![]() | Unai Brea2006-11-19 |
Maruri-Jatabek 1.000 biztanle baino gutxiago ditu. Lehen Maruri zuen izen bakarra, baina badira urte batzuk udalak Jatabe eranstea erabaki zuela, ingurukoengan ohitura zabaldua baita bertakoei «jatabetar» esatea. Jentilizioaren jatorria igartzea ez da zaila: Maruri-Jataben, edonon gaudela ere, Jata mendia eta haren tontorreko antena nabarmentzen dira zeru-mugan. 600 metro ditu Jatak, eta eskualdeko talaia paregabea da.
Herriaren erdigunea elizaren bueltan dago, gaur egun txalet modernoz jositako muino baten maldan zabalduta. Muinoaren goiko aldean dago eliza, eta haren aldamenetik abiatuko gara Armintzako portu txikiaren bila. Bide bi jaiotzen dira eliza atzean, eta guk ezkerrekoa aukeratuko dugu.
Luze gabe, GR-280 dioen errotuluak gonbidapena egingo digu ezkerrera jo eta asfaltozko bidea uzteko. Han dago adierazita hemendik aurrerako erronka: kilometro bi Billabaso auzoraino, zazpi eta erdi Armintzaraino. GR hizkiekin adierazitako bide guztietan bezala, gehienetan ikur zuri-gorriei jarraitzea aski izango dugu bidean ez galtzeko. Bata bestearen gainean marraztutako marra horizontal bik zuzen goazela dioskue; «x» batek, berriz, okerreko bidetik gabiltzala.
Bide berria hasi eta hogei metrora-edo, eskumara egin beharko dugu. Basotxoa zeharkatzen hasiko gara, eta minutu gutxiren buruan errepide estu batean izango gara, hainbat baserri dituen auzotxoan. Hortik eskumara joko dugu berriz, marra zuri-gorriei segika beti.
Baserriak atzean utzi bezain laster, asfaltoa hartxintxar bihurtuko zaigu. Puska batean beste baso zati batean ibiliko gara, BI-3116 errepidera iritsi arte. Kontuz hemen autoekin. Ez dabil askorik, baina bai azkar. Guk, bidenabar, eskumarako norantza aukeratuko dugu, eta tarte labur batez errepide ertzetik ibiliko gara, harik eta metro gutxiren buruan beste GR-280 errotulu batek ezkerrera doan bide berria adierazi arte. Oraingoan, lau kilometroko bidea iragartzen digute Urizar mendiko tontorreraino, eta zazpi Armintzaraino.
Lehenengo ikuspegi ederrak
Denbora luzeegia igaro gabe baserri-auzo batera ailegatuko gara: Billabaso. Izen bereko baserria dago Maruri-Jatabeko erdigunetik datorren errepidearen ertzean. Hortik, eskumara. Zuzen jarraitu, eta eskuman bide estuago baten hasiera aurkitzean (asfaltozkoa halaber), horixe hartu.
Etxeak aldenduz doazkigun heinean, eukaliptu-basoek eta pinudiek inguratuko gaituzte. Eskumara so eginez, Jata izango dugu beti lagun; urrunago, anaia nagusia, Sollube. Zein baino zein harroago, beren antenak eta guzti. Kilometro bat inguru ibili ondoren, asfaltoak leku utziko dio hartxintxarrari. Zuhaiztiak eta belardiak zeharkatuko ditugu txandaka, eta halako batean, ezustean ia, baserri bat agertuko zaigu parean. Haren eskumatik pasa eta metro gutxira, dagoeneko mendiko pistan gaudela, bidegurutze batera iritsiko gara: eskaintzen zaizkigun hiru bideetatik, erdikoa aukeratu behar dugu.
Urizarreko tontorrerantz
Jaitsiera zurezko ate batean amaitzen da, eta haren gainetik salto egin behar da aurrera jarraitzeko. Bestaldean, errotulu batek ezkerrera joateko aginduko digu. Haren arabera, bost kilometro egin ditugu gure abiapuntutik. Urizarreko tontorrerako, berriz, beste kilometro bat gehiago bete beharko dugu, eta hiru eta erdi Armintzarako.
Igoeraren azken txanpan gaude, eta igarri egingo dugu. Hau bai aldapa latza! Eskuman, etengabe, itsasoa ikusi edo, gehienetan, igarri egingo dugu zuhaitzen arteko zirrikituetatik. Aldaparen goiko aldean, azkenik, bidegurutzea izango dugu berriz. Eskumarantz egin beharko dugu guztiz, ia 180 graduko bihurgunean. Laster ikusi ahal izango dugu, itsasertzean, Lemoizko zentral nuklearra. Aspalditxo gaude, izan ere, udalerri horretako lurretan.
Itsasertz osoa begi-bistan
Bost minutu baino gutxiago ibilita, zalantza sor dezakeen ingurura helduko gara, ez baitago inolako ikurrik. Ezkerrean goi-tentsioko dorrea dago, eta bide bat izan litekeenaren hasiera, baina guk eskumara joko dugu, jaitsiera hasiz. Hemendik aurrera etengabe bajatuko gara. Inoiz ote eta iratzea izango ditugu lagun bide bazterretan, inoiz eukaliptu eta pinu baso trinko samarrak. GR ikurrek berriro beteko dute beren funtzioa, ondo baino hobeto gainera. Ez dago galtzerik.
Armintza
Maruri-Jatabera ailegatzeko, Sopelatik Mungiarantz joango gara, BI-634 errepidetik. Gatika udalerrian Butroe auzoa zeharkatuko dugu -ezkerrean ikusiko dugu gaztelu ezaguna-, eta herriaren erdigunera heldu gabe ezkerrean agertuko zaigu Maruri-Jataberako bidea. Hurrengo bidegurutzean eskumara egin eta berehala ikusiko dugu eliza, muino gainetik zelatan. Autoa eliza ondoan utz daiteke txangoari ekin aurretik.
Armintzatik buelta oinez egin beharko dugu edo bestela, garraio publikoa erabil dezakegu nekeak saihesteko (luze joko digu ordea): Armintzatik orduro igarotzen da Bizkaibuseko 99. autobusa. Larrabasterran jaitsiko gara, Sopelako auzo horretatik, metro geltoki ondotik hain zuzen, Maruri-Jatabera doan autobusa irtetzen baita aldiro.
Beste aukera bat autoa Larrabasterran bertan uztea da (edo metroz joatea bertaraino). Maruri-Jataberako autobusa gelditzen den lekuaren ondoan aparkatzeko tokia dago.
Armintzatik Bakiorantz joanda errepidez, hiruzpalau kilometrora, Lemoizko zentral nuklearra izan behar zuena dago. Jaio aurretik hildako umearen gorpua, Basordako senaiako inguru ederrean.
Urteak joan dira, baina zentralak zutik dirau, 80ko hamarkadako hasiera gorabeheratsuaren oroigarri. 234 hektarea betetzen ditu, itsasoaren eta lehorraren arteko mugan. Sekula lanik egin ez duen munduko zentral nuklear bakarra da, oso-osorik bisitatu litekeen bakarra beraz. Hala ere, erreaktoreetarako sarrerak orain gutxi itxi zituzten, hormak eraikiz bertan.
Lemoizko piztiaren etorkizuna hizpide izaten da aldiro-aldiro. Orain urte gutxi, Bizkaiko Foru Aldunditik etorri ziren berriak: zentrala museo bihurtu nahi omen zuten, zientzia eta teknologiaren tenplu halako bat. Hainbat urrats eman ziren norabide horretan, baina dirudienez garai hartan Aldundian ardura zeukan politikari baten guraria izan zen batez ere. Politikariak kargua galtzeaz batera hil zen egitasmoa. Inongo oinarririk gabeko egitasmoa bestalde, Iberdrolako bozeramale batek esandakoaren arabera.
Berme sendoagoa eduki zuen, antza, beste proiektu batek: zentral nuklearra izatera iritsi ez zena ziklo konbinatuko zentral bihurtzea, baina hori ere bertan behera gelditu zen. Basordako eraikinak hutsik eta axolakabe jarraitzen du, naturak bedeinkatutako txokoan orbain gris erraldoia. Zer nahi duzue esatea, badu nolabaiteko xarma edo.
Maruri-Jataben:
- Garaizar landa-turismoa. Alboan Garaizar errota dauka, herriko eraikinik interesgarrienetakoa. Gaur egun museo bihurtuta dago errota, eta landa-turismoko ugazabek bisitaldi gidatuak eskaintzen dizkiete bezeroei.
Kurtzegana, 11.
94-615 52 13
3 Loramendi hotela
Erribera auzoa 38
94-674 47 91
Armintzan:
- Arresi hotela
Potugane, 7
94-687 92 08
Maruri-Jataben:
- Ibai-ondo erretegia
Goieta 28
94-615 55 83
- Leku-ona jatetxea
Sakalde 1
94-674 22 23
Armintzan:
- Begotxu jatetxea
Atalaia 5
94-687 93 99
- Noray jatetxea
Portubide 6
94-687 92 85