Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-12-03 -- 2065.zenb

Ixabel Etxeberria

Mestizaiaren garaia omen da hau. Sorlekuak ez omen du garrantzirik, bizilekuak baizik. Alta, sustraiak aipatzen ditugu askotan, zailak dira definitzen, «sustraiak gure ezaugarriak dira, giza jende legez nondik gatozen, eta norantza goazen agertzen dutenak» dio Sarrionandiak. Sustraia oso abstraktua den atxikimendua da, baina sortetxe eta sorterriarekin lotu izan dugu askotan. Kantu franko sortu ditugu horren inguruan, aktualitateak berriz ere horren gogoeta bat ekarri digu. Izan ere, duela gutti Donapauleko amategia desagertzeko zorian zela azaldu baitzen. Horren ondorio zuzena: Baxenabarren ez legoke sortzerik, haur guztiak Lapurdin sortuko lirateke. Aspaldi honetan ez da inor Zuberoan sortzen, bertakoek kanpora joan behar baitute, ingurumen medikalizatua nahi badute behintzat.

Bi ondorio zuzen atera daitezke, batetik eta alde sinbolikoari doakionez, Ipar Euskal Herriko sortze guztiak Lapurdin gertatzea, Zuberoak eta Baxenabarrek sorleku gisa duten garrantzia ezabatuz. Erroen zatitxoa astindua zaigu. Bestaldetik, galdera heldu zait: Kasualitatea al da? Huste prozesuaren kasuan ardurarik ez al da? Basamortu bilakatze fenomenoa ez al da nahikeria politikari lotua? Sorlekua sustraien osagaia, babestu behar den ezaugarria ez al da? Hain sinpleki eta errazki hartu erabakiak zer proiekzio dakar, zer proiektu? Sorlekua ez al da sustraietan kokatzen?

Ipar Euskal Herriak bestelako arazoak dituela erranen da, noski, baina herriaren sustraien desagertzea erabaki horien menpe dago, Estrasburgoko Parlamentuan bake prozesuaren aurka dolurik gabe bozkatu den bezala, hemengo arduradun politikoek ez dituzte herri egiten gaituzten ezaugarriak babesten, guttienik ere. Hau da frantses ezabatze politika, arrabotsik gabeko erabaki ondoriotsuak, pixkanaka, gure lurrari lotzen gaituzten elementu guztien desagerpena laguntzea. Datozen hamabost urteetan hogeita bost mila biztanle gehiago aurreikusiak dira, hau da planifikatzen dena, eta ez bertakoen garapena, hau da nonbait pentsatutakoaren ondorioa. Bertako batzuen parte hartzearekin noski!

Hizkuntz politikaren inguruko proiekzioak aipatu dira berriki, Max Brisson buru. Diagnostikoaren aldetik, adostasun nabarmena sumatzen da hizkuntzaren pasabide desberdinetan ari direnen aldetik. Haatik, pazientzia izugarria behar dute aspalditik errepikatzen dutena oraindik ere plazaratzeko, ardura politikoa dutenekin debatitzeko eta medioen eskatzeko. Gaur, medioak falta baitira oraindik, politikoak oso arduratsu agertu nahi badute ere. Lortzen diren guttienekoek, lehenagokoak baino gehiago direnek noski, babesa ez dute segurtatzen. Ezabatze politika denborarekin ari da jokatzen. Betiko politika daramate, eraginkorra izan denez zergatik aldatu!

Hauteskundeak heldu direnez, ateak bortxatu beharko, beste erremediorik ez.

Anuntxi Arana

Inork ikusi al du inoiz lertsun bat lertxun baten gainean? Hitzez bestalde deigarria litzateke hosto zintzilikarien erdian andere hegaztia, atzealdean lumak dilingo daramatzala, Dioren estiloko txapela. Bada ez, ez omen du arboletan pausatzeko ohitura.

Azaroaren lehen egunetan trumilka pasatu dira lertsunak eta gauaren erdian ere beren kur-kurrak entzunarazi dizkigute, kurlo ere deitzen direla ahantz ez dezagun.

Itxura, iparraldeko Europan egin duen elurrak bultzatu ditu beroaren bila brau abiatzeko. Beste ondorio bat ere ukan zuen hotzak gau hartan. Argi indarra Alemanian eten eta ilunaldia Italia, Espainia eta Portugaleraino hedatu zen, Frantziatik pasatuz. Iaz antzekorik gertatu zen AEBetan eta askok pentsatu zuten laster izango zela gure aldia, hango espezialitateak arin dastatzen ditugu-eta hemen.

Amerikatik jin zitzaigun lertxunen hotsa ere, hara joanak ziren artzain euskaldunek zuhaitzen azal zurian egin zituzten irudiak ikerturik. Eta handik iritsi zaigu orain planeta berotu eta gainera datozkigun katastrofeak marrazten dituen filma: Egia nardagarria (An inconvenient true); Al Gorek, AEBetako lehendakariorde ohiak egina.

Gorek uste du halako arrisku nabarmenaren aurrean jendeen arraza atzarriko dela. Gaixoa, ez gaitu ezagutzen. Gure eskuinean, proiektu energia-jale eta karbono dioxido kakagile eskergek xoraturik dauzkate agintariak. Eta ezkerrean, jadanik leporatu diote film egileari engainu baizik ez duela, berotegi efektuaren ardura pobreei botatzen diela, beti garatu gabe egon daitezen, eta bitartean aberasten segi dadin Mendebaldea, beretzat bakarrik gordez kutsatzeko eskubidea. Ados, Gorek ez du errotiko aldakuntza bultzatzen; baina ez du bere erresumako erantzukizuna ukatzen ere. Urgentzia izan arren, muzin egingo diogu eskura dugun erreforma bati, airean dabiltzan iraultzen zain gaudela? Irudi luke Aral Itsasoaren lehortzea ere ez dela bekatu, non eta ez den yankee-ek ekarria.

Planetari bost axola eztabaida, guretzat da arazoa. Begira diezaiogun, lagin gisa, xehetasun txiki eta partzial bati. Groenlandiako izotza urtzen bada, gerta liteke seko gelditzea Gulf-Stream-a, gure kostan iragan eta negu epelak oparitzen dizkigun ur korronte sinpatiko hori. Dagoeneko entzuten da haren emaria oso makaldua dabilela. Ba, joera aurrera badoa, udan izerditu eta erre ondoren, dardar egiteko neguak gozatuko ditugu. Akabo Jondone Martineko udalditxoak, maluten artetik ikusiko ditugu lertsunak pasatzen elurrak estali lertxunen gainean. Baina animoso beti, Golko Korronteak uzten bagaitu, Abiadura Handiko Trenean mugituko gara, mendipeko tunelen beroan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan