Jon Torner
25 urte bete ditu Bilboko Txotxongilo jaialdiak
Azaroaren 10ean hasiko da Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren 25. edizioa. Hemeretzi taldek parte hartuko dute hilaren 19a arte luzatuko den jaialdian. Emanaldiak El Carmen, Bilborock eta Arriaga aretoetan izango dira, baina kaleko ikuskizunek ere izango dute tarterik. Jaialdiak irauten duen bitartean, adibidez, Bulubus izeneko autobusak Abandoibarra etorbidea eta Kale Nagusia zeharkatuko ditu. Gainean hainbat titiritero eramango ditu eta tartean behin emanaldi laburrak eskainiko dituzte. Egitaraua txotxongiloen inguruko erakusketek, hitzaldiek eta tailerrek osatuko dute. Halaber, hilaren 11n, Kukubiltxo taldeak jaialdiaren ibilbide oparoak protagonista izan dituen konpainiak omenduko ditu Arriaga antzokian. Emanaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da.
Euskal Zine eta Bideo Bilera
Lekeitioko XXIX. Euskal Zine eta Bideo Bileran 45 lan eskainiko dituzte orotara, azaroaren 13tik 18ra bitartean. Lehiaketaz kanpoko lanak erakutsiko dituzte lehenik, kultur etxeko Azkue aretoan, hilaren 13an eta 14an. Azaroaren 15etik aurrera berriz, lehiaketara aurkeztutako lanak proiektatuko dituzte Ikusgarri aretoan. Lehiaketan 90 minutu baino gutxiago irauten duten euskarazko filmek har dezakete parte. Jaialdiak izan ohi duen arrakasta dela-eta, aurten ere pantaila erraldoiak jarriko dituzte kalean, aretora sartu ezin diren ikusleek ere pelikulez gozatzeko aukera izan dezaten.
Bertsolaritzaz gogoeta
Bertsozale Elkarteko bazkideek bertsolaritzaren etorkizunaz eta Elkartearen funtzioez gogoeta egingo dute azaroaren 11n, 12an eta 18an, Zarauzko Igerain aterpetxean. Hiru egun horietan, bertsolaritzak dituen erronkak eta Elkarteak behar berriei erantzuteko eman beharreko pausoak izango dituzte hizpide besteak beste parte-hartzaileek. Hiru gai nagusiren inguruan arituko dira: bertsogintzaren desafioak; bertsolaritzaren transmisioaren desafioak; eta Bertsozale Elkartearen izaera, funtzioak eta antolaketa.
Florentziako eskolako obrak Baionan
XVII. eta XVIII. mendeetako hainbat pintore italiarrek egindako ehundik gora zirriborro eta apunte bildu dituzte Baionako Bonnat museoan. Parisko Louvre museoaren bildumako obrak dira, Florentziako eskolako artistek margotutakoak. Besteak beste Jacopo Ligozzi, Agostino Ciampelli eta Matteo Roselliren obrak topa daitezke 2007ko otsailaren 7a arte ikusgai izango den erakusketan.
Kultur iraultzak Gasteiz astinduko du
Azaroaren 10ean jarriko da abian Revolución Cultural talde gasteiztarrak prestatutako musika egitaraua. Kolektiboaren helburuak talde gazteak ezagutaraztea eta euren arteko harremana sustatzea dira eta bide horretan, kontzertu sorta ederra antolatu dute. Egitaraua Same Old taldeak irekiko du azaroaren 10ean, Gasteizko Kitsch tabernan. Hurrengo asteburuetan beste hainbat kontzertu izango dira Arabako hiriburuko Café Ideal, People eta La Comarca aretoetan.
Interneten:
www.myspace.com/revolucion_cultural
%100 Afrika: erakusketa eta literatur lehiaketa
Bilboko Guggenheim museoan Afrikako hainbat herrialdetan bizi diren hogeita bost artistek 1989az geroztik egindako obrak izango dira ikusgai 2007ko otsailaren 18a arte. %100 Afrika izeneko erakusketako margolanak, eskulturak, argazkiak eta bideoak Jean Pigozzi bildumakoak dira. Erakusketa horren harira, Madrilgo Idazle Eskolak eta Guggenheim museoak Africa cuenta narrazio laburren lehiaketa antolatu dute. Epaimahaiak erakusketa osatzen duten obra guztietatik bost aukeratu eta parte-hartzaileek horietan oinarrituta idatzi beharko dituzte euren narrazioak.
Santimamiñeko koba itxita
Bizkaiko Foru Aldundiak Santimamiñeko (Kortezubi, Bizkaia) kobazuloa behin betiko ixtea erabaki du. Kobazuloa 1916an aurkitu zuten eta harrezkero 800.000 bisitari baino gehiago izan ditu. Bisita horiek eragindako kalteen ondorioz hartu dute ixteko erabakia. Hala, urtebetez gela nagusiak itxita egongo dira garbiketa eta konponketa lanak egin eta bisitarientzat plataforma berria instalatzeko. 2008tik aurrera atarteraino sartu ahal izango da. Gainerako gelak ikerlariek baino ezingo dituzte ikusi.
Euskomediako edukiak sakelako telefonoan
Euskal kulturari buruzko
www.euskomedia.org web guneko edukiak sakelako telefono bidez kontsultatzeko sistema prestatu du Euskomedia Fundazioak. PDA eta bideo kontsolen bidez ere informazio hori jasotzeko aukera badago.
Jon Torner
Bonberenea Tolosako gaztetxeak 2005eko udaberritik 2006ko udaberrira bitartean bertan izandako kontzertuen bilduma kaleratu du Bonberenea sufflé. 1999. urtetik etengabe lanean izenburupean. Besteak beste, Señor No, Kuraia, Berri Txarrak, Anari eta Bide Ertzeanen abestiak bildu dituzte DVDan.
Jim Thompson estatubatuarraren Hiltzailea nire baitan eta 1.280 arima, Ross MacDonalden Galton kasua, Mark Hadonen Txakurrari gauean gertatutako istripu txikia eta Antonio Tabucchi italiarraren Pereirak dioenez liburuak kaleratu ditu Igela argitaletxeak. Xabier Olarrak, Fernando Reyk, Javi Cillerok eta Miel Anjel Elustondok egin dituzte itzulpenak. Halaber, Alberdania argitaletxeak bi idazle garaikideren lan bana kaleratu du euskaraz: Michael Morpurgo ingelesaren Peaceful soldadua (Mirentxu Larrañagak euskaratua) eta Hego Koreako Oh Jung-hi idazlearen Txoria (Juan Kruz Igerabidek euskaratua).
Rafael Roa argazkilari madrildarraren bildumako hainbat irudi jarri dituzte ikusgai Iruñeko Contraluz galerian. Erakusketak formatu handi eta txikiko argazkiak biltzen ditu, kolorekoak zein zuri-beltzekoak. Azaroaren 30a arte izango da zabalik.
La Fundición Bilboko aretoak 20 urte bete dituela-eta, urteurrena ospatzeko festa egingo du azaroaren 10ean, 20:30ean hasita. 1986az geroztik dantza eta antzerki garaikidea sustatzeko lan handia egin du areto horrek.
Juan Luis Landaren eta Marko Armspachen komikiak jarri dituzte ikusgai (azaroaren 25a arte) Donostiako Ernest Lluch kultur etxean, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen baitan.
Sonia Gonzalezek Garan idatzia: «Geure kultura propioa batzuek ezabatu eta beste batzuek folklore hutsarekin parekatu nahi dute eta hori bertokoa izanda. Gauzak horrela, nork pentsa lezake beste batzuei inoiz aterik zabalduko zaionik? Euskal Herria ez da herrialde multikulturala, kultura asko batu arren. Ez da multikulturala euskal eta erdal munduei dagokienez eta, are gutxiago, kanpotik datozen beste kulturen kasuan ere. Euskal Herriko lurraldeetan politikan, ekonomian, irakaskuntzan, komunikabideetan eta pertsonen bizitzan markatzen dituen horretan guztian kultura bakarra da gailentzen dena».
Patxi Juaristi soziologoaren iritziak jaso ditu Berriak: «Euskal Zinemari buruzko legedia egon badago, baina gure zinema industria hutsaren hurrengoa da. Eta hau arazo larria da euskal kulturarentzat zein euskararentzat (...) Nolabaiteko zinema industria propioa sortzen ez badugu, balio, pentsamolde eta ikuspuntu zehatzen igorle hain garrantzitsua den esparru kultural hori kanpoko multinazionalen eskuetan geldituko da».
Paddy Rekalde idazlea elkarrizketatu du Deiak: «Literaturan dibertitzeko joera galtzen ari gara, baita euskal literaturan ere. Orokorrean, oso arte seriotzat hartzen dugu literatura, baina musika gutxiko gauzak egiten ditugu, geldoak, aspergarriak batzuetan. Nik martxa eta borroka lelo zaharra eskatzen dut, hori errebindikatzen dut oraindik ere, gauzak salatu bai, baina martxa apur batekin. Nobelaz mozorrotutako saiakera larregi ikusten dudalako nik».