Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-12-03 -- 2065.zenb

Estitxu Eizagirre

Erronka Evo harrapatzea zen. Eta elkarrizketa hura egin arte ez zuen argazkirik atera Txuekak. «Iparra galdu gabe», errepikatzen zion Arzallusi bidaia osoan. Indigenen mugimendua boterera nola iritsi zen azaltzea zen euren lana. Eta 15 egunetan lortu zuten.

Illimani liburua da Boliviako aldaketa egoera hau biltzen duen dokumentua. Han jasotakoa idazkera eta argazki beroetan hurbildu digute, pertsonen begietan jarriz begia, pertsonen larrutik kontatuz bizitza, pertsonen ikuspegitik azalduz errealitatea.

Bi egileek liburuaren zenbait klabe kontatu dizkigute:

Idazterakoan literaturara inguratu zara, Amets. Errealitatea islatzeko balio izan dizu?
A. Arzallus: Ez da aukera kontziente bat izan. Ez dakit literaturaren eta kazetaritzaren arteko muga oso ondo non dagoen, beraz, ez dakit muga hori urratu dudan edo noiz urratu dudan. Errealitatea kontatzeko kazetaritza izan daitekeen modu hotzaren ondoan, modu goxoago eta askeagoa da literatura. Horregatik, behar bada niri idazteko baino, irakurleari gehiago lagundu liezaioke goxotasun edo garraztasun horrek kontatzen den horretan sartzen. Kazetaritza hotza egiten zait zentzu horretan, eta kontatzerako orduan ez diot nire buruari mugarik jarri. Pertsonaiei egindako elkarrizketa edo erreportajeetan, noski, ezin duzu ezer asmatu, bildutakoa ahalik eta egokien kontatu behar da. Garbi izan dut noiz izan nintekeen idazkeraz libre eta noiz ez. Baina Sareko ARGIAn eguneroko bat idatzi izanari esker (www.argia.com/bolivia), libreago sentitu naiz istorio batzuk asmatzeko, hango errealitatetik abiatuta. Liburuan badira nik asmatutako istorio batzuk, hango pertsonaietan oinarrituta idatzitakoak. Alde horretatik, ipuinetik gertuago ibili naiz batzuetan kazetaritzatik baino.

Bolivia dena omen da kolore. Txueka, zergatik atera dituzu argazkiak zuri-beltzean?
T. Txueka: Ni argi bila joaten naiz, ez kolore bila. Iluntasuna interesatzen zait, iluntasunean argia bilatzea. Boliviako argia oso bizia da, indartsua. Kutsadura gutxi dago, altuera handia, eta gauetan badirudi izarrak hartu egingo dituzula.

Zuri-beltzean askeagoa sentitzen naiz. Halako gorri berezi edo urdin deigarriekin galtzea baino, pertsonen mamia interesatzen zait. Eta niretzat mamia begiak dira, pertsonen komunikazioan sinesten baitut.

Evoren elkarrizketa izan da oihartzun gehien izan duena. Baina barrura begira, beste hainbat gaik elkarrizketa hark adina asetu zaituzte.
A. Arzallus: Eta gehiago ere bai. Bata pisu handiko pertsona da, baina beste errealitate sozial batzuk, arazo batzuk... ez dira pisu gutxiagokoak. Kaleko pertsonek transmititzen dizkizute eta asko hunkitzen zaituzte. Kartzelan, kalean, gertuan egonda sentimendua jaso egiten duzu, eta gero paperean jartzea lortzen baduzu, bai argazkitan eta bai hitzetan, horrek bere pisua hartzen du.

T. Txueka: Hain egoera ezerosoan zaudenean, begia jarri egiten zaizu, 10 egunean ohitu egiten zara. Garrantzitsua da ez ohitzea.

Behin eta berriz ikusita ere begia ohituko ez den liburua, Illimani, kalean da jada.

Unai Brea

Bareback hitzak -edo barebacking, nahiago baduzue- zaltuts ibili esan nahi du ingelesez. Hots, aulkirik gabe zaldian ibili. Orain dela urte batzuk, esamoldea gayen web orrietan erabiltzen hasi ziren -harremanetarako orrietan batez ere- preserbatiborik gabeko sexua adierazteko. Honenbestez, bareback esaten zaio babesik gabeko edozein sexu-harremani, baina hasieran hori baino gehiago zen. Barebacker bat, jatorrian, GIB birusaz edo sexu bidezko beste gaixotasun batez kutsatzeko arriskua bilatzen zuen gizon gaya zen.
Barebackaren jatorrizko esanguran, GIBa hartzeko arriskua erotismoa indartzeko bidea da. Hala, azken urteotan barebacking party-en berri izan dugu, AEBetan eta Europako iparraldean batez ere. Hiesa eragiten duen birusari «opari» esaten zaio halakoetan. Parte hartzaileek jakin badakite GIBaz kutsatuta dagoen norbaitekin ari direla, baina ez zehatz nor den kutsatuta dagoena. Izan ere, russian roulette party ere esaten zaie halako jaiei. Pertsona bat baino gehiagorekin edukitzen dira harremanak, preserbatiborik gabe noski, eta GIBa «tokatu» ahal zaizu ala ez.


Bilbon gertatua

Hiesaren aurkako borrokan dabiltzanek ohartarazi dute era honetako jardunak Euskal Herrira iritsi direla, oso zabaldua ez dagoen arren. «Nik badut Marbellan, Bartzelonan, Madrilen eta Bilbon egindako bareback jaien berri», dio hiesaren aurkako T-4 elkarteko Alvaro Ortiz de Zaratek. «Lehenbiziko hirurak lagun askoko orgia handiak izan ziren; Bilbokoan, berriz, hirukote batek baino ez omen zuen parte hartu. Antza, 40 urtetik beherako jendea zen, ikasia, Abando inguruan ibiltzen dena... Jaia bikote heterosexual baten etxean egin zen. Bikotekideetako bat seropositiboa zen, eta mutil bisexuala bilatu zuten bai emakumearekin bai gizonarekin sexu harremanak izateko, kondoirik gabe eta eiakulaziora arte beti. Baina mutilak ez zekien bietatik nor zen seropositiboa. Hori izaten baita halako jaietan araua, jende asko ala gutxi egon: ezin esan nork daukan GIBa».

Kontuak kontu, gaur egun preserbatiborik gabeko sexu harremanak ugari dira, eta gero eta ugariago gainera. Ortiz de Zaratek dioskunez, Bilbon ohikoak dira kondoirik gabe sexu harremanak izateko hitzorduak, baina helburua, normalean, ez da kutsatzeko arriskuarekin jolastea -arriskua egon badagoela onartuta ere-. Aldiz, hamaika arrazoik bultza dezakete preserbatiborik gabeko harremanak gauzatzera: kondoiak gozamena gutxitzen duela pentsatzea, arriskua gutxiestea, «beroaldi» bat...


Sifilia eta enparauak, hiesaren iragarle

Barebackaren gorakadak GIBarena eta sexu bidezko beste gaixotasunena dakar ezinbestean, eta hala adierazten dute datuek. EAEkoetan, esaterako, GIBaz kutsatutakoen kopurua handitu egin zen iaz. Gainera, sexu bidezko beste gaixotasun batzuek nabarmen egin dute gora, eta horrek iragartzen digu urte batzuk barru halaxe egingo duela GIBak ere.

«Izan ere -dio Daniel Zulaikak, EAEko Hiesaren Kontrol eta Prebentzio Planeko koordinatzaileak- sifili, gonorrea eta halakoak berehala igartzen dira, sintomak arin azaltzen direlako, baina GIBak ez du sintomarik agertzen zazpi urtez edo. Horregatik luze itxaroten da analisiak egiteko». Maiz, gaixotasuna garatu den arte. Hala izan ziren, esaterako, iaz EAEn atzemandako GIB infekzio berrien %30. Gaixoek hiesa zeukatela jakin orduko jakin zuten, halaber, GIBdunak zirela.
Hiesa gora doa beraz, eta sexua du horretarako bide nagusia. «Epidemiaren historian zehar, munduko herrialderik gehienetan sexu harremanak izan dira kutsatze bide nagusia, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik: Espainia, Frantzia hegoaldea, Italia, New York...», azaldu digu Daniel Zulaikak. Hemen, droga erabiltzea izan ohi zen kutsatzeko bide garrantzitsuena, baina hori nabarmen aldatu da 1997tik. Urte hartatik aurrera, Euskal Herrian ere sexu harremanak izan dira GIBa transmititzeko modurik ohikoena. Eta batez ere, harreman heterosexualak.


Ez da gay kontua bakarrik

Barebacking hitza gay inguruetan erabiltzen hasi zela esan dugu, baina ez dagokie beraiei soilik. «Barebacking heterosexuala beti egon da, eta jarraitu egingo du zoritxarrez», dio Sejo Carrascosa Sidalava Arabako Hiesaren Kontrako Batzordearen prebentzio teknikariak. Hala ere, gayekin lotzen da. Edo lotu nahi da. Carrascosaren ustez, «homofobiak eragin zuen, orain pare bat urte-edo, gai honi buruzko erreportajeak argitaratzen hastea, 'gayak hiesa elkarri kutsatzen diote joko erotiko moduan' eta halako mezuak emanez». Alvaro Ortiz de Zaratek ere zalantzak ditu: «Barebacka, gay kontua? Datuen arabera, 25 urtetik beherako heterosexualengan ari da infekzio gehien ematen, beraz...».


Hiesak ez gaitu lehen bezala beldurtzen

Hiesarenganako beldurra moteldu ahala hasi gara kondoia baztertzen, aditu guztien esanetan. Tratamendu erretrobiralei esker, hiesa ez da -ez Lehengo Munduan behintzat- gaixotasun hilgarritzat hartzen, kronikotzat baizik, eta horrek eraginda prebentzioa ahuldu da. «Hiesa ez da gaurko nerabe eta gazteen kezka nagusietakoa -dio Daniel Zulaikak- eta orain 10-15 urte bazen. Ez dira arduratzen urte asko igaro arte agertzen ez den arazo batez, batez ere hilgarria ez denez geroztik».

Nerabeek haurdunaldia saihestu nahi dute, eta gainerakoak bost axola, Alvaro Ortiz de Zaratek dioenez. Bareback hitza gay web guneetan hasi ziren erabiltzen, baina denon kontua da. Hiesa den bezala. Haren kontra egunero borrokatzen direnek gogoratzen dutenez, oraindik bada hipokresiarik gai honen inguruan. Ez baita ahaztu behar GIBak aspaldi aurkitu zuela habia goxoa ezkonduen ohean.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan