Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-11-26 -- 2064.zenb

Jon Torner


Ripstein omenduko du Zinebik

Zinebin, Zinema Dokumental eta Laburraren Bilboko Jaialdian, bazterreko sortzaileen lanak izango dira aurten protagonista. Zuzendari gazteen hainbat obra eskainiko dituzte, "ekoizleek eta programatzaileek errealitate horren berri izan dezaten". Orotara 42 herrialdetako zuzendarien 93 film lehiatuko dira sail ofizialean eta egitaraua Kubako zinemagile gazteen, AEBetako zinema esperimentalaren eta euskal bideo artisten inguruko zikloek osatuko dute, besteak beste. Aurten Arturo Ripstein zuzendari mexikarra omenduko du Zinebik eta haren hainbat film ere izango dira ikusgai, horien artean El castillo de la pureza, El lugar sin límites eta La mujer del puerto. Jaialdia azaroaren 27tik abenduaren 2ra egingo da. Interneten: www.zinebi.com.


Hogeita hamar konpainia izango dira Tolosako Titirijai jaialdian...

Euskal herriko, Espainiako, Portugalgo, Txekiako, Bulgariako eta Amerikako hainbat herrialdetako hogeita hamar taldek hartuko dute parte Tolosako Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian. Jaialdia azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 3an amaituko da eta Tolosaz gain, Donostia, Eibar, Irun, Pasaia, Ordizia, Iruñea eta Sestao bisitatuko ditu. Aipatu egunetan zehar, Tolosako Aranburu Jauregiak Iberiar Penintsulako txotxongiloen inguruko erakusketa jasoko du eta hilaren 30etik abenduaren 3ra bitartean, Txotxongiloen Nazioarteko Batasunak Tolosan ospatuko du urteroko mundu-kontseilua. Federazioko kide diren zentroetako ordezkariak biltzen dituen kongresua aurrenekoz egingo da Espainiako Estatuan.


... eta dozena erdi Hendaian

Akelarre kultur elkarteak antolatuta, Hendaiako Txotxongilo jaialdiaren 17. edizioa egingo da aste honetan zehar. Emanaldi guztiak euskaraz izango dira, eta dohainik. Hilaren 23an Josetxu eta Ortzadarra obra eskainiko du Antzezkizuna taldeak, 24an Traboules konpainiaren Tzimi obraz gozatzeko aukera izango dute ikusleek eta 25ean Ane Mona, Oskola eta Karramarroi taldearen Amama Pantxikaren altxor ezkutua antzezlanak hartuko du lekukoa. Egitaraua Kukubiltxo taldeak itxiko du igandean, Dir Dir ikuskizun arrakastatsuarekin.


Bertsotranpak formatu handian

Bertsotranpak ikuskizuna iaz estreinatu zuten Andoni Egaña eta Xabier eta Fredi Paya bertsolariek, Ander Lipus aktore eta Antzerkiola Imaginarioa taldearen sortzaileak eta konpainia horretako musika-zuzendari Aitor Agirianok. Orain, ikuskizuna formatu handian eskainiko dute. Areto handietarako dago pentsatua; ia hiru ordu iraungo ditu (tartean atsedenaldi bat egingo da) eta bertsolariek hainbat pertsonaiaren paperean sartuko den Ander Lipusek jarritako gaiei erantzun beharko diete bat-batean. Bertsotranpak Erandioko Merkatu zaharrean estreinatuko dute hilaren 30ean eta Santomas egunean Donostiako Antzoki Zaharrean izango da ikusgai.


Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketa.

Bilboko Udalak antolatutako Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketaren 19. edizioa abian da jada. Parte hartu nahi duten taldeek abenduaren 31 baino lehen eman beharko dute izena. Lan guztiak aurkeztu ostean, epaimahaiak 40 talde aukeratuko ditu eta horiek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte. Emanaldi horien ondoren izendatuko dituzte irabazleak. Aurten 32.000 euro banatuko dira irabazleen artean eta sarituek diskoa grabatzeko aukera eta jaialdietan parte hartzeko erraztasunak ere izango dituzte.


Juanba Berasategi marrazkilari, ilustratzaile eta zinemagileak jasoko du 2006ko Abbadia saria, abenduaren 1ean Chillida-Leku Museoan egingo den ekitaldian.

Patxi Ezquieta artistak ordenagailuz egindako marrazkiak jarri dituzte ikusgai Iruñeko gotorlekuan. Ironia, kritika eta umorea uztartzen dituen erakusketa abenduaren 10a arte egongo da zabalik.

Virginia Imaz klownak Encantadas obra estreinatuko du azaroaren 25ean Zornotza aretoan. Antzezlaneko protagonista Pauxa izeneko pailazoa da. Pauxak Loti Ederra dela uste du eta bere Printze Urdina azaltzen ez denez, 700 urtez lo egon ostean esnatu egin da. Emakume ereduen inguruan hausnartzen duen obra hau hilaren 26an Berriozarko kultur etxean izango da ikusgai.

Gorka Aginagalde, Eloi Beato eta Josean de Miguel gasteiztarrek umore «kañeroa» ardatz izango duen Kunka izeneko antzerki eta telebistarako produkzio-etxea sortu dute. Kunkaren lehen ikuskizuna Meando fuera de tiesto izango da.


Patxi Gallego komikigileak Deian: «Pololoak komikia gustura itzuliko nuke (...) Egin beharreko saiakera bat da, eusko labeldun kultur produktuak errentagarriak izan daitezen gure mugetatik haratago saltzea ezinbestekoa baita, ez badugu beti diru laguntza, militantzia, altruismo eta horrelakoen menpe egon nahi bederen, eta nik ez dut nahi. Militantziarena oso ondo iruditzen zait baina honetatik bizi ahalko banintz askoz hobeto irudituko litzaidake».

Joxean Sagastizabalen hitzak jaso ditu Kalegats aldizkariak: «Hamaseigarrenean, aidanez zinera eraman zen, baita Ehun metro, Obaba, Zeru horiek, eta bakarren bat ahaztuko zait; euskal filmak hain gutxi izanik ematen du ikaragarrizko dependentzia dagoela, zuzendariek literaturara jotzen dutela kontakizun bila. 'Harreman sendoa' denik ere ezin esango dugu, filmen kopuruari dagokionez laugarren mundukoak baikara».

Juanma Sarasola idazleak Xirikan esanak: «Publiko zabalarentzat poesia arrunt eremu patarra denez, eta argitaletxeek, oro har, arriskatu nahi ez dutenez, ezaguna izan ezean jai du idazle batek bere obra nahi adina jenderengana iristeko tenorean».

Igor Elortzak adierazpenok egin ditu Berrian: «Duela hilabete eta erdi, Durangoko Anboto astekarian zuzentzaile hasi nintzen (...) Ni perfekzionista naiz; lar perfekzionista. Bertsoa iraupen gutxikoa da, eta kostatu arren, badakit hankasartzea Usurbilen egin badut han geratuko dela. Baina akatsak idatziz eginez gero pisu handiagoa dutela dirudi; hor geratzen dira. Lan honek horixe irakatsiko didala uste dut, hankasartzeak ere egin behar direla»

hemeroteka

2063. zenbakia | 2006-11-19
2062. zenbakia | 2006-11-12

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan