Joxe Iriarte 'Bikila'
Parrandatik zetorrela, norbaitek, «Zer moduz Hernanin?» galdetu eta izenburukoa erantzun omen zion Amezketako Fernandok. Aspaldiko erantzun horren karira eta Xabier Mendiguren Elizegiren Atun trontzo baten aurrean iritzi artikuluan azalduriko bi iritzien inguruan arituko naiz.
Lehena: «Hemen (Euskal Herrian) badaukazue oraindik (...) erresistentziarako indarra (...) eta gainera ez zentzu agoniko triste batekin, bizipozez beterik, baizik ", diosku aleman ezkertiar batek. Egia da, badugula -segun eta nolako- erresistentziarako indarra, eta baita zenbait borrokari bizipoza dariola; alabaina, nazio arazoari dagokionez, bizipozez beterik baino agoniaz kutsaturik ikusten dut nik. Izan ere, 60ko hamarkadako Pizkundean esaten zen: euskarak, hau eta hau ez ba du lortzen, jai du. Euskal Herriak independentzia lortzen ez badu bereak egin du. Herri agoniak bizi gintuen. Eta gauzak dezente aldatu diren arren, sentimendu agoniko hori ez da guztiz desagertu. Are, nola ulertu bestela borroka armatuaren iraupena?
Beste kupeleko kontua da eguneroko bizitzan nola islatzen den. Gurean jende asko, euskaltzalea eta ezkerrekoa ere, oso ondo bizi da -eta hein handi batean Hirugarren Munduaren kontura-. Agonia nazionala eta bizitza erosoa ez da psikologikoki ondo uztartzen. Hortik gure kontraesanak. Nire lagun zahar batek dioen bezala: «komo dios bizi den hiltzear dagoen herri batekoak ote gara?»
Dena den, bizipozez beterik ala triste agoniko izan, ze arraio! Manifestazioaren bezperetan sagardotegira joateak, eta kultur jardunaldi aspergarrien ondoren atuna eta txakolina jan-edateak, gure kontraesanekin bizitzen laguntzen digute.
Bigarrena: batzuentzako «Iraultzaren azken zuzia omen» gara, bestentzako, berriz, «burges koskorrak, are, ezkerrekok ikusezinak bihurtu omen gara». «Non daude ezkertiarrak?» galdetzen zuen Pako Aristik abuztuko oporren erdian.
Nire uste apalean, gurean Europako gainontzeko herrialdetan bezala ezker diferenteak daude, bakoitza bere afanean. Hor dago ezker instituzionalista, bere aldarrietan erreformatzailea eta praktikan sistemaren kudeatzaile hutsa bihurtu dena; eta hor dago ezker erradikala, abertzalea, alternatiboa, edo dena delakoa, bere aldarrietan iraultzailea eta praktikan erresistentzia borroketara mugatuta edo erreformak lortzeko saioetan murgilduta. Hauentzat zaila, harago joatea.
«Iraultza inoiz egin ez den toki batean, -1936ko iraultza sozialak porrot egin zuen militarren eraso azpian, eta 1977ko haustura demokratikoa hondora joan zen erreformaren itsasoan- eta iraultzaile ez den egoera batean, nola izan iraultzaile?» galdetzen nuen Satorra lagun zahar horri! liburuxkan, eta galderari ezin erantzun jarraitzen dut. Norbaitek baleki erantzun diezadala, arren.
Arantza Urkaregi
Berriro ere Bilboko alkate gaia. Aho batez izendatu omen zuen Bizkaiko Buru Batzarrak, nahiz eta EAJren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren arabera, hiriburuetako alkateek euskaldunak izan behar. Erabaki honek agerian uzten du EAJk gure hizkuntzaren normalizazioari ematen dion garrantzia.
Dena dela ez nau harritu Azkunaren izendapenak, berak oso ondo ordezkatzen baitu, alde batetik, EAJren politika neoliberala, eta bestetik, EAJk gauza guztien gainetik botereari eusteko duen helburua.
Bilboko udal hauteskundeetan nor da bigarren indarra? PP. Eta argi dago Azkunaren izendapenak eskuineko bozka horiek erakartzea duela xede. Zein diferentzia dago Ińaki Azkuna eta Antonio Basagoitiren artean? Bi alderdi politiko ezberdinen kideak izan arren, bultzatzen duten udal politikan ez dago alderik. Izatez, Basagoitik berak aitortu du Azkuna «EAJk izenda lezakeen alkate gairik hoberena»dela.
Bere agintean zehar, Azkunak duen eskuineko ideologia oso argi utzi du. Guztiok gogoratuko dugu nola, kaleko liskar batzuk gertatu ondoren, «edozein pertsona susmagarri identifikatu, arakatu eta labanen bat eramatekotan...» agindu zien udaltzainei, guztiok susmagarri bihurtuz. Edo edukiontzi batean lotan zegoen gazte bat hilik agertu zenean, gertakaria deitoratu ordez, esan zuena: «gaizkilea izango zen... bestela udal aterpera joango baitzen lo egitera». Paperik gabeko etorkina zen.
Eskuinekoa eta antieuskalduna. Nola definitu ba txikitan giro euskaldun batean bizi eta euskaraz bi hitz jarraian baino gehiago esateko gai ez den Bilboko alkate erdalduna?
Eta zer esan Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoari buruz Azkunak agerturiko jarreraz? Senideak elkarteak De Juana preso politikoaren gose-grebak 53. eguna betetzen zuenean, bere egoera salatu zuen Udalbatzan. Kideak kanporatuak ziren bitartean, «gero eta adintsuagoak bidaltzen dituzte antzerkia egitera» esan zuen Azkunak. Milaka kilometro egin behar dituzte adineko pertsona horiek preso dauden bere seme-alabak ikusteko. Baina Azkunari bost axola zaio biktima hauen samina.
Bere udal politika ikusita argi dago eskuindarrentzako alkate gairik hoberena Azkuna dela; eta dirudienez, baita EAJrekin batera Bilbo gobernatzen duten EA eta Ezker Batuarentzat, pozik hartu baitute izendapena. Pozik omen daude Azkunak eta EAJk bultzatzen duten Bilboko ereduarekin. Ezkertiar eta abertzaleak garenok, aldiz, bestelako Bilbo lortzeko lanean ari gara eta horrexegatik ez dugu Azkuna alkate gai egokitzat hartzen.