![]() | Zihara Enbeita2006-11-26 |
Batez ere onddobeltzak erakarrita, urtetik urtera gero eta perretxiko zale gehiago batzen dira Ultzama inguruetan (Nafarroa iparraldean). Ez da aurtengo kontua Patxi Perez bertako alkatearen esanetan. Nahiz eta aurtengoa nabarmenagoa izan den. Aurten onddo gehiago izan da eta bisitari kopuruak ere gora egin du nabarmen. Auto pilaketak izan dira mendira bidean, lursailen inbasioa, mendien hondaketa... «Urtean 30 eguneko panorama da hau».
Baina ez bakarrik Ultzaman. Jose Manuel Lekuona Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Saileko arduradunak hainbat urte daramatza arlo honetan eta ez du sekula horrelako eromenik ezagutu. «Etxerako kilo pare bat hartzea ondo dago, baina saskiak etengabe bete eta hustea...». 150 kilo hartu dituenik ere bada eta baita negozioa egin dutenak ere. Lekuona Oiartzungoa da eta bere esanetan, inguruko hainbat jatetxe gainezka daude, jende asko joan delako onddoak saldu asmoz.
Erruaren zati bat komunikabideek ere izan dezaketela uste du Lekuonak. «Komunikabideen lana bestelako baloreak transmititzea da; otzara betea baino, mendia nola zaindu behar den erakustea». Dugun altxorra zaintzen ez badugu, gure teilatura harriak botatzen ari garela dio eta hori umetatik landu behar da.
Perretxiko zaleez gain, mundu hori apenas ezagutzen duen hainbat eta hainbat lagun ibili da inguruko mendietan altxor bila. Askok inguruan topatutako dena bildu dute otzaran, gero adituagoa den norbaitek aukeraketa egin dezan. Hori arriskutsua da, norberarentzat eta inguruarentzat. «Perretxikoak biltzera joan aurretik dokumentatu egin behar da, ikasi», azaldu du Lekuonak.
Desagertzeko arriskuan
3 eta 5 euro artean onddoak hartzeagatik
Urte bi daramatza Ultzamako Udalak proiektua garatzen. Inguruko udalekin ere izan dira eta interesa agertu dute batek baino gehiagok. Aurtengoa ikusita, Nafarroatik kanpoko zenbait udalek ere arretaz begiratzen diote Ultzamako proiektuari. Dena den, Euskal Herrian kontu berria den arren, Soriako Almazan eskualdean aspaldi hartu zuten onddo bilketa erregulatzeko erabakia.
Nafarroara perretxiko bila joaten diren asko eta asko gipuzkoarrak dira. Hortik dator gipuzkoarren eta nafarren artean erdi broma erdi serio sortu ohi den eztabaida. Perretxiko bilketa erregulatzen badute Nafarroan, Gipuzkoan hondartzako sarrera ere erregulatuko dutela bota du baten batek. Lekuona oiartzuarra izanik adibide garbi batekin isildu gura izan ditu hori diotenak. «Kontxako hondartzara 6.000 nafar joaten badira eta bertatik zakukada hare hartuz gero» zer gertatuko litzateke?
Kontuak kontu, erregulazioa denon onerako izango dela uste du berak, arrantzan eta ehizan egiten den moduan. Ekosistema hondatzen ari gara eta naturarekiko errespetua falta da. Hala ere, ez da erraza izango onddo bilketa erregulatzea. Zerbait egin behar dela argi ikusi arren, bide garbirik ez dute ikusten Aranzadikoek.