezkoa da gelditzea eta hastea sortzen euskal kultura hori, bere sinpletasun edo konplexutasun guztiarekin. Baina sor dezagun zerbait! Gure gizarteak nortasun bat edukitzen jarraituko duela bermatzeko, zeren bestela denak yankiak izango gara laster.

Komunikazio zubi horiek eraikitzea ez da egun batetik besterako lana ordea...
A. Lipus: Zaila da, bakoitzak bere momentua duelako. Eta gauzak garbi ikusteko gelditu beharra dago. Hala ere, ni orain gelditu naiz baina beste bat justu ekoizpen berri batean sartuta dabil, eta ezin du. Zaila da benetan. Norberak bere nortasuna dauka, bere behar pertsonalak eta errespetatu egin behar da. Gauza bat utopia da, baina alde humanoa ere ezin da ahaztu. Baina bai, egia da komunikazio hari horiek kaka eginda daudela gaur egun eta gehiago landu beharko genituzkeela. Pertsonalitate bat bilatu behar diogu gure herriari, eta ez Europako estrukturak kopiatuz, baizik eta imajinatuz eta lan eginez, elkar eraikitzen, inprobisatzen. Sor dezagun elkarrekin, jolas dezagun!

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan