Pilar Iparragirre
Konta ezazu Errotarriaren historia
Liburu bakoitzak badu, kontatzen duen historia literalaz gain, bere barne historia, handia edo txikia, eta honek ere bai. Historia txiki asko dituela esan behar nuke, asko izan direlako era batean eta bestean lagundu digutenak. Laguntza horien artean, oinarrizkoa izan zaigu etxekoena; haiek gabe ezin izango genuen liburu hau egin.
Zein izan da Mario Artolaren ekarria?
Beste moduren batekoa izango zen liburu hau Mario Artola lagun eta kidea alboan izan ez banu. Elkarlanean aritzeaz gain, bera izan dut lehen irakurle, kritikari, xaxatzaile. Ordu luzeak eman ditu liburu eta fotokopiak irakurtzen, oharrak hartzen, aldizkari eta egunkarietatik zatiak biltzen. Eta ni aspertu samartuta nengoenean ere, aurrera egin du donostiarrak, traben aurrean ez du pott egin. Batari eta besteari idatzi eta ekarpenen bat eskatzean, batzuen erantzun faltagatik beste batzuengana jotzean, beti egin du aurrera. Baita kartzelakeriengatik, kartzelak berezkoak dituen ilunaldi eta beherakadengatik izandako erorikoetatik jaikitzean ere.
Gaur arteko errepresioa azaldu duzue. Hemendik aurrera, zer gerta daiteke?
Garai ilusionagarriak omen dira bizi ditugun hauek, historikoak, Mariok hasarretzen denean esaten duen moduan. Su-etena hilabeteetan aurrera doa, horren zantzurik hemen -alegia kartzelan- nabaritzen ez bada ere. Eta ez dakit ez ote dugun oraindik nahikoa denbora izango horma hauen artean beste historiaren bat idazteko su-etena hona iritsi aurretik. Geroak esango du noraino iritsiko garen.
-------------------------------------------------------------------------
Errotarria
Jokin Urain
Susa
204 orrialde
13,50euro
1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria
Historia irabazleek idazten dutela eta garaituei gure izen eta izate propioaren historia isilarazi egiten digutela gogoratzen du Jokin Urain presoak Mario Artola kartzela kidearekin batera idatzi duen Errotarria. 1936-2005: errepresioa, kartzela, deserria liburu sakoneko pasarte batean. Eta horrela definitzen du lehen zein orain garaitua izan denaren norakoa: Jende zanpatuaren armadak sasoi makurren zirimolan. Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua nobelaren irakurketak Urainen barruan utzitako sentipen gozo-mikatzari zor zaio Errotarria, Espainiako Gerra Zibila ardatz duten kronikekin hasi eta gaur arteraino euskaldunek jasandako traizio, fusilaketa, kontzentrazio barruti, erbeste, kartzela, sakabanaketa eta era guztietako errepresioen kontakizuna. Bizi, entzun eta irakurritakoetatik egindako hausnarketa da berea. 1986. urtetik dago preso Jokin Urain, eta kartzela barruko kronika ere ageri da liburuan, jakina. Jende askoren laguntza -eta kartzelarien etengabeko eragozpena- izan ditu idazleak Errotarria osatzerakoan, eta bildutako gutunetatik esanguratsuenei ere eskaini die liburuan tartea, askatasunaren aldeko borroka eta derrota garaikideen kronika egiterakoan.
Aizpea Amas
Photomuseumera sartu aurretik ez dakigu zehazki zer aurkituko dugun. Argazkien erakusketak egongo dira? Azalpenak emango dizkidate? Zer da zehazki, argazkigintzaren museo bat? Museo batek, ICOM-en (Museoen Nazioarteko Kontseilua) arabera, hiru helburu nagusi eduki behar ditu: ikertzea, didaktikoa izatea eta gozamena. Photomuseumak hirurak lantzen dituen arren, nagusiki helburu didaktikoa du. Urtean hamabi erakusketa eskaintzen dira hall-ean. Gainontzeko hiru pisuetako erakusketak finkoak dira eta hiru taldetan banatuta daude: teknika, generoak eta erabilera. Museoaren helburua argazkigintzaren historiari errepasoa ematea da.
Denboraren makinan sartuko bagina bezala sentitzen gara museora sartzean. XIX. mendetik gaur eguneraino paseotxo bat ematen ari garela dirudi. Bide horretan kamera iluna, dagerrotipoa, lau objektibodun kamera, reflex kamera eta gaur egungo kamera digitalak aurkituko ditugu. Hauen alboan, bakoitzari dagokion argazkia: XIX. mendeko Zarauzko neskameak, zuri beltzeko eta koloretako argazkien arteko kontrasteak, gerrako argazkiak... Horiek guztiek sentsazio bereziak sorrarazten dizkigute.
Nola ikusten dute umeek? Eta helduek?
Printze Txikia nobelan esaten den bezala, «nagusi guztiak izan dira noizbait haur». Baina batzuetan zaila egiten zaie haurrek ikusten dituzten gauzak somatzea, «nagusiek zenbakitan» pentsatzen baitute. Antzeko zerbait gertatzen da argazkiekin ere. Leopoldo Zugaza museoaren sortzaileetako batek esandakoaren arabera, umeek asko ikasten dute museoetara bisita egitean eta hori galderak egiteari esker lortzen dute. Koadroek bezala, argazkiek ere ikusten denaz gaindiko informazioa daukatela hautematen ikasten dute. Horrela, museoan dagoen koadro edo argazkirik onena identifikatzeko gai dira eta gainera beren arrazoia argumentatzeko ahalmena daukate. «Helduekin ezin da halakorik egin. Borondatea eduki behar dute eta esan zergatik ematen duen argazki batek, adibidez, atseden sentsazioa» dio Zugazak. Publikoak galdera horiek planteatzea beharrezkoa dela esan du museoko zuzendariak.
Museoa bisitatu dutenen inpresioa ona dela gaineratu du. Orokorrean, «jendea harrituta geratzen da museoarekin». Izan ere, argazkigintza gertutik ikusi dugun arloa izan da beti, baina gauza berri asko ikas daitezke oraindik. Etorritako bisitarien kopuruarekin gustura daude, baina Leopoldoren esanetan, «ez dira guk nahi adina. Beti nahi izaten dugu gehiago».
Museoa baino gehiago
Photomuseuma irabazi asmorik gabeko fundazio pribatua da. Bi familiak osatzen dute, alde batetik, Ramon Serrasenak, eta bestetik, Leopoldo Zugazarenak. Museoaren administrazioaz gain, erakusketak, argitalpenak eta aholkularitza dira besteak beste fundazioak daramatzan eginkizunak. Argazkigintza Villa Manuelako lau pareten artean ez geratzeko, beste hainbat zerbitzu erabiltzeko aukera ematen dio Photomuseumak bere publikoari. Sei hilabetean behin Archivos de la Fotografía aldizkaria argitaratzen dute, gaztelaniaz. Bertan, argazkigintzaren inguruan argitaratu ez diren lanak edo beren itzulpenak agertzen dira. Honez gain, aldi baterako erakusketen katalogoak, erakusketa horien liburuxka-gida, monografiak eta kartelak ere argitaratzen dituzte eta hilero 4.500 pertsonei bidaltzen zaizkie etxera. Noizean behin ikastaroak, hitzaldiak, kongresuak, elkarrizketak eta antzeko ekintzak antolatzen ditu Photomuseumak.
Katalogazio lan handia
Museoak argazkigintzako obren katalogazioan lan asko egin du. Esaterako, 1839tik 1995ra bitartean Espainiako Estatuan argazkigintzaren inguruan argitaratutako guztia katalogatzen ari dira. Katalogazioa orain dela lau bat hilabete hasi zuten eta museoko bi langile ari dira horretan.
Liburutegietako obren katalogazioa aurrera eramaten ari da bi langile horietako bat. Zati handi bat katalogatuta dago jada eta Photomuseumeko web orrian (
www.photomuseum.name) eta Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalean (
www.liburutegiak.euskadi.net/katalogobateratua) ikus daiteke. Bestea, objektu eta argazkiak katalogatzen ari da. Objektuena ia amaituta dago, orain berrikustea eta datu batzuk gaineratzea falta da. Aurrerapen handia izan da museoarentzat piezak inbentariatzea. Hala ere, lan hau egiteak denbora asko eskatzen du, katalogazio sistemak oso geldoak direlako oraindik ere. «Ez dakigu noiz amaituko den zeren etengabe ari gara pieza berriak ekartzen» esan digu Leopoldo Zugazak.
Euskal herritarren argazkigintza
Bisitaldian zehar hainbat argazki harrigarri eta berezi aurkitu ditugu eta baita tartean euskal argazkilarien lanak ikusi ere. Gaur egun argazkilaritza denon eskura dago. Argazki kamera mota asko daude: digitalak, negatibodunak, telefono mugikorretakoak... eta prezioz eskuragarriak dira. Beraz, edonor izan daiteke argazkilari. Baina profesionalen kopurua ere asko igo da azken urteetan eta hainbeste argazkilariren artean gehiengoa anonimoa da. Leopoldo Zugazaren ustez, Euskal Herrian argazkilari asko eta kalitatekoak ditugu, baina aipatutako arrazoiengatik ez dira ezagunak. Beste arrazoi batzuk ere badaude, izan ere, «mundu mailan ezagunak diren argazkilari asko argazkitik kanpoko arrazoiengatik dira ezagun».
Beraz, euskal argazkilarien obrekin gozatzeko Photomuseuma bezalako tokietara jo dezakegu.
Iñaki Mendizabal
Iturri beretik sortuak dira literatura eta zientzia, gure jakin-mina asetzeko, eta horiek biak uztartu guran dabil aspalditik EHUko Euskara Errektoreordetza. Haatik, ubide gero eta bereiziagoak eraiki dizkiegu zientziei eta letrei, eta aurrez aurre jarri ere bai inoiz biak.
Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO) bildumako liburuak goi-mailako dibulgaziokoak dira. Atseginak dira irakurtzeko; arrakasta eta miresmena bereganatu dute beste hizkuntzetako irakurleen artean, eta aditua ez den baina egungo ezagutza zientifikoaren berri jakin nahi duen irakurleari zuzenduta daude, gazte nahiz zahar, aditu zein zale. Hainbat liburuk gaiari loturiko material gehigarriak ere baditu, CDan jasoak.
Egungo ezagutza zientifikoaren erakusgarri diren irakurgai bikainenak euskaraz ematea da ZIO bildumaren helburu nagusia. Horretaz gain, euskarazko prosa zientifikoa finkatzen lagundu nahi luke. Jakintza arlo askotako ikasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko jendearentzat erakargarri diren gai espezializatuetako itzulpenak eskaintzen ditu ZIOk, beren kalitateagatik erreferentzi moduan erabil daitezkeenak. Horretarako, itzultzaile trebatuak erabili dituzte, eta haien gainetik begirale zorrotzak jarri. Bost itzultzaile aritu dira orain arte, eta denek jaso dute Euskadi Saria behin edo behin, itzulpen sailean. Xabier Olarra, Juan Garzia, Irene Aldasoro, Josu Zabaleta eta Jon Muñozek osatzen dute eliteko taldea. Fernando Morillo eta Garikoitz Knörr arrimatu berri dira, eta etorkizuneko lan batzuen ardura hartuko dute, beti ere EHUko Euskara Zerbitzuko teknikarien laguntzarekin. Liburuen azalen eta diseinuen arduraduna berriz, Anton Olariaga da.
Duela lau urte abiatu zen egitasmoak bi arduradun nagusi ditu gaur egun, EHUko Euskara Zerbitzukoak biak eta aski ezagunak gure artean: Juan Garzia Garmendia eta Itziar Laka Mugarza.