Onintza Irureta
Elhuyar hiztegia
Elhuyar Fundazioak Elhuyar Hiztegia (euskara-gaztelania/castellano-vasco) obraren edizio berria kaleratu du. Lehenengo Elhuyar Hiztegia duela hamar urte plazaratu zuten. Bigarren edizioa berriz, 2000.ean. Edizio berriak lokuzio gehiago bildu ditu. Datorren urtean ingelesa-euskara hiztegia ateratzeko asmoa du Elhuyarrek.
Euskaltzain oso izateko proposatuak
Xarles Videgain eta Andoni Sagarna dira euskaltzain oso izateko hautagaiak. Lehena, Jean Haritschelhar, Piarres Xarriton eta Emile Larrek proposatu dute eta bigarrena, Mikel Zalbide, Bernardo Atxaga eta Adolfo Arejitak. Abenduan bi euskaltzain berri izendatuko dira.
Eremu mistoa ez dute zabalduko
Nafarroako Ezker Batuaren proposamenak ez du aurrera egin Nafarroako Parlamentuan, UPNk eta CDNk kontrako botoa eman dutelako (gainerako alderdiek proposamenari baietz esan zioten). Beraz, Aranguren, Beriain, Galar eta Noain-Elortzibar herriak ez dira eremu mistoan sartuko.
Xabier Letona
Nafarroan aspaldi da indartsua hauteskunde usaina, eta gero eta nabarmenago gainera. Harrigarria da, baina maiatzeko hauteskundeetarako bost hilabete falta direnean, gaia pil-pilean da. XXI. mende hasierako politikaren ezaugarri gero eta adierazgarriagoa da, ia etengabeko hauteskunde giroan bizitzearen sentipena.
Amaiursarea aurkeztuta, Batasuna izan da hauteskundeen gurdi publikora igo berri dena. Udal eta foru hauteskundeetarako egitasmoak prestatzea da ekimenaren helburua, baina ezker abertzaleko erakundeak baditu oraingoz bere esku ez diren lehentasun handiagoko premiak, aurkezpen zigiluarena esaterako. ETAren su-eten aldarrikapenaren ostean ez zen zalantzarik Batasunak maiatzeko hauteskundeetara aurkezteko izango zuen aukeraz. Zazpi hilabete geroago dena airean da aurkezteko moduari dagokionez.
Hauteskunde guztiak dira garrantzitsuak, baina edonork daki datozenak bereziak direla Nafarroan. Bake prozesuaren erdian Nafarroaren gaiak berez duen garrantziari, UPN Gobernutik ateratzeko aukera gehitzen zaio, nola eta abertzale eta sozialisten aliantzaren bidez.
Nafarroa apur bat ezagutzen duenak badaki hori biziki zaila izango dela. Inkestek, ordea, aukera garbi gisa eskaintzen dute, eta gainera, Nafarroa Bairen arrakasta haizatuko dute (El Mundo-ren azkena lekuko) eskuin nabarrista eta boto ideia argiak ez dituztenak akuilatzeko.
Lehia gogorra foru gobernua eskuratzeko eta baita Iruñeko Udalerako ere. Yolanda Barcinaren agintaldiak zapore benetan mingotsa utzi du oposizioan eta, bereziki hiriko lerro abertzale eta euskaltzaleetan. Alde horretatik, EAk Uxue Barkos Nafarroa Bairen Iruñeko Udalerako zerrendaburu hautatu izanak, alkate aldaketarako zirrikito bat zabaltzen du. Ez zen samurra izan eta Barkosek ere une zailak pasa ditu hautaketa prozesuan, besteak beste EAren baitan izan delako independente bat zerrendaburu onartzeko erresistentziarik, baina azkenean bere hautaketak pozik utzi ditu NABairen alderdi eta independenteak.
ORAINTSU ARTE bake prozesua atzeraezina izan da Espainiako Gobernuarentzat, baina haren inguruko komunikabideetan mezua aldatu da eta dagoeneko krisia krisi izateaz gain, jadanik ez dago garbi bide honetatik «terrorismoari amaiera» jarriko zaionik. Urriko Zutaben ETAk udazkeneko tartea hartzen zuen egoera zuzentzeko epe gisa. Bada, 20 egun geratzen dira.
Ekaitz giroan, emakumezkoek iparra non den markatzen jarraitzen dute. Ahotsak ekimenak ekitaldi berezia egingo du larunbatean Bilbon eta, orain arte bezala, elkarrizketaren bidea aldarrikatuko du ozenki gatazkaren konponbiderako. Aurreratuenak dira, zalantza barik.
Gotzon Garatek Iruña-Veleiako aurkikuntzen eztabaida dela-eta Garan esanak: «Testuen egiatasunaz seguru egon arte, eztabaidek ez dute balio handiegirik izango. Hizkuntzalarien buru argitasuna erakutsiko dute, hori bai.
(...) Iruña-Veleiako testuak benetan III. edo IV. gizaldikoak direla jakin eta gero hasiko gara funtsezko eztabaidan. Bitartean diskusio nahiko bizantinoak izateko arriskua badute. Utrum Adam umbilicum habuerit».
Pedro Garcia Larragan Radio Euskadiko esatariak UK aldizkarian esanak: «ETB-1ek ez dauka programaziorik. Gogorra da holan esatea, baina ETB guztiz baztertzekoa da. Nik ez dut ikusten. Gaur egun bai, pentsatzen dut ETB-2ko albistegiak baino hobea dela. Gainerakoa ez dut ikusten, baina ez nik eta ez inork: ikusentzuleriaren datuak negargarriak dira. Ez da egiten horren alde. Horretarako aurrekontua behar da eta ez dago».
Juan Mari Arregi
Lanuzteak dira langileen azken baliabideak, euren enpresetan, publiko nahiz pribatuetan, eskatzen dutena lortu ahal izateko. Beste ondorioez gain, galera ekonomikoak ere ekartzen ditu. Maiz, galera hauek aurretiaz lanuzterik gabe hitzarmen bat sinatu balitz izango ziratekeenak baino handiagoak izaten dira. Enpresak autoritate printzipioa aplikatzea, edo berau gehiegi erabiltzea, sindikatuen edo langileen eskaerak hasieratik bertatik baztertuz, maiz negoziazio kolektiboetan betetzea baino askoz ere garestiago izaten da. Euskal Herrian egun bi lanuzte garrantzitsu ditugu: Justizia Administrazioko langileena eta Irakaskuntza publikoarena. Sindikatuen gehiengoak babestu ditu. Bi lanuzteok enpresa publikoari dagozkio, kasu honetan, Eusko Jaurlaritzari. Gizartean ondorio handiak izan dituzte. Lanuztea Irakaskuntzan bi urtez negoziatzen aritu ondoren etorri da eta Justizia Sailean ere hilabete askotan aritu dira. Zergatik utzi du Eusko Jaurlaritzak egoera hau erabat usteltzen bere langileak lanuztea egin behar izan arte? Ez zatekeen errentagarriagoa eta merkeagoa izango bere jarrerak langileenera hurbiltzea lanuzteen deialdia baino lehenago? Zergatik eskaintzen dira hobekuntza batzuk lanuztearen ondoren nahiz eta langileak pozik uzteko modukoak izan ez? Zergatik jokatu horrela? Enpresak zer nahi du, lanuzteak denbora gehiagoan jarraitzea, azkenik, ordura arte ukatutakoa eta lanuztearen zergatia izandakoa orduan eskaintzeko? Enpresa publikoak, kasu honetan Eusko Jaurlaritzak, enpresa pribatuari eredua eman behar lioke: elkarrizketa eraginkorra eta probetxuzkoa.