Onintza Irureta
Berriaren estilo liburua
Berria egunkariak lehenengo estilo liburua kaleratu berri du. Ez dute zerotik osatu estilo liburua, Euskaldunon Egunkariaren estilo liburua aurrekaritzat hartu baitute. Formatuari dagokionez, Euskaldunon Egunkariak ateratakoa baino handiagoa da. Formatu hori aukeratu dute, batetik, erabiltzaileari zalantzak azkar argitzen laguntzeko eta, bestetik, patxadaz liburua begiratu ahal izateko. Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak aurkezpenean esan zuenez, litekeena da egunen batean sarean jartzea.
Eremu ez euskalduneko ikastolak legeztatuak
Nafarroako Eskola-Kontseiluak ontzat eman du, Nafarroako hainbat ikastolen egoera behin betiko normalizatzeko asmoz, Ikastolen Elkarteak eta Hezkuntza Sailak adostutako formula jasotzen duen lege aurreproiektua. Beraz, eremu ez euskalduneko lau ikastolak, Irunberriko Arangoiti Ikastola, Tuterako Argia, Vianako Erentzun eta Lodosa-Sartagudako Ibaialde, itunpeko zentroak izango dira. Diru-laguntza berezia jasoko dute 2010. urtea bitartean, historikoki egindako inbertsioengatik eta Nafarroako eremu horretan euskarazko irakaskuntza eskaintzeko egindako ahaleginagatik.
President's Award saria ikastolentzat
Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak, hizkuntza ardatz euskara duenak, jaso berri du Londresko English-Speaking Union fundazioak teknologia berriak erabiliz ingelesa irakasteko ikasmaterial onenari emandako saria. Saritutakoa Space Search CD-ROMa izan da. Aurten, lehen aldiz Erresuma Batukoa ez den elkarte batek jaso du sari hori. Ingalaterrako erreginaren senar Edinburgoko dukearen eskutik jaso zuten Elkarteko ordezkariek saria, bera baita fundazioko presidentea. 1991n hasi zen Ikastolen Konfederazioa Eleanitz proiektuarekin. Ingelesa irakasteko modu egokienaren bila abiatu ziren, beti ere proiektuaren helburua oinarri hartuta: eskolako hizkuntz ardatza euskara izango zen eta gutxienez gaztelania eta ingelesa irakatsiko ziren, hirurak batean landuko zituzten.
Igarkizun lehiaketa
Urtxintxa Eskolak hizkuntza zein adimena lantzeko lehiaketa antolatu du haurrentzat.
Aisia.net web gunearen bitartez egingo da lehiaketa abenduaren 4a arte.
Juan Mari Arregi
Aurreko asteburuan Klimaren Aldaketari buruzko Gailurra bukatu zen Nairobin (Kenyan). Bertan munduko 180 herrialdetako hainbat gobernutako eta elkartetako ordezkariek parte hartu zuten. Bi astetan, berotegi efektuko gasak gero eta gehiago isurtzeagatik Lurrak jasaten duen berotzea izan da ikergai eta eztabaidagai. Ondorioen zain gauden bitartean, datu esanguratsuak ditugu. Klimaren aldaketak eragin gehien Lurreko kontinente txiroenean izango du: Afrikan. Nazio Batuen Erakundeak emandako datuak beldurgarriak dira: lehorteek eta tenperaturak gehitzeak, horiek dakartzaten laboreen galerarekin batera, migrazioak eta goseteak bikoiztuko dituzte. 2025ean 480 milioi afrikarrek edateko ur arazoak izango dituztela aurreikusi da -urtean 1,8 milioi haur hiltzen da ur faltagatik edota ura kutsatuta egoteagatik-. XXI. menderako aurreikusitako itsas maila igoerak 70 milioi afrikar jarriko ditu arriskuan 2080an. 1990ean dagoeneko milioia zegoen arrisku honen pean. Afrikako kostako azpiegituren %30 arriskuan egongo da. Lehorteek eta laboreen galerek migrazio jendetsuen alde egingo dute. Klima aldaketa honen arduradunak herrialde industrializatu kutsatzaileak dira. Horien ardura da gas isurketak murriztea. Horrek, beste neurrien artean, diru kopuru handiak inbertitzea esan nahi du, beroketa hori murrizteko eta ondorioak txiroenen artean arintzeko. Ikustear dago gobernu bakoitzak zer egingo duen. Ez dezagun ahaztu kapitalismoa bihozgabea dela. Egiturari dagokionez ez da solidarioa.
Xabier Letona
EUsko alderdi jeltzalea giltzarri da euskal politikan. Arrazoi askorengatik, baina nagusiki azken ia 30 urteetan behin eta berriz euskal herritarren artean boto gehien lortu duen alderdia izan delako. Eta horrek aginte makila eman dio gaur arte; instituzio eta bizitza politikoaren osasun demokratikorako denbora gehiegiz gainera. Giltzarri izan da, beraz, azken 30 urteetan eta epe laburrean bederen hala izango da.
Horregatik guztiagatik funtsezko indarra da une politiko erabakigarri honetan. Baina ez dago garbi zer nahi duen, unea helduta zer erabakiko duen. Arazo politikoaren muinera jota -erabaki ahalmena eta lurraldetasuna-, oro har garbiago dago gaur egun Batasunak eta PSEk zer nahi duten. Baita, adibidez, UPNk, EAk, EBk edo Aralarrek nahi dutena ere. Besteak beste, anbiguetate maila horrek badu eraginik EAJren barne lehian.
Jeltzaleek 2005eko urrian aurkeztu zituzten bake prozesua kudeatzeko oinarriak, baina orduan azpimarratu zen bezala, idazkiaren anbiguotasunak ate asko uzten zituen zabalik. Baziren, dena den, agiriaren bizkarrezur gisa, bizpahiru ideia giltzarri: bat, erabakitzeko ahalmena; bi ituna; eta hiru, marko juridiko-politikoa aldatzeko Gernikako Estatutuak lortutako adostasuna baino handiagoa lortu beharra.
Gaur egungo EAJren zuzendaritzak argi du bizi dugun prozesu honetatik ez dela autodeterminazio eskubiderik erdietsiko, bere zentzu klasikoan ulertuta behintzat. Madrilgo erakunde nagusiekiko itunarena irtenbide duin gisa ikusten da EAJko kargu gorenetan: Madrilek ez dezala bere kabuz ezer aldatzeko ahalmenik izan. Ibarretxe Planaren muinetakoa ere horixe zen. Baina jarraitzen du airean erabakitzeko ahalmenarena nola gauzatu edo, hobeto esanda, nola zehaztu, norekin...
20O8ko otsailerako EBB berria hautatu beharko da eta tentsioa handia izango ei da, 2003an bezala. Gipuzkoan Joxe Joan Gonzalez de Txabarrirekin gertatutakoa adierazgarria izan da. Gaur egun, EAJn ez da lehen mailako gaia EBB berriaren hautaketarena, baina urtebetera aldeak lehian izango dira berriz. Eta lehia bizia da zenbait lekutan, Nafarroan adibidez.
Iruñeko EAJ-n, esate batera, bada liskarrik lehen Josu Jon Imaz sostengatu zuen taldearen eta Joseba Egibarren aldeko apustua egin zutenen artean. Bi taldeen azken ika-mika Nafarroa Bai-ren udal zerrendetarako EAJren lehen hautagaiaren -zerrendako zazpigarrena- izendatzetik etorri da. Iruñeko jeltzaleen batzarrak, hilaren 8an, barne oposizioan diren Imaz zaleek proposatutako Xabier Hoyoren eta Rosana Navarroren (Iruñeko EAJko lehendakaria) artean erabaki behar zuen eta hirugarren bozketan batzarrak Navarro hautatu zuen boto bakarraren aldearekin (21-20).
Bi taldeen arteko desberdintasunak aipatu bi buruzagiekiko zaletasunetik askoz harago doaz, eta alderdiaren izaera eta antolaketaren ikuspegietan talka egiten dute.
Adibide bat besterik ez da aipatutako hau, baina leku garrantzitsuan ematen den adibidea, 2003ko barne hauteskundeetan ere, Nafarroa erabakigarria izan baitzen Imaz eta Egibarren arteko lehia lehenaren aldera erabakitzeko. Eta Iruñeko Batzarra are erabakigarriagoa.
Edozein eratan, asko aldatuko ote litzateke negoziazio garai honetan Imaz beharrean Egibar balitz EBBko lehendakari? Batasunak eta PSOEk baietz diote; jeltzaleek ezetz -ofizialki bederen-, 2005eko agiria hor dutela aho batez onartua eta gidaritza argia eginez.
Joseba Permach eta Karmele Aierbek Euskararen lege berriaren proposamenaren harira Gara<7i>n esanak: «Batzuek, ordea, gure proposamenak utopikoak, ez direla errealitatean oinarritzen diote. Errealitatetik kanpo dagoen ameskeriarik handiena denean menpeko hizkuntza politikarekin euskal hiztun elkartearen berreskurapen osoa lortu nahi izatea. Hobe lukete 'gizartearen kohesioa' bezalako hitz ederrekin aho bete hortz ibiltzen diren horiek hizkuntzaren auzi honetan, esaterako, urteetan euskalgintzarekin izan duten eta egun duten mespretxuzko tratua albo batera utziko balute. Behingoz, lanean dagoenari lan egiten utzi, eginiko lana zapuztera jo beharrean».
Koldo Tellitu, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakariak Berrian: «Jaurlaritzarekin kezkatuta gaude. Erronka handiak daude mahai gainean: hezkuntza legea, hizkuntz ereduen planteamendua... Ikusten ari gara Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak nahikoa erreparo dituztela zezenari adarretatik heltzeko».