![]() | Mikel Asurmendi2006-11-26 |
Bake eta normalizazio prozesua. Gaur egungo -Euskal Herriko eta euskal herritarren- aro politikoa definitzen -edo xedatu behar lukeen- duen esaldi honek hiru termino batzen ditu: bakea, normalizazioa eta prozesua. Egungo aro politiko honek iraganetik datorren arazo historiko bati konponketa eman behar dio. Arazoa, eta esaldia, ez dira samurrak. Esaldiak «eta» juntagailua darama berarekin. Alegia, arazoa konpontzeak ETA -eta berarekin sortu zen aro politikoa- iraganean uzteko balio behar du lehenik. Bakea ekarri behar luke, hitz batean. Bigarrenik -edo segidan edo aldi berean- normalizazio hitzari «politikoa» adiera egokitu behar zaio. Hirugarrenik, prozesu hitza definitzea eta berau ondo ulertzea falta zaigu. «
Bake eta normalizazio prozesua» esaldiko hitzen artean, prozesua da hitz anbiguoena. Zalantza gehien sorrarazten digun hitza prozesua da, alegia. Halaxe hauteman dugu behinik behin. Izan ere, prozesu bat nola hasi jakin daiteke, aldiz, nork daki nola bukatu? Ezta prozesua abiatu dutenek berek ere. Hartaz, ezer gutxi dakigunok egiten dugun galdera hauxe duzu: ba al dago prozesurik?
Bakea Espainiako Gobernuaren eta ETAren beraren zeregina zela ulertu genuen. ETAk, halaber, jarduera eta erabakimen politikoa, politikarien esku utziko zuela ulertu genuen. Ulertu bai, baina maitatzeko bezainbeste modu dago ulertzeko.
Anoetako Proposamena
Bi urteko ibilbidea egin du Anoetako trenak. Urte bat eta erdira pauso garrantzizko bat eman zuen: ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuen. Pauso hura ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa gabe eman zenik pentsatzea zentzugabea da. Anoetako Proposamenaren bi erraileko trena abiatu zela eta bi aldeek «konpromisoak» hartu zituztela ulertu -nahi- izan dugu. Konpromisoak ez dira ofizialak izan, baina izan direla sumatu dugu denok, konpromiso «ofiziosoak» egon badaudela alegia. Lehen froga -edo susmoa-, ekainaren 29an, Rodriguez Zapaterok Espainiako Diputatuen Kongresuan Gobernuak ETArekin elkarrizketa abiatuko zuela iragartzean izan genuen. Zapaterok berak aitortu zuenez, ETArekin bake edo desarme kontuez mintzatzeko lehen «pausoa» ematera zihoan Gobernua. Auzi edo kontu politikoak herritarren ordezkariek ebatziko zituztela zehaztu zuen bestalde, baita kontrobertsia handia eragin zuen esaldi hau esan ere: «Ebazpenak betiere euskal herritarrek [ciudadanos vascos] libreki hartuko duten erabakiaren arabera hartuko dira». Ez zuen hori bakarrik esan, jakina, ebazpenak «indarrean dagoen legalitatearen markoan hartuko zirela» azpimarratu baitzuen.
Ibilbide orria edo prozesurik ba ote?
Bi errailen eskema abiatu zenean, aditu batek metodologia ona bezain zaila iritzi zuen Anoetakoa. Batasunak dioenez, metodologia ona da, honaino iristeko baliagarria izan baita. Ibilbide orria antza, anbiguoa da. Anbiguoa da, behintzat, ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean omen dauden balizko «konpromisoak» eurek baino ez baitituzte ezagutzen -begi bistan ez direnez, egoera anbiguoa, eta halaber, anbiguoa bezain zentzuzkoa-.
Bi aldeek adierazi dutena kontuan hartzera, «prozesua» bi errailen gainean zalantza-balantzan doan trena da, anbiguo izena merezi duen trena. Batasunak trena «blokeatua» zela adierazi zuen urrian. PSE-EEk ukatu zuen, baina azaroan «geldiune» batean sartu dela onartu du. Espainiako Gobernuak «krisialdia» hitza aipatu du ondoren. Tira, trena badago behintzat. Bi errailen gaineko trena geldirik dago, ordea. Ibilbide orririk edo prozesurik dagoen berriz, zehatz-mehatz ez dakigu.
Tren anbiguoa eta gidoirik ez
Horiek horrela, irudiz, Espainiako Estatuaren -ez dezagun Frantziakoa ahantzi. Anoetako agirian interpelatua dago, baina gatazka ez dela bere afera dio Frantziak. Eta Zapaterok berak onesten du jarrera hau- errepresioaren eta ETAren biolentziaren inertzien menpe dago trena edota hasi behar zen prozesua. Alabaina, herritarrek nekez «irentsi» dezakete Gobernuak aipatzen duen «krisialdia»ren arrazoia hori denik. Inozoenak badaki, arazoa ez dela bakea lortzea. Aro politiko hau eta ETA fenomenoa ez ziren bake egoeran sortu. Bake hitza edota bake egoera baino gauza anbiguoagorik ez dago munduan. Normalizazio politikoa erdiestea da arazoa. Arazoa, bi errailen gainean doana tren bakarra denentz erabakitzeke dago, antza. ETAk ez bide ditu pareko errailen gainean doazen alderdien jarduna begi-bistatik galdu nahi. Gobernuak, berriz, ETAren bidaia bukatutzat eman eta alderdien mahaia -edo mahaien- gauzatzeko gidoia bakearen banderaren kolore berekoa nahi du: orrialde zuria. Orain arteko gidoiaren trazatua -Anoetakoa- onartu zuen Espainiako Gobernuak, baina hemendik aurrera, ez bide du onartzen gidoiaren lerro bakar bat aldez aurretik idatzia izatea, alderdi abertzaleek mahaian eseri ostean gehiengoz adostu lezaketen akordioa, kasu. Arazoa ez da bakea zein terminotan finkatzen den, herri honen erabakitzeko eskubidea baizik. Autodeterminazio eskubidea gauzatzeko -nolabaiteko- modua ez dute aurkitu orainokoan.
Etapak betetzeke, ibilbiderik ez
Inork imajina al dezake Udal eta Foru hauteskundeak hauen aurrekoak bezala burutzea, bake eta normalizazioaren bidean beste etapa bat burutu gabe? Alderdien mahaia osatu gabe? Inork sinesten al du, aro politiko berri batera pasako garela, prozesu politikorik burutu gabe?
Euskal politikagintzan berebiziko garaia da udazkena. Udaldia berriz, alderdien arteko ez-ohiko harremanak bideratzeko garaitzat jo da. Udako distentsioaren ostean, alderdi politikoen arteko sintonia nolako, halako udazkena sumatu dugu euskal politikagintzan. Hamarkadaz hamarkada, udazken politikoa bero-beroa izan da gurean. ETA -eta berarekin oraingo aro politikoa- 1959an sortu zen. Aroaren lehen hamarkadan, adin txikiko fenomenoa izaki, ETAk ez zuen hilik eragin. Bigarrenaren bukaeran, Burgosko prozesuaren ondoren, lehen hildako politikoak izan ziren. Hirugarrenean, diktaduratik demokraziarako trantsizioak ez zuen fenomenoa desagerrarazi. Harrezkero, Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko harremanak izan dira hamarkadaz hamarkada, eta udazken politikoaren termometroak markatu du aldian-aldian aro politikoa. Hamarkadak ziklo politiko gisa bizi dituen herri hau berealdiko udazkena bizitzen ari da aurten. Aurreko hamarkadetan hainbat saio egin ziren ETAren eta Espainiako gobernuen artean. Saioek huts egin arren, ezker abertzalearen beraren ustez, saioak ez bide ziren alferrikakoak. Gernikako Estatutuak, Nafarroako Foru Hobekuntzak, Ajuria Eneko Itunak, Lizarra-Garaziko Akordioak edota Ibarretxe Planak ere arrasto sakonak utzi dituzte aro politiko honen bilakaeran. Aro politiko honek eta ETAk bost hamarkada beteko dituzte aurki. Baikorrenak ere sinatuko luke «bake eta normalizazio politikora» eramanen gaituen prozesua beste hamarkada batean trenkatzea.