Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-11-26 -- 2064.zenb

Jakoba Errekondo

Psikoanalisia badela gogorarazten digu baratzak udazkenero. Sasoiaren agoni-doinuekin ezin neke-estaliago baratza zatar dago eta estetikaren ettikak xoratzen gaitu. Udaberria imaginatzea nahikoa da, heldu den hilabetean eguna luzatzearekin sasoi berria abiatzerako, baratza plaza apain-apaintzeari heltzeko. Bukasiera, lagajaio, amaiekin guzien zurrunbiloa. Natura da zurrunbiloa, kaosa. Baratzak borobiltzen du kaosa eta zurrunbiloa espiral perfektu, antinatural, lorategi, humano, disekatu. Espirala tolestatuz, karratuz sortzen ditugun baratzak landareen kartzelak dira. Igitagi proletarioaren peskizan baina kartzela bizitzen saiatuko da landarea. Inola ere mekanikoa ez den dinamika hori unibertso osotik lurrak hartu eta ematen duenaren timoiari lotzen zaio. Kartzelan ere nor. Osasuna emango ez du, bada, baratzakiak!

Berotzen ari dugun klimarekin ur-faltaren ahoak inausiko du dinamika hori. Aurtengo urtekotik ikasi! Joan deneko aspaldiko urte oparoena izan da barra-barra ura izan duen baratzan. Lurra heze eusteko izakingaiak izara gisa baratzako landare artean bertan zabaltzen aurten hasia dela-eta sekulako ortuari emariaz aritua zait lehengoan lagun bat, txoro-txora eginda, xoro. Poz horrek soilik merezi duenez, aurrerantzean lorategi-baratza-kartzelan ura aurreztuz edertzeko, hara bide batzuk! Antzeko ureztatze-premiak dituzten landareak elkarrenganatu, ur gutxiagorekin eta errazago moldatuko zara. Simaur, orbel... eskura den edozein inorkin eman lurrari, materia organikoak lurrak urari eusteko duen gaitasuna hazten du. Lurrazala inorkinez estaltzen den gisan landare handien ipurdi-bueltan harriak ipini, ur gutxiago galduko dute. Landare lehorzaleak lagun heze-pozak haize lehortzailetik babestuko dituzten tokietan jarri eta urzale amorratuenak ureztatzerakoan litekeen edozein ur-jario, ttanttakada, ihes, putzuņoren altzora arrimatu.

Gero beroan ere oparo emango dizun baratzako barazkizko barazkaria barazkalduz osasuntsu, luze biziko zara. Are eta eder bizi nahi baduzu adi, ordea, lurraren dinamika oinarrizkoari: eguzkiak eragindako lurraren eguneroko arnasketa zikloa eguerdiaren ondorengo hiru ordutan iraultzen da; utzi baratza bakean eta siestara. Urte osoan. Eder eta oparo.

Jabier Agirre

Madrilgo psikiatra talde batek "Haurren eta adoleszenteen depresioa manejatzeko aholkuak" izeneko gida landu du. Bertan gaitz horri buruz gaur egun indarrean dauden irizpide diagnostikoak aztertzen dira, eta baita gaixotasunari aurre egiteko tratamendu nagusiak ere, direla psikosozialak edo farmakologikoak.

Dokumentua Osasun Mentaleko espezialistek eta Farmaziako Zuzendaritza Nagusiko adituek osatutako lan-talde batek prestatu du. Gurea bezalako gizarte batean gazteen %2 inguru dago depresioak jota, eta gaitza maiztasun berarekin agertzen da mutiko nahiz nesketan, adoleszentziaren aurretik. Adin horretatik aurrera, berriz, ohikoagoa da nesken artean, 13 urtetik aurrera mutilek depresio larriagoak, goiztiarragoak eta diagnostikoz okerragoak izan ohi dituzten arren, sarritan portaeraren asalduei lotuak.

Gida dokumentu tekniko samarra da, osasun-zentroetan diharduten psikiatra eta psikologoei zuzenduta dago, eta bertan haur eta gazteen depresioarekin lotutako sintoma klinikoak jorratzen dira: horien identifikazioa eta tratamendua errazteko sintoma nagusiak -suminkortasuna, erasokortasuna, apatia, astenia, buruko minak, sabeleko mina, apetitu-galera eta eskolako errendimendua jaistea- beste portaera antisozial batzuei lotuta ager daitezke gazteetan, edo baita alkoholaren edo bestelako substantzia batzuen abusuari lotuta ere.

Suizidio-saioak ere hartu behar dira kontuan adin horretako depresioa diagnostikatzeko. Horrexegatik da garrantzi handikoa gaitza ahalik eta azkarren identifikatzea eta profesional sanitarioengana joatea, gai honen inguruko azterketek adierazten duten bezala bere buruaz beste egiten duten adoleszenteen %65-75ek inoiz ez baitute harremanik izan zerbitzu psikiatrikoekin. Eta zer-nolako tresnak dauzka eskuan gaur egun profesionalak? Teknika psikosozialak -terapia kognitibo-konduktuala eta psikoterapia interpertsonala-, batetik, eta botikak -betiere indibidualizatuak- bestetik.

Joxerra Aizpurua


Garunak monitoreko ikonoak mugitu ditu

Hamalau urteko mutil batek bideojokoan egin beharreko mugimenduak pentsamenduarekin egin ditu.

Mutilak epilepsia du eta horren jatorria detektatu ahal izateko mediku talde batek hainbat elektrodo jarri zizkion buruan. Epilepsia-atakea garuneko zein atalek eragiten zuten ikustea zen elektrodo horien zeregina; beraz, mutilak elektrodoak buruan zituela atakearen zain geratu ziren medikuak, baina orduan sortu zen ideia: Zergatik ez aprobetxatu elektrodo-sistema garunaren beste hainbat ezaugarri ezagutzeko?

Familiari baimena eskatu ondoren, AEBetan oso ezaguna den bideojoko bati lotu zizkioten elektrodoak, sistema konplexu batekin. Helburua, noski, bideojokoko ikonoak pentsamenduarekin higitzea zen.

Lehenbizi mutikoari eskatu zioten eskuarekin hainbat mugimendu egiteko eta hainbat hitz esateko, medikuek ikus zezaten garuneko zein zati aktibatzen zen ekintza bakoitzarekin. Ondoren, bideojokoan partida bat jokatzeko eskatu zioten, eskuaz erabiliz eta azkenik, jokatzen segitzeko eskatu zioten, baina txanda honetan eskuak erabili gabe. Orduan mutikoa kurtsorean kontzentratu eta batera zein bestera mugitzen hasi zen. Jokoko lehen mailan jokatzeko gai izan zen.

Hau egin ondoren jokoaren zailtasun maila handitu zuten eta mutikoa beste bi mailatan ere, pentsamendu hutsarekin jokatzeko gai izan zen.

Ikusten denez, saiakera oso arrakastatsua izan zen eta orain medikuek beste gaixo batzuekin jarraituko dute, baina gaixoen intimitatea zaindu nahi denez, saiakerak bukatu arte ziurrenik ez dugu ezer ere jakingo.


Sekretupeko ibilgailu espazialak

Espazioko teknologia eta lorpenak oso sekretupean gordetzen dituzte zientzialariek, horrela eskatzen baitiete sustatzaileek eta babesleek. Ildo honetan ulertu behar da joan den astean egindako hegaldi bat. Espazioko turismora zuzendutako ibilgailua da, hain zuzen ere, ustez Blue Origin enpresak frogatu duena. Enpresa honen jabea Jeff Bezos da, Interneteko Amazon.com atariaren sortzailea.

Hau dela eta, aberats asko topatu ditugu espaziogintzako negozioan, lehen aipatutako Jeff Bezosez gain, Microsofteko sortzailekide den Paul Allen edo Virgin-eko sortzaile den Richard Branson ere bai. Ikusten denez aberatsek aberatsago izan nahi dute oso puntakoak diren negozioen bidez. Espazioko turismoa hastear dago eta helburua pertsonak 100 kilometroko altuerara eramatea da; horretarako erabiliko diren ontziek 7 metroko diametroa izango dute eta 15 metroko altuera.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan