Asier AgirresarobeMuskilda Tellabide2006-12-03 |
Ez dira ez alboko Aizkorri edo Udalaitz bezain ezagunak oraingoan zeharkatuko dituzuen mendiak, ez dute parke natural izendapenik jaso, ezta horrelako beste izenik ere, bisitariak ez ditu erakartzen eta oro har, inguruko herrietakoa ez den mendizale gutxi ibili ohi da bertan. Baina lasaitasun horrek, ikuspegiak, bidean topatutakoak eta bideak berak asko eskaintzen diote gainotara igotzen denari.
Lehenengo igoera, Gorostiaga
Bidegurutze batera iritsiko zarete (510 m), eta hor, pinudian barneratzen den bidetik jarraitu behar duzue. Antena baten ondotik pasa eta pinudian gora segi, pistara irten arte (575 m). Eskuinera jo gabe, pista horretatik metro gutxi batzuk burutu eta berehala eskuinera egin, gora doan bide batetik. ŦKairnŧ edo harri pilak dituzue bidegurutzeetako bazterretan, hartu beharreko bide egokia zein den adierazteko, eta hor bezala, beste horrenbeste tontorrera iritsi artean. Pinudi artean gora zoaztela, Gorostiagako errepikagailura igotzen den bidera iritsiko zarete (740 m). Bide horretatik bertatik gora igo nahi ezean, etzanagoa baina luzeagoa den beste bat bada, pista hori gurutzatu eta zertxobait ezkerreragotik jarraitzen duen bidetik segita. Emeki-emeki pagadiak pinudia ordezkatuko du. Ganaduarentzako borda utziko duzue eskuinean gero eta lausagoa den bidean gora. Ez larritu! oso garbi ez egon arren, gora egin eta bat-batean goialdean agertuko zarete, errepikagailu erraldoi, gurutze eta kaperatxoaren ondoan (951 m). Aterpe txiki bat ere bada hor inguruan, toki aparta atsedena hartzeko.
Gainez gain Landarraitzera
Mendi bizkar nagusiak norabidez aldatzen du tontor honetan, ipar-mendebaldeko norabidea utzi eta ipar-ekialdera egiten du, Arrolako gainara iristeko, eta zuek, mendebaldera jarraitu behar duzue. Pintura gorri-zuriak utzi arren, lurrazpiko gas eroapenetik irteten diren zutabe horiak izango dituzue bidaide Landarraitz bitartean. Beraz, goitik behera abiatu, Antzuolako Arrolamendi elkartearen Argilekuko bordetatik igaro eta Koroso mendi-lepora helduko zarete, altuera nabarmen galdu ondoren (705 m). Harrate zabal honetatik igarotzen da Oņati eta Antzuola lotzen dituen galtzada zaharra. Korosomuņo (790 m) igo nahi ezean, ezkerretik edo eskuinetik inguratu dezakezue. Ezkerra aukeratuz gero Oņatiko Koroso baserrira ailegatuko zarete eta hortik Lizargarateraino, porlanezko bidearen amaieraraino (750 m). Baserria atzean utzi, gain belartsua gainditu eta ataka batera helduko zarete. Aurrean duzuen muinoa da Landarraitz. Ekin beraz eguneko azken tontorrari!
Buzoi eta erpin geodesikoa duzue hor goialdean (838 m), ikuspegi ederrez gain. Hori bai, ia tontorreraino igotzen den alertze saila dela eta, hegoaldekoa soilik ikusi ahal izango duzue.
San Migeletik Bergarako kalera
Astoaga baserriaren aurriak behean utzi eta Trukarriagara iritsitakoan, txabola eta iturria aurkituko dituzue, bidetik zertxobait eskuinera (710 m). Izen bereko muinoa ezkerretik inguratu behar duzue jarraian. Lasai baina, bideari eustea besterik ez duzue. Ez da ez zati atsegina hurrengoa, matarrasean egindako zuhaitz mozketak izugarri zatartzen baitu paisaia. Zehar-zehar behera doa bidea eta bizkarrera irteterakoan eskuinera jotzen du, ondoren nabarmen behera, Kerezietako txabola berritura jaisteko (585 m). Hor, txabola ondotik horizontalean doan pistaren behealdetik, beste estuago bat ikusiko duzue. Bide hori hartu, Antzuolatik Bergarara igaro, eta hainbat bihurgune eman ondoren, San Migel baselizara igotzen den porlanezko bidera jaitsiko zarete (325 m). Eskuinaldean, mendi-lepo batean ipar haizearen babesean Mendizabal baserri barroko ederra ikus dezakezue. Horra gerturatzeak ere merezi du.
Porlanezko bidean berriro, Kerexatsu baserri ondotik igaro eta gain batean dagoen San Migel baselizara ailegatuko zarete, Haritzeta auzoan (375 m). Aspaldikoa da baseliza horren jatorria, nafar erregeek burututako lursail eta sagasti batzuen dohaintzaren idatzietan ageri da lehenengoz, 1050. urtean. Hor behean duzue Bergarako kalea. Zuzenean jaitsi ahal izateko, metro gutxi batzuk atzera egin, eta ermitatik eta Kerexatsu baserritik erdibidean, ezkerrera abiatzen den bide zaharra hartu behar duzue. Adi bidegurutze horri! Ez da oso argia.
Zehar-zehar behera egin, eskuineko hegi malkartsura igaro eta begi aurrean izango duzue Bergara. Algodonera San Antonio lantokia egon zen orube itzelak arreta erakarriko dizue. Zer egitera doaz hor? Etxeak beharbada? Saihesbide berriko lanak direla eta, ingurua erabat desitxuratzeaz gain, bide zaharra galdu egin da. Beraz, landatu berri den pinudian ahal moduan behera egin eta tximini luze baten ondotik San Antonio auzora iritsiko zarete (160 m).
Lizargarate parean planoa aztertzen hasita, galdera hori etorri zaigu burura, izan ere aurrez aurre duguna -egoera onean dago, nahiz eta bertan iraunkorki jenderik bizi ez- altu samar dagoela iruditu zaigu, 750 metrora itsas gainetik, hain zuzen ere. Etxera bueltan, liburu eta mapa ezberdinak aztertu ondoren, galdera honi hainbat erantzun bilatu dizkiogu. Mendiko borda nahiz aterpeak, eta garai bateko mikeleteen etxeak, San Adrian esaterako, alboan utziz, lau baserri multzo daude 700 metrotik gorako garaieran. Horietako hiru Oņati inguruan eta laugarrena Gipuzkoako erdialdean.
Lehenengo multzoa ere bitan bana daiteke: bata Bidanian, Ernioren magalean dagoen Berazeaga (715 m), eta bigarrena Beizamako Santageda mendateko baserri ezberdinak: Santageda (700 m), Galarreta (715m), Urdanpilletabekoa (710 m) eta Urdanpilletagoikoa (715 m). Oņatiko lehenengo multzoa zeharkatu berri duguna da, Sarramendi (705 m), Koroso (715 m) eta Lizargarate (750 m). Hurrengo multzo bat, Oņatiko Araotz auzotik gertu, baina Aretxabaletako udal barrutian, Ugaztegiko baserriak dira: Ataunena (705 m), Erdikoetxe (735 m) eta Goikoetxe (760 m). Laugarren multzoa, azkenik, Arantzazu inguruan dauden bentak dira: Milikua (735 m), Sindika (740 m) eta Goikobenta (740 m).
Datuok zuzenak badira behintzat, ez geundela hain oker konturatu gara, Lizargarate Gipuzkoan altuen dagoen baserria ez bada ere, hortxe ibiliko da. Datuon arabera, beraz, Ugaztegiko Goikoetxe izango litzateke garaiena, bigarrena ordea, benta eta baserri izandako Artiako San Juan (790 m), egun hondakinak besterik ez badira ere.