Gotzon Barandiaran
Adierazpen askatasuna ez da eskubidea, hain gutxi unibertsala. Gero eta berba gutxiago maite ditu Espainiako adierazpen askatasunak. Gero eta berba gutxiago maite ditu, justiziaren balantza beti eskuinerantz zamatzen duten epaileek zigortzen dutelako fede onekoa ez dena. Mehatxua erabili izan du erlijioak berak idatzitako historian berbaren pausoa laburtzeko. Sexu harremanak iradokitzen zituzten koplak batu eta ama birjinarekiko loria goratzen zuten sermoi bihurturik, argitaratu zituen Azkuek. «Ez nago ados diozunarekin baina beti defendituko dut esateko duzun eskubidea» betikotu ei zuen Voltairek edo enparau batek.
Noiz hasten gara antzeko esanak ezagutu eta aztertzen? Ez dut gogoan ikastolan horrelakorik izan genuenik ikasgai. Ez dut gogoan erakutsi zigutenik iritziak eta iritzi-emaileak bereizten edo lotzen. Jolasteko orduetan sustatu zitzaizkigun lagun hurkoarekiko aurreiritziak eta berdin zitzaigun haren esanek gureekin bat egiten zuten ala ez; gogoko ez bagenituen entzun orduko gaitzesten genituen. Gaur ere antzera argitzen du egunak. Suzko armen desagertzea aldarrikatzen dutenek berbak erabiltzen dituztenak giltzapetu gura dituzte eta horretarako suzko armak darabiltzaten polizia zein soldaduak dituzte. Sociedad Alcoholica taldea Espainiako adierazpen askatasunak epaitu du, kantatzen duenarengatik, esaten duenarengatik, pentsatzen duenarengatik. Espainiako adierazpen askatasuna ez dator SAk esaten duenarekin bat eta badaezpada esateko eskubidea ukatzen dio. Isilik egoteko askatasuna ezarri gura diete. Iñaki de Juana Chaos ere Espainiako adierazpen askatasunak epaitu du eta oraingoan, hain da bihozbera, laurogeita hamasei barik hamabi urteko zigorra ezartzea eskatu du. Eta Iñakik, adierazteko askatasun osoz, ados ez dagoela badio ere, suzko armak epel dituzten polizien babesean iragan beharko ditu beste hamabi urte. Espainiako adierazpen askatasuna euskaldunon adierazpen askatasuna den bitartean mutuagoak izan beharko dugula gogorarazten digute behin eta berriz, erlijio egileek sermoietan legez.
Espainiako komunikabide handienetako iritzi emaileek sekulako astakeriak esaten dituzte euskaldunon kontra hasi eta oinarrizko bizikidetzarako begirunearen kontra, sekulakoak. Baina eurek adierazpen askatasun propioa dutenez ez dute armatutako polizien beharrik. Nik neure tartetxo honetakoa profitatu eta diot gurago nukeela Sadam Husseinen urka-bilurra zabalagoa balitz.
Kike Amonarriz
Mihiluzek ez du EGA titulua lortzeko balio; Mihiluze ez da antisorgailu ona; Mihiluzek ez du balio erretzeari uzteko...». Inork esango balit, eztabaidaren batean norbaitek horrelakorik defendatu duela edo artikuluren batean horrelako izenbururen bat irakurri duela, ez nioke sinestuko, edo, «nori bururatu zaio horrelakorik?» pentsatuko nuke.
Horregatik, harrituta geratu naiz, ARGIAren 2.063. zenbakian Leioan burutu berri diren «Gaztea izan eta euskara ahoan» jardunaldiei buruzko artikuluaren izenburuan «Mihiluzek, Mantxutek... ez diete balio» irakurtzerakoan. Ez diete balio... Zertarako? Nori? Ez nuen ulertzen.
Zur eta lur geratu naiz, ordea, han izandako mahai-inguruan Xabi Paya moderatzaileak «ea Mihiluzek gazte hizkera sortzeko balio ote duen edo Mihiluze ikusita 40 hitz ikasi behar ote dituzten» galdetu duela irakurri eta izenburuak hortik atera direla ikusita... Baina nori bururatu zaio horrelakorik? Munduan inor baldin bada hori egiten ari denik lerrootatik dei larria egin behar diot; STOP! Eta zoaz korrika medikuarengana, patologia larria izan baitezakezu!
Informazioa osatu nahian azaroaren 11ko Sareko Argiara jo dut eta honako esaldi hau aurkitu: «Mihiluzek eta Mantxutek eta horrelakoek mahaiko ia inori ez diete balio gazte hizkera eredu gisa. Unamuno soraluzearrak ere, ez die aparteko erabilgarritasunik ikusten, baina aitortu du barre egiteko balio izan dutela».
Irakurtzen ari nintzena sinestu ezinik geratu naiz. Esandako eta idatzitako guztiak errepasatu ditut eta inon ez dut aurkitu Mihiluze gazte hizkera eredu gisa inork aurkeztu duen aipamenik. Gure helburua euskaraz eta euskararekin jolastea, gozatzea eta barre egin eta eginaraztea izan baita; eta gure ikusleek barre egiten badute edo azaldutako hitzen edo esaldiren bat baliagarri gertatzen bazaie, gu pozik. Eta kito! Hori bai, inork gurean gazte hizkera eredurik, ligatzeko edo dragatzeko sistema segururik edo aberasteko errezetarik topatuko balu, esan diezagula lehenbailehen, guk dakigula ez baitugu horrelakorik programan.
Are gehiago, inoiz ezer defendatu badugu, justu kontrakoa izan da. Alegia, gazteek ereduen aurka egiten eta egin behar dutela -baita euskararen kasuan ere-. Irakurri Mantxuten hitzaurreak.
Harriduratik atera gabe, erabat kezkatu nau Barañaingo gazte batek Asisko eta biak ez garela bere hizkerarako eredu esan duela jakiteak. Gu eredu? Ez, eskerrik asko! Horixe besterik ez genuen behar! Nola izango gara bada gu berrogeitaka urterekin gazte hizkeraren eredu? Ez gazte hizkerarena eta ez beste ezerena!
Nolanahi ere, egia osoa esate aldera, pozgarria da Leioan, Mihiluze hitzetik hortzera ibili dela jakitea; zerbaiten seinale baita hori. Hori bai, gomendio bat: programa ikusten baduzue... jolastu eta gozatu! Baina ez zilizioak atera eta autoflajelatu azaldu diren hitz guztiak buruz ikasi ez dituzuelako!
Amaitzeko, han planteatutako pare bat galderei buruzko burutazioak. «Hijo puta esaterik baldin badago ea zertarako behar den potroximel» galdetu omen zen eta «iraindu eta min egiteko erdarak balio badu zergatik egin behar ote den euskaraz». Galdera hauen azpian dagoena, ordea, ez al da beste hau? «Erdarak balio badu, zergatik egin behar da euskaraz?
Osasuna eta bekatuak.
Pako Sudupe
Nahigabea eta beldurra sortzen dit epaile espainiarrek -eta frantsesek- duten botere neurrigabekoak nahi dutena zigortzeko, manifestazioak baimentzeko eta galarazteko, nornahi auziperatzeko. Alde ontxo bakarra sumatzen diot: botere judiziala politikoarekin estuki lotua dagoela argi ikusarazteko dohaina: politizatua dagoela? Jakina ba, ez da egongo! Espainiar demokrazia «demokrazia» huts-hutsa dela sinetsirik dagoenak edo hobeki esanik sinetsarazteko interesa duenak soilik iradoki dezake horrelakorik, eta Ajuria Enea Itunaren garaiko ondorio kaltegarri gainditu gabea da. Eta horien morroi batzuetan eta beste batzuetan botere bereko eta gidari dituzten polizia mota guztiek zer esanik ez, guardia zibilengandik hasita! Espainiako Auzitegi Goreneko epaile eta Garzon bezalakoen zaindaritzapeko demokrazia espainolean bizitzea ez da esperantza iturri.
Nahigabea sortzen dit Zapaterok eta Rubalcabak egunotan agertzen duten harrokeriak hedabideetan. Posea ere bada, dituzten baino giltza gehiago dituztela aditzera eman beharra, baina prozesuak Katalunian Estatutu berriak izan duen amaiera izan dezakeela sentiarazten dit. Sentipena areagotzen dit jazarpen judizialak direla medio Ibarretxek-eta nola erreakzionatzen duten ikusteak, eta halaber Otegik ere nola jotzen duen Zapaterorengana, berdin da zer eskatzeko. Ematen du errepresio politiko-polizial-judizialak Espainiako gobernu sozialista indartsuago bilakatzen duela.
Nahigabea ere kale borrokak eta ETAk berriro jarraipena izan dezaketela pentsatzeak. Ez presoen aldeko urrats txikienik ere -Iñaki de Juana Chaosenak Long Kesheko kartzela Espainian Irlandan ez bezala ez dela iragana oroitarazten du-, ez Alderdien Legearen baliogabetzerik, ez alderdien mahai erabakigarririk.
PSOE PPko epaile eta hedabide espainiarren mendean eta bere errotiko espainoltasunak bahiturik eta harroturik; EAJ Imazen gidaritzapean Ajuria Eneko garaiarekin ametsetan, Otegi bere jarraitzaileen indarrekin soilik. Itxaropena herritarren kontzientzia eta eraginetik etorri behar. Ohitu gaituzte eta ohituak gaude bi ekintza politikotara: botoa ematera eta gure sokakoen manifestazioetara joatera.
Botoa ematearena, batetik, aukera guztiak libre ez direla, iruzur garbia da. Hori ziurtatu gabe, bake politikorik ez da posible. Hori lortuta ere, bestetik, Estatutu berri bati Bai ala Ez esateko deitzeak ez du zentzurik, iritsiak gauden aro politikora eta kontzientziara iritsita.
Oinarrizko Akordio Demokratikoan bildutako eragileek sor lezaketen herritar mugimendu indartsuak sor ditzake esperantza berriak, sinergia itxaropentsuak.