Pilar Iparragirre
Azaldu ezazu Kasandra leihoan.
Badago literaturan hari bat, non irudiak eta hitzak elkartu egiten diren, eta horri deitu izan diote literatur poetikoa edo irudi literarioa. Eta haietan bereziki aztertua izan da emakumearen papera leihoaren aurrean. Garai batean, XV. mendean adibidez, funtsean, emakumea beti barruan eta kanpora begira agertzen zen. Kanpoa beti arriskua zen eta barrua gozotasuna. Baina garai Erromantikoan, emakumea aspertu egiten da barruan. Eta Surrealismo garaian batik bat -Dali dugu erreferentzia horretan- jadanik kanpokoa arriskugarri zena erakargarria bihurtzen da. Gure garaian hori guztia gaindituta dago, ordea. Alderantzizkoa da. Kanpokoa sartu egiten da barrura. Momentu honetan subjektua izatea da kanpoko aldea barneratzea. Eta horri egin nahi izan diot nik kasu ariketa saio-literario honetan. Hori da nire liburuko Kasandrari gertatzen zaiona. Kanpoko guztiak itsutu egiten du.
Eta zertan mamitzen da zure ahalegina?
Abioian doazen bi protagonistak hizketan hasten dira, Erromako aireportuan zer gertatzen den jakin gabe geratzen direlako. Esan nahi dut, denbora-pasa hasten direla bata besteari filmak kontatzen. Baina film horien bitartez beren bizitzaren irakurketa egiten dute, modu berezi batean, egunerokotasuna eta ideia handiak nahastuz.
Beraz, non koka daiteke zure lan hau?
Ez da saiakera, bere zentzu hertsian. Filmen argumentuak dira garrantzitsuenak. Ez da nobela ere, ezer gertatzen ez delako. Beraz, surrealismoa eta geroko saiakela bat dela esan daiteke.
---------------------------------------------------------------------
Kasandra leihoan
Fito Rodriguez
Elkar eta Txalaparta
210 orrialde
14 euro
Fito Rodriguezen saiakela mozorrorik gabea
Fito Rodriguezek (Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria, Hezkuntza Zientziatan doktorea eta EHUko irakaslea) ezohiko idazlanak lantzeko ohitura du. Eta ezohikoa da baita ere Elkar eta Txalaparta argitaletxeen eskutik kaleratu duen Kasandra leihoan, Elkar Fundazioak eratutako Joseba Jaka V. Literatur Bekako sariduna gertatu zena. Nobela eta saioa uztartzen dituen liburua da. Saiakela, egilearen hitzetan.
Troiaren birrinketa aurreikusi zuen Kasandra itsuaren izena -eta neurri batean izana ere- duen emakumea aukeratu du Fito Rodriguezek pertsonaia nagusietako bat izateko. Paris-Islamabad ibilbidea egin beharko lukeen hegazkinean doazen ia europar bakarrak dira Kasandra eta Ihardets euskaldunak. Abioia -zergatik ez dakitela- Erromako aireportuan geldituko da. Bakoitza bere tokian geratzeko eskatzen zaie eta ezusteko egoerak sortzen dien egoneza gainditzeko, batak besteari ikusitako filmak azaltzea erabakitzen dute. Elkarrizketa da pairatzen duten larritasunaz hausnartzeko hautatzen duten bidea. Egoera itogarri horretatik nola irten asmatu ezinik bizi duten tarteko solasean, ordea, elkarren arteko eztabaida pizten duten gai ugari sortuko zaizkie.
Ainara Gurrutxaga
Nola sortu zitzaizun toberaren gainean lan egiteko gogo hori?
Antzerkiaz interesatu nintzelarik, jende gazteak ez zirela antzerkia ikustera joaten ohartu ginen. Bazen hortaz, transmisio arazo bat. Oroitzen dut nola, arazoaz mintzatzeko bilduta, betidanik horrelako jiteetarako sunda izan duen Gillaume Irigoienek erraten zuen: «Arrakasta gaian duk. Gaiak du mugiarazten jendea etxetik». Hor hasi nintzen instalazio zaharretan begiratzen, gure herri antzerkian. Aztertu nahi nuen zein jarrera duen so egileak horietan, eta ikusi komunikazioak zein momentutan funtzionatzen duen eta zein momentutan ez. Eta tobera, hain juxtu, harreman horiek guztiak aztertzeko biziki egokia dela atzeman nuen.
Toberak ikuslea zirikatzea al du helburu?
Horretan da libertimendu eta toberaren diferentzia. Libertimendua tonuz inauterietan ematen da, kokina da, behar du zirikatu baina kritikatu den horrek gustura egon behar du plazan. tobera, ordea, egina da ez erranaren apurtzeko. Tripan dena ateratzea da xedea. Eta hor dator zuzendariaren lana. Antzezlanaren zuzendariak egun guztiz bizi dugun egoera hori aho ahora jauzi egiten lagundu behar du: inperfekzio bat, kontraesan bat edo eskandalu bat. Gaiaz distantzia hartu eta hori artistikoki tratatzea da, hura argiago ikus dadin. Bestela mitin bat da. Jendeari entzun nahi duena entzunarazten dion lanak, ez du deus aldatzen.
Zaila egin al zitzaizun egun pil-pilean diren gai horiek atzematea?
Iparraldeko antzerkiak duen arazo handiena horixe da: zer da gaur egun guretzat tobera-gai? Gai horien bila, urtebete eman nuen kazetak begiratuz, eta baita entsegu gisako hamasei testu idatzi ere, gai bakoitzeko. Baziren etniari buruzkoak, hizkuntzarena, borroka armatuarena... Euskaldunak beste guztiak bezalakoak gara, baina badira gai batzuk besteak baino agerikoagoak direnak. Gai horien inguruan mintzatzea zen nire helburua, horiek izango baitira benetan hunkitzen gaituztenak. Hala ere, badago beste zailtasun bat ere: garai bateko toberako pertsonaiak hezur haragizkoak ziren, jujea, abokatua... herritarrek ezagutzen zituzten pertsonak ziren. Orain, ordea, sistema entitate urrunez osatua dago, noizbehinka horrelako delibero absurduak hartzen dituena ez dakit zer legeren arabera. Galdera da: horrekin egiten ahal da antzerki pertsonaia bat? Juje edo abokatu horiek gaur egun ikusten ez ditugularik jadanik hunkitzen ahal dute jendea?
Gaur pil-pilean diren gaiak bihar ahantzirik...
Horregatik iruditzen zait sobera denbora eman dugula lan honetan. Ene ustez publikoaren erritmoa ere hartu behar da kontuan. Toberak noizbehinkako zerbait behar du izan. Horregatik Baionan bizi testua idatzi berri dut eta Hiru Punttuko bi jokalarik zuzenduko dute. Antzerki oso klasikoa da, komedia bat. Larzabalen lan denak irakurri ditut testu hori idazteko. Uste dut tobera batentzat behar direla hiru komedia. Eta orain datozen gazte askok ari egin behar du, eta publiko zabalago bat ukan, antzerkia egin... Nire adinean funtsezkoa zen delako tobera egitea, baina ez naiz hain ziur hain beharrezkoa ote den orain antzerkian ibiltzen diren gazte horientzat.
Zure idatziei begiratuta, antzerki soziala idazten duzula esango genuke. Ados?
Ez dakit nola definitu baina nik deitzen diot funtsa edo edukiari garrantzia ematen dion antzerkia. Antzerkiak hartu behar ditu interesanteak diren gaiak eta moldatu, funtsa argitu ahala, errezibigarri eginez. Adibidez Tu quoque filie hartan justiziaz hitz egin nahi nuen. Momentu horretan pentsatu nuen beharrezkoa zela erakustea zer zen justizia gizon bat, ez baita apez bat edo inspirazio dibinodun bat, baizik eta da gizon bat bere haserreekin epaitzen duen bat.
Nolakoa da zure idazketa prozesua?
Batzuetan abiatzen naiz buruan dudan eszena batetik, eta gero ikusten dut beste bat. Ondoren ea horien artean zubirik egitea posible den ikusten dut. Emeki-emeki, horietatik pertsonaiak ateratzen dira, gaiaren inguruan konfliktoan direnak. Gai beraren aldakiak erakusten dituzte, gaia deskonposatu egiten dute. Pertsonaia bakoitza osatzen dut, bere borondateekin eta abar. Behin bospasei momentu ditudanean lotzen saiatzen naiz. Paper handi batean sarrerak eta irteerak irudikatzen ditut, eszenako plano bat egiten dut. Hori guztia eginda, segidan idazten jartzen naiz, gau eta egun. Prozesu hori fite izaten da, baina ordura artekoa luzea.
Eta gainera oholtza gainean jartzen hasi eta gauza piloa berrantolatu behar...
Bai, askotan moztu egiten dut agerraldi oso bat... baina idazteko prozesuan hobe da ez moztu, eszenak erakutsiko baitu beharrezkoa den ala ez. Jokalarien indarra ere hor dago. Haiek proposatutako pertsonaiak agian ez lituzke zuk idatzitako hitzak esango eta aldatu egin behar dira. Zuzendariak eduki behar du lizentzia hori, testuan dagoena interpretatzeko. Zuzendariak behar du jakin autoreak zer erran nahi duen, baina gero eskubideak baditu.
Antzerkiak iraganean osasun hobea izan duela errepikatzen da maiz.
Agian bai, baina berrindartuko da. Toberarekin gertatu dena da azken finean, ia hiltzear egonda orain ikusten dugu erabil dezakegula hori eta hura azaltzeko. Antzerkiak beti ukan ditu krisiak. Zinema atera zelarik, denek uste zuten fini zela. Orain bideoa, performanceak eta horrelakoak direla, zaila da antzerkiak zein leku duen atzematea. Ostermeyerrek esan zuen hori oso da adierazgarri: «Antzerki unibertsal bakarra ez da eskualdekoa baizik izaten ahal, jendea jendeari hurbildu behar zaiolako». Uste dut dena globalizatzen ari delarik, ahots fisiko eta egiazkoaren beharra berriz etorriko dela.
Antzerkiak gizakiak aurrez aurre jartzen ditu.
Antzerkia azken finean, eta horregatik maite dut amateurismoa, esperientzia bat da. Aktoreentzat mintzatzeko eta harremanetarako espazio bat da eta uste dut anitz ikasten dugula gai bati buruz lanean ari garenean. Hil ala bizi aritzen gara iritziak taxutzen, jakin dezagun zer egiten dugun taula gainean. Ez da gezurrik esaten ahal, gero ikusleek ikusiko duten lan bat izanik. Eta gaur egun aski esparru gutxitan egin daiteke hori egiazki. Antzerkia egitearen esperientziak biziki eraikitzen gaitu. Iritziak lantzen laguntzen du eta hortik landa sendotzen gaitu. Eta Iparraldean gainera, hamabost emanaldi egiten badituzu hemen barrena, aukera duzu bertako elkarte eta jendeak ezagutzeko. Bizi esperientzia ederra da, lotzen du jendea.
Harremanez ari garela, Hego eta Ipar ezezagun dira oraindik ere.
Orain arte hizkuntzaren oztopoa jotzen genuen horren errudun, baina orain ikusi dugu ez dela hori bakarrik. Gaiaren kontua dago hor, Bilboko baten eta Donibane Garazin bizi den baten bizimodua, erreferentziak eta konfliktoak ez dira arras berak. Onartu behar dugu euskaldunak ez garela jendarte trinko bat. Hala ere, uste dut badirela estratak, berdin direnak Euskal Herri osoan. Esaterako, estudianteek Baionan, Iruñean, edo Gasteizen arazo berdintsuak dituzte. Euskal Herri osoa ukitzen duten gaiak badira: langabeziarena, presoena, etxebizitzaren arazoarena...
Zure ustez antzerki eskola batek lagunduko luke harreman horietan?
Profesional jardun nahi dutenentzat agian bai. Dena den, nik uste jadanik badagoela nondik hartu alde bietan, maila handiko jendea dagoela eta zubi horiek eraiki daitezkeela jada. Ez dakit beharrezkoa den eskola fisiko bat. Izan daiteke gaur egun dauden antzerkigileen arteko kontaktuak erraztea, eta sare berri hori izan daiteke gure eskola. Eskolak irekiago ikusten ditut orain, plataforma moduko bat bezala. Hori bai, ordenagailua nonbait paratu beharko da! (barrez).
Baina nire ustez orain garrantzitsuena aritzea da. Izan ere, beti izanen da leku jendearentzat mintzatzeko. Hiru pertsona elkartzen dira eta egiten ahal dute antzerki oso ona.
Nola ikusten dituzu antzerkia sortzeko gogo horiek orain?
Diru-laguntzetarako, entsegu lekuak lortzeko... ez da momentu goxoa. Hala ere, nabari dut badela gogoa anitz lekutan. Horregatik gazte horientzat testuak, formazio aukerak eta entsegu lekuak erraztea da gure eginbeharra. Antzerkian mintzatu behar da anitz, baina ari izanaren ondotik. Lehenik uretara jauzi egin behar da, sartu eta gero igerian hasi. Belaunaldi berriek busti egin behar dute lehenik eta nahi badute gero joango dira Donostiara eskolara edo zinema egitera ez dakit nora. Orain mintzo gara sobera, eta ez aski ari. Talde berriak sortu behar dira.