Jakoba Errekondo
Urtea lai loreen sasoitan laburbiltzeko eskatu dit kupida arrastorik gabe lagun batek. Urte-sasoiko, loretzen den landare bat, bakar bat, jarri nahi du lorategian. Enkargu xelebreak izaten dira akuilu txorrotxenak. Aparaju honek jarritako lanak ipuinetara eraman nau. Inguruan duen natura eta kultura alde batera utzita, hutsetik lore-kolore bakar batekin sortutako ipuinetako lau paisaia osatu nahi ditu bere urtaroetarako. Ipuin asko prestatu eta kontatu dizkiot, landarea inondik inora ezagutu gabe bere istorioak harrapatzen duena aukeratu dezan. Udaberrirako "urrezko titarea" hautatu du.
Urrezko titarea, generalean urtebete eta gehienera ere bi bizitzen den landare txikia da. Negakinak bezala, Fumaria officinalis, hosto handiak izan beharrean urrutitik laino antzeko bat antzematen da eta bertatik estu-estu ebakitako hosto-hariak dira. Laino urdinxkan laranja koloreko lau petalo hauskor dituen lore jendea zabaltzen du. Honen itxura nagusitu da izenak jartzerakoan: Kaliforniako mitxoleta eta urrezko titarea deitzen zaio.
Eschscholtzia californica izena Johann Friedrich Eschscholtz (1793-1831), estoniar naturalista apartari zor diogu. Errusiar inperioak sustatutako munduari buelta emateko Otto von Kotzebue marinel aberkidea buru zuten "Rurick" (1815-1818) eta "Predpriaetie" edo "Enterprise" (1823-1826) ontzien espedizioetan izan zela-eta, Itsaso Barearen azterketan buru-belarri busti zen lehen mailako lehenengoetako zientifikotzat jotzen da. Adelbert von Chamisso, min lagun minak Kalifornian topatu zuten landare honi bere ohorez jarri omen zion Eschscholtzia izena. Marshall Uharteetan egindako aurkikuntzak medio ere Kotzebuek bertako atoloi bati Eschscholtz Atoloia deitu zion, 1946an AEBek egin asmo zituzten proba nuklearrak burutzeko bertako biztanleria osoa bertatik atera zutenetik Bikini izenez ezagutzen dugun atoloia, hain zuzen ere.
Udaberri-uda honetan etxe-bueltan Eschscholtziak lore biziak emango dizkio laino urdinezko itsasoan lagunari. Egunero, bertako indigenek 683 kilometrora dagoen Rongerik atoloiko desterruan bezala, Bikini atoloiarekin amets egingo du.
Jabier Agirre
Argazkian ikusten dugun Kaitlyne McNamara gazteak 16 urte besterik ez dituen arren, bere maskuriak ez zuen behar bezala funtzionatzen, eta arazo horrek, gernuak ihes egiteaz gain, arrisku handia zekarkion bere giltzurrunei. Baina AEBetako Wake Forest unibertsitateko ikertzaile talde batek, neskaren zeluletatik abiatuta laborategian maskuri berria sortzea lortu zuen, eta duela bost urte hasitako esperientziaren bidez, maskuri artifiziala ezarri ondoren, neskaren giltzurrunak osasuntsu mantentzea lortu dute.
Kaitlyne McNamaraz gain, 4 eta 19 urte bitarteko beste zazpi haur eta gazte hautatu zituzten ikerlariek, sortzetiko anomalia baten ondorioz maskuriko arazo larriak zituztenak guztiak. Paziente horiek arantza bikoitza izeneko malformazioaren maila larria zeukaten, eta beraien maskuriak ezin zuen hedatu. Horren ondorioz pixari eusteko zailtasunak izaten zituzten, eta azken finean baita giltzurruneko kalte funtzionalak ere.
Pazienteei biopsia egin zitzaien, beren maskuritik 1-2 zentimetro koadroko ehun-lagin bat lortzeko. Lagin horretan maskuriko zelula muskularrak eta urotelialak lortu ziren, ondoren laborategian lantzeko. Maskuriaren forma zuen sare moduko egitura batean kokatu eta bertan ezarri ziren, haziz joan zitezen. Zazpi asteren buruan, maskuri berria prest zegoen transplanterako. Azken pausoa horixe izan zen, maskuri artifiziala kirurgikoki pazienteari ezartzea, bere maskurian atxikiz.
Hurrengo hiru urteetan organo berriaren funtzionamenduaren jarraipen zorrotza egin zuten ikerlariek, eta maskuriaren mekanismoak hobera egin zuela ikusi zuten, bestelako teknika kirurgikoek -esate baterako heste meharreko edo urdaileko injertoen inplanteek- ekarri ohi dituzten bigarren mailako eragin kaltegarririk gabe. Kasu guztietan maskuriaren barne presioa saihestea lortu zen, eta horrela giltzurrunek ez zuten inolako arazorik beren eginkizuna bideratzeko. Gernu-ihesak ere nabarmen hobetu ziren, zazpi orduz gai izan baitziren gazteak pixari eusteko.
Joxerra Aizpurua
Hautsaren eragina urakanetan
2005. urtea gogorra izan zen amerikarrentzat, dozena bat urakan baino gehiagoren erasoa jasan baitzuten. Hori dela eta zientzialariek hainbat ikerketa bide abian jarri zituzten urakanen nondik norakoak hobe ezagutzeko. Lerro hauetan teoria horietako bat azalduko dizuegu.
Batzuen ustez, itsasoko tenperatura handiek eragin zituzten iazko urakan bortitzak; beste batzuen ustez, aldika-aldika gertatuko den fenomenoa da, eta beste batzuen ustez Saharako basamortuko hondarrarekin dute lotura.
AEBetako Wisconsin-Madison Unibertsitateko Amato Evan ikerlariak zuzendutako taldeak 1981 eta 2006 urte bitartean sateliteetatik jasotako datuak aztertu ditu eta ondorio hauek atera ditu: urakan handiak izan diren urteetan aireko hauts maila txikia izan da; aldiz, eguratseko hauts maila handia izan denean askoz ere urakan gutxiago sortu dira. Hainbat urtetan Saharatik milaka tona hondar altxatu dira eta Ozeano Atlantikoa abiadura handian zeharkatu dute, batzuetan bost egunetan.
Datu hauek oso garrantzitsuak dira zeren eta orain arte nagusi zen hipotesia zalantzan jarri da, hots, itsasoaren beroketa zela urakanak sortzeko faktore nagusia.
Ikerlariek diotenez: Ğezin dugu ziurtatu hauts mailak urakanetan eragina duenik, gerta baitaiteke hautsa basamortutik altxatzea eta urakanak gutxitzea beste fenomeno atmosferiko baten eragin paraleloak izatea. Beraz, ikertzen segitu behar duguğ.
Jateko kotoia
Kotoiko zuntza da guretzat ezagunena den elementua, ehunaren industrian asko erabiltzen baita; baina gehienontzat kotoi pikorrak erabat ezezagunak dira. Pikorrak soberakin gisa hartzen dira eta proteina asko baldin badute ere, berauetan gizakiarentzat toxikoa den elementu bat dago, hots, gossypola.
Hau dela eta, urtero produzitzen diren 44 milioi tona kotoi-pikor ganaduari ematen zaio -honi ez baitio kalterik egiten- edo olio begetala lortzeko erabiltzen dira.
AEBetako Texas A & M University-ko Keerti Rathore-k zuzendutako taldeak gossypola kontrolatzea lortu du, ez baita interesatzen erabat desagerraraztea, horrek landarea babesik gabe geratzeko arriskuan jartzen baitu.
Beraz, kotoi ehunetan gossypola mantentzen da, baina pikorretatik desagertuz kotoi pikorrak jaki gisa erabiltzerik izango dira eta batez ere, herrialde txiroetan 500 milioi pertsona elikatzeko balio dezake. Kotoiaren produkzioak beheranzko joera zeraman, baina ikerketa honekin indarra har dezake.