Astekaria

 Bestelakoak 

Lertxunak lertsunen azpian

Anuntxi Arana

Anuntxi Arana


2065. alea
2006-12-03
alde 0    kontra 0

Inork ikusi al du inoiz lertsun bat lertxun baten gainean? Hitzez bestalde deigarria litzateke hosto zintzilikarien erdian andere hegaztia, atzealdean lumak dilingo daramatzala, Dioren estiloko txapela. Bada ez, ez omen du arboletan pausatzeko ohitura.

Azaroaren lehen egunetan trumilka pasatu dira lertsunak eta gauaren erdian ere beren kur-kurrak entzunarazi dizkigute, kurlo ere deitzen direla ahantz ez dezagun.

Itxura, iparraldeko Europan egin duen elurrak bultzatu ditu beroaren bila brau abiatzeko. Beste ondorio bat ere ukan zuen hotzak gau hartan. Argi indarra Alemanian eten eta ilunaldia Italia, Espainia eta Portugaleraino hedatu zen, Frantziatik pasatuz. Iaz antzekorik gertatu zen AEBetan eta askok pentsatu zuten laster izango zela gure aldia, hango espezialitateak arin dastatzen ditugu-eta hemen.

Amerikatik jin zitzaigun lertxunen hotsa ere, hara joanak ziren artzain euskaldunek zuhaitzen azal zurian egin zituzten irudiak ikerturik. Eta handik iritsi zaigu orain planeta berotu eta gainera datozkigun katastrofeak marrazten dituen filma: Egia nardagarria (An inconvenient true); Al Gorek, AEBetako lehendakariorde ohiak egina.

Gorek uste du halako arrisku nabarmenaren aurrean jendeen arraza atzarriko dela. Gaixoa, ez gaitu ezagutzen. Gure eskuinean, proiektu energia-jale eta karbono dioxido kakagile eskergek xoraturik dauzkate agintariak. Eta ezkerrean, jadanik leporatu diote film egileari engainu baizik ez duela, berotegi efektuaren ardura pobreei botatzen diela, beti garatu gabe egon daitezen, eta bitartean aberasten segi dadin Mendebaldea, beretzat bakarrik gordez kutsatzeko eskubidea. Ados, Gorek ez du errotiko aldakuntza bultzatzen; baina ez du bere erresumako erantzukizuna ukatzen ere. Urgentzia izan arren, muzin egingo diogu eskura dugun erreforma bati, airean dabiltzan iraultzen zain gaudela? Irudi luke Aral Itsasoaren lehortzea ere ez dela bekatu, non eta ez den yankee-ek ekarria.

Planetari bost axola eztabaida, guretzat da arazoa. Begira diezaiogun, lagin gisa, xehetasun txiki eta partzial bati. Groenlandiako izotza urtzen bada, gerta liteke seko gelditzea Gulf-Stream-a, gure kostan iragan eta negu epelak oparitzen dizkigun ur korronte sinpatiko hori. Dagoeneko entzuten da haren emaria oso makaldua dabilela. Ba, joera aurrera badoa, udan izerditu eta erre ondoren, dardar egiteko neguak gozatuko ditugu. Akabo Jondone Martineko udalditxoak, maluten artetik ikusiko ditugu lertsunak pasatzen elurrak estali lertxunen gainean. Baina animoso beti, Golko Korronteak uzten bagaitu, Abiadura Handiko Trenean mugituko gara, mendipeko tunelen beroan.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2064
 
azala2063

2065 zenbakia.
2006ko abenduaren 03a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza