Illimani: Boliviako izpiak eta hizkiak
Estitxu Eizagirre
Erronka Evo harrapatzea zen. Eta elkarrizketa hura egin arte ez zuen argazkirik atera Txuekak. ĢIparra galdu gabeģ, errepikatzen zion Arzallusi bidaia osoan. Indigenen mugimendua boterera nola iritsi zen azaltzea zen euren lana. Eta 15 egunetan lortu zuten.
Illimani liburua da Boliviako aldaketa egoera hau biltzen duen dokumentua. Han jasotakoa idazkera eta argazki beroetan hurbildu digute, pertsonen begietan jarriz begia, pertsonen larrutik kontatuz bizitza, pertsonen ikuspegitik azalduz errealitatea.
Bi egileek liburuaren zenbait klabe kontatu dizkigute:
Idazterakoan literaturara inguratu zara, Amets. Errealitatea islatzeko balio izan dizu?
A. Arzallus: Ez da aukera kontziente bat izan. Ez dakit literaturaren eta kazetaritzaren arteko muga oso ondo non dagoen, beraz, ez dakit muga hori urratu dudan edo noiz urratu dudan. Errealitatea kontatzeko kazetaritza izan daitekeen modu hotzaren ondoan, modu goxoago eta askeagoa da literatura. Horregatik, behar bada niri idazteko baino, irakurleari gehiago lagundu liezaioke goxotasun edo garraztasun horrek kontatzen den horretan sartzen. Kazetaritza hotza egiten zait zentzu horretan, eta kontatzerako orduan ez diot nire buruari mugarik jarri. Pertsonaiei egindako elkarrizketa edo erreportajeetan, noski, ezin duzu ezer asmatu, bildutakoa ahalik eta egokien kontatu behar da. Garbi izan dut noiz izan nintekeen idazkeraz libre eta noiz ez. Baina Sareko ARGIAn eguneroko bat idatzi izanari esker (
www.argia.com/bolivia), libreago sentitu naiz istorio batzuk asmatzeko, hango errealitatetik abiatuta. Liburuan badira nik asmatutako istorio batzuk, hango pertsonaietan oinarrituta idatzitakoak. Alde horretatik, ipuinetik gertuago ibili naiz batzuetan kazetaritzatik baino.
Bolivia dena omen da kolore. Txueka, zergatik atera dituzu argazkiak zuri-beltzean?
T. Txueka: Ni argi bila joaten naiz, ez kolore bila. Iluntasuna interesatzen zait, iluntasunean argia bilatzea. Boliviako argia oso bizia da, indartsua. Kutsadura gutxi dago, altuera handia, eta gauetan badirudi izarrak hartu egingo dituzula.
Zuri-beltzean askeagoa sentitzen naiz. Halako gorri berezi edo urdin deigarriekin galtzea baino, pertsonen mamia interesatzen zait. Eta niretzat mamia begiak dira, pertsonen komunikazioan sinesten baitut.
Evoren elkarrizketa izan da oihartzun gehien izan duena. Baina barrura begira, beste hainbat gaik elkarrizketa hark adina asetu zaituzte.
A. Arzallus: Eta gehiago ere bai. Bata pisu handiko pertsona da, baina beste errealitate sozial batzuk, arazo batzuk... ez dira pisu gutxiagokoak. Kaleko pertsonek transmititzen dizkizute eta asko hunkitzen zaituzte. Kartzelan, kalean, gertuan egonda sentimendua jaso egiten duzu, eta gero paperean jartzea lortzen baduzu, bai argazkitan eta bai hitzetan, horrek bere pisua hartzen du.
T. Txueka: Hain egoera ezerosoan zaudenean, begia jarri egiten zaizu, 10 egunean ohitu egiten zara. Garrantzitsua da ez ohitzea.
Behin eta berriz ikusita ere begia ohituko ez den liburua, Illimani, kalean da jada.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.