Bareback hitzak -edo barebacking, nahiago baduzue- zaltuts ibili esan nahi du ingelesez. Hots, aulkirik gabe zaldian ibili. Orain dela urte batzuk, esamoldea gayen web orrietan erabiltzen hasi ziren -harremanetarako orrietan batez ere- preserbatiborik gabeko sexua adierazteko. Honenbestez, bareback esaten zaio babesik gabeko edozein sexu-harremani, baina hasieran hori baino gehiago zen. Barebacker bat, jatorrian, GIB birusaz edo sexu bidezko beste gaixotasun batez kutsatzeko arriskua bilatzen zuen gizon gaya zen.
Barebackaren jatorrizko esanguran, GIBa hartzeko arriskua erotismoa indartzeko bidea da. Hala, azken urteotan barebacking party-en berri izan dugu, AEBetan eta Europako iparraldean batez ere. Hiesa eragiten duen birusari «opari» esaten zaio halakoetan. Parte hartzaileek jakin badakite GIBaz kutsatuta dagoen norbaitekin ari direla, baina ez zehatz nor den kutsatuta dagoena. Izan ere, russian roulette party ere esaten zaie halako jaiei. Pertsona bat baino gehiagorekin edukitzen dira harremanak, preserbatiborik gabe noski, eta GIBa «tokatu» ahal zaizu ala ez.
Bilbon gertatua
Kontuak kontu, gaur egun preserbatiborik gabeko sexu harremanak ugari dira, eta gero eta ugariago gainera. Ortiz de Zaratek dioskunez, Bilbon ohikoak dira kondoirik gabe sexu harremanak izateko hitzorduak, baina helburua, normalean, ez da kutsatzeko arriskuarekin jolastea -arriskua egon badagoela onartuta ere-. Aldiz, hamaika arrazoik bultza dezakete preserbatiborik gabeko harremanak gauzatzera: kondoiak gozamena gutxitzen duela pentsatzea, arriskua gutxiestea, «beroaldi» bat...
Sifilia eta enparauak, hiesaren iragarle
Barebackaren gorakadak GIBarena eta sexu bidezko beste gaixotasunena dakar ezinbestean, eta hala adierazten dute datuek. EAEkoetan, esaterako, GIBaz kutsatutakoen kopurua handitu egin zen iaz. Gainera, sexu bidezko beste gaixotasun batzuek nabarmen egin dute gora, eta horrek iragartzen digu urte batzuk barru halaxe egingo duela GIBak ere.
«Izan ere -dio Daniel Zulaikak, EAEko Hiesaren Kontrol eta Prebentzio Planeko koordinatzaileak- sifili, gonorrea eta halakoak berehala igartzen dira, sintomak arin azaltzen direlako, baina GIBak ez du sintomarik agertzen zazpi urtez edo. Horregatik luze itxaroten da analisiak egiteko». Maiz, gaixotasuna garatu den arte. Hala izan ziren, esaterako, iaz EAEn atzemandako GIB infekzio berrien %30. Gaixoek hiesa zeukatela jakin orduko jakin zuten, halaber, GIBdunak zirela.
Hiesa gora doa beraz, eta sexua du horretarako bide nagusia. «Epidemiaren historian zehar, munduko herrialderik gehienetan sexu harremanak izan dira kutsatze bide nagusia, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik: Espainia, Frantzia hegoaldea, Italia, New York...», azaldu digu Daniel Zulaikak. Hemen, droga erabiltzea izan ohi zen kutsatzeko bide garrantzitsuena, baina hori nabarmen aldatu da 1997tik. Urte hartatik aurrera, Euskal Herrian ere sexu harremanak izan dira GIBa transmititzeko modurik ohikoena. Eta batez ere, harreman heterosexualak.
Ez da gay kontua bakarrik
Hiesak ez gaitu lehen bezala beldurtzen
Nerabeek haurdunaldia saihestu nahi dute, eta gainerakoak bost axola, Alvaro Ortiz de Zaratek dioenez. Bareback hitza gay web guneetan hasi ziren erabiltzen, baina denon kontua da. Hiesa den bezala. Haren kontra egunero borrokatzen direnek gogoratzen dutenez, oraindik bada hipokresiarik gai honen inguruan. Ez baita ahaztu behar GIBak aspaldi aurkitu zuela habia goxoa ezkonduen ohean.
![]() |
|
||||
2065 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa