Jon Torner
Zentsuraren aurkako doinuak Gernikan
Azaroaren 16tik 19ra bitartean Freemuse (Freedom of Musical Expression) jaialdia egingo da Gernika-Lumon. Euren ibilbidean zehar zentsura jasan duten lau musikariren emanaldiak izango dira entzungai Lizeo Antzokian. Hilaren 16an Ferhat Tunç kurdistandarrak joko du, 17an Miguel Angel Estrella argentinarrak, 18an Paco Ibañez espainiarrak eta 19an Clotaire K egiptiar-libanoarrak. Gernikako jaialdia zentsuraren aurkako nazioarte mailako ekimen zabal baten (www.freemuse.org) parte da eta irauten duen lau egunetan, gai honen inguruko mahai-inguruak egingo dira. Kontzertu bakoitzerako sarrerak 6 euro balio du.
Letren leihotik begira
Letren Leihotik euskal literaturaren inguruko egitasmoa jarri dute abian Bizkaiko zenbait udalerrik, Enkarterriko mankomunitateak eta Galtzagorri haur eta gazte literatura sustatzeko elkarteak. Literatura eta jolasa uztartzen dituen ekimenak Galdakao bisitatuko du lehendabizi eta abenduaren 11n Basaurik hartuko du erreleboa. Egitasmoak Mattinen ilustrazioez eta Yolanda Arrietaren testuez hornitutako egutegiak ditu abiapuntu. Hala, egutegi horien inguruan antolatutako ekitaldi sorta ederra izango da Galdakaon lehenik eta Bizkaiko beste hainbat udalerritan gero: Itziar Zubizarretak zuzendutako literatur aretoa, Patxi Zubizarretaren emanaldia, Yolanda Arrietaren hitzaldia...
Gure historiaren lekukoak Renon
Renoko Euskal Liburutegiak 1960ko hamarkadatik gaur arte bildutako dokumentuak katalogatu dituzte hainbat adituk. 239 kaxatan gordeta zeuden dokumentuak, argazkiak eta ikus-entzunezko materialak katalogatu dituzte. Horien artean 36ko Gerraren inguruko dokumentuak, Philippe de Veyrin historialariaren testuak eta euskal etorkinei buruzko artxiboak daude, besteak beste.
Ikus-entzunezkoen II. Rallya
Aiaraldean izango da Topaguneak antolatutako Ikus-entzunezkoen Rallyaren bigarren edizioa, abenduaren 16an. Egun horretan, parte-hartzaileak Aiaran, Amurrion, Artziniegan, Laudion eta Okendon bilduko dira. Hamar ordu izango dituzte hiru minutuko euskarazko bideo-lana egiteko. Jorratu beharreko gaia momentu horretan jakinaraziko zaie. Hiru sari banatuko dira (1.500, 1.200 eta 900 eurokoak) eta lan guztiak abenduaren 17an proiektatuko dituzte Amurrioko kultur etxean. Izena emateko epea azaroaren 27an amaituko da.
Informazio gehiago: www.topagunea.org/rallya
Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa
Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Jokin Zaitegi XX. Itzulpen Sariketako oinarriak argitaratu dituzte. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Orhan Pamuk idazle turkiarraren Kar (Elurra) lanaren lagin bat itzuli beharko dute. Jatorrizko hizkuntza turkiera du baina hizkuntza hori menderatzen duen euskal itzultzailerik aurkitzea zaila denez, antolatzaileek testuak ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz jarriko dituzte partaideen esku. Lanak abenduaren 31a baino lehen aurkeztu beharko dira. Irabazlea 2007ko urtarrilaren amaieran ezagutaraziko dute eta 9.000 euro jasoko ditu Kar eleberria osorik itzultzeko.
Jon Torner
Elixabete Etxebeste irakasleak eta Elio Garcia arkitektoak irabazi dituzte Jorge Oteiza Fundazioa museoaren 2006ko Itziar Carreño ikerkuntza bekak. Etxebestek Oteizaren obrak musikarekin duen harremana ikertuko du eta Garciak artistaren ondareak pentsamendu zientifikoarekin duen lotura.
Théatre des Chimères konpainiak Mamie Mémoire antzezlana eskainiko du hilaren 15ean eta 16an Miarritzeko Koliseoan. Hervé Jaouen frantziarrak idatzitako izen bereko nobelaren egokitzapena da obra hau. Alabaren etxera bizitzera doan alzheimerra duen amonaren istorioa kontatzen du Jean Marie Broucaretek zuzendutako antzezlanak.
Haritz Iruretak bere diseinuzko graffitiak jarri ditu ikusgai Andoaingo Bastero aretoan. D-Graff izeneko erakusketa abenduaren 23 arte izango da zabalik.
Betagarri eta Kloratita taldeek disko berriak kaleratu dituzte. Gasteiztarrek ska doinuak bildu dituzte Hamaika gara (Oihuka) diskoan. Kloratita taldeak Etikaz mintza gaitezen izenburupean kaleratu du bigarren diskoa, Musikherria diskoetxearen babesean. Diskoaz gain, liburu bat eta DVD bat ere argitaratu ditu.
Paulo Iztuetak Nikolas Ormaetxea Orixe idazleak bidalitako 285 gutun eta besteek Orixeri bidalitako 88 bildu ditu Orixe, gutunak (1917-1961) liburuan. Utriusque Vasconiae argitaletxeak plazaratu du Iztuetak prestatutako lana. Liburu horrekin Gutun-sorta saila abiatu du. Bertan, euskal idazle klasikoen gutun pertsonalak bilduko dituzte.
Imanol Ubedak Entzunen: «Iruditzen zait gaur egun behin eta berriro errepikatzen garela hitzetan. Musikalki oso lan interesgarriak daude, baina, niretzat kantu bat ez da musika bakarrik. Nahiz eta oso doinu politak izan, kantu askok ez dutela ezer esaten iruditzen zait».
Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendariaren hitzak jaso ditu Berriak: «Salmentak dira argitaletxe eta diskoetxeen kezka. Urte hasieran egin genuen bileran urduri zeuden, pasa den urtea ez zelako ona izan sektorearentzat. Eta azokak beheranzko joera hartuko zuen beldur ziren. Hala ere, beraiek ere ez daukate argi merkatua zein den. Hau da, beharbada, azken urteetako merkatua ez zen erreala, eta gaur egun dagoena da euskalgintzak eta liburugintzak duten benetako merkatua».
Asier Uriagerekak Deian esanak: «Dantzaria uneoro ari da bere buruaren aurka borrokan, fisikoki eta emozionalki. Etengabe hazten joatea eskatzen du. Gainera, publikoarekin komunikatzen eta hura emozionatzen jakin behar da».