Iñaki Anasagastik aspaldi adierazi zuen bere haserrea Ibarretxe lehendakariak EAJko senatariak hartzen ez zituelako. El Diario Vasco-n egindako elkarrizketan Ibarretxe bera loriatu ondoren, Ibarretxek duen PSEren sostengua Madrilen EAJkoek egiten duten lanaren ondorio ere badela gogorarazten dio.
Nagore Irazustabarrena
Nork esango zuen duela hilabete gutxi Josep Lluis Carod-Rovirari alfonbra gorria ipiniko ziotela Kataluniako alderdi nagusiek? CiU eta PSCren arteko akordioa baztertuta, Artur Masek, joan den larunbatean, proposamen tentagarria luzatu zion ERCko hautagaiari: bi alderdien arteko koalizioa, aurrebaldintzarik gabe eta Carodentzat conseller en cap izateko aukera. Egun batzuk lehenago hain gogor erasotzen zuen alderdiari eskua horrela luzatzeak garbi erakusten du Masek presidente izateko zuen interesa. Baina tentazioari tarte handirik utzi gabe, biharamunean PSC, ERC eta ICVren arteko aurreakordioaren berri izan genuen. Iniciativak emaitzak ezagutu eta berehala agertu zuen ezkerreko hirukoa berregiteko asmoa. PSCk eta ERCk tripartitoa berregitea hobetsi dute, baina zailtasunak izango dituztela onartuta. PSCk ez die Esquerrakoei Masek proposatutako gobernu bizefalikorik eskaini. Sozialistek ez dute Carod conseller en cap izatea nahi eta euren programan aldaketa gutxi negoziatzeko prest daude. Baina, CiUren proposamenak, karta bat gehiago eman dio Carod-Roviraren alderdiari gobernu osaketa negoziatzeko orduan. Hala ere, hiru alderdiak bat datoz egonkortasuna eta kohesioa bilatu behar dela esatean eta badirudi ERCk gobernu berriaren buru garbia Montilla izatea onartuko duela. Carodek eta ICVko Joan Saurak bi presidenteordetzak beteko lituzkete eta conselleria guztiak hiru alderdien artean erabakiko dira.
Garbi dagoena da, CiUri, zenbakitan behintzat hauteskundeak irabazi dituenari, gauzak ez zaizkiola nahi bezala irten. Oposizioan pasa dituen hiru urtetan, eta Estatutaren prozesuan bereziki, ahal duen guztia egin du ezkerreko hirukoa hondoratu eta hainbeste urtetan eskutan izan duen gobernua zortzigarren legegintzaldi honetan berreskuratzeko. Orain ikusteko dago zenbat iraungo dion alderdiekin negoziatzen erakutsi duen eskuzabaltasunak, eta berriro ere bilatzen zuen emaitza eman ez dion oposizio erasokorrari helduko ote dion.
Aulki deserosoa Montillarentzat
Jose Montilla izendatuko dute hil honen bukaeran Generalitateko president. Baina PSCkoa ez dago egoerarik erosoenean. Lehenik, hautagaitza lortu zuenean PSC, eta bereziki, Maragall eta PSOEren arteko harremana tentsio handikoa zen. Erreleboa hartu eta kanpainan ez du lortu aurreikuspenei buelta ematea. Hiru urtetan gobernuak egindako edo oposizioak egotzitako akatsen faktura ordaintzea egokitu zaio: aurreko autonomikoetan baino milioi laurden boto gutxiago jaso ditu. Hori gutxi balitz, Madrilgo presioari aurre egin behar izan dio hirukoaren apustuari eusteko. Ferraz kalekoek eta Moncloakoek Sociovergencia eskatzen zuten, hots, Mas presidente izatea PSCrekin batera gobernua osatuz. Modu horretan, PSOEk datozen hauteskunde orokorretan Convergenciaren laguntza bermatuko luke.
Kontraesanak kontraesan, horrexegatik PPri ere hirukoa komeni zaio, Madrilgo ikuspuntutik begiratuta behintzat.
Carod eta Puigcercós
Josep Lluis Carod-Rovira Generalitateko presidenteorde izango da, ICVko Saurarekin batera, baina praktikan gobernuko bigarrena izango da. Joan Puigcercós, berriz, kontseilari izango da.
Estatutaren prozesu amaieran ERC barne krisian zen eta ia denek Carod-Roviraren amaiera ikusi eta Joan Puigcercós errepublikarren hautagai berritzat jotzen zuten. Baina azkenean erreleborik ez zen eman. Hauteskundeetan ERCk espero baino jaitsiera txikiagoa izan du eta berriro gobernua osatzeko funtsezko pieza izan da. Horrek ez du esan nahi etxe barruan tentsiorik ez dagoenik. Alderdiaren baseetan, Carod-Roviraren aldeko sektore batek begi onez ikusiko luke majoria nacional delakoa, hots CiUk eta ERCk gobernua osatzea. Nazionalista askoren nahia litzateke, baina azken urteetako bi alderdion arteko tirabirek oztopatu dute aukera hau. Eta badirudi Joan Puigcercósek presa berezia izan duela azken urteotako sozioekin berriro akordioa lotu eta gobernu nazionalistaren aukerari tarterik ez uzteko. Beraz, gainerako alderdiekiko indar korrelazioan puntuak irabazi arren, alderdi barruan badu zer lotua Esquerrak.
Ezusteko ona?
Kataluniako Legebiltzarrerako hauteskunde hauen ezustekoa Ciutadans izan da. Hiru eserleku izango ditu parlamentuan alderdi espainolistak. Pluraltasunaren izenean, seigarren alderdi bat gehitzea positibotzat jo badaiteke ere, ikusteko dago iritsi berriak erasorako prest ote datozen. Hizkuntza politikan, esaterako, Ciutadansek giroa gaiztotzen lagun diezaioke PPri. Alegia, bostekin nahastu zena, are nahasiagoa izan daitekeela seiekin, seigarrena gerra gogoz badator bereziki.
Eta hirukoak bakea ekarri beharko luke. Azaroaren 1ean, hilen egunean, hirukoa berpiztu zen. Baina bizirautea ez da nahikoa; osasuntsu dagoela erakutsi beharko du hemendik aurrera.
CiU 26 urtez boterean egon ondoren, lehen tripartit hark aldaketa sakonak egin eta egoera berrira egokitu behar izan zuen. Baina bigarren aukera honetan ez du aitzakiarik izango. Kataluniako gizarteak egonkortasuna eskatzen du. Ezkerreko gobernu berriak azken urteetako alderdikeriak, ezinikusiak, eskandaluak eta titular deigarriak saihesten saiatu beharko luke eta bigarren mailan ezkutatu dituzten lehen mailako arazoei heltzen hasi, etxebizitzari eta inmigrazioari bereziki. Klase politikoak hiritarren konfiantza berreskuratu nahi badu, behintzat.
Mikel Asurmendi
Izquierda Unida (IU) 1986an sortu zen Espainiako Estatuan, NEB (Nafarroan) eta EB (EAE) erakundeak barne: «EBk eta NEBk kolaborazio organo bat dugu ordudanik, beste federazioen artean baino lotura estuagoa dugu, alegia. Edonola ere, errealitate sozio-politiko ezberdinak kontuan hartuta, eta hauteskunde ezberdinetan lehiatzeko eta bi parlamentuetan aritzeko, hau da erakundetze logiko eta egokiena. IUrekiko subiranoak gara halaber, EB den modu bertsuan» diosku NEBko koordinatzaile Ion Errok.
Ezkerretik begiraturik gutxienez, bitxia da EB EAEko Gobernuan izatea. NEBkoek nola ikusten duzue hori?
Euskal politika zailak blokeak sorrarazi ditu. EB bloke horiek elkarbizitza anitzean integratzen laguntzen saiatzen da. EAEn oso zaila da politika egitea, EBk jokatzen duen rola are zailagoa delarik. Euskal edo espainiar nazionalista ez den hirugarren espazioan aritzea ez da samurra, baina EB bakea nahiz kohesio soziala lantzen ari da. Eusko Jaurlaritzan planteamendu federalistaren araberako politika egiten du EBk, etorkizunean garatu ahal izango duen politika ikuskizun dago ordea.
EAEko hauteskundeetan EB eta Aralar koalizioan joatea aztertzen ari dira. Zer deritzozu?
Gaur ez da horretaz hitz egitea tokatzen, Jordi Pujolek hala zioen.
Nafarroako Foru Parlamenturako hauteskundeak burutzeko zazpi hilabete falta da halaber, nola aurreikusten dituzu berauek?
Nafarroan aldaketa politikoa izan dadin lanean ari gara, eta guk, aldaketa izanen bada ezkerrekoa izan behar duela diogu. Eskuineko gobernu honen erregimena agortu da, gizarte sektore herrikoien arbuioa begi-bistakoa da, bere politikak ez du gehiagorako ematen. Aldaketa anitza izan behar dela eta aldaketa gauzatzeko NEB ezinbestekoa dela pentsatzen dugu. Hots, gobernu berriak ezkerreko politikari lehentasuna eman beharko dio: justizia soziala, elkartasuna, garapen iraunkorra eta ingurumenean ardura bereziak hartu beharko ditu.
Horiek horrela, zergatik ez zoazte Nafarroa Bai (Na-Bai) koalizioan?
Hasteko, ez Na-Baik ez guk ez dugulako akordioa lortzeko beharrik ikusi. Na-Baik ez digu koalizioan joateko nahia azaldu, ezta guk hari ere. NEB eta Na-Bai-renak bi espazio ezberdin dira. Edonola ere, eskuinaren alternatiba gauzatu nahi badugu hiru espazio hauek artikulatu beharko ditugu: PSNren zentro aurrerazalea, Na-Bairen euskal nazionalismoa, eta NEBk ordezkatzen duen ezkerra.
Alternatiba gauzatzeko bidea lantzen hasi beharko duzue orduan.
NEBk Aralar, Batzarre eta PSNri akordio bateratu bat artikulatzeko proposamena helarazi zien duela urte bat. Ez zen hauteskundetarako proposamena, akordio programatikoak, lerro estrategiko nagusiak eta hiritarren parte-hartzeko moduko proposamena baizik. Aztertu eta adostu beharreko hogei puntu ziren proposamenean. Aralar eta Batzarrek Na-Bai osatzea lehenetsi zuten, PSNk berriz, bere barne zatiketa nabaria tarteko, ez zion erantzun baikorrik eman gure proposamenari.
PSNk harrezkero Foru Parlamenturako hautagai nagusia izendatu du: Fernando Puras.
PSNri «Zumosoleko lehengusua» etorri zaio, Madrilgo lehengusua, alegia. Barne arazo bat konpontzera etorri da eta hauteskundeetara begira lerroak ixtera. PSNn bi ildo nabarmen daude ordea, bi abiadurako PSN daude. Ildo batek -Juan Jose Lizarberenak- aldaketarako ezkerreko alternatiba eta akordioa bilatzen ditu, eta azken kongresua irabazi zuen ildoak -Carlos Chiviterenak- Fernando Puras erakarri du bere aldera. Purasek diskurtso irekia egiten du, inguru guztiak harrapatu nahi ditu, politikari harrapariaren rola betetzen du Purasek, beretzat aukera guztiak posible dira, baina ziurgabetasuna baino ez du transmititzen. Purasek aldaketa nahi duela dio eta aldi berean UPNrekin akordioa posible dela dio. Auzitan jarri beharreko hautagaia da beraz, alderdi sozialista honen eskutik aldaketa etorriko den zalantzagarria da oso.
Zer egin orduan?
Gu ezkerreko diskurtsoa lantzen eta indartzen ari gara, era berean, hautesleria sozialistari dei bat egin diogu PSN ezkerreko alternatiba gauzatzera behartu dezan. NEBk argi eta garbi utzi du UPN oposiziora eraman behar dela, NEBk ez du UPNrekin paktatuko eta PSNk berriz baietz dio. Bere hautesleriak jarrera hau kontuan hartu beharko luke.
Demagun UPNkoa ez den gobernua osatzen dela. Zein ezaugarri izango lituzke?
Bake eta normalizazio prozesua ondo bideratu eta bukatuz gero, Nafarroako identitate plural, sozial eta linguistikoa -ezkerreko alternatibaren bidez- gauzatzeko unea irits liteke, egoera berri hori oso baikorra litzateke. Nafarroan bigarren trantsizioa egiteko dago, orain arte arazo identitarioak mugitu du politika eta aurrerantzean elkarbizitzarako ituna akordatu beharko dugu guztion artean, elkarrekin bizitzera behartuta gaude: espainol nahiz euskaldun sentitzen diren nafarrak, nafar sentitzen diren nafarrak... hots, eman daitezkeen nortasun amalgama guztiak. Marko sozio-politiko berri horretan elkar errespetatzea eta eroso egotea lortu behar dugu. Horixe da gobernu alternatiboak ekar dezakeena, gure kasuan ezkerreko politikak lehentasuna izanen duelarik.
Identitate horien artean non kokatzen du bere burua Ion Errok?
Ni munduko pertsona eta ezkerrekoa sentitzen naiz.
Aukera nagusiak aipatu ditugu, Batasuna legez kanpo dago ordea.
Nafarroako indar politiko guztiek Parlamentuan leku hartzeko aukera izan dezaten nahi dugu eta horretarako ari gara lanean. Ezker abertzaleak hauteskundeetan egoteko aukera izango du modu batez edo bestez, eta ezker abertzalea Nafarroako politikaren normalizazio prozesuan sartuko da. Eusko Legebiltzarrean PPk, PSE-EEk edota EHAK taldeek, komeni zaienean, gehiengo demokratikoaren bitartez, hirukoaren ekimenak errefusatzen dituzte eta inor ez da eskandalizatzen. Nafarroako Parlamentuan ere halaxe izatea nahi dugu.
UPN eta CDNko Gobernuak ez du egoera hori erraz gauzatzen utziko alta.
Nafarroan laborriaren Gobernua dugu, UPNk boterea galtzeari izua dio. Hauteskundeen inkesten arabera hiritarren gehiengoak konfiantza kendu dio eskuineko gobernu honi. Egoera honen aurrean, esaterako, UPNk menpe dituen administrazio guztiak bere zerbitzura jarri ditu, UPNren diru publikoarekin ari gara ordaintzen dagoeneko berak bere kasa abiatu duen haustekunde kanpaina, azken hamabost urteotan egin ez duena zazpi hilabetetan egin nahi du. Hori politika friboloa egitea da, ardura eta zorroztasun eskasa. Eskuinak ez dio gizartearen beharrei erantzuten, beraz, gizartea mugiarazteko unea iritsi da.
Miguel Sanzek berriki, Foru Erkidegoaren eztabaidan jarrera ezezaguna azaldu zuen bake eta prozesuari begira.
Zorionekoak gu eta herritar guztiok, eskuinak bake prozesuarekiko duen jarrera aldatzen badu. Miguel Sanzen planteamendua taktikoa izan zen besterik baino. Aurreko egunean Madrilgo Konferentzian izan zen eta hauxe esan zuen: «Ez da bake prozesurik izanen, garaile eta garaiturik gabe». Hurrengo egunean, UPNk eta CDNk instituzioetatik kanpoko bake-foroak eratzeari uko egion zioten. Estrasburgon UPNk bat egin zuen Le Penen FNrekin. Nafar gobernuaren hitzak edo Sanzek Parlamentuan erabilitako hitzak kontraesankorrak dira erabat.
Azkenik, zein da bake eta normalizazioaren barruan, alderdien mahaiari buruzko NEBren jarrera?
NEBk kontsulta txanda egin du alderdi guztiekin, UPNtik Batasunera bitarte. Bakea lortzeko ekimen guztiak beharrezkoak direla eta bake prozesuari sostengu politikoa emateko Nafarroan eszenatoki politiko berezko bat taxutu behar dela diogu. Gure proposamena Nafarroan elkarrizketarako mahai bakarra eratzea da, nafar gizartearen ordezkaria izanen dena eta irtenbide demokratikoa ekarriko duena. Zilegi dira Euskal Herria nazioa eta herri bakarra dela diotenen proposamenak, baina guk Nafarroak berezko ahotsa duela uste dugu. Nafarroaren etorkizunak nafarren erabakiaren esku izan behar du, nafarrok demokratikoki erabakiko dituzte egokiak diren aldaketak, ez zaie inondik ezer inposatu behar.
Daniel Udalaitz
Gure lurraldean antzinatik bildu izan dira udako boilurra eta neguko boilur beltza, batez ere Araban, baina egia esan inoiz ez da benetako boilur tradiziorik izan Euskal Herrian. Azken bi hamarkada hauetan hasi da laborantza mota hau indartzen. Nafarroan bai, zertxobait gehiago ibiliak dira bide honetan, baina Euskal Autonomia Erkidegoan orain ari dira sustatzen, Boilurgintzarako Jardun Planarekin. Plan hori 2015era arte egongo da martxan, eta bertan aurreikusitakoaren arabera, 470 hektarea boilur landatuko dituzte, Arabako lurraldean batez ere, baina Gipuzkoako zenbait inguru ere alde batera utzi gabe.
Nafarroan, jadanik instituzionalizatuta dago urteroko boilur azoka, Lizarrerriko Boilur eta Boilurgintzaren Azoka izenekoa eta Boilurra Ezagutzeko Zentroa eraikitzekoak dira «diamante» preziatu hori gehien landatzen den inguruaren erdian, Metautenen (Allin Ibarra). Ipar Euskal Herritik ez zaigu mota honetako landaketen berri iritsi.
Errentagarritasun ekonomiko handia
Boilurra onddotik sortzen da; onddoaren eta haritza, abaritza, artea edo hurritza bezalako zuhaitzen sustraien arteko elkarketaren ondorioa da. Boilurra sortzeko, gainera, kareharrizko lurra, inguru hotza eta 7 eta 8 arteko PHa daukan lurzorua behar izaten da. Normalean 2 eta 10 gramo artekoak izaten dira boilurrak, baina zenbait lekutan, Teruelen esate baterako, 800 gramokoak ere biltzen dituzte.
Boilur laborantzak, halakorik dagoen tokian, errentagarritasun ekonomiko handia izaten du. Boilurrak, kalitatearen eta aurkitzeko zailtasunaren arabera, kiloko 1.000 euroko prezioa har dezake jatorrian. Araban, adibidez, kiloa 250 euro inguru ordaintzen zen orain dela bi urte, baina orduz geroztik gorantz joan da prezioa. Bi boilur mota daude: udakoa (
Tuber aestivum Vitt.) eta boilur beltza (
Tuber melanosporum Vitt.). Udako boilurrak kalitate txikiagoa dauka eta prezioz ere merkeagoa izaten da. Araban gaur egun boilur mota hau era naturalean jaiotzen da, arte eta haritzen ondoan, batez ere Arabako Ibarretan eta Arabako Mendialdean. Neguko boilur beltza kalitate handikoa da, eta merkatuan estimurik handiena duena, aparteko ezaugarri gastronomikoak dauzkalako. Boilur honi
tofona negra esaten zaio katalanez,
trufa negra gaztelaniaz,
truffe de Perigord frantsesez, eta
tartuffo nero italieraz.
Landaketa plana eta bestelako onurak
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak, Arabako Foru Aldundiko Hirigintza eta Ingurumen Sailarekin eta Nekazaritza Sailarekin lankidetzan, 2015era arte indarrean egongo den Boilurgintzarako Jardun Plana abian du. Planaren helburua honako hau da: urtean batez beste 50 hektarea landatuz 2015. urterako guztira 470 hektarea landatzea, batez ere Arabako Mendialde eta Ibarretan eta Arabako Errioxan. Gipuzkoan ere PH egokia duten lurren bila dabiltza. Kontuan hartu behar da lur landatu berriek gutxienez sei urte behar izaten dituztela fruituak ematen hasteko, eta normalean hamar urtetik aurrera ematen dituztela fruituak. Aipatutako planak landaketetarako laguntzak emango ditu, baina baita egin beharreko lan osagarri eta mantenu lanetarako laguntzak ere. Planak beste helburu batzuk ere baditu: boilurra merkaturatuko duen baltzua sortzea, salmenta bateratuaren bidez prezioak ere bateratu eta merkatuaren beharrizanetara egokitzeko; boilur azoka antolatzea Nafarroan eta Europako beste leku batzuetan egiten den bezala; boilurretarako txakurrak hezi eta txakur horien lehiaketak antolatzea; eta boilurgintzaren gidaliburua egitea.
Euskal lurretan kalitatezko boilur landareak lortu ahal izateko saiakera bat edo beste egin da Araban. Esate baterako, 1995-1996an ikerketa, garapen eta berrikuntzako (I+G+B) proiektu bat egin zen. Landareak
Tuber melanosporum Vitt.-ekin (boilur beltza) inokulatu zituzten, haritz, arte eta hurritzak mikorrizatzeko. Neiker-ek proiektu honi berriz heltzeko asmoa du.
Boilurgintza sustatzeak beste onura batzuk ere ekartzen ditu. Besteak beste, basoko suteak saihesten laguntzen du; lurzorua, flora eta fauna mantendu eta hobetzen ditu; eta akuiferoak babesten ditu. Gainera, ekonomiaren eta kulturaren ikuspuntutik ez dugu ahaztu behar Europako beste lekuetan gertatzen den bezala, boilurraren erabilera gastronomikoak erosteko ahalmen eta kultura maila handia duten turistak erakartzen dituela eta horrek herriei eta herritarrei dibertsifikazio ekonomikoa eta aberastasuna ekartzen dizkiela.
Saioa Labaka
Sebastiá Serrano Bartzelonako Unibertsitateko Linguistika Orokorreko katedradunak dioenez, hizkuntza bat ikasteko %70 gogoa da eta %30, berriz, gaitasun intelektuala. Hori aintzat hartuz, aditu batzuen ustez, hizkuntza jarreren inguruko gogoeta egitea ez legoke sobera helduen euskalduntze prozesuari begira. Izan ere, motibazio integratzailea -euskal gizartean txertatzeko nahia- duen ikaslearen altzoan motibazio instrumental hutsa -lanpostua lortzeko baino ez euskara ikasten dabilena, esaterako- duena topa dezakegu euskaltegian. Bidenabar, aintzat hartu beharrekoa da egungo gizartean arlo guztietan nagusitzen ari den joera; ahalik eta titulu edota ikaste-agiri gehien lortzeko nahia:
titulitisa.
Euskaltegien eta HABEren bitartez bideratzen da helduen euskalduntze-alfabetatze prozesua. 2000. urtean HABEk Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikulua deritzana (HEOK) abian jarri zuen. Helduek euskara ikasteko garaian jarraitu behar duten prozesua zehazten eta biltzen duen oinarrizko programazioa da; euskaltegi publiko zein pribatu homologatu bakoitzak bere ezaugarri, behar eta testuinguru sozialera egokitu ohi duena gero. Programazio honek euskalduntze prozesua lau mailatan bereizten du; lehen maila -lehenengo sei urratsak-, bigarren maila -bederatzi urratsak-, hirugarren maila (EGA) eta laugarren maila -alfabetatze bukaera, goi maila-. Duela sei urte lehen hiru mailen helburuak, edukiak, metodologia eta ebaluaketa sistema definiturik gelditu ziren; laugarren mailako hainbat atal, ordea, zehazteke daude oraindik. Azken bi urteetan modu esperimentalean landu dute azken maila hau hainbat euskaltegitan, eta datorren ikasturterako espero da guztiz definituta egotea. Hartara, osatuta egongo litzateke helduen euskalduntzerako programazio osoa.
Kurrikulu berri hau sortu aurretik, EGA tituluaz gain, ez zegoen gaitasun orokorreko bestelako titulurik. EGA agiria lortzea ez da ikasle guztien jomuga izaten, eta tarteko helburuak dituzten ikasleentzat 1. eta 2. maila egiaztatzeko aukera eskaintzea erabaki zuen HABEk. Hala, euskaltegira doan ikasleak ikaste prozesuan zehazki non dagoen jakiteko erreferentzia puntu jakin batzuk izango ditu, eta bere beharren eta motibazioen araberakoa izango da bidearen iraupena. Ikasturte amaieran, ekainean, euskaltegietako ikasleek, nahi izanez gero, aipatutako lau maila horietako bat egiaztatzeko aukera izango dute.
Tituluak asko, homologaziorik ez
Oro har, helduak euskaltegietan euskalduntzen eta alfabetatzen dira eta bertan egin ohi dute euren ikas-prozesua. Arestian esan bezala, maila bat edo beste egiaztatu ahala, titulu bat eskuratzen dute eta proba hauek euskaltegiek bideratzen dituzte. Baina arazo batekin egiten dute topo ikasleok: titulu horiek ez dute baliorik leku askotan. Hau da, HABEren gaitasun orokorreko lau mailak ez daude ofizialki homologatuta gainerako erakundeen egiaztagiriekin. Zenbait erakundek euren hizkuntza eskakizunak dituzte, eta euskara gaitasuna neurtzeko sistema eta mailaketa jakin bat erabiltzen dute: Hezkuntza Sailak (irakasleen 1. eta 2. hizkuntza eskakizunak ), IVAPek, (lau hizkuntza eskakizun), Hizkuntza Eskola Ofizialak (oinarrizko zikloa, 4. kurtsoa eta goi zikloa edota gaitasun agiria), Ertzaintzak (1. eta 2. hizkuntza eskakizunak), Osakidetzak (lau hizkuntza eskakizun) eta Justiziak (lau hizkuntza eskakizun). Hala, esaterako, ikasle batek oinarrizko kurrikuluko 2. maila egiaztatu badu, eta IVAPen 2. hizkuntza eskakizuna lortu nahi badu, beste azterketa bat gainditu beharko du nahitaez. Hau horrela izaki, euskara tituluak modu diakronikoan sortu direla pentsa genezake eta hainbat sektoretako erakunde bakoitzak bere titulazioak sortu dituela unean uneko beharrei jarraiki.
Hau guztia dela-eta, hainbat euskaltegitako irakasleek euskaltegietan egiten den euskalduntze-alfabetatzearen lana ez dela behar bezala aintzat hartzen aipatzen dute. Bestalde, euskaltegietako irakasle zein ikasleak motibatzeko, garrantzitsua iruditzen zaie egiten den lanari balio ofiziala ematea eta une honetan dauden euskara tituluak baliokidetzea. Batzuek baliokidetzeaz harago joatea ere eskatzen dute; erakundeen artean mailen izendapen bakarra lortu behar dela diote. Hau da, ikasle batek, esaterako, Hizkuntza Eskolako goi zikloa delakoa, HABEko EGA titulua, IVAPeko 3. hizkuntza eskakizuna eta Hezkuntza Saileko 2. hizkuntza eskakizuna aukeran izan beharrean, titulu bakarra lortzea.
Joseba Erkizia HABEko zuzendariak aipatu digunez, joan den uztailaren 11n Eusko Jaurlaritzak eta bertako sailen batzordeak arazoa konpontzeko asmoz hainbat erabaki hartu zituzten. Euskara gaitasuna egiaztatzeko dauden sistema guztien arteko homologazioa lortzeko, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen ikaskuntzarako, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Markoa baliagarria zela erabaki zuten. Hizkuntzak ikasteko prozesuan beharrezkoak diren egitarauak, kurrikuluak eta ikas-mailak definitzeko oinarri bateratua eskaintzen duela gaineratu digu Erkiziak. Hala, hainbat egiaztatze sistema hartu eta Europan ezarri den erreferentzia esparru horrekin erkatu, parekoak direnak parekatu eta ofizialki baliokidetu behar direla ere esan digu HABEko zuzendariak. Hau guztia aztertu eta egin ahal izateko urtebeteko epea ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Ondo bidean, hortaz, 2007ko uztailerako euskara egiaztatzeko sistema, mailaketa eta ziurtagirien homologazio sistema bateratu bat lortzea espero da. «HABEk oso ontzat jotzen du hartutako erabakia. Euskara ikasteko ahalegina egiten duen jendeari zor zaion gutxieneko gauza da. Honek guztiak emaitza onak emango dituelakoan gaude», adierazi du Joseba Erkiziak. Egitasmoaren emaitzen zain geratzea gelditzen da, hortaz.
Sareko Argiako
Sarekada atalean euskara titulu eta azterketen loturak dituzu.