Onintza Irureta
Aizuk 25 urte
AEK-k argitaratzen duen Aizu aldizkariak 25 urte beteko ditu Durangoko Azoka garaian, 1981ean Azokan aurkeztu baitzuten 0 zenbakia. 312. zenbakia berezia egin dute: 25 elkarrizketa, 25 erreportaje eta AEKri lotutako 25 albiste bildu dituzte. Aldizkariaren azalez osatutako erakusketa ibiltaria ere prestatu dute.
EHEren manifestazioa abenduaren 16an
Euskal Herrian Euskaraz taldeak Iruñean egingo duen manifestazioaren leloa da Hizkuntza bat, lurralde bat, legedi bat, ofizialtasuna!. Abenduaren 15ean 20 urte beteko ditu Nafarroako Euskararen Legeak, «Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko aukera» bermatzen ez duen legeak.
2.659.570 euro euskararentzat
Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara sustatzeko 2007ko diru-laguntzen deialdia egin du jada. Lehen aldia da deialdia urtea hasi baino lehen egiten duela. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 22an amaituko da.
Gipuzkoaeuskara.net atarian dago informazio zehatza.
Juan Mari Arregi
Amerikan zein Europan, gosetien inmigrazioaren aurka hormak jasotzen diren bitartean, kapitala planetan zehar dabil mugarik gabe. Egunero gertatzen da eta hori hobeto ikus ahal izan da joan den astean Euskal Herrian egoitza duten bi enpresa garrantzitsuren eskutik. Iberdrolak -egoitza Bilbon du- beste enpresa elektriko ingeles bat erosiko du 17.200 milioi eurotan. Egun batzuk lehenago BBVAk -honek ere egoitza Bilbon du- Citic banku txinarraren kapitalaren zati bat bereganatu zuen eta 989 milioi euro ordaindu ditu. 2003az geroztik, BBVAk Hego Amerikako eta Amerikako Estatu Batuetako bederatzi finantz erakunderen kontrola eskuratu du eta ia 8.000 milioi euro poltsikoratu ditu.
Operazio horiek beste «marrazo» finantzario handiagoen aurrean defendatzeko egiten omen dira. Azken horiek banka eta energia moduko sektore estrategikoak kontrolatu nahian dabiltza. «Marrazo»en arteko borroka da, preziorik baxuenean mokadurik handienaren bila dabiltza. Mugarik ez duen kapitala, borroka horretan, ez da bere ingurua defendatzeaz arduratzen -egoitza non jarri, langileak...-, errentagarritasunaz baizik. Kontuz beraz, egoitza soziala Bilbon duten enpresa horien etorkizuneko mugimenduekin. Kapitalak ez du aberririk eta gehien eskaintzen duenari saltzen dio bere burua. BBVAk eta Iberdrolak beste enpresa batzuk «irentsi» baldin badituzte, beraiek beste «marrazo» handiago batzuek «irensteko» arriskua dute!
Xabier Letona
Ustezko etakideen azken atxiloketek xake taula gaineko mugimenduen jarraipena adierazten dute. Atxiloketen kontuetan ez da berririk egia esan, martxoaz geroztik itogina etengabekoa da eta. Ustezko ETAren arma lapurretaren ondoren izana, ordea, akaso bai. Aipatu izan da horiek izango ote ziren Espainiako Gobernuak iragarritako ondorioak, eta oraindik hala ote den jakin barik, esan liteke distentsio garaian gertatzen diren tentsio ekintza guztiak direla kaltegarri, izan hauek pistola lapurreta, kale istilu edota errepresio moldekoak. Berririk ez teilatupe honetan.
Kontua da ez dakigula elkarrizketa prozesuaren zein unetan gauden, eta gertakari hauek guztiek argazki geldiaren itxura iradokitzen dute. Negoziazioen eragile nagusiek larritasuna eta blokeo mezua igortzen dute behin eta berriz, eta horrek geldikortasun itxura areagotzen du gizartean. Iraganekoak ezagututa, halaber, azpimarratzekoa da, alderdien arteko kritika politikoen doinu nahiko lasai eta patxadazkoa. Giroak berez ez du ezer konponduko baina lagundu bai.
Eta zer egin, zer idatzi halako blokeo egoeretan? Politikariek ehundutako txutxumutxu, filtrazio edota adierazpen sareetan aritu nahi duenak beti izango du horretarako betarik. Baina une batzuetan sare horretatik eta egungo une zehatzetik ihes egiteko saioa ere interesgarria izan daiteke, batez ere benetan non gauden kokatzen laguntzeko. Halako negoziazio prozesu batean murgilduta egoteak azpimarratu egiten ditu lehendik ere -ausartuko nintzateke euskal gizartean esatera- argiak ziren laupabost oinarrizko ideia:
- Mende erdia irauten duen gatazka politiko eta bortitza bideratzeko ahaleginaren erdian gaude. Elkarrizketa eta irtenbide politikoan oinarritutako formulekin bakarrik bideratuko da.
- Egungo euskal gizartearen testuinguruan, borroka armatua iraganeko tresna politikoa da eta, arrazoiak arrazoi, ENAMek sare horretatik ateratzea lortzen ez badu, bere burua zokoratzen jarraituko du. Euskal gizarteak bakea nahi du, ia edozeren gainetik.
- Euskal herritarrek beren oraina eta etorkizunaz erabakitzeko eskubidea dute eta punto. Adostu behar dena da horren formulazio politikoa zein den, gaur egun euskal herritarrek dituzten esparru administratibo politikoetatik abiatuta eta, gustatu edo ez, Espainian eta Frantzian bizi garela kontuan hartuta.
- Gatazka bortitza bideratzea posible da eta desberdinen arteko bizikidetza akordioak posible dira, munduko beste leku askotan ikusten den moduan. Arazo askok hor jarraitzen du ondoren, konpondu barik, baina hauen irtenbidea modu ez bortitzean kudeatzen da.
- Aurreko ideiak barneratzen badira biktima, preso eta bestelako ondorio lazgarriak lan eta pazientzia askoren ondorioz onduko dira.
Eusko Jaurlaritzak euskara sustatzeko 2007ko aurrekontuen % 1,3 bideratuko du eta Kontseiluak %2a izan dadila eskatu du. Patxi Baztarrikak (HPS) Berrian Kontseiluari erantzundakoa: «Kontseilua ez da inor euskalgintzaren ordezkaritza bere gain hartzeko. (...) Kontseiluaren diskurtsoa aspergarria ere bada. Euskararen inguruan etengabe hil kanpaien diskurtsoarekin jarraitzea ez da positiboa, euskara beti liskarrarekin lotzen duelako eta horrela ezinezkoa delako ilusioa sortzea».
Osakidetzako oposaketak direla-eta Mikel Irastortzak (EHE) Garan esanak: «4.000 lanpostutik gora daude jokoan eta horietatik %20 baino gutxiagori eskatuko zaio euskara jakitea (...) Benetan lotsagarria, arduragabea eta onartezina iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzak azterketa hauei begira egin duen planteamendua. Hainbeste urteren ostean, Osakidetzan euskarak bizi duen egoera benetan larria da eta egoera horren arrazoi nagusietako bat urte hauetan guztietan administraziotik erakutsitako arduragabekeria da».