Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Agur Piamontetik

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2066. alea
2006-12-10
alde 0    kontra 0

Piamontetik digu agur mizpirak. Aroz aro, mendez mende fruituen jargoian ipurdia berotu duen mizpira gajoa aspaldi ostikoz jo eta baztertua dugu hemen. Milaka urtetako historia Piamonten amaitzen da, eta etengabe berritu. Denean galtzen ari den artean han bere ikur egin dute eta fruitua bera bai baina haren aparrekoa ez dute saltzeko.

Mesopotamia eta Asia mespretxatuetako hainbat herrialde jakintsuetan mizpira goreneko fruitua omen zen orain dela 3.000 bat urte. Gero lapurren historiaren leran kateatua Grezia txunditu zuen eta gaztaina, gerezia, intxaurrarekin batera erromatarren globalizazioaren ikurretako bat izan zen, hotzaren herrietan. Teutoien lurrean eman zioten, gerora, izen zientifiko binarioa: Mespilus germanica. Lera hura geurean ere ibili zen eta baita arrasto ederra utzi ere... Garai batean, XX. mendean, etxero bazen mizpira. Mirakulua da egun topatzea. Beste kultura batzuetako mizpirak udare makatza edo maaltzaren bizkarrean lasai asko bizi diren artean geurean elorri zuriari -Crataegus monogyna- txertatua da ohikoa. Hozkailurik gabeko neguko eskasian mizpira eder, ustelduta jaten da, hau da, ustelduagatik ere jan daiteke...

Ustela da gozo mizpira. Beratu, zoritu, ondu, umatu, guritu, samurtu, umotu, beraztu, alegorritu, mardotu, helduko da mizpira baina, alazankoa, ustela da finena eta fina ustelena. Behinolakoa dugu fineziaren ahosabai hori euskaldunok. Betikoa esan ohi den behinolako hori. Ez alferrik usteldutako fruituen mandioa izan da, negua joan eta negua etorri, etxeko altxorretako bat.

Inperio hartan mizpira ohikotu aurretik ustel gozoaren eskola bazen: otsolizarra (Sorbus aucuparia), hostazuria (S. aria) eta maspilarena (S. torminalis). Ahaztutako frutarbolak, zeure ondorengoek ez bezala, baso-bazter jakin batzuetan topatuko dituzunak. Garai bateko elikaduraren adibide, eskolaren garrantzia hona: maspilaren izen koadrila: basa-gurbea, maspila, gurbea, azpila, matspila, mazpila...

Nahaspila: mizpira eta maspila lapurren lera hartako Mespilus al dira? Agur Piamontetik.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2065
 
azala2064

2066 zenbakia.
2006ko abenduaren 10a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia