Liburutegia

Pilar Iparragirre


2006-11-19

El requeté que gritó Gora Euskadi

Alberto Irigoyen

Ttarttalo

422 orrialde

22,50 euro

Nafar euskaldun baten bizitza

Alberto Irigoyen uruguaiarrak Errazkingo seme baten bizitzan oinarritu du El requeté que gritó Gora Euskadi nobela. Ignacio Arguiñarena baserri batean jaiotako langile-burua zen, 28 urterekin gerrara joateko agindua jaso zuenean. Tercio Lacar deitutakoan borrokatu behar izan zuen eta gertutik ezagutu zituen gudaroste hark eta Jaungoikoa eta Espainiaren batasunaren alde altxatutakoek egin zituzten bidegabekeriak. Garaipenaren ondoren, Altsasun hasi zen bizitzen, bere familiarekin. Gudari garaituak esplotatzen zituen harrobi batean hasi zen lanean, haien egoera lazgarria goxatzen ahalegindu zelarik. Baina gerra ondorengo gose amorratuak bultzaturik, Uruguaira emigratu behar izan zuen, emaztea eta seme-alaba txikiekin.

Lan Harremanak

Batzuen artean

Hegoa

268 orrialde

10 euro

Beste Globalizazio baterako Tokiko proposamenak

Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuak, Hegoak, bere garaian egin zuen Globalizazio ekonomiko, Eskubide sozial eta Lan Arauei buruzko seminarioaren emaitzak biltzen ditu Lan Harremanak aldizkariaren ale bereziak. Azken bi hamarkadetan nazioarteko ekonomia zein sakon aldatu den izan zen seminarioan aurkeztutako ideia nagusia. Beste Globalizazio baterako Tokiko proposamenak izenburuarekin egingo den kongresurako ate gisa egin zen seminario hura, Globalizazioa dela-eta proposamen alternatiboak aurkezterakoan gobernuz kanpoko erakunde, sindikatu, gizarte mugimendu eta ikerketa zentroek daukaten gaitasuna indartzeko asmoz.

Txoria

Oh Jung-Hi

Alberdania

120 orrialde 16 euro

Igerabidek euskaratua

Oh Jung-Hi 1947an Seulen jaiotako idazle korearra dugu. Juan Kruz Igerabidek Alberdania argitaletxearentzat euskaratu duen Txoria nobelaren idazlea. Bertan, amarik gabe gelditutako bi haurren bizitza agertzen du bere idazkera labur, bizi eta indartsuarekin. Eleberri garratz honek neskatila bat du narratzaile. Ama hil zitzaienetik, bere ardurapean dauka neba txikia. Bakarrik daude, aita beti urruti dagoelako, eta hobe horrela, gerturatzen zaienean okerrago delako, haren indarkeria jasan behar baitute. Amonaren etxera joko dute lehenik, hainbat izeba-osabarenera gero, harik eta aitak beraientzat amaorde bat aurkitu duela esaten dien arte. Gutxi irauten du horrek, haatik, aitaren indarkeria dela-eta. Baina geroztik neskatilak aitaren indarkeriazko harremanak errepikatzen ditu anaia txikiarekin.

Estropada Hiztegia

Alfredo López de Sosoaga López de Robles, José Luis Ormaetxea Lasaga Txiki

Euskal Herrriko Unibertsitatea

216 orrialde

5,15 euro

Arraun munduko hizkuntza

Arraun munduak duen hizkuntza berezian oinarritua dago Estropada Hiztegia. Egileek -Alfredo López de Sosoaga López de Robles eta Jose Luis Ormaetxea Lasaga Txikik- arraun munduko hitzak eta ababorreko arraunlari edota arrauna hilda atera bezalako termino bereziak kontuan hartu dituzte. Oso fidagarriak iruditzen ez zitzaizkien esamoldeak baztertu dituzte eta 1.000 sarrera inguru bildu dituen hiztegia eskaini dute. Hiztegia osatzeko bi iturri erabili dituzte: lan idatziak (egunkari-aldizkarietako kronikak, artikuluak, elkarrizketak, liburuak...) eta ahozkoak (irrati eta telebistako saioak, bereziki kirolariekin eta zenbait aditurekin egindako elkarrizketa mamitsuak). Amaieran, zenbait eranskin ditu hiztegiak: euskarazko terminoen zerrenda, eta gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko zerrenda alfabetikoak.

Pololoak. Poxpoliñaren bahiketa

Patxi Gallego

Elkar

200 orrialde

18,50 euro

Xabinaitor heroi ezin hobea maitemindurik

Mari jainkosak poxpolin guztien zaintzaile izateko ahalmen guztiz berezien jabe egin zuenetik, hamaika gauza egin ditu Xabinaitor-ek. Haren balentria gehiago ezagutzeko aukera eman digu Patxi Gallegok Pololoak. Poxpoliñaren bahiketa komikian. Bere bihotzeko kuttuna bahitzerakoan, zakar samar tratatu zituen Xabinaitor-ek ertzainak, eta komunikabide guztiek diote Xabinaitorrek Ertzaintza jipoitu zuela. Gauza bera egiten du txapelokerrekin, ordea, eta jakina, atzetik darabiltza Ertzaintza eta Guardia Zibila orain. Are gehiago, Mari jainkosa ere hasarretzen zaio, bere eginbeharra poxpolin guztiak zaintzea delako, ez bakar bat. Eta bitartean, maiteñoak ez dio kasu zipitzik ere egiten.

Berri Ona Kantuz

Roger Idiart

Keinu Produkzioak

270 orrialde

Roger Idiarten Berri Ona Kantuz beste behin berrargitaraturik

Duela hamairu urte osatu zuen Roger Idiartek Berri Ona Kantuz, meza kristauetan biltzen den jendeak igande eta jaiegunetako ebanjelioak hamabost doinu berri eta herrikoietan kantatu ahal izateko. Dagoeneko ezagutu ditu hainbat berrargitalpen. Euskara batuan ere bai. Horretarako, Juan Mari Lekuona apaiz euskaltzaina, Jon Sarasua bertsolaria, Asier Agirre eta Patxo Larrinoa filologoak, Ludo Docx frantziskotarra eta Beñat Amestoy marrazkilaria izan zituen lagun Roger Idiartek.


Argia.com 2012