Jakoba Errekondo
Jakinaren gainean hitzan, aixkiria! Arizkungo Gamioxarreko dolarean gazte baztandarren ekemenak kirikoketaren trostan, lan doinuetan, beteak ditu, dagoeneko, sagar-muztioz bukoi eta barrikote. Bertaratu ez izanaren damuaz lotsagorritzerako hego zoro ederrak ufadaka hartzidurari harro eusten diola jakin ezazu.
Udazkeneroko erretolikan, gorria izan zen eguna. Muxugorriak lanean, gorri, Baztan-arbel gorrizko dolare-askan. Sagarrak, elkor zikoitz gorri, jo egin behar mazo esku gorriz. Muztio jario ezpainetan barrena. Txerrikiak belztutako saldatan ilar benabar gorriak. Etxeen kantoi arteko kamio zahar karrejoko harri gorrietan doinuak lanean, zur eta adar doinuak.
Herriko plazarainoko karrejoa. Onil itxurako mendi sakan batean plaza borobila. Belardia plazan, dantza borobiletarako, lanen dantzetarako. Bueltan astigar zirkulua, herritarren babes, mairu-baratz; sustraiak lainoetan eta emana lurrean, zur eta adar. Kirikoketa mazo-kirtenak, txalaparta makilak eta dantzarien hanka-esku-buruak zerura, birunda-mirundan jaiaren kariaz soineko gorriz pinpirindutako mendiak maite-maite ermamiekin laztanduz.
Nekazaritza homeodinamikoan liokete: aldeko energia guztien ezohiko batura totilgalanta: plaza borobila, belardi-plaza, astigar zirkulua, doinu gozoak, irribarrezko aurpegi alaiak eta iratzeak gorritutako mendi inguruetan tontorrak maltzoz gotortuak. Gu eta gure hartzidurak harrotzen dituen haize berak harrotu ez ditzan zogia gainean duten maltzoak. Plaza honetan berriz ere izango da "zaina" dantzarien aztaletan eta gazte taldearen ekemenetan.
Jabier Agirre
Espainiako IX. Sexologia Batzarrak hiritarren osasun sexualaren erradiografia moduko bat egiteko aukera eskaini zuen, eta Batzar horretako lehendakari Miren Larrazabalek esan bezala, "asko aurreratu dugun arren, zenbait jarreratan atzera egin dugu". Zehatzago esateko, espezialistek desira sexualaren arloan atzematen dituzte gabeziarik handienak. Gero eta gehiago dira desira eta interes sexuala galdu duten gizonezko nahiz emakumeak. Eta arazoa zera da, profesionalek ere ez dutela asmatzen gazteei zein nagusiei erasaten dien arazo hori konpontzen.
Hiritarren osasun sexualari kalifikazio bat jartzeko eskatu zitzaionean, Miren Larrazabal psikologoak "nahiko, baina justu samar" nota eman zion. "Normalean, aurrera egin dugula dirudi askatasunean, geure harreman sexualetan eta burutzen ditugun jarduera sexualetan; alegia, teknika, jarrera, jolas gehiago dakizkigu... baina desira sexuala falta zaigu".
2.500 hiritar baino gehiagorekin egindako ikerketa batek erakusten duenez, emakumeen erdiak baino gehiagok (%53k) eta bost gizonezkotik batek (%20k) onartzen du ez dagoela gustura bere bizitza sexualarekin, dela ez duelako berak nahi adina harreman sexual izaten, dela dituenak ez dutelako behar adina gogobetetzen. Eta bikoteen bizitza sexuala asebetegarria ez izateko arrazoi nagusietako bat disfuntzio sexualak dira: gizonezkoen %41ek zutitze-kontuetan arazoren bat edo beste izaten dute, eta emakumeen %35ek baginako lehortasuna izaten dute.
Datu horiek ondo erakusten duten bezala, arazoa nahiko ohikoa da, horren gainean beldurrik gabe hitz egiteko. Baina medikuarengana joan ohi diren pertsonen kopurua bikoiztu egin den arren, oraindik hirutik batek baino ez du eskatzen laguntza profesionala bere arazo sexualak tratatzeko. Horrexegatik, disfuntzio sexuala (edozein dela ere) gainditzeko aurreneko pausoa espezialistarekin hitz egiteko beldurra galtzea da.
Joxerra Aizpurua
Groenlandia: Urtzen bai, baina zein abiaduran?
Science aldizkarian argitara emandako artikulu batean, Groenlandiako itsasertzak 155 gigatona izotz galdu eta erdialdeak 55 gigatona elur irabazi duela adierazten da. Datu hauek 2003-2005 artekoak dira eta aurretik egindako beste batzuk baino optimistagoak dira.
Hala ere, ikerlari guztiak ados daude baieztapen zehatzak egin ahal izateko neurketarako denbora-tartea oso txikia dela eta beraz, oso garrantzizkoa izango dela datozen urteetan neurketekin jarraitzea.
Haize-errota erraldoiak itsasoaren gainean
Massachusetts-eko Teknologia Institutuko (MIT) Paul D Sclavounos irakasleak hamarkada batzuk daramatza itsasoan petrolioa edo gasa ateratzeko kokatu beharreko egitura erraldoien diseinua lantzen eta gainera, azken urte hauetan, bere ikerketa esparrua haize-errotetara zabaldu du. Plan hau aurkeztu berri du: AEBetako itsasertzean 400 haize-errota erraldoi kokatzea inguruko biztanleentzako energia beharrak ase ahal izateko.
Egun, haize-errotak itsasertzetik hurbil kokatzen dira itsas hondoko zoruan landatuta, baina egitura hauek onartzen duten sakonerarik handiena 15 metrokoa izaten da eta gainera jendea kexatu egiten da, bistarako ez baita batere eszena ederra itsasora begiratu eta dorre erraldoiak ikustea.
Hau dela eta proposatu du haize-errotak itsasertzetik urrun, 50-150 kilometro artean, kokatzea. Hark AEBetako ipar-ekialdean kokatzea pentsatu du eta bertako itsas hondoak 30-200 metro arteko sakonera du. Nola eutsi horrelako dorre handiei itsasoan, itsas zoruan landatu gabe? Paul D. Sclavounos-ek garatutako ideiaren arabera haize-errotak flotagailu batzuen gainean joango lirateke eta flotagailu hauek itsas hondoan landatuko lirateke kable-sistema berezi baten bidez. Egun, lurreko haize-erroten potentzia 1,5 Mw-ekoa da eta itsasoan kokatuta daudenena 3,6 Mw-ekoa, baina sistema berriarekin 5 Mw-eko turbinak egiterik izango da.
Haize-errotek 90 metroko altuera izango dute eta errotorearen diametroa 150 metro artekoa izango da. Egindako diseinuan urakanak sortutako olatuak ere kontuan hartu dira eta horrela urak ez lituzke inoiz ere paratxoak edo haize-erroten besoak ukituko.
Diseinu berriaren arabera eraikitako dorreen kostuak ohikoenen herena izango lirateke eta energia sortzea ziurtatuta legoke itsasoan ia beti baitago haizea.
Bestalde, errotak leku batetik bestera higitzerik izango da flotagailuetara lotuta baitaude eta ez itsas hondoko zorura.