Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-11-05 -- 2061.zenb

Iker Barandiaran

Inoiz kontatu ez nizkizunak kontatzeko prest. Nori eman nahi diozue ahotsa?
Bost urte eman ditugu zirkuitu itxi eta mugatu batean, eta orain bizitakoa erakusteko aukera dugu. Neurri batean gure buruei eman nahi diegu ahotsa. Eta bestetik, eduki horrekin identifikatzen den orori. Horregatik saiatu gara mamia bakarrik azaltzen, entzulearekin bat osatu beharreko ekarpen bat delako.

Ez dut aurkitu kantu positiborik; batzuk klaustrofobiko samarrak dira eta ihesbidea dute ildo nagusi...
Esan ohi dugu musikak kutsu terapeutikoa duela guretzat, eta atera beharrekoak kasu honetan nahiko negatiboak izan dira. Batzuk esperantzaz beterik daude, beste batzuk zuloan sartzen gaituzte edota erdibidean gelditzen dira. Garrantzitsua da onartzea gauzak beti ez direla zertan ondo amaitu behar.

Gustura gelditu zarete grabazioarekin? Zerikusi handia izan du Natxo Libertyk?
Gure lehen grabaketa izan da eta oso gustura gelditu gara, bai guk egindakoarekin eta, batez ere, Natxo Libertyk emandakoarekin. Urte asko darama musikan buru-belarri sartuta. Urtebete inguru ibili zen lokalera etortzen materiala lantzen, eta falta genuen esperientzia eman digu. Horrez gain, estudioan lan izugarria egin du.

Indarra, intentsitatea eta melodia itsaskorrak. Ezinbesteko triangelua?
Guretzat ezinbesteko triangelua indarra, intentsitatea eta jarrerak osatuko lukete. Melodia itsaskorrak ezinbesteko baino gehiago, garrantzitsuak dira, eta gure kasuan berezkoak zaizkigu.

Galtzaileen eta pertsonaia anonimoen bizitzak noizean behin kontatzearekin nahikoa da?
Gure inguruan etengabe gertatzen dira horiek. Ezagutzera emateak anonimotasuna eta dramatikotasuna kentzen die, beraz aukera zaila da. Bakoitzean merezi ote duen erabaki behar dugu. Gure asmoa hor daudela eta besteak bezain beharrezkoak direla ohartaraztea da.

----------------------------------------------------------------------
...Inoiz kontatu ez nizkizunak...
Noizean behin
Baga-Biga
34' 58'' 10,95 euro


Estraineko lanaren gordintasun eta aniztasuna

Gatikako laukote honek estraineko lana kaleratu du Baga-Biga diskoetxearekin. Aurretik inolako maketarik kaleratu gabe, Natxo Libertyren gidaritzapean hamar kantu dotore jarri dizkigute entzungai. Kantu gehienek metal oinarria duten arren, Dut, Helmet eta antzeko post-hardcore taldeen intentsitateak arrasto handia utzi du konposizioetan. Taldeak hanka bat metal eta thrash ildotik kanpo dauka eta horrek emaitza aberatsagoa egiten du. Are gehiago, honako hau beraien lehenengo lana izanik denbora luzean grabatutako kantuak eta gogoetak batu dituzte eta, besteak beste, pop-rockaren, stonerraren edo rock-and-roll gitarreroaren ukituak ere antzematen dira. Galtzaileen eta pertsonaia anonimoen istorio, ezinegon eta gogoetak, barru-barrutik irtendakoak, kanporatzeko baliatu dituzte kantuen hitzak.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan