Nere Lujanbio
Urtarrilak 14ra arte zabalik da Gasteizko Artiumen Europan gutxitan ikusteko aukera izan den emakume honen atzera begirako erakusketa. Museora iristean, leihatilako langileak adeitsu argituko digu erakusketa non kokatua dagoen, eta hobe du bisitariak adi egon, argibiderik izan ezean ez baita erraza topatzen. Dena den, eskaileratan behera eta gora ibili ostean, ekialde beheko aretora iristea lortzen badugu, aurrean izango dugu: Hannah Wilke. Exchange Values, inor ere epel utziko ez duen erakusketa.
Gazte eta errebelde
Erakusketa hobeto ulertzeko, lehenengo zatia batik bat, garrantzitsua da testuinguru historikoa kontuan izatea. 70eko hamarkadan aipatu artista feministek arte munduan nolabaiteko iraultza eragin zuten, gizonezkoengandik bereiziko zituen artea, materialak, gaiak eta espresio bideak jorratuz. Berezitasun horiek azpimarratuaz errespetatuak, onartuak eta baloratuak izatea zen beraien nahia.
Hannah Wilke izan zen, hain zuzen, alua ikono artistiko eta aldarrikapen bihurtzen lehena. Bere ibilbide artistikoan zehar etengabe egin zituen alu formako eskulturak denetariko materialak erabiliz, batzuk tradizionalak, zeramika kasu, eta beste batzuk berritzaileagoak, txiklea edo latexa, esaterako. Erakusketa osoan zehar ikusiko ditugu mota honetako eskulturak, kolore eta tamaina guzietakoak.
Aluaren irudia eta bere konnotazio sozialak Wilkeren proiektuen oinarri izan ziren. S.O.S Starification Object Series izeneko argazki seriean, bere gorputz biluzia modelo baten gisan aurkezten du, gorputz guztia txiklez egindako alu formako eskultura txikiz betea duela. Emakume izate soilak berekin dakarren gorputz guztiaren sexualizazioa eta, zauri txikiak diruditen piezatxo horien bidez, egoera horrek sor dezakeen mina salatu zituen honela.
Hannah Wilke emakume gazte ederra zen. Artelan gehienetan bere gorputz biluzia erabiltzen zuen tradizionalki emakumearekin lotu izan diren jarrerak irudikatuz (glamourra, sexurako prestutasuna eta abar), justu hori bera salatzeko. Honek etsaitasunak ere sortu zizkion artista feministen artean, zenbaitzuk ez baitzuten begi onez ikusten bere sedukziorako edo probokazio sexualerako jarrera hori, exhibizionistatzat jotzen zuten: «Feminista izateko ederregia», zioten. So Help me Hannah izeneko instalazioan, besteak beste, Wilkek bere kontrako jarrera hau salatu zuen, edertasuna ezkortzat jotzea, pertsonak etiketatzeko beste modu bat baino ez zela argudiatuz.
Gaixotasuna mugarri
Erakusketa bi zati erabat ezberdinetan banatua dago. Lehenengoak gaztetasuna, freskotasuna eta errebeldia baditu oinarri, bisitariaren sentipenak erabat aldatzen dira bigarren zati honetan. Wilkeren ama minbiziz gaixotu zenean, alabak zaindu bitartean argazkiak ateratzeari ekin zion. Egoera hau mugarri suertatu zen bere ibilbidean. Une honetan hasi, eta bera ere 1993an minbiziak jota hil zen arte, gorputzaren gainbehera, bizitzaren hauskortasuna, gaixotasuna, sufrimendua edota heriotza bilakatu ziren bere lanetan protagonista. Hala ere, alu formako eskulturak egiten jarraitu zuen, eta emakumea eta bere gorputz biluzia izan ziren artelanetan nagusi hasieratik bukaeraraino. Bizitzak berak bultzaturik ordea, bere sorkuntzak ere pauso bat aurrera eman zuen, inoiz baino argiago erakutsiz Hannah Wilkeren kasuan bizitza, gorputza eta artea, hiruak bat zirela.
Bigarren zati honetako lanik gehienak tamaina handiko argazkiak dira. Arte munduan oso gutxitan landu izan den gai bat, minbizia, modurik zuzen eta gordinenean agertzen diguten erretratuak, hain zuzen. Orain jada ez dugu testuinguru historikoaren laguntza behar parean duguna ulertzeko, ikusiko duguna unibertsala da, ulertzeko eta sentitzeko ez garairik, ez lekurik behar ez duena.
Gaixorik egon zen artean Wilkek ia modu konpultsiboan jardun zuen lanean, bere egoera eta bizipenak jasoko zituzten argazki eta bideoak eginez. Erakusketan garai honetako tamaina handiko zenbait argazki daude, Intra-Venus seriekoak. Zenbait lanek arte historiari erreferentzia egiten diote, badira argazki ironikoak eta baita gaixotasunaren ondorioak eta heriotzaren hurbiltasuna modu benetan gordinean azaltzen dutenak ere.
Azken zati honekin erakusketa osoak beste zentzu bat hartzen du, artea eta bizitzarekiko lotura mugaraino eramateak ibilbide artistiko osoari koherentzia izugarria ematen baitio. Hein batean, azken argazki latz hauen bidez, gaztetan axalkeria eta fribolitatea leporatzen ziotenen argudioak hankaz gora jartzen ditu, gainbehera doan gorputz gaixo, gizen eta mindua gazte eta lerden zenean bezain harro eta duin erakutsiz.
Ezin esan ikusteko atsegina denik. Gogorra da, une batzuetan, baita ikuslea deseroso sentiarazteraino gogorra ere. Ez gaude ohituta gaixotasunari hain gertutik eta hain zuzen begiratzen, eta ez da erraza. Hobe ezkutatu eta norberak bere etxean sufritu, hala tokatu ezkero -esanguratsua da museoak ere erakusketari buruzko liburuxka eta karteletan azken argazki hauek jarri ez izana-. Wilkek egindakoa, gaixotasuna eta heriotza artelan gisa aurkeztu eta publikoari zabaltzea, beti eder eta gazte behar duen gizarte honekiko kritika latza da.
Topikoa dirudien arren, arteak batzuetan bizitza ulertzen, edo gutxienez, eramangarriagoa egiten laguntzen digu. Hannah Wilkeren kasuan, baita minari eta heriotzari aurre egiten ere.
Saioa Labaka
Azken boladan ugaritu egin da atzerriko literaturaren itzulpengintza. EIZIE Euskal Itzultzaile eta Interpretarien Elkarteak bideratzen duen Literatura Unibertsala bildumak eman dio bultzadarik esanguratsuena. 1989az geroztik EIZIEk Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin eta unean uneko argitaletxeekin sinatutako lankidetza hitzarmenen uzta dira gaur egun euskaraturiko klasiko gehientsuenak. Bestalde, hainbat argitaletxek atzerriko itzulpengintzan egin duten lana ere aipatzekoa da. Esaterako, hor dago Igela argitaletxea; 15 urtetik gora daramatza urtero literatur itzulpenak kaleratzen. Ibaizabalek, Ereinek, Pamielak, Txalapartak ere... eskaini dute itzulitako obrarik.
Literatura Unibertsala egitasmoaren lehen aro horretan literatura unibertsaleko ehun obra euskaratzea erabaki zen. Hori guztia egin ahal izateko, ezinbestekoa izan zen Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza eta EIZIEk tituluen zerrenda aukeratzen, itzulpenak adjudikatzen eta itzultzaileak kontratatzen egin zuen lana. Ibaizabal argitaletxearen esku gelditu zen liburuok argitaratzea. "Zailena egina dago abian jarri genuen plangintza sistematikoarekin. Lehen liburua itzultzea izan zen pausorik zailena, eta egin genuen", adierazi digu Juan Garzia itzultzaile eta EIZIEko kideak.
Hurrengo 50 itzulpenak
Ehun aleak argitaratu ondoren, hurrenez hurren EIZIE, Elkar eta Alberdaniako ordezkari Juan Garzia, Xabier Mendiguren Elizegi eta Inazio Mugika Iraola itzultzaile eta literatur adituak aritu dira aukeratzen itzuli beharreko hurrengo 50 liburuen zerrenda. Bildumako liburuak hautatzeko garaian, munduko literaturan aitormen handiko obrak izatea eta aurrez gaztelaniaz argitaratu gabeak izatea aintzat hartzen dute literatur adituek. Azken zerrenda hau osatzerakoan, hasierako zerrenda nagusi hartako hutsuneak bete nahian, kultura txikiei tarte handiagoa eskaintzen saiatu dira. Oro har, narratiba izan ohi da gehien itzultzen den generoa; antzerkia eta poesia antologiak ere itzultzen dira noizbehinka.
Orain arte 119 liburu argitaratu dira guztira Literatura Unibertsala bilduman, eta oraingoan Elkarlanean eta Alberdania etxeen esku geratu da liburuok kaleratzeko ardura. Laster argitaratuko diren liburuak eta itzultzen ari direnak aintzat hartuta, 14 obra falta dira 150 liburuetara iristeko. Gutxi barru argitaratuko diren liburuak honakoak dira: Kafkaren Antologia (Naroa Zubillagak itzulia), Nagib Mahfuzen Mirariaren kalezuloa (Patxi Zubizarreta), Yasunari Kawabataren Lokartu ederren etxea (Ibon Uribarri), Antonio Tabucchiren Garrantzirik gabeko oker ttikiak/Porto Pimeko dama (Fernando Rey), Vasco Pratpliniren Maitale koitaduen kronikak (Koldo Biguri) eta Isaak Babelen Zalditeria gorria (Olga Martinez de Marigorta).
Nola aukeratzen da itzultzailea?
Literatura Unibertsalako bildumako itzulpenak urtean behin antolatzen den lehiaketa publikoaren bidez banatzen dira. Itzultzaileek obraren hasierako hamar orriko lagina aurkeztu behar dute, eta ondoren itzulpen proiektu horiek EIZIEko, Jaurlaritzako eta argitaletxeko ordezkari banak osaturiko epaimahaiak aztertuko ditu. Aurtengo deialdian 18 liburuko zerrenda aurkeztu da lehiaketarako eta bost izan dira eman diren lanak: Gesualdo Bufalinoren Le menzogne della notte (Josu Zabaleta), Chinua Acheberen Things fall apart (Alberto Martinez de Cuadra), Nathaniel Hawthorneren Wakefiel (Koro Navarro), Sholokhoven Don-eko ipuinak (Olga Martinez de Marigorta eta Roberto Serrano) eta Ernesto Sabatoren El túnel (Mikel Garmendia).
Hautatutako itzultzaileak eta EIZIEk itzulpen kontratua sinatu dute obra osoa euskaratzeko, eta bilduma honetarako koedizioan ari diren Elkarlanean eta Alberdania argitaletxeek daukate itzulpen horiek argitaratzeko ardura. Hemendik aurrera itzultzaile bakoitzak bere lan prozesuari ekingo dio.
Pilar Iparragirre
Zuen lan honen arrazoi nagusia?
Emakume guztien, lesbianen, homosexualen, bisexualen eta transgenerikoen giza eskubideak sakon aztertzen ikastea. Gehiegikeriak saihesteko eta giza eskubideak bermatzeko ohitura eduki ahal izan dezagun. Oraindik ere emakumeak eta gutxiengo sexualak hil, torturatu, eta horixe besterik ez direlako atxilotzen direlako. Hori gerta ez dadin, eta horrek guztiak dakarren beldurrari eta isiltasunari aurre egiteko egina dago lan hau. Bide batez, guztion giza eskubideak errespetatuko dituzten eskolak ere sor genitzake.
Zer gertatzen da egungo eskoletan, bada?
Ironikoa bada ere, sarritan, eskolan errespetatzen dira gutxien gutxiengo sexualen eskubideak. Gainera, askotan, eskola curriculumak ez du kontuan hartzen genero edo sexu joera, informazio hori idazle zehatz baten lana ulertzeko ezinbestekoa denean ere. Adibide gehiago nahi? Irakasle gutxik eskatzen diete ikasleei gutxiengo sexualak kontuan hartzeko eskubide zibilen eta giza eskubideen testuinguruan. Eta, gehienetan, emakumezkoak ez dira historiako liburuetan agertzen.
Eta gizartean, nolakoa da egoera?
Emakumeak oro har, lesbianak, homosexualak, bisexualak eta transgenerikoak zenbait eskubide irabazten ari badira ere, legeak huts egiten du maiz giza eskubideak urra ez diezaizkieten beharrezko babesa ematerakoan. Jasan duten indarkeria salatzeko orduan beldur direlako, beren kexak kontuan hartuko ez dituztenaren beldur, eta babestu behar lituzketen agintariengan konfiantzarik ez dutelako.
-----------------------------------------------------------------------------
Sexismoaren nondik norakoak
Txubillo Taldea
Gaiak
270 orrialde
19 euro
Sexu bazterketaren eta homofobiaren kontra
Askok uste dugu ez garela sexistak, eta estereotipoek ez dutela eraginik gure jokabidean, baina, zer erantzungo genuke, adibidez, noiz eta nola erabaki genuen heterosexualak izatea galdetuko baligute? Bada, bat sexista den ala ez, egia ote den jakiteko oso ondo etorriko zaio edonori Eduardo Arrayetek eta Alizia Stürtzek osatu duten Txubillo Taldeak plazaratutako Sexismoaren nondik norakoak liburua. Sexuaren gaineko mitoen eta egia biribilen zerrenda eskaintzen duen lan hau bereziki ikasleei zuzendua badago ere, edozeini interesa lekioke. Berdintasuna, aurreiritziak, sexu bazterketa, matxismoa, bortxaketa, sexu-trafikoa, desira lesbikoak eta homosexualak, indarkeria fisikoa zein psikologikoa, xantaia emozionala, eta sexismoa eta mundializazioa bezalako hamaika gai aztertu dira bertan. Sexismoaren nondik norakoak edozein sexu bazterketaren eta homofobiaren aurka eta gizaki guztien giza eskubideen alde egin nahi duen lana delako. Lesbianismoa eta homosexualitatearen historia agertzerakoan, hainbat pertsona homosexual edo bisexual ospetsuren biografia gehitu diote: Alejandro Handia, Safo Lesboskoa, Leonardo da Vinci, eta Virginia Woolfena, esate baterako.