Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-11-12 -- 2062.zenb

Xabier Letona

Hirukoa berriz osatzearena aukeren artean zegoen. Giltza ERCk zuen eta errepikatzea erabaki du. ERCko erdiak ez ei du begi onez ikusiko eta beste erdiak bai. Hala bide da eta hala onartzen da, dirudienez ERCn sekulako higadura sortu gabe. Zapatero eta Masen arteko hitzarmena eta gero, ez nuen espero hirukoa errepikatuko zenik, Zapaterorentzat ondo lotutako CiU bat hiruko berri bat baino interesgarriagoa izan zitekeelakoan. Eta akaso hala izango da, baina PSCrentzat ez, eta oraingoz horrek irabazi du. Kudeaketa eta aldarrikapena nahasiko ditu ERCk bere jardunean; gaur egungo politikak baimentzen du hori, areago Katalunian.

Onintza Irureta


12 urteko ikasleak euskara azterketa egiten ari dira

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskariz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehen Hezkuntzako 6 . mailako ikasleak euskara azterketak egiten ari dira. Urrian hasitako lanak azaroan bukatutzat emango ditu ebaluazioa aplikatzearen ardura hartu duen Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak. Euskararen ebaluazioa egiteko erabilitako metodologia 2004ko azaro-abenduan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleekin erabilitako berbera da, alegia, Europako Kontseiluko Hizkuntzen Errefentzi Markoaren irizpideak jarraitu dituzte orain ere. 2004koan B2 mailaren araberako ebaluazioa egin zieten ikasleei eta orain B1 maila ezarri diete 12 urtekoei. Ebaluazioaren emaitzak gutxienez 2007ko martxoa arte ez dira izango. 16 urteko ikasleei egindako ebaluazioaren emaitzak ez ziren poztekoak izan (askorentzat ezta harritzekoak ere): A ereduko inork ez zuen azterketa gainditu, B ereduko %33ak gainditu zuen eta D ereduko %68ak.
Hezkuntza Sailak iragarria du hizkuntz-ereduen sistema aldatzeko proposamena 2007ko lehen hilabeteetan egingo duela. Izango dute eragina bi ebaluazioek proposamen horretan.


Berripapera berritua

1992. urteaz geroztik argitaratzen du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Berripapera. 174. zenbakia itxuraz zein edukiz berrituta kaleratu du. Euskalgintzako berriak zabaltzeko euskarri asko dagoela-eta, Berripapera HPSren informazioa hedatzeko erabiltzea erabaki dute, beti ere gaiak sakon landuz. Zenbaki berrituan Elebideri buruzko informazioa dator eta baita Igone Etxeberria Euskara Sustatzeko zuzendariari Berripapera berriari buruz egindako elkarrizketa ere.


Ziurtagiriak kudeatzeko elkartea

Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriak kudeatzeko elkartea otsailerako jarriko du abian. Elkarte berriaren helburua ziurtagiriak kudeatu eta hedatzea izango da; haren edukiak garatu eta gizarteratzea; ziurtagiria eskuratu duten erakundeei segimendua egitea eta entitate horien ahalegina saritzea, besteak beste. Kontseilua osatzen duten eragileekin ez ezik, beste entitate batzuekin partekatu nahi dute proiektua.


Azkue ikastola 40 urte legeztatuta

Euskaltzaindiaren laguntzaz, gazteleraz gain beste hizkuntza batean irakasteko baimen ofiziala lortu zuen Espainiako lehen ikastetxea izan zen Azkue ikastola (orain Lauro ikastola). Urriaren 27an, Euskaltzaindiak R. M. Azkue ikastola legeztatu zeneko 40. urteurrena ospatu zuen.

Juan Mari Arregi


Hauek dira argitaratutako azken berriak. Lanaren Nazioarteko Erakundearen, LANEren, arabera, munduan 308 milioi langile gazte (15 eta 24 urte artean) behartsuak dira, egunean bi euro baino gutxiago irabazten baitute. Elkartzen-en arabera, Euskal Herrian ia 400.000 lagunek jasotzen dute gutxieneko soldata, hilean 804 euro gutxi gorabehera. Hego Euskal Herriko hiru langiletik batek ez du inolako diru-laguntzarik jasotzen. Irailean, 507.568 euskal langilek (laurdena 25 urte baino gazteagoa) aldi baterako kontratua zuten eta hilean mila euro baino gutxiago irabazten zuten. Urriaren 31 artean 107 euskal langile hil ziren lan istripuetan. Bitartean, Burtsak egunero jotzen du goia. Espainiar Estatuan kotizatzen duten enpresek (batzuk baita euskaldunak ere) 2005eko dibidenduen marka gainditu zuten bederatzi hilabetetan: 19.227 milioi euro baino gehiago! Bankuak inoiz baino diru gehiago irabazten du: urteko lehen bederatzi hilabeteetan, bost finantza-talde handiek (Santander, BBVA, Banco Popular, Caixa eta Caja Madrid) 12.892 milioi euro irabazi zuten, 2005eko aldi berean baino %41,7 gehiago! Euskal Aurrezki Kutxek ere 2005eko aldi horretan bertan baino %20 gehiago irabazi dute. Eta 2007rako aurreikusitako hazkunde ekonomikoak igotzen jarraituko du, baita Euskal Herrian ere. Hori da kapitalismo honek dakarrena: gutxi batzuek asko irabazten dute, pobrezia eta ezegonkortasuna, batez ere gazte eta emakumeengan, egunero handitzen doazen bitartean. Hauxe da bere benetako aurpegia: basatia!

Xabier Letona


Urria giltzarri izango zela aipatu izan da behin baino gehiagotan alderdi politikoen arteko bileren borborrean. Alderdien negoziazioen eremuan giltzarri izan den ez dakigu oraingoz, baina bake prozesuaren egoera zertan den ulertzeko osagai garrantzitsuak bederen eskaini ditu. Horietako batzuk irakurketa eskatzen duten gertakizunak dira -Nimeseko pistola lapurreta, esaterako- eta beste batzuk -urriko Zutabek azaltzen dituenak, besteak beste- gertakizunen irakurketa eskaintzen dute. Eta gertakizunek adierazten duten legez, balorazioa ez da ona. Prozesua zuzendu ezean, abuztuan ETAk erantzun egingo zuela azpimarratu bazuen, urrian dio norabide berdinean jarraituz gero eteteko arriskuan dagoela.

Espainiako Gobernuaren aldetik balorazio eta irakurketa gutxi egiten da: Zapaterok bere arauak finkatu ditu eta ez da hortik aterako. Talka agerikoa da, eta nola ez dakigun lehen hitz egindako guztia zertan oinarritzen den, egoera larria dela ondorioztatu behar da.

ETAk honako laburpena egiten du: bat, edukirik gabeko prozesu politikoa bultzatu nahi da -ez du ETAk esaten baina «presoak bakearen truke» laburbiltzen dena-; bi, Espainiako Gobernuak ez du errespetatzen ez adostutako bermerik ezta konpromisorik ere; hiru, ETA eta Gobernuaren arteko mahaia eta alderdien mahaia prozesu beraren bi mahai dira.
Gobernuak eta PSOEk oso eskematiko erantzun diote honi guztiari, publikoki bederen: ez da izan konpromisorik ETA eta Gobernuaren artean eta prozesuaren klabea hau da, lehenengo bakea gero politika.
Prozesuaren eteteaz mintzo da erakunde armatua eta, pistola lapurretaren ondoren, izoztea aipatu du Zapateroren inguruko zenbait iturrik. Ezin da baztertu prozesuan etenak ere gidoian izatearena, eta etenik izanez gero, beraz, ondoren segidarik ere izan litekeela.

Edozein modutan, ETAren ustez, datozen hilabeteetan «ofentsiba
politiko-errepresiboari» aurre egin beharko zaio, eta horrek asko esaten du datorkigunaz. Espainiako Gobernuaren estrategia baldintzatzeko gaitasuna erakutsi behar dela dio ETAk eta pentsatzekoa da hori oso modu desberdinean gertatuko dela: mobilizazioak, Nimesekoa moduko kolpe ikusgarriak eta, besteak beste, baita kale erasoak ere.

Kontrasterako tarterik ere eskaini du Zutabek: bitxia da ikustea Batasunak zein ondo baloratu zuen Zapateroren ekaineko adierazpena eta ETAk orain nola kritikatzen duen.

Rodolfo ares eta Patxi Lopezen auzipetzea izan da kontrasterako beste ale deigarria. Batasunako kide ugari, Ibarretxe lehendakaria, orain sozialistak... Euskal politikaren eskizofreniaren beste pasarte bat da eta, aldi berean, PPren amorrua edozertara iritsi daitekeenaren erakusgarri. Galdera da ea nola dakien epaile batek Batasunako kide bat Batasunako kide gisa ari dela eta noiz herritar gisa edo beste zerbaiten ordezkari. Eta erantzuna da ez dagoela jakiterik, eta horrexegatik egin zela horrela Alderdien Legea.


Iñaki Arruti Lasarte-Oriako euskara teknikariak gipuzkoaeuskara.net-en hizkuntza gatazkei buruz: «Bistakoa da pertsonen arteko elkarrekintza horietan nola aritu jakiteko beharrak ez duela kentzen maila politikoagoan eta soziologikoagoan behar ditugun beste erreminten beharra. Ikusteko modukoa da baita ere, ordea, hizkuntza-politika guztietan iristen garela azkenean (eta hasieran) pertsonen arteko mailara, eta hor, denok bizi ditugula gatazka-egoerak...
Egoerak egoera eta hizkuntza-politikak hizkuntza-politika, eguneroko gatazka horiek arrakastaz kudeatzeko tresnak norbereganatzen dituenak izango du nahikoa energia pasibotasunaren hotzean izoztuta ez geratzeko eta beroaren beroaz ez erretzeko».

Fontso Canterak (EHE) Garan esanak: «Igaro diren legegintzaldietako miseriak estali eta hizkuntza politikan aurrerapauso ausartagoak emateko borondatea erakutsi nahian dabiltza lekuan lekuko kudeatzaileak».

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan