Mikel Asurmendi
Bake eta normalizazio prozesua. Gaur egungo -Euskal Herriko eta euskal herritarren- aro politikoa definitzen -edo xedatu behar lukeen- duen esaldi honek hiru termino batzen ditu: bakea, normalizazioa eta prozesua. Egungo aro politiko honek iraganetik datorren arazo historiko bati konponketa eman behar dio. Arazoa, eta esaldia, ez dira samurrak. Esaldiak «eta» juntagailua darama berarekin. Alegia, arazoa konpontzeak ETA -eta berarekin sortu zen aro politikoa- iraganean uzteko balio behar du lehenik. Bakea ekarri behar luke, hitz batean. Bigarrenik -edo segidan edo aldi berean- normalizazio hitzari «politikoa» adiera egokitu behar zaio. Hirugarrenik, prozesu hitza definitzea eta berau ondo ulertzea falta zaigu. «
Bake eta normalizazio prozesua» esaldiko hitzen artean, prozesua da hitz anbiguoena. Zalantza gehien sorrarazten digun hitza prozesua da, alegia. Halaxe hauteman dugu behinik behin. Izan ere, prozesu bat nola hasi jakin daiteke, aldiz, nork daki nola bukatu? Ezta prozesua abiatu dutenek berek ere. Hartaz, ezer gutxi dakigunok egiten dugun galdera hauxe duzu: ba al dago prozesurik?
Bakea Espainiako Gobernuaren eta ETAren beraren zeregina zela ulertu genuen. ETAk, halaber, jarduera eta erabakimen politikoa, politikarien esku utziko zuela ulertu genuen. Ulertu bai, baina maitatzeko bezainbeste modu dago ulertzeko.
Anoetako Proposamena
Bi urte bete dira Anoetako Proposamena kaleratu zenetik. Batasunaren hitzetan, gatazka gainditzeko oinarriak Orain Herria, Orain Bakea agirian daude. Prozesua edo trena -metaforikoki- bi errailen gainean finkatzea proposatu zuen Batasunak. Errail batetik, alderdi politikoen mahaia osatzera iritsi behar zen. Beste errailetik ETAren eta Espainiako nahiz Frantziako gobernuen arteko adostasuna lortzera, betiere, gatazkak eragindako ondorioak konpondu ahal izatera mugatuta. Alderdi abertzale guztiek pauso garrantzitsutzat jo zuten Anoetan iragarritakoa. Proposamenaren pasarte bat ozen zabaldu zen herritarren artean: «Gatazka kaletik atera eta negoziazio mahaira eramateko garaia iritsi da». Proposamena ez zen Espainiako Gobernuak espero zuena, ez zen espero zuen «pausoa», baina ez zuen horregatik «pausoa» gutxietsi. ETAk urte bat luze zeraman hildakorik eragin gabe, atentatu hilgarrien eza Espainiako Gobernua eta ETAren arteko elkarrizketa gauzatzen ari zen seinaletzat jo zen. Anoetako Proposamena bake eta normalizazio prozesuan aurreneko pausotzat jo zuten denek. Denek, PPk izan ezik, bistan denez.
Bi urteko ibilbidea egin du Anoetako trenak. Urte bat eta erdira pauso garrantzizko bat eman zuen: ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuen. Pauso hura ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa gabe eman zenik pentsatzea zentzugabea da. Anoetako Proposamenaren bi erraileko trena abiatu zela eta bi aldeek «konpromisoak» hartu zituztela ulertu -nahi- izan dugu. Konpromisoak ez dira ofizialak izan, baina izan direla sumatu dugu denok, konpromiso «ofiziosoak» egon badaudela alegia. Lehen froga -edo susmoa-, ekainaren 29an, Rodriguez Zapaterok Espainiako Diputatuen Kongresuan Gobernuak ETArekin elkarrizketa abiatuko zuela iragartzean izan genuen. Zapaterok berak aitortu zuenez, ETArekin bake edo desarme kontuez mintzatzeko lehen «pausoa» ematera zihoan Gobernua. Auzi edo kontu politikoak herritarren ordezkariek ebatziko zituztela zehaztu zuen bestalde, baita kontrobertsia handia eragin zuen esaldi hau esan ere: «Ebazpenak betiere euskal herritarrek [ciudadanos vascos] libreki hartuko duten erabakiaren arabera hartuko dira». Ez zuen hori bakarrik esan, jakina, ebazpenak «indarrean dagoen legalitatearen markoan hartuko zirela» azpimarratu baitzuen.
Ibilbide orria edo prozesurik ba ote?
Trenaren -metaforari jarraikiz- ibilbide orria trazatua zela imajinatu genuen denok, ibilbide orriaren lehen etapa bete eta trena bigarrenean sartzera zihoala uste genuen. Uste eta espero genuen Zapaterok irail aldean ETArekin elkarrizketak hasi izanaren berria emango zuela aditzera. Harremanak «ofiziosoak» izatetik «ofizialak» izatera iragan zirela, alegia. Zapatero ez da Kongresuan azaldu, ordea. Ibilbide orrian ezarri ziren «arauak» ez direla bete dio presidenteak. ETAk «bi errail edo negoziazio mahai» onesten dituela berretsi du berriki, baina prozesua bakarra dela dio. Galdera berriz jalgi zaigu: prozesua ba ote zegoen? Gidoia edo ibilbide orri idatziak berma zezakeen prozesua, alegia.
Bi errailen eskema abiatu zenean, aditu batek metodologia ona bezain zaila iritzi zuen Anoetakoa. Batasunak dioenez, metodologia ona da, honaino iristeko baliagarria izan baita. Ibilbide orria antza, anbiguoa da. Anbiguoa da, behintzat, ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean omen dauden balizko «konpromisoak» eurek baino ez baitituzte ezagutzen -begi bistan ez direnez, egoera anbiguoa, eta halaber, anbiguoa bezain zentzuzkoa-.
Bi aldeek adierazi dutena kontuan hartzera, «prozesua» bi errailen gainean zalantza-balantzan doan trena da, anbiguo izena merezi duen trena. Batasunak trena «blokeatua» zela adierazi zuen urrian. PSE-EEk ukatu zuen, baina azaroan «geldiune» batean sartu dela onartu du. Espainiako Gobernuak «krisialdia» hitza aipatu du ondoren. Tira, trena badago behintzat. Bi errailen gaineko trena geldirik dago, ordea. Ibilbide orririk edo prozesurik dagoen berriz, zehatz-mehatz ez dakigu.
Tren anbiguoa eta gidoirik ez
Bi urte iragan ostean, ibilbidearen beste etapa bat udazkenean betetzea espero genuen eta prozesua egon badagoela baieztatu. Horren ordez, berbarako, Amnesty Internationalek (AI) gatazkan murgildutako bi aldeek ez dituztela gutxieneko giza eskubideak errespetatzen esan berri du. Zaharrak berri, alegia. Hots, ETAk -edota bere inguruak- ez dio biolentziari guztiz uko egin eta Gobernuak ez ditu herritar guztien eskubideak betetzen. Edota ez ditu legeak egokitu, eskubide horiek bete ahal izateko.
Horiek horrela, irudiz, Espainiako Estatuaren -ez dezagun Frantziakoa ahantzi. Anoetako agirian interpelatua dago, baina gatazka ez dela bere afera dio Frantziak. Eta Zapaterok berak onesten du jarrera hau- errepresioaren eta ETAren biolentziaren inertzien menpe dago trena edota hasi behar zen prozesua. Alabaina, herritarrek nekez «irentsi» dezakete Gobernuak aipatzen duen «krisialdia»ren arrazoia hori denik. Inozoenak badaki, arazoa ez dela bakea lortzea. Aro politiko hau eta ETA fenomenoa ez ziren bake egoeran sortu. Bake hitza edota bake egoera baino gauza anbiguoagorik ez dago munduan. Normalizazio politikoa erdiestea da arazoa. Arazoa, bi errailen gainean doana tren bakarra denentz erabakitzeke dago, antza. ETAk ez bide ditu pareko errailen gainean doazen alderdien jarduna begi-bistatik galdu nahi. Gobernuak, berriz, ETAren bidaia bukatutzat eman eta alderdien mahaia -edo mahaien- gauzatzeko gidoia bakearen banderaren kolore berekoa nahi du: orrialde zuria. Orain arteko gidoiaren trazatua -Anoetakoa- onartu zuen Espainiako Gobernuak, baina hemendik aurrera, ez bide du onartzen gidoiaren lerro bakar bat aldez aurretik idatzia izatea, alderdi abertzaleek mahaian eseri ostean gehiengoz adostu lezaketen akordioa, kasu. Arazoa ez da bakea zein terminotan finkatzen den, herri honen erabakitzeko eskubidea baizik. Autodeterminazio eskubidea gauzatzeko -nolabaiteko- modua ez dute aurkitu orainokoan.
Etapak betetzeke, ibilbiderik ez
Bake eta normalizazio prozesua abiatzeko, bi urtez hauteskundeak ez izatea bermetzat jo zuten balizko prozesuaren eragileek. Trenak bi urteko joanaldia egitea zeukan, baina amaitzen ari zaio. Udazkeneko geltokian gelditzen bada, nekez gaindituko du negukoa, eta are gutxiago udaberriko etapara iritsiko. Neguko ibilbidea, urte zahar eta berriaren arteko ospakizunek baldintzatuta izaten da, politikagintzaren ibilmoldeen eta alderdien inertzien menpe. Zaharrak berri entzunen ote dugu berriz ere? Alegia, arazoa konpontzeko egindako saioa alderdikeriek baldintzatua izan dela. Edo bestelako negua iragarririk, trenaren jarraipena bermatuko duen ibilbide orria edo gidoia idatziko al dute alderdiek?
Inork imajina al dezake Udal eta Foru hauteskundeak hauen aurrekoak bezala burutzea, bake eta normalizazioaren bidean beste etapa bat burutu gabe? Alderdien mahaia osatu gabe? Inork sinesten al du, aro politiko berri batera pasako garela, prozesu politikorik burutu gabe?
Miel Anjel Elustondo
Ezagutzen duzu liburua, baina galerarik ez duen horietakoa zaizu. Ez diozu jabeari itzuli. Aukera duzularik, beste behin hartu duzu, orrialde bat iritzira ireki eta hitz etzanetan iltzatu zaizkizu begiak. Eta hiztunak ahoskatuko lukeen modua irudikatzen jardun duzu, zeure buruari ozen irakurriz:
Ohenton karihwatehkwen ne'e ayontati' niya'tewenhniserake tsi teyontenonhweratons. Akwekon enhskat tsi entitewahwe'nonni' ne onkwa'nikònra, tanon tenyethinonhweraton'ne onkwehson'a ne'akwekon skennen akenhake'. Etho niyonhtonhak ne onkwa'nikònra...
Argi bila, testuan barne segi duzu irakurtzen. Jakin guran. Orduan, ez da hiztuna ari, egilea baizik. Gidari izango duzu liburuko orrialdeetan zehar. "Gizonezko bat zaigu horrela mintzo. Alkandora iluna du jantzia, ile-mototsa, galtza-uhalak daramatza. Oholtzara igo da salto eginda. Zutik geratu da minutu batez, zalaparta baretu zain. Ni orduan ez nintzen konturatu Ernie Benedict zela, Ipar Amerikako Natibo Eskola Ibiltariaren sortzailea, Zuzenbidean
honoris causa doktore Trentoko Unibertsitatean eta behin, zerupean egin zen meza jendetsu batean Joan Paulo II.a aita sainduari arrano luma eskaini zion gizona. Ez nau harritzen McGill unibertsitateko auditorioak hura ez ikaratzea. Begiak erdi itxi eta hitz egiten hasi zenean, behintzat, ez zuen ikaratu itxurarik".
Ernie Benedict hitz egiten hasi da. Aitzinakoen hizkuntza zenean, gaur egungo hizkuntza duen horretan. Haren hitzak entzun ahal izan ditugu, burmuina bete digute.
Ohenton karihwatehkwen ne'e ayontati' niya'tewenhniserake tsi teyontenonhweratons. Akwekon enhskat tsi entitewahwe'nonni' ne onkwa'nikònra, tanon tenyethinonhweraton'ne onkwehson'a ne'akwekon skennen akenhake'. Etho niyonhtonhak ne onkwa'nikònra...
Ohenton karihwatehkwen ne'e... "Ernie Benedict eskerrak ematen ari zen, labur, harmonia eta bakeagatik. Baina hori baino gehiago ere esan zuen. Kanien'kehá hizkuntzan -mohawk izenez ere ezaguna- hitz eginez denbora guztian, berak eta beste mohawk tradizional batzuek edozein ekitaldi nagusi -dela erlijio bilkura, jardunaldi politiko edo ospakizun formal-, baino lehen egiten dutena: esker ona berretsi zien landare jangarri eta sendabelarrei, urari eta basa animaliei, arbola, txori eta euria dakarren trumoiari... "Luzeak, konplikatuak, esanguraz betetako hitz haiek amets bateko musikak bezala egin zuten hegan audientzia aldera".
Spoken Here: Travels among Threatened Languages
2001ean Spoken Here: Travels among Threatened Languages liburua argitaratu zuen Mark Abley kazetari kanadarrak. Aurten, gaztelaniaz irakurtzeko modua izan dugu galtzeko arriskuan diren hizkuntzei buruzko lan hau. Soziolinguistika arloan sarrera dukeen liburua da, baina, oroz gain, dibulgaziozkoa, egileak baliatu duen bidea kontuan harturik behintzat: bada kronika, bada erreportajea, bada bidaia, iritzia, elkarrizketa... Osagai guztien bitartez liburu bizia ondu digu Ableyk, galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen ibilbidean barrena. Eta, beste jakingarri bat, guztiz nabarmentzekoa, hizkuntzak berak ez ezik, hiztunak, hizkuntza komunitateak ditu ardatz liburuaren autoreak. Horretan, gure Xamar dakarke gogora: "Geu gara hizkuntza bizia, geuk dugu jakintza hori eta geuk transmitituko dugu".
"Hizkuntzak era askotako arrazoiak medio gal litezke. Eritasunak, gerrak, genozidioak, zapalkuntza politikoa eta hezurrak txiki-txiki egiteko moduko zailtasunak: denek hil dute. Hondamendi naturalek neurri batean hil dute: ez-naturalek, askoz gehiago". Hala dio Ableyk, eta istorio-historia kontatuko digu...
"Kanada Ekialdea, ni bizi naizeneko parajea, ez da hortik libratu. St. Lawrenceko irokarrak (ibai handia jaitsiz 1535ean Jacques Cartierrek deskubritu zuen herria eta esploratzaileari ongi-etorria eman ziona bera), Cartier etorri eta hamarkada batzuetara desagertu ziren, seguruenera europar gaixotasunen guztiz mende egon zirelako. Mendebaldeko hemisferioko beste herri askok bezala, ez zuten inbasioaren kontrako inmunitaterik garatu. Ehun urte geroago, irokar konfederazioak gaur egun Ontario deneko populazio neutrala inbaditu zuen, arma berriz eta gorroto zaharrez horniturik. Bizirik irten ziren batzuek bat egin zuten konkistatzaileekin, baina hizkuntza neutrala urtu egin zen. Beothuk-ak (jatorrizko "azalgorriak", beren gorputzak eta etxeak okre kolorez apaindu zale zirenak) Ternuako kostaldean kokaturik zeuden irlandar eta ingeles kolonoengandik aparte joan ziren, zertarako eta barnealde mortuan goseak hiltzeko. Baliteke haien hizkuntza garatu izana milaka urteko isolamenduan; haren aztarna bakarra hitz zerrenda bakanak besterik ez dira, fidagarritasun handirik ez dutenak".
Ableyren esanetan, hizkuntza galdu horiexek dira historiaren biktimak. Hala ere, historian zehar, hiltzen diren hizkuntzen ondoan, haien lekua hartzen dutenak ditugu. "Maoria, afrikaans, hizkuntza erromaniko zenbait, zeinu hizkuntza asko, kreolera eta dialekto mordoa..., hizkuntza gazteak dira, denboran urrun daude beren jatorritik". Eta hizkuntzak oraindik ere sortzen direla jakinarazteko adibidea jarraian: Nikaraguako zeinu hizkuntza, laurogeiko hamarkadan, sortutakoa. Sasoi hartan, gobernu sandinistak haur gorrak bildu eta heziketa eman nahi izan zien. Ordea, nahia bai baina ahala ez, asmoa nola burutu ez zekitela, haurrek hizkuntza sistema propioa garatu zuten, eta helduagoei irakatsi.
"Gertakariok zirraragarriak izanagatik ere, askoz gehiago dira bestelakoak, hau da, kontinente guztietan gertatzen ari diren herri indigenetako hizkuntz galera erabatekoa. Kultura menderatzaileek indar magnetiko handia dute anbizio handikoen artean, hezigaitzengan, jakingura dutenengan, kontentagaitzengan..., gazteengan, hitz batean. Eta, Oklahoman edota Provenzan ikusia dugunez, ama hizkuntzak galdu egiten dira gazteriarik gabe".
Provenzaleraren irakaspena
Munduan batetik bestera dabil kazetari kanadarra. Eremu urriko hizkuntzen entziklopedia literarioa osatu du lan honetan. Taxonomia urri murritzak alboratu eta bide berriak ireki dizkigu, komunitate bateko halako eta halako hiztunarekin solasean. Berriketa sotil ederrok, bestalde, hizkuntz aniztasunari, berdintasunari, dibertsitateari buruzko oharrak eta pentsamenduak ditugu. Tartean, baita historiari dagozkion lekukotasun zehatzak ere: "La Roque Alric-eko biztanleak bi edo hiru halako ziren Joseph Allegre ume zenean. Ia seguru, proventzalera hitz egingo zuen etxean. Hala ere, eskolara joan zenean frantsesez ikasi zuen irakurtzen eta idazten. 1863an, Apt eta Carpentras barrutiko hezkuntza ikuskatzaileak zera idatzi zuen: 'Ez dut ezagutzen irakaskuntza patois-en egiten den eskola bat bera ere, eta, horrelakorik balitz, irakaslea larri gaztigatuko lukete". Alegia, urte askoan proventzalerak izan duen aurreiritzia bistaratuko digu Ableyk, patois izatearen aitzakian bazter utzitako hizkuntza, ", dialekto baldar bat, alegia, frantsesaren degenerazio ustela, ikasgelan entzuna izateko edo auzitegian ahoskatua izateko duintasunik ez duena".
Hamaika dira liburuaren ibilaldian ageri zaizkigun hizkuntzak. Asko, ezezagunak zitzaizkigun. Hizkuntza "txiki", "gutxitu", "gutxiagotu", "eremu urriko"... askotariko kalifikazioak erantsi dizkiete, finean hizkuntza diren arren, esperientzia itxuratzeko gaitasun berdina dutenak. Eta esango du Ableyk: "Giza hizkuntza guztiek dute gaitasun hori hori. Batzuek besteek baino hiztegi handiago dute, batzuek besteek baino soinu barietate handiago, baina bat ere ez da beste bat baino hobea. Hizkuntzek ez dute hierarkiarik. Haurrak hizkuntz aukera berdinak dituztela irteten dira amaren sabeletik: berdin da zein soinu artean hazten diren, berdin da zein silaba hasten diren zezeltzen, ongi menderatzen duten zeinahi hizkuntzatan adierazi ahal izango dituzte beren beharrak eta gurariak".
Horretan ari zen Ernie Benedict. Gogoan ditugu oraindik haren hizkuntzaren hotsak.
Ohenton karihwatehkwen ne'e ayontati' niya'tewenhniserake tsi teyontenonhweratons. Akwekon enhskat tsi entitewahwe'nonni' ne...
Daniel Udalaitz
Aurten ere, hobetu egingo ditu 2005eko ekitaldiko datu onak, hala fakturazioan eta esportazioan, nola enpleguan. Horixe adierazten dute iragan urteko datu ofizialek, hamar urtean fakturazioa laukoiztu eta enplegua bikoiztu dela, alegia.
guztia irakurri