Astekaria

 Liburuak 

Liburutegia

Irudia

Pilar Iparragirre


2061. alea
2006-11-05
alde 0    kontra 0

Izotz azpiko bidea

Jansain/

Pablo Zerda

Saure

48 orrialde

Lurra Izotz Aroan

Karlos Zabalak euskaratu eta Saure argitaletxeak plazaratutako Izotz azpiko bidea komikiak Lur planetatik ia gizaki guztiak desagertu ziren garai batera darama irakurlea. Izotz Garaira. Bizirik irautea lortu zuten bakanak izaki bikoitzak ziren, ur-orein burua zutenak edo otso burua zutenak, adibidez. Izaki hauek, dena den, gogoan zituzten arbasoen kulturaren aztarnak, eta haien berri ematen ahalegintzen ziren lehengo garaietaz tutik ere ez zekiten gazteenei. Halako batean, Frisia beren lurraldetik oso urruti zegoen parajeak nolakoak ziren ikusteko espedizioa egiteko nahia piztu zitzaion zaharrenetako bati, eta Terra Incognita ezagutzera abiatu ziren guztiak. Eta inolaz ere espero ez zituzten makina bat gauzekin egin zuten topo.

Cómo vacié la casa de mis padres

Lydia Flem

Alberdania

144 orrialde / 13,50 euro

Lydia Flem, guraso hildakoen etxea hustu beharreko unean

Alberdania argitaletxeak gaztelaniaz kaleratu du aurretik euskaraz eskaini zuen Lydia Flem psikoanalista eta idazlearen Comment j'ai vidé la maison de mes parents lan hunkigarria. Aita duela zenbait urte galdu zuen egileari, hil berri zaio ama. Horrek eragiten dion saminaz gainera, aitaren heriotza gertatutakoan egin behar izan ez zuen gauza bat egitera derrigortua dago oraingoan: bere gurasoen etxea izandakoa hustutzea. Zer egin hainbeste urtetan eta auskalo zer itxaropenekin aitak eta amak eskuratutako gauza pila haiekin? Gorde? Denak ezin. Norbaiti oparitu? Salmentan jarri? Zakarrontzira bota? Erabakiren bat hartu beharrak egileari barruan gordeta zeukan sentimenduen anabasa kontrajarria azaleratzea ekartzen dio.

Euskara-alemana. Deutsch-Baskisch

Elena Martínez Rubio

Elkar

332orrialde / 22 euro

32.400 sarrera inguruko hiztegia

Euskararen eta alemanaren arteko zubi ezinbestekoa da Elena Martínez Rubiok osatutako Euskara-alemana / Deutsch-Baskisch hiztegia. Gaurko hiztunak maizen erabiltzen duen oinarrizko hitz-ondarea jasotzen du, hitz teknikoak barne. Eta lexiko arrunta zein teknikoa nola erabili behar diren erakusteko, azalpenak dakartza itzulpenaren aurretik, bai eta jakintza-arloaren eta gramatika-kategoriaren aipamenak ere. 32.400 sarrera inguru ditu hiztegiak, eta 4.600 adibide eta esapide argigarri. Horiez gain, alemanezko eta euskarazko gramatika-eranskinak ere eskaintzen ditu. Elena Martínez Rubio egileak (Bilbo, 1957) Nürnberg-Erlangengo eta Berlingo Freie unibertsitateetan egin zituen Filosofia, Soziologia eta Germanistika ikasketak. Filosofian doktorea da eta Euskal Filologian lizentziaduna.

Euskerazaintza

Batzuen artean

Euskeraren Erri Akademia

112 orrialde

Borondatea

Jada lortuak eta lortu beharrekoak

Euskerazaintza aldizkaria plazaratzen duten Euskeraren Erri Akademiakoak pozik daude. Batetik, Tolosako aretoa saldu zutenetik diruz hain larri ez omen dabiltzalako, eta bestetik, Euskarazaleak Alkarteak egoitza berria eman dielako Bilbon, Colon de Larreategi 14an. Gainera, beren lanak Interneten ere agertuko omen dira azkenean, eta oroz gain, bazkide berriak lortu dituzte. Erdietsitakoa ez da gutxi, jakina, baina badituzte oraindik lortu gabeko asmo gehiago ere. Bitartean, hona hemen aurkezten diguten azken Euskerazaintza-ren mamia: Arzelus'tar Amalek idatzitako Ikastolak; Iker Joseba Laka Guenagaren Euskerearen adizki zarrak nondik nora; eta Etxaburua'tar Asierrek erdarakadaren aurka egindako ekarpen bi: Azkueren bildumatik jasotako Atsotitzak eta esakerak, eta berak osatutako Bear-bearreko iztegitxoa. 1.089 hitz ditu.

La pandemia de gripe española...

Anton Erkoreka

Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa

94 orrialde / 14,96 euro

Gripe izurri espainiarra Euskal Herrian (1918-19)

Pandemia gertarazi dezakeen edozein izurriteri aurre egin ahal izateko, historian zehar izan diren gaixotasunen erasoak kontuan hartzea komeni da. Hara hor Anton Erkorekak egindako lanaren arrazoia: egungo gizartea kezkatzen duten hegazti-gaixotasuna edo antzekoak ekidin ahal izateko, iraganean jasan behar izandako izurriak kontuan hartzea. Adibidez, 1918-1919. urteetan mundu osoan eragina izan zuen gripea, spanish influenza edota grippe espagnole bezala ezagutua izan zena. Lur planetako biztanlegoari erdia baino gehiagori min eman zion, nahiz eta gripe horren eraginez hildakoen kopurua leku batetik bestera dezente aldatu zen. Eta, noski, Euskal Herrian ere izan zuen eragina.

Jakin

Batzuen artean

Jakin

140 orrialde / 9,50 euro

Pertsonaia femeninoak euskal eleberrigintza garaikidean

Jakin aldizkariaren azken zenbakian, Gema Lasartek pertsonaia femeninoek euskal eleberrigintza garaikidean (1975-2000 urte bitartean) duten presentziaz dihardu, hainbat nobeletako emakumezko protagonistak aztertuz. Zenbaki berean, Iñaki Sotok eta Julen Zabalok autodeterminazio eskubidearen inguruan dauden teoria ezberdinak aztertu dituzte; Pruden Gartziak Olentzero, non zaude? izenburuarekin Iruña-Veleiari buruz egindako gogoeta aurkeztu du; eta Txillardegik Jakin: 1956-2006 lana eskaini digu.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2060
 
azala2059

2061 zenbakia.
2006ko azaroaren 05a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia