Malores Etxeberria / Onintza Irureta
Gaztea izan eta euskara ahoan izeneko jardunaldietako parte hartzaileak bizkaitarrak izan ziren nagusiki, gazte zerbitzu eta euskara zerbitzuetako teknikariak, besteak beste, eta arduradunak alderdi teorikoa lantzen baino gehiago saiatu ziren balio praktikoa duten esperientzien berri ematen.
Aurkezpena egin zuen arduradun politikoak datu esanguratsuak eman zizkigun. Leioa ondoko herri bateko ikastolan, guraso gehienak erdaldunak edo mistoak dituen ikastola batean, %3,1ekoa da klasetik kanpoko euskararen erabilera.
Egoerak gordinagoak edo goxoagoak izango dira inguruaren arabera, baina oro har gazteek ez omen dute adiskidetasun handirik euskararekin, gazteek desertatu egin omen dute euskaratik eta, zantzu batzuk baditugu ere, ez dakigu zergatik, eta ez dakigu nola egin egoera hori itzularazteko.
Hainbat esperientzia eta esperimentu aurkeztu ziren jardunaldietan, esku hartze zuzenekoak batzuk, nagusiki hezitzaileen bidez bideratuak, eta, beraz, gaztetxoen arlora mugatuak bereziki. Jarrera aldaketa kontzienteak eragiteko metodo baten aurkezpena ere ikusi ahal izan genuen. Edozein aldaketa egiteko, kasu honetan hizkuntzazkoa, jarrera aldaketa bat eragin behar dela du oinarrian metodo horren atzean dagoen ikusmoldeak. Eta jarrera aldaketa hori nola egin daitekeen azaldu du aditu batek, talde txikitan antolatuta eta teknikari baten ardurapean.
Kataluniatik etorritakoek, berriz, zeharkako esku hartzearen berri eman digute,
Dóna Corda al Catalą (eman kuerda katalanari, eragin katalanari...) izeneko kanpaina erraldoi batena. Bigarren urtez jarraian jarri dute martxan Generalitateko Hizkuntza Politikarako Idazkaritzatik, eta bigarrengoan gazteei zuzenduta bereziki. Sentsibilizazio eta motibazio kanpaina da, katalana modernotasunarekin, gaztetasunarekin, martxarekin lotuz eta gazteen arteko erabilera informalean eragin nahi du. Katalunian 15-29 urte bitartekoen ia %100ak daki katalanez hitz egiten eta ohituraz erabiltzen dutenak ez dira %50era iristen.
Gure gazteen erdiek ez dakite euskaraz, eta dakitenek ere ez dakigu zein mailatan dakiten eta zer nolako erraztasuna duten euskaraz aritzeko. Kataluniako datuek zer pentsatua ematen dute eta gure helburuak, lehentasunak eta bitartekoak aztertzeko bidea ere bai.
Laboratorioko lau arratoiak
Xabier Payak hala definitu zuen bere burua, eta baita ondoko hiru hizlariak ere, gazte hizkeraren erabileraz hitz egiteko mahaira igo zirenean. Arratoiak ez ziren kikildu teknikari, irakasle eta hezitzaileen aurrean eta bizi zutena eta uste zutena kontatu ziguten. Mikroskopiotik adi-adi begira (Payaren metafora, noski) egon zirenek gazteei erantzuteko gogo bizia erakutsi zuten, nahiz eta denbora arazoengatik, iritzi trukaketa onenean utzi behar. Bazterrak astintzen aritu zirenak hauek izan ziren: Egoitz Unamuno (27 urteko soraluzetarra), Eneko Gorri (23 urteko biarriztarra), Aitziber Kanpion barańaindarra eta Xabier Paya (24 urteko algortarra).
Mantxutek, Mihiluzek balio digute?
Eta hori baino gehiago zioen moderatzaile eta hizlari lanak egin zituen Payak: «Gazte izateko liburua irakurri behar dugu? Egunero
Mihiluze ikusita 40 hitz ikasi behar ditugu? Esapideak sortu bai, baina sormena besteena, ez gurea». Kanpion ados zen Payarekin, barańaindarrak
hijo puta esaterik baldin badu ez du behar ezertarako potroximel hitza. Asisko Urmeneta, Kike Amonarriz... ez dira Kanpionen eredu. Unamuno soraluzetarrak galdera hau bota zuen: «Iraindu eta min egiteko erdarak balio badit zergatik egin euskaraz?».
Didaktikeria
Hitz hori bota zuen Payak euskara teknikari «maitagarri»ek gazteen hizkera bultzatzeko sortutako ekimenak definitzeko. Hau da, aktibitate guztiek ikasteko balio dute, helburua beti da euskara. Payak, bideojoko zale amorratuak, pilota kontuak erakutsiko dizkion bideojokoa baino, odola agertuko den, jendea hilko den jokoak aldarrikatu zituen, alegia, beste hizkuntzetako jokoen tankerakoak. Eneko Gorrik izan du eskuetan SMSak bidaltzeko adibideak dituen libururen bat. Ez berak ez lagunek, ez dute erabili, baina sortu bai, beraien artean komunikatzeko SMS bidezko idazkera asmatu dute. Egoitz Unamuno soraluzetarrak bi munduen arteko harremana sendotzea proposatu zuen, alegia, euskara teknikariak eta gazte mugimenduak gerturatzea.
Mikroskopiotik begira egon zirenen txanda gero. SMSen adibidea hartuz, entzule batek esan zien gazteei, esate baterako, SMSen liburuen helburua ez dela esapide horiek irakastea, gazte hizkera sortzea posible dela adieraztea baizik. Beste entzule batek ere ildo beretik: gazte hizkera ereduak ematea baino euskaraz ligatu, haserretu daitekeela adieraztea da helburua... Onenean moztu zen esperientzia trukaketa, astirik ez zelako. Hurrengo batean mikroskopiotik begira egon zirenen eta laboratorioko arratoien arteko gogoetak izango al ditugu?
Mikel Asurmendi
"2004tik politika zeharo aldatu da. Aznarrek autonomia erkidegoekin politika egiteari uko egin zion. Zapaterok aldiz, politikaren aterkia zabaldu du eta nazionalistak eta ez nazionalistak sartzen gara bertan. Eta hobe PP sartuko balitz ere! Euskaldunok aurpegira begiratzeko aukera bat eman behar diogu elkarri denboraldi batez. Bizi dugun drama ikaragarria gainditu behar dugu, bakea lortu, eta gero bakoitzak nahi duena defenda dezala, baina demokrazian", esan digu Arabako Diputaziorako hautagai sozialistak.
Kataluniako hausteskundeak iragan dira. Nola atera dira hauetatik PSC, Zapatero eta Alderdi Sozialista oro har?
Emaitzak ez dira sozialistek espero genituenak, baina ez ditzagun gauzak muturrera eramanda interpretatu. Zapaterok emaitzak kontuan hartu ditu, ziur, berealdiko eragina dutelako alderdian. Alegia, Zapatero kezkatuta dago, ni nagoen bezalatsu. Gizarte sektore batek dei moduko bat egin dio Montillari, eta oro har Alderdi Sozialistari. Zigorra jaso dugu, baina bigarren indarra gara. PSC alderdi aitzindaria da Katalunian eta bertako politika lideratuko du legealdi honetan, gobernuan izango da eta Jose Montilla presidente ziur asko ere.
Euskal Herrira etorriz. Zertan dago bake prozesua: blokeatuta, geldituta...?
Patxi Lopezek esan bezala «prozesua geldituta dago». Bake prozesua geldirik dago biolentzia mota oro gelditu ez delako, horretarako konpromisoak hartu zituztenek ez dituztelako bete. ETAk bere kautan hartu zuen konpromisoa ez du bete. Halaber, ezker abertzaleak bere burua legalizatzeko konpromisoa hartu zuen, bere buruzagiek horrela adierazi zuten: Ińigo Iruinek esandakoa hemerotekan begiratzea besterik ez dago, alderdi berriaren estatutuak prest zeuzkatela elkarte erregistroan aurkezteko esan zuen. Baina ez dute egin. Alabaina, Arnaldo Otegik Radio Euskadin gaur [azaroak 3] egin dituen adierazpenekin norabide hau aldatu nahian ari direla dirudi...
PSEk Arnaldo Otegiren adierazpenak ontzat hartu ohi ditu edo Batasuneko beste liderren adierazpenen aldean bereak hobesten dituela ematen du.
Dirudienez, rol banaketa egina dute ezker abertzalean. Pernando Barrena edo Joseba Permach modu oso erradikalean mintzatu ohi dira, eskaera zorrotzak egiten dituzte, oso errebindikagarriak. Otegik berriz zuhurtasuna eta baikortasuna helarazi ohi ditu, aukerak aprobetxatu behar direla azpimarratuz. Baina ez dezagun gure burua engaina, alderdi bakoitzak ekipoan jokatzen du, finean, batek eta besteak dioena batu eta osotasunean aztertu behar da. Finean eta funtsean ez dute biolentzia gaitzesten eta ez dute ere legalizatzeko urratsik eman.
Otegik zerbait berria adierazi al du Batasunaren legalizazioari dagokionez?
Otegik dioenez, legalizazioa akats bat izan liteke, baldin eta justiziak beren eskaera atzera botako balu, arazoa are handiagoa bihurtu litekeelako. Otegik beste semantika bat darabil, Batasunaren jarrera eta egoera leuntzeko ńabardurak erabiltzen ditu. Alegia, ez da berdin Otegik «Batasuna legalizatzeko alderdi politikoen legea bertan behera utzi behar da» esatea edo «legalizatzen bagara ez gaitezela berriz ere legez kanpo utzi» esatea.
Konpromisoak direla eta ez direla, sozialistek ere ez dituzuela konpromisoak bete dio Batasunak.
Nahi adina espekulatu dezakegu ezkutuan -omen eta uste- denari buruz. Baina hemen denon begi-bistan dagoena -edo zegoena- hauxe da: ETAren su-etena. Zapaterok ETArekin elkarrizketa hasteko egoera egiaztatu behar zuela esan zuen publikoki, eta paraleloki, demokraziaren arauen barnean, ezker abertzalea legalizatzeko alderdien arteko elkarrizketa eskaini zuen. Ez dago besterik.
Kontua -ustez edo omen- alderdien mahaia osatzea da, nola osatu da koska, antza.
Bai, baina alderdien mahaia osatzeko alderdiek demokratikoak izan behar dute.
Hori al da korapilo gordiarra edo bestelakorik al dago?
Korapilo gordiarra da alderdien legea onartzea, lege horrek ez dio inori bere ideiak defendatzea galarazten. ERCk independentzia defendatzen du eta Kataluniako Gobernuan egon da. Oso erraza da ulertzen, alderdi politikoek demokrazian aritu behar dute eta delitua kondenatu. Batasunak politikan aritu nahi duela dio orain, bikain, hori da apustua eta helburua uneon, horretarako ari gara lanean, baina ageri denez, ezker abertzaleak bere helburuak lortzeko besteok ez ditugun bermeak eskatzen ditu.
Hala nola...
Batasunak alderdi nazionalista batek eska dezakeen independentzia eskatzen du, baina aldarrikapen hori ez dugu besteok zertan onartu behar.
Autodeterminazioaren eskubidea da korapilo gordiarra beraz.
Debate hori faltsua da. Autodeterminazio eskubidea, gure kasuan, nazionalistek autodeterminatzeko nahi duten eskubidea da. Baina gure egoera ez da herri kolonizatu edota inbaditu batena. Autodeterminazio eskubidea kasu horietan, nazioarteko zuzenbideak zehazten duenez, ezberdina da. Nazionalistek Totum revolutum bat egiten dute ordea, eta beren interpretazioaren arabera erabiltzen dute. Hemen erabakitzeko eskubidea demokraziaren markoan lantzen dugu egunero.
Bake prozesuan kontsultak leku izan lezake orduan.
Hara, niri paella gustatzen zait, baina ganba, oilaskoa eta piperra bakoitza bere tokian gustatzen zaizkit, eta ez dena nahas-mahasean. Hau da, kontsulta edota euskal erabakitzeko esparru delako nahas-mahas hori kultura nazionalistak asmatua da. Hemen araua Konstituzioa da, araua ez dena eta anormala dena terrorismoa da.
Baina antza, demokraziarako trantsizioan lortu ez zen normaltasuna gauzatu nahian ari zarete orain alderdiak.
Ea bada, espainiarren gehiengoaren arabera trantsizioa demokrazian bizitzeko gauzatu zen. 1977an amnistia izan zen berriro hutsetik hasteko. Terrorismoan aritu ziren batzuk demokraziari lotu zitzaizkion, beste batzuek hiltzen segitu zuten. Guk hori bukatzea nahi dugu, eta bukatutakoan, bakoitzak bere xedeak politikoki defendatzeko aukera izatea.
Arabako diputatu nagusia izateko hautagaia zara. Nola aurreikusten duzu kargura heltzeko bidea?
Araba lurralde dibertsoa izaki, aniztasunaren errespetuan eraiki behar dugu elkarbizitza eta jarduera politikoa. Bi joera arriskutsu daude ordea. Batetik, PPk bultzatzen duena; arabarron pentsamendua uniformatu nahi duena, euskaltasunaren aurkako gurutzada muntatzeko prest legoke PP. Bestetik, EAJren edota euskal nazionalismoaren nahia dago: Araba nazionalistagoa bihurtzea, alegia. Arabak ez du ez bata ez bestearen joera nagusitzea nahi, ezta sozialistarena ere esklusiboki. Gobernatzeko modu berria behar dugu, ideologia bakoitza bere tokian izanda, denon arteko elkarlana sustatuko duen gobernua. Erabaki politiko bakoitzaren arabera eroso edo deseroso senti gaitezke, baina ezin dena da batek bestea gogoz kontra bere posizio politiko, kultural eta ekonomikoetara eraman nahi izatea. Alderdi Sozialista da egun malgutasuna eskaini dezakeena, gobernatu dezaketen beste bi alderdiek, PPk eta EAJk, ez dute jarrera hori lantzen.
Politika konkretuetan nola dago Araba?
Foru Aldundiko Gobernuaren jardueratik begiratuta, garapen sozial, kultural eta ekonomikoari dagokionean Araba EAEn atzeratuta dago. Eusko Jaurlaritzak Aldundiko PPren Gobernua arerio gisa hartu baitu eta alderdikeriaz jokatu. Egia da, PPk ez du deus erraztu, denen aurka dago, elkarrizketa zailtzen du, baina honek ez du traba izan behar Jaurlaritzak udal arabarrak hobeto finantzatzeko, larrialdi sozialean baliabide gehiago erabiltzeko, besteak beste. Esaterako, Gasteiz-Eibar autobidea egiteko zorretan sartu gara arabarrok, Jaurlaritza finantzako banku kontu korrontetan denon diruari etekina ateratzen ari zaion bitartean.
PSEk Eusko Legebiltzarreko aurrekontuak babestu zituen iaz, EAJk Espainiako Kongresukoak babestu ditu aurten.
EAJk Estatuko aurrekontu orokorrak sostengatzen ditu bereziki bi gauza lortu dituelako: inbertsioa sustatzeko partida bat eta ekimen politikoak finantzatzeko kupoaren konpentsazioa. EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioek osagai politikoak izaten dituzte, baita ekonomikoak ere.
PSEk berriz, EAEko aurrekontuetan zer egingo ote du?
Gauza bera ziur aski. Aurrekontu partida asko sostengatuko ditu, baina gure programaren jitearekin.