36ko Gerra (Azaroko kronika): Euskal Unibertsitatea aspaldiko aldarria
Josu Chueca
1918. urteko irailean egindako biltzarraren bidez, Eusko Ikaskuntza jaio zen. Oñatin bildutakoek bi xede izan zituzten aurrez aurre: lehena, euskal ikasketen egoera ahalik eta hobekien ezagutzea. Bigarrena, aurrekoaren etorkizunarekin oso lotuta, Euskal Unibertsitatea sortzea eta garatzea. Hor bildutako euskaltzaleek, ikasleek eta irakasleek larria jo zuten Euskal Herriak unibertsitate alorrean zuen gabezia. Izan ere, biltzar horren Oñatiko egoitza itxi ostean, euskal lurraldeetan ez zegoen goi mailako hezkuntzaz arituko zen erakunde publikorik. Gipuzkoak eta Bizkaiak industrializazio indartsuaren ondorioz bizi zuten hazkunde ekonomikoa kontuan hartuta, hutsune hori askoz nabarmenagoa zen. Hala, hurrengo urteetan Eusko Ikaskuntzak egindako biltzar nagusietan, zuzenean edo zeharka, goi mailako ikasketez arduratuko zen unibertsitate bat sortzearen gaia jorratu zuten. Gernikakoan, 1922ko irailean, gai horri heltzeaz gain, Alfontso XIII.a erregearen aurrean manifestatu ziren Euskal Unibertsitatea eskatzeko, Jesus Leizaola buru zutela. Baina erantzuna ohikoa bezain zakarra izan zuten agintarien aldetik: manifestazioa kolpeka desegiteaz gain, Leizaola eta Euzkadi egunkariko zuzendari zen Pantaleon Ruiz de Olano atxilotu eta txapelokerrez inguratuta, Bilbo aldera eraman zituzten. Hala ere, eskakizun horrekin bat eginez, hurrengo hilabeteetan, Espainia osoan zehar barreiaturik zeuden euskal ikasle askok, baita hemengo diputazioek ere, Gobernuari eskatu zioten goi mailako euskal ikastetxe hori martxan jartzeko. Primo de Riveraren aginpidean, kontrako erantzuna jaso zuten, inguruan «nahikoa unibertsitate» zeudelako. Gauzak ez ziren hobekiago bideratu II. Errepublikako bosturtekoan. Euskal ikasleek unibertsitatearen aldeko kanpainak eta ikerketak burutu zituzten, baina aurrerapen barik, auziak berdin jarraitu zuen. Itxaropenak eta etsipenak korapilatuta, Autonomia Estatutuak aurrera ez zuenez egin, hartatik sortuko zen goi mailako irakaskuntzak ere -unibertsitatean gorpuztuko zena- ez zuen aurrera egin. Azkenean, gerra hastear zegoenean, bata zein bestea gauzatzeke zeuden oraindik.
Gerra urte, amets urte
Ameskeriatzat joko zuten askok eta askok gerra garaian unibertsitatearen inguruko eztabaidari ekitea. Armak mintzo direnean, ez dagoelako leku handirik ez kulturarentzat ezta hezkuntzarentzat ere. Horrela zirudien hemengo gerran ere. Euskal Gobernuan bertan, hamaika kontseilaritzen artean ez zegoen Hezkuntzaz arduratuko zen sailbururik. Hala eta guztiz ere, Justizia eta Kultur arlotik etorri zen lehen ezusteko atsegina. Gernikan 14 urte lehenago euskal unibertsitatea eskatzeagatik jipoituriko Leizaolak berak sinatutako dekretuaren bitartez hain zuzen ere. Horri esker, Euskal Gobernua osatu ostean, urriaren 9an batzorde bat eratu zuten Eusko Irakastola Nagusia prestatzeko. Besteak beste, honakoak izan ziren unibertsitatearen funtsak prestatu zituztenak: Luis Bilbao, Juan Arrospide, Angel Apraiz eta Julia Fernandez Zabaleta. Beraiek eta beste sailkide batzuek -Cesareo Diaz Enparanzak, Julian Guimonek, Juan Viarrek...- azkar asko burutu zituzten egin beharreko lanak. Horien ondorioz, 1936ko azaroaren 18an, Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoan batzorde horrek erabakitakoari jarraituz, Euskal Unibertsitatea sortutzat jo zuen Jose Antonio Agirreren Gobernuak. Unibertsitatearen lehen fruitua, Bilbon, abenduaren 1ean abiatu zen: Medikuntza Fakultatea. Hurrengo egunetan, ikasleendako izen ematea irekitzeaz gain, hainbat batzordekide arduratu zen irakasleria osatzeaz. Hasierako ekitaldia burutu zutenean, Basurtoko egoitzan 100 ikasle inguru zeuden zerrendetan. Horietatik asko beste unibertsitatetan arituak ziren, baina laurden bat ikasle berriak. Sei mailatan banatuta, Medikuntzako ikasketa guztiak eskaintzen zituzten. Lehenengo mailako taldea zen handiena (25 ikasle), baina antzeko ikasle kopurua zuten hirugarren mailakoak (23 ikasle) eta laugarrenekoak (21). Emakumeen parte-hartzea, berriz, garai hartakoarekin alderatuta pixka bat altuagoa zen. Zazpi emakume -Concepcion Bosque, Elisabete Bilbao, M. Dolores Ceniga...- bederen aritu ziren fakultate berriko ikasgeletan. Ikasgelak, laborategiak eta gainontzeko gelak Basurtoko ospitalearen atal desberdinetan kokatu zituzten.
Bestalde, 22 irakasle onartu zituzten, beste hainbeste ikasgaiez arduratzeko. Ikasketa planak Espainiako Estatuko beste unibertsitateen eragin zuzena jaso zuen, azken berrikuntza mediku pedagogikoak barneratuz. Esate baterako, Bartzelonan ezarri berriak ziren Psikiatriari buruzko ikasgaiak iritsi ziren, Justo Garateren bultzadari esker. Irakasleen profila hauxe zen: Valladoliden, Madrilen, Bartzelonan, baita atzerriko hainbat unibertsitatetan ere ikasi ostean, Euskal Herriko ospitaletan sendagile ziharduen jendea. Gehienak sendagile aritu ziren Basurtoko ospitalean bertan. Dena den, bazen gutxiengo bat, gerraren ondorioz kanpotik etorritakoa. Batzuk aise nabarmendu ziren fakultate berriak aurrera egin zezan. Aipaturiko Garatek, ikasle garaietan, euskal unibertsitatearen bultzatzaile izateaz gain, ikasketa planak burutzeko tenorean oso ekarpen nabarmenak burutu zituen. Jose Zinkunegiren euskal sena, berriz, garrantzitsua izan zen medikuntza eta euskara uztartzeko orduan. Elebitasunari eusteko eta euskal hiztegi joskera medikuntzan indartzeko asmoz, laugarren mailan jarri zuten Euskara mediku ikasgaiaren irakasle izan zen berau. Eztabaidetan oihartzun handia izan zuen gai honek.
Unibertsitate berri eta denboran labur horrek bere baitan Erizaintza Eskola ere izan zuen. Hortxe ikasi zuten 1936-1937 ikasturtean 276 emakumek erizain izateko. Aitzitik, ez zuen aukerarik izan aurreikusita zeuden fakultate bereko jakintza arloak -hala nola Farmazia eta Odontologia- martxan jartzeko, ezta dekretu sortzaileak aipatzen zituen eta unibertsitatea bere osotasunera eramango zuten gainontzeko fakultateak ere. Sei hilabeteko jarduna izan zuen unibertsitateak eta ezin izan zuen gehiago eman. Ikasturtea amaitzear zegoela, frankistak bilbora heldu ziren eta horrek behin-betiko itxiera ekarri zuen.
Hurrengo urteetan, ikasleak erbestean eta Espainiako unibertsitateetan barreiatu ziren eta irakasle izandakoak, aldiz, irakaskuntzatik kanpo gelditu ziren erabat. Jakina, Estatuko beste lurraldeetan gertatu zen legez, hustutze zientifiko eta intelektual handia eman zen eta soil-soilik erbestera jo zuten batzuek izan zuten unibertsitate edo goi mailako ardura zientifikoetan aritzeko aukera. Euskal Herrian bertan galdu zena, milaka kilometrora beste herrialde eta unibertsitateek irabazi zuten. Izan ere, Luis Bilbaok, Santiago Ibarguenek, Ramon Rodríguez de la Matak eta Justo Garatek, esate baterako, Basurtoko ikasgeletan irakatsitakoa jarraitu zuten zabaltzen, Venezuelan, Mexikon edo Argentinan. Urte asko geroago, Francoren osteko trantsizioan, Euskal Herriko Unibertsitateak aldarrikaturiko Eman eta zabal ezazu leloa, Euskal Irakastola Nagusikoek ederki burutu zuten erbestean, baita 1936-1937 ikasturte berezi horretan ere.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.