Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-11-05 -- 2061.zenb

Ander Altuna

Euskal futbolaren ikur diren Athletic-ek eta Realak elebidundu dituzte euren esku zeuden zerbitzu guztiak, hala nola, web orrialdea, kartelak, prentsa oharrak, bulegoetako arduradunek euskaraz egiten dute, partidetan megafoniatik esaten direnak bi hizkuntzatan dira. Euskara gaztelaniaren maila berean kokatu dute horietan guztietan. Horretaz gain, Athletic-ek esaterako, Bai & By euskara eta ingelesa irakasteko enpresarekin du akordioa aspalditik. Klubeko edonork euskarazko nahiz ingelesezko klaseak jaso ditzake, hala nahi izanez gero, beti ere. Realak, gaur egun, ez du inolako planik euskarari dagokionez. Zubietako instalazioetan euskara entzuten da, maila guztietako jokalari gehienak euskaldunak direlako, baina euskaraz ez dakitenentzako planik ez du talde txuri-urdinak.

Euskara kontuetan buru-belarri lanean dabilena Eibar futbol taldea da. Bi urte dira, Eibar Kirol Elkartea eta eta kitto! Euskara Elkartea harremanetan jarri zirela euskararen normalkuntzarako elkarlanean hasteko. Ainara Labado eta kitto! Euskara Elkarteko kideak esan digunez, «Eibar futbol taldeak kalitate plana martxan jarria zeukan. Bertan, euskararen erabilera jasotzen zen, euskararen normalkuntzarako plan moduko bat, eta kitto!-k diseinatua. Euskara atal horren barruan, besteak beste, itzulpenak, trebakuntza kudeaketa, zuzenketak eta hizkuntza aholkularitza egiten dizkiogu Eibar futbol taldeari».

Eibarko zuzendaritzak hasieratik ikusi zuen begi onez euskararen plana. eta kitto!-k diseinatu zuenean administrazio kontseiluan aurkeztu zuen eta haien erreakzioa positiboa izan zen. Eta lanean hasi ziren: «Beste gauza batzuen artean, ahozko trebakuntza ezinbestekotzat jo genuen. Eibar futbol taldeko presidente Barriuso bera izan zen lehen pausoa eman zuena, nolabait beste zuzendarien aurrean eredugarri izan nahirik. Astean bitan joaten da Barriuso trebakuntza saioak jasotzera».


Kirol emaitza kaxkarrei erreparatu gabe

Iaz Eibar futbol taldea 2.B mailara jaitsi izanagatik ez dituzte euskararekiko konpromisoak bertan behera utzi eta planak bere horretan dirau. Eibarrek Euskara Batzordea ere eratua du eta eta kitto! Elkartea bertako kide da. Ainara Labadoren esanetan, «planak berdin-berdin segitzen du aurrera eta joan den urterako aurreikusitako helburu berberekin jarraitzen dugu: jarraitzaileek, bai bazkide txarteletan, bai partidetan, baita prentsaurrekoetan ere eskubide osoa dute informazio guztia euskaraz jasotzeko. Bestetik, umeek entrenamenduak euskaraz jasoko dituztela bermatu nahi dugu. Azken finean, eta ahal den neurrian behintzat, eguneroko funtzionamendua euskaraz izatea; hori dugu xede. Kanpo harremanak nahiko landuak daude. Orain, ordea, barne harremanak lantzen ari gara, markagailuak, prentsa oharrak, prentsa aurkezpenak, rotulazioak euskaraz izan daitezen».

Lehen taldeko jokalariak ez daude euskararen plan horretatik kanpo eta badira EGA ateratzeko asmotan dabiltzanak. «Iaz hainbat jokalarik atera nahi zuten EGA, baina kirol emaitzak zirela-eta euren indar guztiak egoerari aurre egiteko erabili zituzten. Azken finean, Eibar, kirol elkartea da eta lehentasuna futbolak du. Dena den, aurten ere badaude EGA ateratzeko asmotan dabiltzanak». Badira euskara maila hobetzekotan direnak ere, batez ere, entrenamenduak euskaraz egiten direnean, entrenatzailearen aginduak behar bezala jasotzeko. Urtez urte, Eibarrek ia plantilla osoa aldatzen du, hori dela eta Euskal Herriko mugetatik kanpoko jende asko etortzen da. «Kanpoko jendeak futboleko terminologia zehatza ikasten du. Esate baterako, jokoz kanpo, lasai eta tankera horretako hitzak».

Apurka-apurka, egoera normalizatzen ari bada ere, oraindik lan handia geratzen da egiteko. Besteak beste, jokalarien prentsaurrekoetan gaztelania gehiago entzuten da euskara baino, klubeko arduradun askok eta askok ez dakite euskaraz eta ezer gutxi egiten dute hori aldatzeko. Eibar jorratzen ari den bidea aitzindari izan daiteke eta, aldi berean, bere lana jarraibidetzat har dezakete gainontzeko euskal taldeek, euskararen osasun egoeraren arduradun direlako, neurri batean bederen.

Mikel Asurmendi

«Carlos Garaikoetxea dimentsio handiko politikaria izan da, Euskal Herriak bere balioa gehiago baliatu izan balu, naski, ez ginateke egungo atakan» diosku Manex Pagolak. Gure solaskidea Euskal Herrian gaindi dabil goizdanik politikaren karietarat: «Nahiago nuke denbora gehiago irakurtzeko eman, ikasteko zernahi dago eta. Gazteak ez dira politikari lotzen alta. Gure alderdian bi gaztek ardura hartu zuten, baina berehala utzi ere bilkura anitz egin behar direlako. Politika pasioz bizi behar da, molde irekian beti ere».

Zertan da EA Iparraldean?
Ez dut Hegoaldeko eta Iparraldeko EA bereizten, ez dut diferentziarik egiten Iparraldearen eta Hegoaldearen artean. Iparralde eta Hegoalde bitasuna nire mintzotik kentzen saiatzen naiz. «Zazpiak bat» izena ontzat hartzen dut, baina Iparraldea baino Lapurdi, Zuberoa, Baxenabarre izendatzea nahiago dut. Demografia aldetik egoera zailean gaude, baina gure historia zaindu nahi badugu, ez dugu lurralde hau Iparralde hitz soilez izendatu behar. Zeren Iparraldea gara? Gu Euskal Herria gara.

Hemengo abertzaletasuna zertan da berriz?
Abertzaletasunak gora egin du baina bitarteko eskas dugu. Frantses Estatua abilki ari da. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa suspertu nahi ditugu, baina Estatuak ez digu egiturak sustatzen uzten, abertzaletasuna ito nahi du. Beste bi belaunalditan abertzaletasunak segida izanen ote duen zalantzak ditut. Adibidez, elebitasuna ez da inon ageri. Baiona, Angelu edo Miarritzeko udal agerkarietan diru asko xahutzen dute baina hitzik ez dago euskaraz, eta Herriko Etxe horietan hautetsi abertzaleak daude.

EA hizpide berriz ere: nola hartu duzu EA, EAJrengandik bereiz aurkeztea EAEko datozen hauteskundeetan?
Badago arriskua, ez guretzat bakarrik, eragile politiko guztientzat. Alabaina erabakia eztabaida luzearen ondoren etorri da, denok parte hartu dugu. EAren izaera demokratikoa ageri da berriz ere. Are gehiago, orain batzuek kongresu berezia egin nahi dute, estatutuek aukera hori baimentzen dute. Eta ongi da, baina kontuan har dezatela alderdiaren gehiengoa zein den, erabakia ez bada errespetatzen ez dut ikusten gauza onik lortuko denik.

Nafarroa Bai aukera dago bestalde.
EAk aniztasuna zaintzen du. Kasu honetan ikuspegi bikoitza ari gara lantzen. Euskal Herriko eskualde guztietan nazio ikuspegia lantzen ari gara, eta halaber, euskal sozialdemokratak garenez sozial arloa lantzen ari gara gogotik. Sozialdemokrazian aitzinatu nahi badugu, instituzioak, sindikatuak eta eragile politiko guztiak kontuan hartu behar ditugu, baita gizartearen hainbat esperientzia ere, eta demokraziaren bidez jokatuz beti. Baina bide hau ez da egina oraino, ezkertiarrok egin behar dugu. Batasuna eta Aralar ere ikuspegi horretara ari dira hurbiltzen, oraindik ez ditugu asmoak berdin adierazten, alderdi bakoitzak bere jatorria eta militantzia baititu. Baina, funtsean, eta Nafarroara jinez, Miguel Sanzen politika hertsia eta atzerakoia kendu nahi badugu, batasuna da bidea.

Bake prozesua hizpide: alderdien mahaia -bakarra- dela eta, EA Batasunetik hurbil da, antza.
Hemengo EAk Euskal Herria nazioa dela pentsatzen dugu, ez da onartua baina egunen batean izanen da. Josu Jon Imaz hona etorri zelarik mahai bakarra osatzeko arazoak ikusi zituen, guk ez. Euskal Herriak ez du lekurik Europan herri gisa, gure nazio izaera ez da ezagutua, eta arazo hori gainditzeko mahai bakarra behar dela diogu, nazioaren auzia eta ezagutza trenkatzeko mahai bakarra behar da lehenbizi.

Batzuek, hasteko, mahaia Bateraren inguruan abiatu edo osatu nahi dute.
Batera-tik abiatu nahi dutela? Ni ez naiz kontra. Baina Euskal Herriko alderdi politiko guztiek parte hartu beharko lukete aldi berean, baita alde honetako alderdi guztiek -PSk, UMPek eta Berdeek- ere. Zein da arazoa? Demokrazia bada, horretarako mekanismoak badaude. Mahaia nazio ezagutzaren abiapuntua litzateke. Hartu-emanak landu behar dira. UMP eta PS ez dira erraz jinen, akort. EAJk arazoak ikusi ditu, baina biltzea eskatu al zaie modu formalez?

Iparraldearen egituratze sozio-ekonomikoaren bidean, aurten Euskal Herria 2010 egitasmoa 2020 izendatu dute berriz. Nola ikusten duzu afera?
Zenbait gauzetan aurreratu da, Euskal Herria egituratzeko girotze gisako bat izan da, baina funtsean Estatua denbora irabazten ari da eta abertzaleok galtzen. Euskaldunok geure instituzioa behar dugu eta ez digute onartu nahi. Kataluniak, adibidez, bere departamendua du, guk berriz departamendua -instituzioa- Biarnorekin partekatu behar dugu, bortxaketa historiko baten ondorio politikoa da.

Baterak 21.000 sinadura bildu ditu jadanik erreferenduma eskatzeko. Nolako balorazioa egiten duzu?
Bagenekien lan zaila zela, kanpaina udaldian burutu dugu eta kopuru ederra da hala ere. Sinatzaile askok sinadurak nora joanen ziren galdetzen zuten, beldur izugarria izan da. Frantses makinaria -prefeta buruan buru- erabili dute kanpaina oztopatzeko, auzapezei gutunak igorri dizkiete «kontuz!» erranez. Jean-Jacques Lasserre Departamenduko presidenteak ez sinatzea gomendatu du zeharka. Alta, 22.000 biltzeko zorian gaude eta segituko dugu. Orain legez behartuak gara gelditzera, hauteskunde presidentzialak laster helduko baitira.

Segitzeko prest beraz.
Nihaurek 50 sinadura gehiago bil nezake. Urketan -bazter gaskoia izanik ere- Baterak bidalitako gutunari 100 pertsonek erantzun zioten espontaneoki eta 150 bildu genituen orotara. Barthélémy Bidegarai auzapezak Herriko Etxea ireki zuen sinadurak biltzeko. Armadan -erretretan da egun- izandako herriko semea da, eskuindar frantsesa, euskaltzalea da hala ere.


Filipe Bidart auziaz epaia eman da berriz, eta presondegian segitzen du.
Frantziako Estatuak Euskal Herrian daraman politika neo-kolonialistaren ezaugarria da auzia. Frantziak ezin du onartu Baigorriko seme biziki ezaguna, irakaslea -kartzelan ikasketak areago osatu dituena- aske uztea. Legearen arabera duela bi urte libre behar zuen. Herriko jendeak, auzapez askok edota Elizak berak bere askapena aldarrikatzen du, baina zigor onartezina ezarri diote. Politikari frantsesek beren burua herrialde demokratiko bateko demokratak bezala agertzen dute egunero, harritzekoa da egunean zenbat aldiz errepikatzen duten Frantzia herrialde demokratikoa dela, zerbaitek huts egiten du ordea. Hots, Frantzian demokrazia bada, oso ttipia da, Filipe Bidart auzia lekuko.

VI. Errepublikaren atarian ote gaude?
V. Errepublikak ez duela aitzina egiterik diote alderdi gehienen buruzagiek. Errepublika molde hau bukatzen ari dela, gizartea aldatu dela. Alta, ez dute Errepublika aldatuko Estatu frantsesa oso aberatsa eta arras kontserbadorea delako. Agintariek boterea galtzeko beldur izugarria dute, ez dute mugitu nahi. XIX. mendeko espiritu kolonialista bizirik dago, Parisen kokatua, zentralismoa nagusi delarik. Adibidez, aste honetan administrazioaren kudeaketan irregulartasunak eta iruzurrak agertu dira berriz ere. 10.000 pertsonek diru laguntza jaso zuten langabeziako agiri faltsuen bidez. Demokrazia honek hori «baimentzen» badu, botereei sistema hau atxikitzea komeni zaielako da.

Presidentziarako bozak badatoz: nola ikusten dituzu PSko Dominique Strauss-Kahn, Ségolène Royal eta Laurent Fabiusen hautagaiak?
EAk ezkerreko hautagaiaren aldeko boza galdatuko du. Gu Strauss-Kahn-en aldekoak gara, bera da sozialdemokraziatik eta ezker ideietatik hurbilena. Ségolène Royalen kasua berezia da -PSko idazkari nagusia François Hollanderen emaztea da-, izen ederra du. Louis XVI.a erregeari -eta erreginari- lepoa moztu zioten eta -Estatuak landu duen kultura bidez- umezurtz daude Frantzian. Espainia, Ingalaterra eta Danimarkan monarkiak daude, eta Royal izenak badu bere garrantzia (irriak). Fabius ere ez da gure gustukoa.

Eskuinean Sarkozy nagusituko al da?
Nicolas Sarkozyk (UMP) iduriz puntu asko irabazi dio Jean-Marie Le Peni (FN), eskuin muturreko politika eginez zenbaitetan, eta lege berezien bidez. Baina kasu, inkestek diotenez, Le Penek oraino boz asko bil dezake.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan