Aurten ere, hobetu egingo ditu 2005eko ekitaldiko datu onak, hala fakturazioan eta esportazioan, nola enpleguan. Horixe adierazten dute iragan urteko datu ofizialek, hamar urtean fakturazioa laukoiztu eta enplegua bikoiztu dela, alegia.
![]() | Daniel Udalaitz2006-11-26 |
Erreportaje hau egiteko, Euskadiko Kutxak Euskal Ekonomia. 2005eko Txostena osatzeko urtero egiten duen azterketa hartu dugu oinarri. Ez daukagu Euskal Herriko gainerako eremuetako, Nafarroa eta Iparraldeko, sektore honi dagokion daturik. Hemen jasotako datuetatik ondorioztatu dugu hala fakturazioan eta esportazioan, nola enpleguan sektore hau etengabe ari dela hazten. Hari horretatik, sektore honen fakturazioa laukoiztu egin da azken hamarkadan 2.000 milioi eurotik gora lortzeraino, eta 2005ean lorturiko 9.000 lanpostuak bikoiztu egin dira.
Hainbat faktorek bultzatu zituzten aurreko ekitaldiko datu positiboak: enpresak gai izan ziren balio erantsian (eta ez prezioetan) lehiatzeko eta horrekin batera, hazten ari diren herrialdeen (lehenago mehatxu zirenak) negozio aukerak ugaritu egin ziren. Alderdi negatiboren bat ere badago, izan ere, zenbait enpresa handik baldintzatu egin du sektoreko ETEak (enpresa txiki eta ertainak) garatzea. Nolanahi ere, nagusiki GAIAren -Euskal Herriko Elektronika eta Informazio Teknologien Industrien Elkartea- inguruan elkarturiko sektore honek erronka estrategiko batzuk gainditu behar ditu, etorkizuneko helburu onuragarriak gauzatzeko. Besteak beste, enpresen edukiaren eta jardueraren ardatza honako hauek izatea: maila handiko espezializazioa garatzea eta datozen urteetan elektronika-informatika eta telekomunikazio teknologien erabileran itxaropen handiagoak dituzten merkatu segmentuak lortzea.
Sektorearen erradiografia
Sektoreko jardueran egoeraren arabera jasotako datuek erakusten dute 2004koa bezalatsu, 2005ekoa oso ekitaldi positiboa izan zela. Fakturazio bolumena 2.123 milioi eurora iritsi zen, 2004an baino %14 gehiago. Datu horrek esan nahi du azken hamarkadan lorturiko 500 milioiko fakturazioa laukoiztu baino gehiago egin dela. Azpisektoreetan, fakturazioaren zatirik handiena informatika eta telekomunikazioen (telematika) sailean sortu zen, 1.184 milioiko bolumena lortu baitzen (bolumen osoaren %55,8). Elektronika profesionalari dagokion kuota ere garrantzitsua da, 720 milioi euroko fakturazioa izan baitzuen (bolumen osoaren %33,9). Osagaien sektorekoa ez zen horren indartsua izan, 219 milioi euro fakturatu zituen (bolumen osoaren %10,3).
Ildo horretan, euskal enpresen ekoizpena handitu egin da eta beste urtebetez handitu egin da Espainiar Estatuko ekoizpenean duen pisua. 2005ean estatuko ekoizpen osoaren %13,3 lortu zuen. Elektronika profesionalean EAEn lortu den espezializazioa nabarmena da gainera, atal horretan EAEn lortu den ekoizpena estatuko ekoizpen osoaren %55,2 da.
Esportazioek eta I+G ataleko inbertsioek gora egin dute
I+G teknologietan egindako inbertsioa ere oso alderdi garrantzitsua da, elektronika-informatikaren sektorean batez ere. Sektoreko enpresek 89,5 milioi euroko inbertsioak egin zituzten 2005ean, 2004an baino %9 gehiago beraz, eta sektoreko fakturazio osoaren %4,2. Datu altu horiek agerian uzten dute sektoreko enpresek ahalegin handia egin dutela beren garapenetan eta produktuetan teknologia berriak sartzeko.
Enplegu gaitua
Hurrengo datuek erakusten dutenez, sektore honetako enplegua oso gaitua da zalantzarik gabe. Sektore honetan lan egiten duten pertsonen erdiek baino gehiagok erdi mailako edo goi mailako ikasketak egin dituzte (%28,8k erdi mailako ikasketak eta %26,4k goi mailako ikasketak. %44,8k lanbide heziketa edo administrazioa ikasi dituzte).