Unai Brea
Zientzia-fikzioak lehen baino arrakasta handiagoa dauka orain?
Sasoi onean dago oraintxe, baina dena dela fantasiazko literaturak arrakasta handiena orain du, nerabe eta gaztetxoei dagokienez batez ere. Trilogiak, pentalogiak... Eraztunen jaunaren, Chronicles of Narnja edo Harry Potterren abenturen jitekoak. Dena da tren bat, eta oraintxe literatura mota hori da lokomotora. Zientzia-fikzioa, seguruenik, azken bagoietako batean dabil.
Zelan definitu zientzia-fikzioa?
Zaila da, dozena bat definizio dago. Nik honako hau dut gustuko: zientzia-fikzioa da zientzia-fikzio irakurleek zientzia-fikziotzat daukatena. Pernandoren egia dirudi, baina hala da. Eta ez dut nik asmatu, egile ingeles batek esan zuen. Kontua da zientzia-fikzioa oso genero zabala dela berez. Star Wars dago, esaterako. Hori da guk "espazioko abenturak" deitzen duguna. Baina politika-fikzioa ere badago. Zer gertatuko litzateke gaur egun Frantzian, Front Nationalen gobernu totalitario bat balego? Horretaz dihardu orain irakurtzen nabilen liburuak; epe laburreko espekulazioa da hori, hain zuzen. Eta badira utopiak, distopiak, ukroniak... Zer gertatuko zatekeen Espainian Errepublikak iraun bazuen? Horri esaten zaio ukronia. Niri, edozelan, fikzio espekulatiboa deritzona da gehien gustatzen zaidana.
Zer da fikzio espekulatiboa?
Inguruan dauzkagun gauzetatik abiatzen dena. Klonazioa, informatika, globalizazioa, petrolio urritasuna... Horiek hartu eta eraman hamar edo hamabost urte barruko etorkizunera. Aurreko batean egunkarian irakurri nuen dagoeneko ari direla partikula txikiak leku batetik bestera eramaten. Hau da, zientzia-fikzioan hainbeste erabiltzen den baliabide horixe bera: zerbait leku batetik desagertu eta beste batean agertu, ate berezi baten bidez. Bada, orain egunkarian agertu da dagoeneko lortu egin dutela partikula batekin hori egitea. Batzuetan, zientzia-fikzioak aukera ematen die zientzialariei -generoko idazle asko zientzialariak baitira aldi berean- Science aldizkariko artikulu batean ezin esan dezaketena esateko, jostatzeko, hipotesi ausartak plazaratzeko.
Edozelan, zientzia-fikzioa zientziarekin lotzeko joera dago. Hots, oraindik oso urrun dauden aurrerakuntza teknologikoekin eta abarrekin... Eta ez hainbeste politika-fikzioarekin. Ez dut uste 1984 eleberria zientzia-fikzioarekin lotzen denik, bertan ez baita ageri teknologiaren ikuspuntutik aparteko ezer.
Eta hala ere zientzia-fikzioaren zutabeetako bat da, Aldous Huxleyren Bai mundu berria bezala, edo Frankenstein bezala. Garai batean, II. Mundu Gerrara arte gutxi gorabehera, zientziari lehentasuna ematen zitzaion. Baina 60ko hamarkadan Ingalaterrako eta AEBetako egile batzuk soziologiaz, sexologiaz, psikologiaz... ziharduen zientzia-fikzioa idazten hasi ziren. Ez zuten hitz egiten hondamendi nuklearraz edo ez dakit zein makinaz, gizakien arazoez baizik, askoz arazo hurbilagokoez. Eta haustura egin zen aurreko garaiarekin, Urrezko Garai zeritzan harekin. 90eko hamarkadan beste gertakari garrantzitsu bat izan zen: ziber-punka. Matrix bezalako pelikulak eta abar. Gaur egun, azkenik, oso liburu gutxik dauka zientzia-fikzio errotulua; bilduma orokorretan bilatu behar dira, eta gai orokorretaz arduratzen diren idazle batzuek ere zientzia-fikzioa erabiltzen dute euren eleberrietan.
Baina generoa bizirik dago oraindik...
Bai, baina mainstream delakoa, literatura orokorra, sartu eta irten egiten da. Eta zientzia-fikzio idazleak, halaber, gazte literaturan sartzen dira, komikian, gidoigintzan... Honezkero ez dira mundu itxiak. 60 eta 70eko hamarkadetan oso argi zegoen zeintzuk ezaugarri zituen fandomak...
Barkatu: zerk?
Fandomak, zalearen mundutxoak. Fan eta dom (domeinua) elkartzetik sortutako hitza da.
Horren ezaugarriez ari zinen...
Bai. Zaleek bazuten hizkera bat, ohitura batzuk, euren bilerak egiten zituzten... Orain, interneti esker, irekiago dago dena. Internetek erraztasuna ematen du argitaratzeko, idazteko, komunikatzeko... Zailagoa da talde itxiez hitz egitea.
Jende gehienarentzat, zientzia-fikzioa planeta honetatik kanpo dagoen zerbait da. Esan nahi dut zientzia-fikzio istorioak espazioan gertatu behar direla. Asimov dugu batetik, Star Wars bestetik, Star Trek, 2001: a space odyssey... Dena da espaziontzi eta planeta.
Badiotsut neuri gehiago gustatzen zaidala zientzia-fikzio hurbila, espekulaziozkoa. Baina gure bildumak zuk diozun estiloko liburu asko dauka. Orain idazten dena islatzen dut, eta askok espazioko abenturak idazten dituzte, betiko gidoiekin.
Garai nahaspilatsua dugu hau: aldaketa asko, eta oso azkarrak. Zientzia-fikzio sortzaileentzat ona da hori?
Bai, baina arriskutsua ere bai. Lehen, idatzitakoak eutsi egiten zion tarte batez. Orain, berriz, hiru urte igaro eta egia bihurtzen da. Gure bilduman hainbat gauzataz hitz egin da: inmigrazioa, petrolio urritasuna, genetika... Idazteko unean zientzia-fikzioa ziren, eta orain ez. 1994an hasi nintzenez... Badago Dolly ardi bat, esaterako. Eta orain zientzialari bat dabil gizakiaren eta untxiaren hibrido bat sortzen. Gattaca pelikula zaharkituta gelditu da, dagoeneko batzuk ari dira umeen ezaugarriak aldez aurretik aukeratzen, leuzemia daukan beste bat salbatu ahal izateko. Zientzia-fikzioaren arazoa, orain, zera da: gehiago arriskatu behar dela, gehiago espekulatu.
Pilar Iparragirre
Zein da liburu honen historia?
Private Peaceful izena ustekabean aurkitu zuen Michael Andrew Brigde Morpurgo egileak Bedforden dagoen hilarri batean. Haren azpian ehortzitako soldadu soil eta ezezagun baten oroigarri-edo zen. Bedford, Ingalaterrako Bedfordshire konderriko hiriburua da, eta han dago hilarri hori, hain zuzen ere, Commonwealth-eko gerra-hilarriak gordetzen dituen hilerrian.
Beraz, zeuk euskaratutako Peaceful soldadua eleberrian kontatzen dena egiazkoa da?
Ez. Morpurgoren nobelak hilarri hartako soldadu ezezagunaren izena titulutzat badarama ere, eta protagonistek abizen hori duten arren, fikziozko istorioa du kontakizun. Benetako pertsonen aipuak (bizidunenak nahiz hildakoenak), egiazko toponimia-izenak, edota gertakari historikoei buruzko erreferentziak oro, mailegu gisa baino ez darabiltza egileak, fikzioa ahalik eta testuingururik egiantzekoenean kontatzearren. Bestelako izen, pertsonaia, toki eta jazoera guztiak, Morpurgoren irudimenari zor zaizkio.
Britainia Handiko armadak fusilatu zituen berezko soldaduen omenez eginikoa da, ez da hala?
Bai. Desertatzeagatik, koldarkeriagatik edota beren postuetan lokartze hutsagatik hil zituzten. Gizaseme haietariko asko, obus-shockak jota geratu zen. Gerra-neurosiarekin. Obus eztandek eragindako ikara zela-eta, nerbio krisiak eta bihotzekoak izaten zituzten soldaduek; izan ere, asko eta asko, bizirik lurperatuta egon izan ziren, inoiz edo behin, obus eztandaren batek lurrez estali eta gero.
Peaceful soldadua
Michael Morpurgo
Alberdania
194 orrialde
19,50 euro
Lehen Mundu Gerran fusilatutako gazte haiek
Jakina da Lehen Mundu Gerrako gudu-zelaietako borroketan parte hartu behar izan zuten gazteen artean gerra hark eragin zuen triskantza. Milaka eta milakaren heriotza edota betirako elbarri gelditu behar izana. Aipatu izan dira ere agintari militarrengandik soldadu haiek jasandako bidegabekeriak -adibidez, zinean, Senderos de gloria filma izan daiteke adibide garbienetako bat-. Michael Andrew Bridge Morpurgo idazle britainiarrak, Britainia Handiko eta Commonwealth erkidegoko armadetan izandako bidegabekeriak ekarri ditu konturanobela honetan, 1914-1918ko gerra bizitako soldadu gazte baten oroimenen bitartez. Izan ere, 290 soldadu inguru fusilarazi zituzten, ihes egiten saiatzea edo koldarkeria leporatuz, salatuei, nork defendatuko ez zituen gerra-epaiketa laburrak egin ondoren.
Mirentxu Larrańaga Sueskunek Alberdaniarentzat euskaratutako liburuan Michael Morpurgok argi adierazten duenez, gaurdaino, ez du inork sekula ofizialki aitortu soldadu haiek pairatu zuten bidegabekeria. Britainia Handiko Gobernuak uko egiten baitio, oraindik ere, hil ondoko barkamenak emateari.