Astekaria

 Luparekin 

Babesak berme bihurtu

Iñaki Antiguedad

Iñaki Antiguedad


2065. alea
2006-12-03
alde 0    kontra 0

Hemengo prozesua zelan?» Erantzun zaileko galdera sinplea da hori, balizko sukaldeetatik kanpoko kezkatuontzat behinik behin. «Egunaren arabera» erantzun liteke, prozesuaren gaineko segimenduak egunak joan eta egunak etorri uzten dizkigun sentimendu gazi-gozoak adierazi nahian edo. Gertaera guztiak, esanak eta eginak, epe ertaineko perspektibaz aztertu behar dira, jakina baietz, baina hain gutxi ez diren hilabete batzuk pasatuta inflexiorako gutxienezko zantzu positiboren bat behintzat gauzatua ikustea ere funtsezkoa da, gertaerok perspektibatik aztertzeko lagungarri edo. Eta zantzuez zer berri? Balantzea egiteko ipini ditzagun gertaerak balantzako alde bietan: zorrekoa eta hartzekoa; horretarako ez da doitasun-balantzarik behar, zamatan parekotasunik ez dago eta. Agerikoan behinik behin, ia dena sartzen da hartzekoaren platerean; batzuk su-etenaren oste-ostetik gogortu den toga-borrokaz eta lege-borrokaz ugari ari dira hartzen, eta beste batzuk beranduago etorri den kale-borrokaz, tartean beste batzuek ustezko arma-mailegua beren hartzekoan jarri dutela. Trabaz beteriko krisi-bide blokeatua ikusiko luke horretan ezkor aktibo batek. Kanpotiko diagnosian zorrekoan ia dena zorrean da, egiteke eta egiteko, prozesuaren ageriko abiapuntuaren aurretik logika batean alde bietatik hartuak izan ziren konpromiso batzuk epeak epe zorrean direla seinale.

Errua banatzekotan nik ere, inkestatua izan ez banaiz ere, gobernu zentralaren teilatuan jartzen dut pilota. Izan ere, Anoetan hartu eta gero gauzatu zen tamainako konpromisoari zer erantzun ganorazko eman dio gobernu horrek? Bide «luze eta zaila» izango zela esaten hasi eta azkenekoetan «estua» ere gehitu du noizean behin, jokoko arauak arau. Horregatik, beharbada, korapilo nagusia prozesuaren definizioan bertan da; lurralde-batasunarena eta erabaki-esparruarena bidea eginez askatzeko moduan utzi ditzakeen gutxieneko hitzarmena behar da gaur. Egitasmo politiko guztiak gauzatzea bermatzen duen hitzarmena. Bermea da giltzarria. Ondo hastea ezinbestekoa da ondo amaituko bada, orain gutxi Bilbon -gatazkari buruzko jardunaldietan- adituek aitortu bezala: «ondo hastea eta baldintzarik gabe». Kontuak kontu ez dirudi hemen hori argitua denik, mahairik eza da seinale.

Lizarra-Garazi garaian ez bezala, atxikimendu inportanteak izan ditu oraingo prozesuak kanpotik, instituzioak eta izen handiko pertsonak, oraingoak atariko sendoagoak dituela seinale. Gainera, barneko babesa ere oraingoan zabalagoa da, inkestak inkesta; Ahotsak da horretan esanguratsu, arrazoi askorengatik. Babes horiek guztiek bultzatu behar dute «ondo haste» hori eta denak derrigortu konpromisoei eusteko. Arrazoi askorengatik berriro atzera egiterik ez dagoelako, prozesua bertan behera geratuta ere kontua aurrera nola eta norekin egin izango delako. Hortaz, pazientziak iraultzailea behar du gaur hemen, pedagogikoa eta aktiboa izateaz gain. Baina ez mugagabea, helburua ez baita hemengo inoren kanonizazioa. Neurtua behar du. Eta epe bi dira aurrean mugarri. Lehena, 2007ko udaberria; hauteskundeotan jartzean probatuko da nolakoa den prozesuaren eltzea. Eta bigarrena, gobernu zentralarekin gutxienekoa adosteko urtetan azkena izan litekeena, 2008ko udaberria. Lehenengo mugarrian oker dena ez bada bigarrenerako zuzentzen hasia, babesak babes, bermeak berme, bestelako prozesua abiatu beharko da, gizartean une horretan orain zortzi hilabete baino indar gehiago izango delakoan. Orain arteko babesak geroko berme bihurtuta.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2064
 
azala2063

2065 zenbakia.
2006ko abenduaren 03a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia