Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-12-10 -- 2066.zenb

Mikel Asurmendi

Gatazka eta normalizazio prozesua tartean dela, ba al dago politika eraginkorrik egitea Eusko Legebiltzarrean?
Bai, badago, besteak beste, Gobernu honek gehiengo osoa ez duelako. Egoera honek legeak onartzeko akordioetan eragiten du. Esaterako, Lur zoruaren legean gure taldeak aurkeztutako 195 zuzenketatik 171 onartu edo egokitu ziren.

Etxebizitza plana hizpide, nola baloratzen duzu EB burutzen ari den politika?
Etxebizitza saila inoiz baino politika aurrerakoiagoa burutzen ari da, nahiz eta beti egin daitezkeen gauzak hobeto. Hala ere, etxebizitza politika fiskalitateari lotua da, eta berau foru aldundien esku dago. Diputazioek etxebizitza erostea primatzen dute -erosketa batek %15 desgrabatzen du-, baina alokairua ez behar adina. Gainera, etxebizitza hutsa ez da fiskalki zigortzen. Zergei dagokienean, jendeari hobeto ateratzen bazaio etxebizitza erostea, ez dugu alokairu politika sustatuko. Gobernua alokairua bultzatzen ari da, baina horrek ere eskatzen du ezinbestean, diputazioetatik egiten den politika fiskalak zentzu horretan eragitea; eta hori ez da egiten ari. Ezkerreko etxebizitza politikak ezkerreko fiskalitate politika eskatzen du, eta hori da EBk eta Aralarrek Batzar Nagusietan elkarrekin gogor defendatuko duguna.

2007ko aurrekontuak eztabaidatuko dira aurki. Egiguzu euren balorazioa.
Hainbat eremu dago. Batetik, euskal Y proiektua dago. Obraren lehen zatirako 250 milioi euro jasota daude aurrekontuetan. Egiari zor, diru hori guztia Estatuari kenduko zaio Kupotik, beraz, ez du aurrekontuetan eragingo. Dena den, zoritxarrez, azpiegitura aurrera doa. Gu ez gaude tren modernoa egitearen aurka, baina beste modu batez egin zitekeen, ez gatoz bat ereduarekin ezta trazatu honekin ere. Ez da Euskal Herriko orografiari dagokion eredua, ez lurralde txiki honek behar duen azpiegitura.

Hizkuntza politikaren eremuan berriz, adostasun batzuk daude. Hala ere, administrazioa euskalduntzeko askoz diru gehiago sartu beharko litzateke. Edonola ere, hizkuntza politikarako zuzendaritza aurrerapenak egiten ari da, eta zerbait adosteko aukera badago.

Politika sozialean ere baditugu desadostasunak. Gai honen printzipioak Batzar Nagusietan lantzen diren arren, Jaurlaritzak badu zeregina: besteak beste, oinarrizko errentak eta larrialdietarako laguntzak. Legealdiaren hasieran, lanbide arteko gutxieneko soldataren %86an ezarri eta urtero puntu eta erdi igotzeko konpromisoa hartu zuten Batzar Nagusiek, oinarrizko soldata (540 euro) emateko, alegia. Aurten ordea, kopuru hori izoztu egin dute, gai horren eztabaida gunea Legebiltzarra dela aitzakia erabilita. Guk %100 izatea eskatzen dugu, bizibaldintza duinak bermatzeko neurri ona delako.

Azkenik, etxebizitza alorrean ere finantzazio handiagoa behar da. Etxebizitza politika ez da lege bidez aldatuko soilik, injekzio finantzarioa behar du, egoera normalizatzeko erabateko politika pizgarria. Etxebizitzaren prezioa ari da egonkortzen, baina babes ofizialeko etxeen eskariari erantzun sendoa emanda baino ez da bukatuko espekulazioarekin, ez bestela.

Zein izango da Aralarren botoa?
Aldeko botoa ia ezinezkoa da. Gainerakoan, negoziazioak irekita daude.

Jar gaitezen datozen udal eta foru hauteskundeei begira. Zer ekarriko du EB-Aralar koalizioak?
Ezkerreko boto gehiago biltzea eta eraginkorragoa izatea udal eta foru batzarretan. Udalerrietan egiten den politika ez da nazioari begira izan behar, gai sozialei buruz baizik. Tamalez, batzuetan, ezkerra ez delako behar beste batua egon, bestetan, instituzioetan ezkerrekoak mega-gaiez baino arduratzen ez direlako, ez da gai sozialen gainean behar bezala jardun. Gai nazionalaren inguruko jarduna nagusitu da eta, adibidez, etxegintzako promotoreek negozio borobilak egin dituzte EAJ eta EA Gobernuan egon direnean. Ezkerreko politika egin nahi dugunok ezkerreko botoak batu behar ditugu udal askotako gehiengo osoak apurtzeko. Koalizioaren bidez ez gara gobernatzera iritsiko, baina gobernatzen dutenek ez dituzte eskuak horren libre izango.

Gipuzkoa da horretarako lurralde egokiena, akaso.
Gipuzkoan ez da gehiengo osoa izango gobernua osatzeko. EB-Aralar koalizioa giltza izan daiteke, EAJk alde batera edo bestera egin dezan. Etorkizunari begira, nazio eraikuntzaren ikuspegitik EAJk eta PSE-EEk berriz bat egitea eragotzi beharko genuke, 80ko hamarkadako estrategia ez errepikatzeko. Gipuzkoako EAJk hautagai berria proposatu badu [Jon Jauregi], besteak beste, erabakitzeko eskubidearen aldekoen elkarlana sustatzeko da. Aralarren asmoa, herriaren norabidean, ezkerreko abertzaletasunak eragitea da, eta beraz, koalizio posibleak alde horretatik bilatzea eta ez PSEren aldean.

Aralarren asmoa instituzioetan esparrua bereganatzea dela diote batzuek, ez dela ezeren alternatiba, alegia.
Politikan gauden guztiok erabakiak hartzen diren lekuetan egotea dugu helburu, eta kontrakoa esatea umekeria da. Ezker abertzalearen esparrua zabala eta anitza dela diogu guk, eta eraginkorrak izateko bide politiko soiletatik elkarlanean abiatu behar dugula. Batzuek bide hori egiteko dute eta besteok ez gaude prest zerura begira zain egoteko. Areago, ezker subiranistaren esparruan gauden alderdi guztiok -eta EB sartzen dut- bat egin behar dugu benetako alternatiba izan nahi badugu, ez egitura berean, baina bai lanerako marko batean. Ezker subiranozalearen etorkizuna ez da Euskal Herritarrok-en (EH) errepikapenetik etorriko, berez bakarrik ez delako alternatiba. Benetan, ezkerreko alternatiba eraiki nahi badugu, erabakitzeko eskubidea onartzen duten ezkerreko sektore eta alderdi guztiak batuz baino ez dugu lortuko.

III. Biltzarra burutu duzue Bilbon. Egidazu haren balorazioa, arren.
Kontsolidazioaren Biltzarra izan da, barrura nahiz kanpora begira. Eztabaida egon den arren, ponentzia nagusiak eta koordinatzaile nagusiak %93ko babes zabala jaso dute. Areago, bidean sortutako desadostasunak, modu aberasgarrian bizi ditugu, izan ere, alderdi bat kontsolidatzen doan heinean, normala da ñabardurak eta desberdintasunak agertzea, adibidez Irauli ildoa.

Iraulin ezkerreko polo subiranozalearen eragile nagusiak daude, ordea.
Iraulik etorkizunean ezkerrak bat izan behar duela azpimarratzen du, Batasuna barne, baina baita gainerakook ere. Diferentzia erritmo eta denboretan egon daiteke, izatekotan. Akordio hori gaur ez da posible baina etorri daiteke, ez dugu bide hori ixten. Batasunari Na-Bain egoteko eskaintza egin diogu behin eta berriz. Beraiek dira etorri nahi ez dutenak.

EB-Aralar koalizioan prozedura akatsa dagoela aipatu dute Arabako zuzendaritzako kideek, herrialdeko organoei erabakitzea dagokiela esan dute.
Araban sektore bat koalizioaren kontra dago erabat. Zerbaiten kontra zaudenean argudio ezberdinak erabiltzen dituzu. Akordioaren aldekotasuna oso gardena da ordea, alderdiaren %76ak onartu du.

Zein batzarrak erabaki du baina?
Hegoaldeko batzarrak. Edozein alderdi demokratikotan organo gorena asanblea da. Berari zegokion erabakimena eta berak hartu du erabakia.

Bake eta normalizazio prozesua hizpide orain, zein egoeratan dago?
Ni ez nago negoziazioan, beraz ez dut egoera zehazki ezagutzen. Batzuek akordio politikoa bakegintzarekin lotu nahi dute, baina eskema hori gainditu behar da behingoz. Bakearen aldeko jardunak biktimak erreparatzea eta presoak kaleratzea jaso behar ditu. Eskubide nazionalen aldeko borrokan aurrera egiteko, berriz, ETAk politikari bide eman behar dio behingoz eta betiko, alde bakarreko urratsa eman behar du. Hori da abertzaletasunari egin diezaiokeen ekarpen onuragarriena. Bestela arrisku bat dago: prozesuaren bilakaeran ETAk armak uzteko akordio politiko bat behar badu ezinbestean, gerta liteke akordio politiko hori ez izatea hain ona eta ez izatea gatazka politikoa konponduko duena. Akordio txar batek borroka politikoa hipotekatzea ekar lezake. Kontuz! Batzuk ez gaude horretarako prest.

ETAren pauso hori etor liteke epe laburrean edo kimera al da?
Hori izan daiteke pauso duin bakarra. PSOE zein politika egiteko prest dagoen ezagutzeko aukera izango genuke-eta. Politika egiteko bidea libre behar dugu. Akordio duina lortzeko, lehenik erabakitzeko eskubidea onartu behar da eta gero berau nola egikaritu adostu. Orduan, agian, gatazka konpondu liteke, baina ez gaude egoera horretan.

Zein egoeran gaude? Alderdiak mahaian eseriko ote dira gidoi zuri baten aurrean?
Gatazka politikoa konpondu ahal izateko, guztiak berdintasunean jarduteko aukera izateko, ezinbestekoa da lurralde esparru ezberdinetan erabakitzeko eskubidea onartzea. Gero, erabakitzeko eskubidea nola egikaritzen den paktatu beharko litzateke. Printzipioa hori da, ez da orri zuria onartu behar, gatazkak badu konponbidea...

Zein?
Adibidez, Kanadako Auzitegi Gorenak dioenez -Quebeceko auzia tarteko-, herri batek gehiengo argiz esaten badu dagoen Konstituzioa aldatu nahi duela, aldatuko da, aldaketa gauzatu behar da. Auzitegi horrek ezin dela hori modu unilateralean erabaki dio halaber, herri horrek onartu duen aldaketa emateko modua kide den Estatuarekin paktatu behar dela. Hori da XXI. mendean autodeterminazioa ulertzeko jurisprudentzia. Onartu dezagun herriak gehiengo argi batez erabaki duena, eta hitzartu dezagun Estatuarekin aldaketa hori nola eman.

Artean batzuek lurraldea eta autodeterminazio eskubidea hobesten dituzte eta besteek bakea.
Baina zergatik bakea eta normalizazio politikoa nahastu?

Orduan?
Egoera ez bada aldatzen, ez dut gatazka politikoa gainditzeko modurik ikusten, borroka politikoa indartzeko modua ETAk bidea guztiz libre uztea da.

Bidea horrela PSOEk onartuko al luke Quebeceko Auzitegi Gorenaren printzipioa edo ebazpena?
Gutxienez, baldin eta gehiengoa batzen bagara, ebazpenaren printzipioa ezbaian jarriko dugu. Lehen jomuga, printzipio hori onartzen dutenen arteko akordiora iristea da, eta horretarako elkarlana indartu behar dugu. Eta elkarlanerako bidea urratzeko, herriaren gehiengoak aspaldi eskatu zion ETAri armak uzteko. Ez dezagun ahaztu, Espainiako Estatuak unerik zailena eta estuena Lizarra-Garaziko Akordioaren aurrean izan zuela. Falta dena ausardia da.

Kike Amonarriz

Liburuan atentzioa eman didan lehen gauza erabili duzun tonua izan da; hizkuntza kontuei buruz gutxitan idazten baita umorez, ironiaz eta sarkasmoz... Baina, irribarrez idatzi duzu, ala ozpinduta?
Erakutsi nahi izan dut gai hauetaz diskutitu daitekeela beste klabe batean, beti erabiltzen dugun ostitxar eta erretxin puntu hori gabe. Ekarpena hortik egin nahi nuen. Gaiak, euskalgintzan beti dabiltzanak dira. Disparate dezente sartu dut, bestalde, erakusteko hemen imajinazioak ez duela mugarik izan behar eta disparatearentzako ere tokia badagoela. Baina oro har ez dut gogorik izan behatzarekin inor seinalatzeko.

Liburua irakurtzen ari nintzela, pasarte askotan barre egin dut. Zerk bultzatu du zu bezalako pertsona serio bat umorea erabiltzera?
Hain ohituta nago gauza hauetaz euskalgintzan erabiltzen den tonu serio horretan hitz egiten, aspertu ere egin naizela! Gai hauetaz hitz egin izan dudanean, ia beti izan da doinu serio eta tragiko horretan. Eta hori ere beharrezkoa iruditzen zait, baina gogoa neukan tonu horretatik aldendu eta gauzak beste era batera esatekoa. Beti gustatu izan zait, bileretan eta, tribializatu gabe, baina umore dosiak sartzea, gauzak arintzeko eta giroa deskargatzeko. Hori bai, uste dut gehiago disfrutatu dudala pentsatzen idazten baino.

Noiz sortu zitzaizun euskara teknikaria izateko bokazioa?
Karrera ikasten ari nintzela, Nafarroako Euskara Teknikarien Sarearen idatzi bat irakurri nuen, eta orduantxe ikusi nuen lehen aldiz nire burua horrelako leku batean, irtenbide profesionaletan gehiegi pentsatu gabe. Kontxo! Nafarroa eta euskalgintza, esan nuen, eta hor nire burua ikusten nuen. Bortzirietako deialdia atera zenean, probatzea erabaki nuen.
Euskaltzaletasuna, aldiz, oso txikitatik datorkit. Gogoan dut, 10 urterekin edo, hartu nuela amak zeukan Euskaltzaindiaren liburu bat eta hitzak ikasten hasi nintzela. Horrelako puntu bat baneukan.

Baina hori perbertsiotzat ere har daiteke ezta?
Bai. Agian ume euskaltzale goiztiar eta perbertsoa nintzen. Nik uste, frustrazio bat neukala. Euskaltzalea sentitzen nintzen, ikastolan ez genuen sekula euskaraz hitz egiten, irakasleekin bai, baina ikasleen artean sekula ez, eta nik egoera hori bizi nuen... ez tragedia bat bezala, baina bai arantza bat bezala.

Ez al zinen estralurtar samarra? Liburuan aipatzen duzun bezala, euskara teknikariaren laburdura E.T. da. Estralurtarra sentitzen zara?
Zenbaitetan bai, eta liburuan ere esaten dut; batez ere, Villabesan (autobusean) gertatzen zait hori. Iruñerriko Villabesa hartu eta jendeari begira jartzen naiz, pentsatzen, eta orduan bai sentitzen dudala neure burua, arrotza ez, baina... «Gure mundua, euskara, euskalgintza eta gure roilo guztiak zein urruti geratuko zaizkion jende honi», pentsatzen dut. Eta ez dakit zergatik, baina beti Villabesan gertatzen zait hori. Bestela, eguneroko lanean edo inguruko jendearekin ez.

Koldo Zuazok Euskararen sendabelarrak proposatu zizkigun eta zuk berriz medikuntza tradizionala alde batera utzi eta farmakoak proposatu dizkiguzu liburuaren lehen atalean: Euskararen botikak.
Bai, egoera ikusita erremedio gogorrak behar dira. Euskara teknikariok batzuetan nortasun arazoak izaten ditugu, ez dakigu zer garen! Esatari? Filologo? Aisialdiko begirale? Idazle? Itzultzaile? Eta beharbada, zerrendan botikaria ere sar genezake, jendeak askotan «errezetak» eskatzen baitizkigu bere arazotxoak konpontzeko. Teknikariak jakin behar du era guztietako gaitzak konpontzen: Hau nola esaten da? Honek ez daki ongi euskaraz eta zer egin behar da? Hemen ez da euskaraz egiten, zer egin behar dugu?... Eta guk botikak behar ditugu zulotxo guztiak konpontzeko.

Terapiak ere aurkeztu dizkiguzu. Esate baterako, bertso-terapia.
Europako prentsara begiratu besterik ez dago, era guztietako terapiak daudela ikusteko. Bertsogintza hain emankorra, bizia, irekia, sortzailea eta originala izanik, bada, uste dut potentzialtasun handia duela.

Baina azken finean, kontua burua estutzea da, eta bertso-terapia sortu dugun bezala, euskararen inguruko edozein osagairekin ere osa daiteke terapia egokia. Itsasoko urarekin, barrearekin edo besarkadekin senda daitekeen bezala, bertsoekin ere egin daiteke.

Euskararen alde jardutea, afizio izatetik ofizio izatera pasa da askoren kasuan. Eta ofizio bihurtzearekin batera ez al du askok afizioa galdu?
Gerta liteke. Niri, oraingoz behintzat, ez zait gertatu. Lana bukatuta ere segitzen dut euskararen inguruko gauzak lantzen, idazten, irakurtzen, eta nire militantzia euskararen inguruan bideratu dut.

Baina ikusten dut euskalgintzan edo euskaltzaleon artean teknifikazioa gertatu dela eta alor pertsonalean profesionalizatzeak zenbaitetan ekarri duela euskararekiko pasioa edo grina galtzea, dena oso betaurreko teknikoekin begiratzea, eta euskararen gaia bizitzeko modua gehiegi hoztea.

Giro horretan, liburuak ekarpen bat izan nahiko luke. Euskara soziolinguistikaren betaurrekoekin begiratzen denean -oso modu teorikoan edo oso ukitu akademikoarekin-, azkenean, gure aztergaiak, fosilak edo mineralak balira bezala tratatzen ditugu eta nire ustez hizkuntza hori baino gehiago da. Bestelako betaurreko batzuk jantzi beharko genituzke.

Filologoa izanik, euskal filologoak ere hizpide edo idazpide izan dituzu liburuan.
Jendearentzat seguru asko filologoa pertsona xelebrea izango da, hamarretik bederatzik ez bailukete asmatuko filologia zer den esaten. Eta zalantza egingo nuke, filologo askok asmatuko ote genukeen ongi geure burua definitzen. Are gehiago, filologoei karrerak zertarako balio duen galdetuta, askok lanak izango lituzkete erantzuteko. Nik dakidala filologo asko dago ikasketaz, baina lanbidez filologoa denik... Nik ez dakit bat bakarra ere ezagutzen dudan.

Eta filologian hasitako bidaia iniziatiko horrek Absurdoaren lurraldean barna eraman zaitu liburuaren atal batean diozunez.
Hizkuntzaren inguruko egoera anormal horretan oso baldintza onak daude absurdoa sortzeko. Esate baterako, niri neroni gertatu zait, normalizazio lanetan sartuta, Goizuetako haurrak euskarazko udalekuetara bidaltzea, eta justu horixe izatea haiek erdaraz egiten duten ia leku bakarra. Euskara teknikaria naiz, euskararen erabilera helburu hartuta, antolatu ditut jarduera batzuk haur horientzat, eta lortu dudana da Goizuetako haurrek urte osoan egiten ez dutena egitea; alegia, erdaraz hitz egitea... Zertan ari naiz? Hori sekulakoa izan da. Absurdo guztiek badute atzean esplikazio bat baina... horrek ez dit kentzen sentsazio absurdo hori.

Hori niri gertatu zait, baina absurdo txikiak edo handiak egunero ikus ditzakegu euskararen inguruan.

Beharbada horregatik aldarrikatu duzu Berritu edo hil? Zer da berritu beharrekoa?
Erraza da egin eta gero kritikatzea eta berritu egin behar dugula edo gaizki egin dugula esatea. Alde horretatik, liburuak ez dauka seinalatzeko asmorik. Baina estrategia eta teknikatan uste dut asko hobetu behar dugula. Erabilera areagotzeko erabili ditugun diskurtsoak adibidez. Eskola umeei esatea: «Egin ezazu euskaraz, edo zigortuko zaitut!» Hori da niretzat egin behar ez denaren adibiderik garbiena.

Estrategia orokorrak ere bai, baina batez ere eguneroko gauzak eta taktika txikiak berritu beharra aipatu nahi izan dut. Gizartea, jendea, berritzen eta aldatzen ari da eta nik uste badaukagula pentsatu eta garai bateko diskurtsoak eta formulak berritu beharra.

Eta hau guztia esana dago malaostiarik gabe. Neure burua ere sartzen dut hanka sartze horietan, esate baterako gure umeekin egindakoak. Bizi dugun egoeran badakit ezin dudala hiztun idealik espero, baina gero barru-barruan espero dut gure seme-alabak hiztun idealak izatea. Orduan hasten naiz zuzentzen eta «hori ez da horrela esaten!» bezalakoak erabiltzen...

Eta orduan ateratzen zait nire barruko superheroiaren espiritua, eta nire barruko euskaltzaina.

Daniel Udalaitz

Kanpo Merkataritzaren Espainiako Institutuak (ICEX) emandako datuek erakutsi dute Gipuzkoako enpresek -Aginagakoek, batez ere- 2005. urtean 4.100 kilo angula baino gehixeago esportatu zituztela Txinara. 2003an 1.707 kilo esportatu zituzten eta 2004an, berriz, 3.569 kilo. Espainiar Estatuan, Galizia eta Asturias dira angularen arrantzan gehien aritzen direnak. Galizian 500 bat angula arrantzale daude federatuta eta Asturiasen 250. 90eko hamarkadan Europan urteko 200 milioi euroko balioa izan zuten 30.000 tona harrapatu ziren. Gaur egun, ordea, harrapaketak eskasagoak dira, 10.000 tonakoak. Egoera honen aurrean ulertzekoa da arrantzale euskaldun, galiziar, asturiar eta europarren kezka gero eta handiagoa izatea.

Angularen prezioa izugarri igotzen ari da urtetik urtera, eta luxuzko jaki bilakatu zaigu. Urrutira joan gabe, aurtengo apirilean kiloko 680 euroan ikusi genuen arrain preziatua arrandegi onenetako baten erakusleihoetan. Eta egoerak ez badu onera egiten, litekeena da eguberrietan prezioak kiloko 1.000 eurotik gora egotea. Angula garestitzeko arrazoiak bi dira: alde batetik, angula eskasia eta, bestetik, Txinak eta Japoniak merkatu euskaldun, galiziar eta asturiarrean egiten dituzten angula erosketek prezioetan eragiten dituzten distortsioak. Kalkuluen arabera, Iberiar penintsulara iristen diren angulen %20 jateko harrapatzen dira; %10 akuikulturako haztegietara eramateko -Gipuzkoan halako bat dago-, %60 Asiara bidaltzeko, eta %10 besterik ez da gelditzen Europako iparraldeko ur kontinentalak birpopulatzeko.


Zergatik iritsi gara egoera honetara?

Aingiraren sorrera misterioa da oraindik. Sagarzoen itsasoan jaiotzen da, 3.000 metroko sakoneran, Bermuda irlen eta Puerto Ricoren arteko uretan. Haraino joaten dira ibai-aingirak arrautzak uztera, ozeano Atlantikoan barrena 4.500 kilometro inguruko bidaia eginda. Arrautzak jarri eta urtebete baino lehen, Europako kostetara bueltatzen dira. Adituen esanetan, gainera, larbak haien amak bizi izandako ibai berberera joaten dira. Testuinguru horretan, gehiegizko arrantzak, kutsadurak, habitat naturalen suntsipenak, ibai ibilbideak aldatzeak, presek eta turbina hidroelektrikoek murriztu egiten dituzte larben migrazioak eta galtzeko zorian utzi dute espeziea.

Egoera konpontzeko, Europar Batasunak hainbat neurri hartu ditu: espeziearen bizitzaren zenbait fasetan harrapaketak debekatu ditu, zenbait arrantza tresna ere bai, eta angularen arrantzan jardun ahal izateko baimena eskuratu behar da. Bestalde, habitat naturalak lehengoratzeko larrialdiko neurriak eta ekimenak bultzatuko ditu, harrapatu ahal izateko angulen gutxieneko neurriak ezarriko ditu eta aingirei jarraipena egingo die bizi zikloko hiru faseetan: angulak direnetik aingira hori bilakatu eta aingira zilarkara bihurtzen direnera arte.

Hilabete bakoitzeko aurreneko hamabost egunetan angularen arrantza debekatzea da Europar Batasunak begietsitako neurrietako bat. Neurri horrekin, harrapaketak gutxieneko kopurura murriztuko lirateke, espezie hau ilberrian bakarrik harrapatzen baita.


Akuikultura japoniarrak izugarri igo du angularen balioa

Txinak eta Japoniak angulak erosi eta haztegietan gizentzen dituzte, izugarrizko prezioak ordainduta. Japoniako akuikultura da prezioen distortsioaren eragile nagusia. Japoniarrei batez ere Galiziako Miño ibaiko angula interesatzen zaie. Baina angula ez dute erosten epe laburrerako helburu gastronomikoekin. Akuikulturaren industriarako hazi gisa erosten dute. Japonia eta Taiwan dira aingiraren ekoizpen intentsiboko munduko liderrak. Japoniarrek ez daukate inongo erreparorik angula kiloa 1.000 euro ordaintzeko, 18 hilabetetan inbertsioa errentagarri bihurtzen baitute. Merkatu japoniarrean angularen eskaria izugarria da eta 120.000 tonako defizita daukate.

Batek baino gehiagok galdetuko dio bere buruari galiziarrek ere zergatik ez ote duten japoniarrek egiten duten berbera egiten. Egia esan, ahalegindu ahalegindu dira, baina porrot egin ere bai. Erreboiloak klima egokia behar du eta Galiziako uretan aurkitzen du; aingira hazteko ere, klima egokia behar da, baina Galiziakoa baino epelxeagoa behar du.


Angularen etorkizuna ziurtatu nahian

Euskal Autonomia Erkidegoa da Euskal Herria kontuan hartuta angula gehien merkaturatzen duen lekua eta, bertan, orain dela zenbait urte hasi ziren angularen inguruko erabakiak hartzen. Eusko Jaurlaritzak aingirari buruzko lehenengo ikerketa egiteko eskatu zion 2001ean AZTI itsas ikerketako euskal zentro teknologikoari. Handik atera zen Euskal Herriko Angularen Arrantzarako Kudeaketa Plana.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Sustrai aldizkarian argitaratutako albistearen arabera, AZTIri dei egin diote Europa mailako Intereg-Indicang proiektuan parte har dezan. Proiektu horren bidez angularen etorkizuna bermatu nahi da Atlantikoko kostetan. Oria arroko arrantza tradizioa, arroaren tamaina eta azpiegiturak direla eta, kokagune horixe aukeratu dute aingiraren lehenengo laginketak egiteko. Era berean, Butroi arroan azterlan osagarriak egingo dira bertako arrantzaleen laguntzarekin.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan